EHGAMek, Bizente Badillo “Francis”en hilketaren 35. urteurrena dela eta, ekainaren 10ean, arratsaldeko 19:30etan, Errenteriako Mikelazulo elkartean “Testigos de un tiempo maldito” dokumentalaren proiekzioa antolatu du

francis1

PLAKA FRANCIS

francis2

EHGAMek ekainaren 28ko gauean Afari-Ikuskizun-Jaia antolatzen du, Bilboko Kafe Antzokian, aurtengo Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina sariak emateko

E28 antzokia

Bilgune Feministak Sexualitatearen Eztabaida Txostena argitaratu du

Bilgune Feministak sexualitatearen inguruko eztabaidarako txostena argitaratu du. Urteetan zehar emandako eztabaidetatik ateratako ondorioak, ideiak eta gakoak bildu eta eztabaidarako material hau diseinatu dugu.

Bizirik dagoen dokumentua da. Zaila da ixtea. Ezinezkoa da dena biltzea. Horregatik zabalik dagoen testua da. Osatzeko dago. Pentsatzen jarraitzeko. Hausnartzen jarraitzeko. Pertsonala eta politikoa uztartzen jarraitzeko.
Horregatik, tarte bat topatu eta irakurri testua. Ondoren eztabaidatu, galdetu,
ezeztatu… ZABALDU!


SPOT a

SEXUALITATEAREN EZTABAIDA TXOSTENA

sexualitate_txostena-1

BERRIA: Formazio integrala eta LGTB ikasleak

IRITZIA 2014-05-17 / Kepa Yécora, Zuriñe Estivariz, Mikel Lopez eta Jesús Palomo

Azken urteotan, Euskadin, Estatu eta Europa mailan hainbat ikerketa egin dira DBH eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen aniztasun afektibo-sexualaren egoera aztertzeko. LGTB nerabe eta gazteek sufritzen duten jazarpen homolesbofobikoa eta buru-hiltze arriskua aztertzeko egin diren ikerketetan honako hau ondorioztatzen da: egoera kezkagarria da benetan.

Berdinen arteko tratu txarrek biktimaren eskubideak urratzen dituzte, eta bereziki osotasun fisiko eta psikikoa. Ez da, beraz, kontu pribatua; hezkuntza kontua da, publikoa —ahaztu gabe publikoa ere politikoa dela—. Euskadiko Irakats-Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko Erakundeak 2012. urtean egindako ikerketan azpimarratzen da arazoa ez dela banako batzuen portaera sorta; arazoa ikasleen garapen pertsonal eta sozialean eragina duten bizikidetza arazoen adierazpena da, eta eskolako emaitzetan, norbere izaeraren garapenean eta geroko integrazio sozialean zerikusia du. Ez dugu Nafarroan ikerketarik egin ote den berririk, baina datuak eta ondorioak Euskal Herriko eskola guztietarako baliagarriak direlakoan gaude.

Estatu Espainoleko datuen arabera, asko dira dira noizbait tratu txarren egoera batean egon diren ikasleak, erasotzaile edo erasoa jasandakoaren moduan. Gainontzeko jazarpenekin alderaturik, jazarpen lesbohomofobiko eta transfobikoak hainbat ezaugarri ditu: hezkuntzan dagoen homosexualitate, lesbianismo eta transexualitatearen ikusezintasuna, estigmaren kutsatze-arriskua —eta ez soilik ikaskide gay eta lesbianentzat, baita laguntzen dutenentzat ere— eta homolesbofobiaren normalizazioa, eta horrek norbere kontzeptuaren eraketan eragin negatiboa du. Biktima edozein izan daiteke. Ez da beharrezkoa ezaugarri jakin batzuk izatea; aski da eraso egin nahi duen horrek diferente ikustea.

Bortizkeria sinbolikoa ikusaraztea garrantzitsua da, tratu txar leunak eta askotan erasotzat hartu izan ez diren portaerak ere bai —zoritxarrez hainbatetan «normaltzat» hartzen direnak—. Ikasleak ez dira egoeraren larritasunaren jabe, eta ez dute ikusten ikaskideek bazterkeria eta bortizkeria jasaten dutela. Legeak zehazten duena beteko bada, ikasleen formazioak integrala behar du izan, eta gai guztiak jorratu behar ditu; maitatzeko eta desiratzeko aniztasuna —eta horiekiko errespetua ere— ezinbesteko langaiak dira, beraz.

Hala ere, genero identitatea eta sexu aniztasuna gutxitan lantzen dira ikasgeletan, irakasleek ez baitute gaia jorratzen modu zuzenean. Bestelako hezkuntza eredua behar dugu, aniztasun sexualari modu transbertsalean heltzen diona, ikasgelan ere gaia lantzen duena, eta edozein bortizkeria, bazterkeria eta jazarpen mota ekiditeko behar adina neurri hartu eta esku hartzen duena. Irakasleen etengabeko formazioa ezinbestekoa da ikusten eta antzematen ikasteko —teknika pedagogikoen ezaguera hutsetik haratago doana—, baita gure eguneroko jardunean ere.

Homolesbofobia eta edozein bazterkeria detektatzea eta gelditzea, baliabide eta formazioaren menpe daude neurri handi batean. Irakasleak garen heinean, berdintasunean hezteko erronkari egoki erantzuten ote diogun galdetu behar diogu geure buruari. Jakin badakigu irakasle eta orientatzaile askok LGTB ikasleentzat hoberena egingo luketela, baina ikastetxeetan ez dituzte beharrezkoak diren bitartekoak eta laguntzak aurkitzen. Neurriak hartzen diren ikastetxeetan, jazarpen kasuek behera egiten dute nabarmen.

Hezkidetzaren aldeko apustua egin dugu urte luzeetan. Gaur, Homofobia, Lesbofobia, Bifobia eta Transfobiaren Nazioarteko Eguna da, eta momentu egokia da ikasleekin batera eskoletan dugun aniztasun sexuala lantzeko.

LGTBI kideek hezkuntza sisteman duten egoerak berariazko lanketa behar duela ikusi dugu EILASen, eta LGTBI taldea sortu dugu sindikatuan. Datozen egunetan unitate didaktiko berria igorriko dugu ikastetxeetara, aniztasuna, enpatia eta laguntza eskatzeko eta emateko edozein pertsonak izan behar dituen baliabideak lantzeko. Gure helburua da, azken finean, ikasleen garapen pertsonal eta sozialean trebatzen laguntzea.

BERRIA: Homofobia salatu dute Donostian, elkarretaratzean

HOMOFOBIA ETA TRANSFOBIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Gaurko egunez, 1990ean, Osasunaren Mundu Erakundeak buruko gaitzen zerrendatik kendu zuen homosexualitatea.

“Homofobiarik ez hemen, ez inon!” lelopean elkarretaratzera deitu du EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak beste hainbat eragilerekin batera. Manifestu laburra ere atera dute elkarrekin.

Eusko Jaurlaritzak eta Arartekoak Amnesty Internationalek egindako adierazpenarekin bat egin dute. Sexu orientazio eta identitatea urraketak salatu, eta gizarte eragileei dei egin die horien alde lan egin dezaten, normalizaziorako bidean.

Lan munduan “aurreiritziak, estigmatizazioa eta desberdintasuna” oso presente daudela salatu du LAB sindikatuak. Horren arabera, lesbiana, gay, bisexual eta transexualen artean, hamarretik zazpik aitortzen dute hainbat motatako diskriminazioak jasan izan dituztela. “Zenbat langilek adierazi ahal dute bere aukera sexuala, estres eta antsietaterik gabe, lan ingurune erasokor batean? Zenbat enpresek onartzen dituzte, normaltasunez, sexua aldatzen duten pertsonak? Zenbat enpresek jarri dituzte martxan planak aniztasun sexualaren alde eta sexu diskrimazioen kontra? Zenbat enpresetan langileek adierazi ahal dute haien nortasun sexuala askatasunez?”. Sindikatuak jendarte anitzaren aldeko apustua egiten duela baieztatu du, eta diskriminazioak amaitu eta desagertarazteko konpromisoa hartu.

Gazte Abertzaleek ere Euskal Herrian LGTBfobia errealitatea dela salatu dute. “Homofobiak, lesfobiak eta transfobiak lasai asko jarraitzen dute gure herrietako kaleetan, eta botere publikoek beste aldera begiratzen jarraitzen dute”. Horrez gain, eskoletako diskriminazioa gaitzetsi dute, eta hezkuntza alorreko arduradun eta agintariei eskatu diete neurriak hartzeko “berehala”. “Euskal Herrian homofobian oinarritutako eskola-jazarpena da euskal gazteriak bere buruaz beste egietko kausa nagusia”.

Maiatzaren 17a dela etako Ehgameko adierazpena

Maiatzaren 17a homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurkako nazioarteko eguna da, 1990eko maiatzaren 17an kendu baitzuen Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendetatik.

Adierazpen hau sinatzen dugun erakundeok, hauxe salatu nahi dugu:

Sexu bereko helduen arteko sexu-harremanak heriotza-zigorrarekin zehatzen direla zazpi herrialdetan: Mauritania, Sudan, Iran, Saudi Arabia, Yemen eta Nigeria eta Somaliako zenbait eremu.

Munduko 75 herrialde baino gehiagotan zigortzen dituzte sexu bereko pertsonen arteko maitasun- eta sexu-harremanak.

Sexu-joeragatiko edo genero-identitateagatiko zigorrak edo diskriminazioak sufrimendu handia eragiten die ehunka milaka pertsonari.

Abagune hau aprobetxatu nahi dugu gorroto homofobikoa eragiten duten erakunde erlijiosoak nahiz bestelakoak salatzeko, baina baita ere aldarrikatzeko bidegabekeriaren aurrean begiak ixteak gorroto-diskurtso horiei hauspoa ematen diela.

Errebindikatu nahi dugu eskola haurtzarotik sozializatzeko espazioa dela eta gizarteko sexualitate, genero eta identitateak anitzak direla irakatsi behar dela bertan.

Arduradun publikoei gogorarazi nahi diegu haien ardura dela bermatzea ez direla inoren askatasunak mugatzen genero-identitateko arrazoiengatik edo aukera sexualagatik.

Espero dugu gizarte osoak hartzea parte gizarte bidezkoagoa eta fobiarik gabea sortzeko prozesuan.

Gure eskuetan dago, errebindikazioen eta borrokaren bidez bete ditzakegu helburu horiek eta, hartara, gizarte bidezkoagoa izan.