Autobusak

Hedoi Etxarte

Erakunde ultra baten autobusa etorriko da Iruñerrira bihar-etzi. Ia ezezaguna zen bus horren probokazioari zilegitasuna eta ikusgarritasuna eman diogu. Albiste on bat dago: agian LGTBI kolektiboak gaindituko dituen transfobiaren kontrako mugimendu bat hasi da gurean.

Beste guztia nahiko kezkagarria izan da: berriz ere zentraltasuna eman diogu eskuin muturrari. Markoa berak egin digu. Eta guk, gailentasun moralez, aurreratuagoak garela erakutsi diegu. Hala ere, eskuin muturraren probokazioak 30 urtera jasotzen ditu emaitzak: begira Alemanian eta Frantzian, adibidez.

Gainera, autobusaren kontrako mugimendu hori estetika soil gelditzen bada: «ez esan gauza transfobikorik gaizki ikusia dagoelako baina… jarraitu gizarte transfobikoaren oinarriak eraldatu gabe». Jai dugu. Zeren autobus hau Iruñetik pasako den egunotan supermerkatuetako 18 langile kaleratuko ditu Caprabo supermerkatu kateak Eroskiren bidez. Agian kaleratutako emakumeetako batek izango du alaba zakildun ala seme bulbadunen bat. Nola erosiko dizkio jantziak eta liburuak? Ze zailtasun izango ditu, haztean lan duin bat topatzeko? Gure asmo digital onek emango diote jaten?

18 emakumeok kaleratu dituzten egunotan, 20 minuturo autobus bat abiatu da Iruñeko Vianako Printzea plazatik Gorraizera. Funtsean. Autobus horrek hiriaren zentro pobretutik —Arrosadiatik eta Alde Zaharretik— emakume hego-amerikarrak eramaten ditu Iruñerriko periferia aberatsera: haurrak elikatzeko, agureak paseatzeko, mugikortasun mugatua duten dirudunen hankarteak garbitzeko. Sarritan, —Brecht parafraseatuz— histeriko jartzen gara kapitalismoaren aldaera histerikoaren aurrean kapitalismoari aurre egin gabe. Alegia, gure kontzientzia garbitzen dugu asumi ezina den bus transfobikoaren aurrean. Baina bestea, larunbatetan 60 minuturo Gorraiza doana ez dugu zalantzan jarri ere egiten.

Adingabeak ala transexualak

ROSA MARIA MARTIN

Ez gara inoiz jite bakarrekoak. Nor zara zu? Zer zara zu? Emakumea ala gizona? Ala ez ur eta ez ardo? Goizean matematikako irakasle hori, arratsaldez ingelesa ikasten jarraitzen duzu? Eroskin erosi eta Wallapopen saltzen duen horietarikoa zara? Heldu gabeko mutilzaharra? Ume heldua? Gazteleraz bizi den euskalduna? Beti zara bat? Beti berbera? Zenbat izaeratatik migratu zara? Zenbat errealitatetara? Zenbat aldiz aldarrikatu duzu zuretzat itzultzeko eskubidea? Ur geldia zara edo ur-jausiko ura?

Normatibitaterik gabeko jendarterik balego… Baina ez dago. Normatibitate guztiak dira zekenak eta berekoiak. Heteronormatibitateak dikotomia inposatu zigun txikitan: neska zintzoa eta apala ala mutil ausarta eta harroa. Gero onartu zen emakume-gizon zintzoak eta ausartak ere bazirela. Ez besterik. Gainontzekoa ikusezin, ezinezko.

Edozein normatibitatetik at daudenak ikusezinduak izan direlako, aldarrikatu nahi ditut hemen. Hitza eta irudia izateko eskubidea dute eurek, dut nik, dugu guztiok. Nortasunak forma ezberdinak, lausoak, iragankorrak, kontraesankorrak hartzen dituelako. Nortasuna ez delako inposatzen, ezta saltzen edo erosten ere.

Transexuala. Izena duena da. Jon ala Jone. Garai batean elizako pontean izena jartzen zen bezalaxe, gaur telebistak ipintzen dio izena eta izana jaio berri den helduren bati: Nora, Izaro, Ares… Euren izenean mintzatzen dira, aske eta askatuta.

Nahiane izen ederra da. Adingabe baten izena.

Adingabeen eskubideak ez daude gurasoen borondatearen menpe, ez eta komunikabideek audientzia igotzeko estrategien zerbitzuan, are gutxiago komunikazio-marketinaren esanetara.

Erreza da hitz-jario handiko adingabe batek transexuala izan nahi duela esaten badu, ikus-entzule kopurua igotzea. Berrogei urteko transexual batek haurtzaroan isilik jasan zituenak entzuten ditugunean, irtenbidea ezin da izan haurra telebistako platoan jesartzea.

Adingabe transexualen guraso batzuen hitzak entzutean, hotzikara sentitzen dut: gonak eta printzesen jantziak, jostailuak, eta ilearen luzera aipatzen dituzte umearen identitate-frustrazioa azaltzeko. Hotzikara, heteronormatibitatearen hamaikagarren ondorio gaiztoa delako.

Baina egia da genero-disforia –genero/sexuarengatiko sufrimenduak– jasanezina denean, zerbait egin beharra dagoela. Egia da identitate sexuala ez dela patologizatu behar, baina seguru nago ospitale publikoetako genero-unitateek telebistan entzun ditudan guraso batzuek baino ikuspegi zabalagoa dutela, eta ez dela apetak emandako erabakirik hartzen. Umeei ipuinak kontatzen jarraituko dugunean, argitu ez dagoela zoriontasuna bermatuko dien aldaketarik. Adingabe baten izena eta izana jokoan.

H(ETEROAR)AU (A) EZ DA GURE BAKEA. PLAZEREZ DESOBEDITU

EUSKAL HERRIKO BILGUNE FEMINISTA

Familia nuklearrik? Ez, eskerrik asko. Gero eta gehiago gara patriarkatuaren oinarria den familia nuklearraren nagusitasuna eta gailentzen den harreman eredua ezbaian jarriz, heteroaraua plazerez desobeditzeko hautua egiten dugunak: guraso bakarrak, lesbianak, bi guraso baino gehiagoko haurrak, harreman poligamiakoak dituztenak, ama izatea erabakitzen dugun lesbiana bikoteak, sexu langileak, transexualak, praktika sexual koitalak lehentasunezkoak ez ditugunak, ama ez izatea erabakitzen dugunak, praktika sexualen kategorizazioari ihes egiteko hautua egiten dugunak, lagun taldeak, eta abar.

2016/06/28

Hortaz, sexualitateari, plazerari, dimentsio politikoa emateko saialdi erabatekoa izan dadin jarraitzen dugu. Ez ditugulako praktika lesbikoak arauaren barnean sartu nahi, araua bera deslegitimatu, praktika aniztasuna errealitate bat dela ohartarazi eta denak erdigunean gaudela aldarrikatzen jarraituko dugu.

Monogamia, familia eredu patriarkala, estigma zein maitasun erromantikoaren bitartez emakumeon sexualitatearen eta gorputzen kontrola susta-tzen duen heteroarauaren aurrean gero eta ozenagoa da arau nagusitik kanpo kokatzen garenon ahotsa. Sexualitate hegemonikoaren edozein arau-hauste bidean aurrera jarraitzeko ezinbestekoa dugu: patriarkatuak sortu dituen kategoria hertsiak eta mugatuak gailendu, eta aniztasuna oinarri duen jendarte baten beharra gero eta ageriagoa da. Zentzu horretan, jendarte feminista baten alde lanean jarraitzeko beharra ikusten dugu, eta honetan herritar orok badugu zer egina.

H(eteroar)au (a) ez dela gure bakea diogu. Heteroarauaren haitzean arrakalen ugaritzearen aurrean, erresistentziak eta indarkeria ere areagotzen doaz: kaleko erasoak, edota Espainiako Gobernu ultraeskuindarrak krisiaren aitzakiapean-edo egindako erreforma eta bultzatutako neurriak ere. Artean, Familia Plana, zeinetan gay, lesbiana eta etorkinen sendiak arazotsuen multzoan sartu dituen; osasungintzan transen sexu operazioetan egindako murrizketak, lesbianei zuzendutako lagunduriko ugalketa teknologien zerbitzu publikoetan izandako murrizketak, hezkuntzan Lomce legearen bitartez egiten  ari den ideologizazio eskuindarra, balio diskriminatzaile eta erreakzionarioen sustapena, abortuaren lege organikoan eginiko aldaketa (16-17 urte arteko emakumeek gurasoen baimena behar izatea)… Horrek guztiak familia patriarkal nuklearraren indartzea du ondorio, baita sexualitatea plazeraren kudeaketa gisa ulertu beharrean erreprodukziorako bitarteko gisa denaren ulermenean sakontzea ere, besteak beste.

Horregatik guztiagatik, ez gara nazkatuko adierazteaz, H(eteroar)AU (a) EZ DA GURE BAKEA eta plazerez desobeditzen jarraituko dugu muxu, begirada, koxka, masaje, mimo, laztan bakoitzean. Ekainaren 28a borroka eguna dugu, beraz, egingo diren mobilizazio eta ekintzetan parte hartzeko deia zabaltzen dugu.

«I’M ORLANDO, BUT I’M NOT GAY»

AITZIBER PZ. KARKAMO

Orlandoko gertaerek astindua eman dio Mendebaldeko ikuspuntutik mundu deitzen diogun errealitateari. Sarraskiaren egileak marikoiak gorroto zituela jakin zen arren, Texasko gobernadoreorde ultrakatolikoak erailketak justifikatu bazituen ere, hildakoei azken agurra emateko behar duten tanatorioetan ultraeskuindar homofoboak bildu baziren ere, triskantzaren arrazoi zehatzak ahaztuz, bortizkeriarik gabeko mundua aldarrikatzen duten mezu inozo bezain hutsez bete dira sare sozialak eta I’m Orlando leloaren ordez, I’m lesbian, trans and gay hitzak iritsiko zain egon naiz.

AEBetako diskotekan jazotakoak kutsu berezia duelako eta ez delako soilik Frantzia eta Belgika kolpatu dituen fanatismoaren beste eraso bat; izateko, desiratzeko eta maitatzeko era jakin baten aurkako erasoa baizik, gure Mendebaldeko mundu aske eta garatu honetan ere sarri babesa duen fanatismo baten ondorio, hain barneratua dugun kultura judeokristauaren seinale. Ohikoa ez bada ere, gure inguruko hainbat instituziok aurrea hartuz, azkar atera dute ostadar bandera udaletxeetako balkoietara, eraso armatuaren oinarri ideologikoa agerian utziz. Ekainaren 28a gertu dugunean, egun honen zergatiari buruz urtero errepikatzen diren galdera antzuen aurrean, erantzuna Orlandon dago. Eta Errusian, Mexikon, Kenyan, Sirian edo gurean.

Gay inperioa

RIKARDO. ARREGI

ELIZA katoliko erromakoaren jende batzuek harridura, haserrea edo barre algarak sortzeko duten trebetasuna amaigabea da, agintzen duten paradisua eta infernua bezala; milaka astakeria en-tzun badugu ere, beti egongo da norbait prest aurrerapauso berri bat emateko, torlojuari koska estuago bat egiteko. Orain dela egun gutxi Cañizares artzapezpikua eta kardinala izan da: haren ustez, familia kristaua arriskuan dago zenbait politikari familiaren kontra aritzen direlako gay inperioaren eta hainbat ideologia feministaren laguntzarekin (kontuz ibili feministok, badirudi Cañizaresentzat feminismo onak eta feminismo gaiztoak daudela). Gay inperioarena mundiala da. Niri berehala etorri zait burura Star Wars filmetan agertzen den inperioa. Ez dakit zergatik. Bizantzioko inperioa edo austrohungariar inperioa izan zitezkeen, baina ez, Star Warseko Inperio Galaktikoa izan da bururatu zaidan lehen inperioa, agian inperio guztien artetik txarrena, okerrena, krudelena eta maltzurrena delako, inperio benetan gaizkiñebat.

Cañizares jaunaren argazki batzuk ikusi ondoren, pentsatu dut beharbada berari benetan gustatuko litzaiokeena, gauza guztien gainean, balizko gay inperio horren enperadorea izatea dela: hierarkia katoliko erromakoaren agintari gehienek ez bezala, berak (janzkera arruntak nahikoak izango ez balira) “cappa magna” deiturikoa erabili du, hamabost metro luze duen kapa gorri zetazkoa, atzetik beste pertsona batek eutsi egin behar duena, zeinarekin, zalantzarik gabe, Yogurinha Borovak gauza zorragarriak egingo lituzkeen.

Jai dauka Yogurinhak, Cañizaresek ez dio kapa handirik utziko, eta jai dauka Cañizaresek, ez dago enperadore bat behar duen gay inperiorik. Dagoena da homofobiari aurre egin behar dion jendea, lanean, lagunartean eta familietan (oso kristauak askotan) zailtasunak dituen jendea, eskoletan jazarpena pairatzen duen jendea, irainak eta arbuioak jasan behar dituen jendea, egunero begirada etorkorrak agoantatu behar dituen jendea. Gay inperiorik? Bai, eta laser ezpatak.

Homofobia? Ze homofobia?

esku-ortzadar

Lesbiana bikote bati Billabesan ez musukatzeko eskatzea, “bidaiariak molestatzen” ari direlako; eskola-jazarpenik nagusienetakoa bullying homofobikoa izatea; arbitro gayak futbola uztea, irain eta barreen erruz “ezin dut gehiago” erabakita; EAEn galdekatutako gazteen artean 7tik 1ek erantzutea ez dutela homosexualik nahi auzoan; marrazki bizidun eta telesailetan hetero ez bestelako joerak irudikatzen direnean, behin eta berriz zentsuraren guraizeak agertzea; familia eredu berriei buruzko liburuak debekatzea eskoletan; transexualei nahi duten komunetan sartzea galarazten dien legea ateratzea Ipar Carolinan; Frantzian (besteak beste) homosexualek debekatuta izatea odola ematea; buruzagi erlijiosoek homosexualitatea gaixotasun bat dela esatea inpunitate osoz –“haurtzaroari lotutako zauri afektiboen ondorio”, Munillak argitu duenez–; sexu bereko pertsonei ezkontzeko aukera galaraztea hainbat herrialdetan –eta are gehiagotan haurra adoptatzeko aukera–; urtebetean EAEn 500 eraso homofobo baino gehiago salatzea…

Ez, telebistan gizon gayak garai batean baino bisibilazatuago egoteak ez du esan nahi homofobia eta transfobiarik ez dagoenik gure gizarte tolerante eta itxuraz aurrerakoian. Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da maiatzaren 17a eta aldarrikapen eguna izango da herri ugaritan, tartean Gasteizen: hainbat jarduera antolatu dituzte, errespetua eskatzeko, eta oraindik ere kolektibo honek jasaten duen eskubide urraketa, diskriminazioa eta estigmatizazioa tinko salatzeko.

LGTBIQ begiradak

Askatasun begiradak nahi ditugu gure eskoletan, gure kaleetan, gure gizartean. Hezkuntza sistemak askatasunean bizi diren pertsonak hezi behar ditu, diren bezalakoak izan daitezen, diskriminaziorik gabe, epaiturik izan gabe.

Beste behin ere, maiatzaren 17aren inguruan lesbianek, gayek eta transexualok bizi dugun diskriminazioa hizpide izaten da egunkarietan. Aurten, estreinako aldiz, Bullying-aren Nazioarteko Egunak ere protagonismo itzela hartu du komunikabideetan eta jendartean. Urte luzeak pasatu dira egoera lazgarri batek gure herria astindu zuenetik, Jokinek bere buruaz beste egin zuenetik. Ikastetxeek bullying-a detektatzeko —eta gelditzeko— protokoloak garatuak dituzte, baina ezin esan horrelako jokaerak uxatu ditugunik.

LGTBI pertsonekiko jazarpena edo bortizkeria eta emakumeen aurkako indarkeria matxistek bide paraleloa eraman dute. Etxeko (eskolako) kontua izateari utzi, eta kontu publiko bihurtu da. Denoi dagokigu, denok gara biktimak. Denok dugu gelditzeko erantzukizuna. Eta abiapuntu hori hartzen badugu, eta benetan aurre egingo badiogu, ezin dugu zuritu inolako bortizkeria kasurik.

Historiak erakutsi digu legeetan emandako aldaketak ez direla nahikoak izan berdintasunaren aldeko lorpenetan. Genero berdintasuna ez dugu erdietsi lege aldaketen bitartez, gaur egun oraindik ere ohitura eta jarrera matxistek bete-betean jarraitzen baitute.

Egungo gazteek nola ikusten eta nola baloratzen dute genero eta aniztasun afektibo sexuala? Garbi dago euren begirada eraikitzen ari direla, betiere bizipen propioetatik abiaturik. Baina non gauden ulertuko badute, eskubideak azken hamarkadetan hainbat eremutan eman den borrokari esker erdietsi direla ezagutu behar dute. 2015. urtean Aldarte eta EHGAM taldeekMemoria ausartak proiektua aurkeztu zuten, LGTB memoria historiko kolektiboa berreskuratzeko gunea. Bertan, hamahiru bizitza-istorio aurkezten dira, eta frankismo eta trantsizio garaiko bizitza eta maitasun gay-lesbiarreko istorioak biltzen dira. LGTB memoria historikoa aldarrikatzeko eta biltzeko gune horretan homofobia eta lesbofobiaren aurka borrokatzen da, gaur egungoarekin erlazionatua dagoen ezagueraren bitartez.

Pertsonen arteko harremana mota askotarikoa izan daiteke, eta ohikoa den hitzen bitartez ez ezik, keinu, gorputz hizkera eta begiradaren bitartez ere gauzatzen dugu komunikazioa, eta gu geu garen bezala agertzen gara besteen aurrean. Era berean, ezin dugu ahaztu begiradek eta keinuek berebiziko garrantzia izan dutela, eta badutela gaur egun, elkar ezagutzeko eta harremanak izateko, ligatzeko tresna ere bai baitira.

Historiak erakutsi digu legeetan emandako aldaketak ez direla nahikoak izan berdintasunaren aldeko lorpenetan. Genero berdintasuna ez dugu erdietsi lege aldaketen bitartez, gaur egun oraindik ere ohitura eta jarrera matxistek bete-betean jarraitzen baitute.

Egungo gazteek nola ikusten eta nola baloratzen dute genero eta aniztasun afektibo sexuala? Garbi dago euren begirada eraikitzen ari direla, betiere bizipen propioetatik abiaturik. Baina non gauden ulertuko badute, eskubideak azken hamarkadetan hainbat eremutan eman den borrokari esker erdietsi direla ezagutu behar dute. 2015. urtean Aldarte eta EHGAM taldeekMemoria ausartak proiektua aurkeztu zuten, LGTB memoria historiko kolektiboa berreskuratzeko gunea. Bertan, hamahiru bizitza-istorio aurkezten dira, eta frankismo eta trantsizio garaiko bizitza eta maitasun gay-lesbiarreko istorioak biltzen dira. LGTB memoria historikoa aldarrikatzeko eta biltzeko gune horretan homofobia eta lesbofobiaren aurka borrokatzen da, gaur egungoarekin erlazionatua dagoen ezagueraren bitartez.

Pertsonen arteko harremana mota askotarikoa izan daiteke, eta ohikoa den hitzen bitartez ez ezik, keinu, gorputz hizkera eta begiradaren bitartez ere gauzatzen dugu komunikazioa, eta gu geu garen bezala agertzen gara besteen aurrean. Era berean, ezin dugu ahaztu begiradek eta keinuek berebiziko garrantzia izan dutela, eta badutela gaur egun, elkar ezagutzeko eta harremanak izateko, ligatzeko tresna ere bai baitira.

LGTB jendeak bere historia ezagutu behar du

LGTB komunitatekook ezagutzen al dugu gure historia? Hemen dugu adibide argi bat: Sam Smith […]. Bere azken hanka sartzea hauxe izan da: Oscar saria irabazi ondorengo mintzaldian adieraztea bera dela Oscarra irabazi duen lehen gizon gay agerikoa. […] Baina gauzak okerrera egin zuen. Esan ziotenean Howard Ashamek ere (gizonezko gay-a) Oscarra irabazi zuela, Smithek hau erantzun zuen: «Ezagutu egin beharko nuke; elkartzekotan geratu beharko dugu». Ashman hiesaren ondorioz hil zen, 1991n.

Dustin Lance Black gidoilari estatubatuarrari ere —bai, Oskarra irabazi zuen beste gizonezko gay bat— ez zitzaion Smithen mezua gustatu […]. Blackek gauza garrantzitsu bat nabarmendu zuen: «Gure LGTBQ historia ezagutzea garrantzitsua da. Bidea ireki ziguten gizon eta emakume askoren bizkar gainean gabiltza oinez». Funtsezko gogoeta da: LGTB komunitatekoek zorigaitz eta neke asko jasan zuten guk orain ditugun eskubideak eta askatasunak izan ditzagun. Adibidez, Ashman moduko pertsona batentzat abesti-idazle arrakastatsua eta ageriko gay-a izatea nabarmen zailagoa izan zen garai hartan egun baino, are gehiago hiesaren sasoirik mingarrienean. Haren moduko pertsonek erraztu zizkiguten gauzak gero etorriko ginenoi, Smith barne […].

Harrotasun eguneko gertaerak enpresen festa bihurtu dira, eta politika baztertu egin dute. […]. Iraganeko heroiak gogoratu beharra dauzkagu, bi arrazoirengatik: lehenik, egin dezakegun gutxienekoa delako gure eskubide eta askatasunen alde borrokatu zirenak gogoratzea, eta historiaren bidez goratzea bere garaian jazarriak eta baztertuak izan zirenak; bigarrenik, horrek bultzatzen gaituelako edozein zapalkuntza edo aurreiritzi garaitzeko ohiturarekin jarraitzera, kaltetua dena delakoa izanik ere.[…]

‘Friendly’-ak ere badu ajerik

LGTB turismoa geroz eta garrantzi gehiago hartzen ari da, hein batean merkatu berriak lortzeko martxan jarritako espezializazioaren ildotik. Nolanahi ere, lesbiana, gay, transexual eta bisexualei eginiko eskaintzak zenbait arazo utzi ditu agerian: eskubideen merkantilizazioa, esaterako.

Hiru gizon gazte. Erdikoa aldakatik lotua ortzadarraren koloreak dituen zapi luze batekin; beste biak, zapiaren muturretatik tiraka. Bizkaiko Zubiaren goiko partean ateratako irudia Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratutako gida baten azala da, Fitur LGTB azokan aurkeztua. «Bilbo Kantauri itsasertzeko hiri LGTB friendly-ena da», Hala aurkeztu zuen bere burua hiriak; LGTB kolektiboarekiko adiskidetsuena bezala. Kritika sutsuak jaso ondoren, atzera egin zuen udalak. Gida kendu zuen, eta turismogay friendly-a ren gaineko hausnarketa egiteari bide eman zion.

Bilbo-Bizkaia turismo bulegoak LGTB turismoa erakarri nahi izan zuen, merkatuaren sektore horri lotutako ezaugarri ekonomikoengatik. Ordea, kanpaina aurkeztu eta gutxira kritikak ugaritu ziren. Bilbotik kanpoko LGTB kolektiboko pertsonak erakartzen saiatu baina bertokoak «gustuko ez izatea» leporatu zioten udalari. Are gehiago, kanpainak kolektiboaren «irudi okerra» ematen zuela leporatu zioten: batetik, gizonezko estereotipatuak baliatu zituen; ez ziren emakumezkoak eta transexualak ageri…

Bilbo-Bizkaia turismo bulegoaren kanpainak hautsak harrotu zituen duela hilabete inguru. Baina, ez da haren burua gay friendly gisa aurkeztu duen Euskal Herriko lehen hiria. Aurretik ere beste hiri batzuek gidak kaleratu dituzte lesbiana, gay, transexual eta bisexualak erakartzeko: Gasteizek, Donostiak… Zer dago, ordea, ikur hori baliatzeko asmoaren atzean?

Eskubideak eta ekonomia

Zuriñe Estibariz Gasteizko 7menos20 elkarteko kideak eztabaidaren oinarria zehaztu nahi izan du, hasieratik. «LGTB turismoa erakartzera bideratutako ekinbideek ez dute zerikusirik LGTB kolektiboaren eskubideekin». Eskubideak baino gehiago, zenbait enpresa pribaturen interes ekonomikoak lehenesteko ekinbideak direla gaineratu du. «Gasteizko gidako tabernak goi klasekoentzako lekuak ziren», zehaztu du. «Gay bat Gasteizera etorri eta halako taberna batera joanez gero, ez luke beste tabernetan aurki dezakeen beste ezer aurkituko».

Ramon San Sebastian Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteko kideak halako ekinbideen asmo merkantilista berretsi du. Dena den, gaineratu du onartu behar dela gizarte kapitalista batean bizi garela, eta, horrenbestez, ez die arazorik ikusten hori baliatzen duten enpresei. «Zerbait eskaintzen badute, dirua irabazteko xedea dutelako eskaintzen dute; horretarako LGTB kolektiboarekiko jarrera gertua adierazten dutela? Niregatik ez dago arazorik». Herritarrek erabakiko dute produktu hori baliatuko duten edo ez, eta merkatuak bere lekuan kokatu du. Edonola ere, San Sebastianek merkatua eta eskubideen artean bereiztearen garrantzia nabarmendu du, eta bakoitza bere lekuan kokatzearen alde egin du. Alde horretatik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan pausoak ematen ari direla azaldu du, eta transexualei beren identitatea onartuz emango zaien nortasun agiri behin-behinekoa jarri du adibidetzat. «Bilbo eta Bizkaiko ekinbideari kritikak eskubideen merkantilizazioaren eskutik heldu zitzaizkion, hein handian».

Imanol Alvarez EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduko kideak Bilboko LGTB gidak piztutako eztabaidan sakondu du. «Adarjotze hutsa zen kanpaina hura», laburbildu du. Aipatu gidan, udala harro agertzen zen edonor joan zitekeelako kaletik eskutik helduta. Alvarezek egoera oso bestelakoa ekarri du gogora, eta salatu du 2010eko Bilboko Espazio Publikoaren Ordenantza baliatzen ari direla afektibotasun adierazpen ez-normatiboak debekatzeko. «Besteak beste,udaltzainek bi emakumeri kargu hartu zieten, metroan agurtzeko elkarri muxu eman ziotelako».

Horrez gain, administrazioaren jokabideaz gain, Alvarezek ez du uste kanpainak errealitatea islatzen zuenik. EHGAMeko kideak adierazi du azken urteetan inoiz baino eskaintza gutxiago dagoela. Halaber, gero eta eraso homofobo gehiagoren berri dute Euskal Herri osoan. «Bilbora datorren bati ezer gutxi eskain diezaioke hiriak; iruzur baten biktima sentituko da».

Ikuspuntu diskriminatzailea

Estibarizek uste du gay friendly ikurraren pean egiten den eskaintza sektore jakin batentzat dela: erdiko eta goi klaseko gay zuriei. Ramon San Sebastianek ideia hori berretsi du hein batean, eta erantsi du gutxitan islatzen dela LGTB kolektiboaren barruko dibertsitatea. «Ikasleak daude, hilean mila euro ere irabazten ez dutenak, langabezian daudenak, behar baino kilo gehiago dituztenak…». Edozein kasutan, hor ere kolektiboaren barruan hausnarketa egiteko deia egin du, «irudi naturalizatuagoa» emateko. Imanol Alvarezek ez du uste «asmo maltzurrik» dagoenik argazki aukeraketa askotan. Askotan irudi estereotipatuetara jotzea nahi gabe ere egiten dela azaldu du. Dena den, argi du barneratutako ideia horren atzean aurretik aipatutako merkantilizazioaren eragina dagoela.

Beste maila batean, Zuriñe Estibarizek nabarmendu du gay friendly-ren erabilera merkantilistak kolektiboaren mobilizazioa baldintzatzeko helburua duela. Hori argudiatzeko zenbait hiriburutako auzoen bilakaera oroitarazi du, adibide gisara: Londresko Soho, Madrilgo Chueca, San Frantziskoko Castro… Duela zenbait hamarkada desegituratuta zeuden, baina LGTB kolektiboko kideen eskutiko gora egin zutenean, kapitalismoak aukera bat ikusi zuen. «Orduan hasi zen gaur egungo negozio arrosa».

Kapitalismoaren asimilazioaren ostean auzo horiek errotik aldatu dira. «Dena da jaia, gimnasioak eta fribolitate handia». Hots, jatorrizko izaera desitxuratu zen, eta gay, lesbiana, transexual eta bisexualak joan egin dira bertatik. «Sistema borrokatu zutenek eskuratu zuten espazio hori, eta, gaur egun, sistema haien etxeetan sartu delako alde egin behar izan dute».

Bilboko Sare Lesbianistak iaz salaketa bat egin zuen gai horren inguruan. Ekainaren 28aren kariaz, Bilboko hainbat ostalari elkartek, Blue aldizkariak, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbao Friendly Pride egitasmoa hasi zuten. Hainbat ekintza prestatu zituzten, baina eguneko manifestazioa kontuan hartu gabe. Ekainaren 28aren «despolitizazioa eta merkantilizazioa» salatu zuen Sare Lesbianistak horren harira. «Egun horien izaera aldarrikatzaile eta politikoa baztertzea friboloa eta mingarria da, borroka osoa lau eguneko ospakizunetara mugatuz».

Alde positiboak

Ramon San Sebastian Gehituko kideak, kritikak kritika, ontzat jo du hiriburuek LGTB friendly gidak argitaratu izana. «Ez da bakarrik eskaintza bat, gure hirietan dagoen erantzun bat bazik». Donostian eta Ipar Euskal Herrian ere halako ekinbideak badaudela oroitarazi du, baita horien gaineko iritzi baikorra eman ere. «Normalizazio irudi bat ematen du, kanpora begira». Baina argi utzi du elkarte eta eragileek lan egiten jarraitu behar dutela, gida horiek lagundu badezakete ere.

Imanol Alvarezek, aldiz, kostata ikusten dio alde onik egitasmo horri, baina aitortu du «zirrikitu» bat izan daitekeela. Batetik, uste du kolektiboari buruzko irudi positiboa emateko baliabidea izan daitekeela, «betiere ikuspuntu merkantilista eta partzial batetik». Bestetik, administrazio publikoekin hitz egin eta aurrera egiten jarraitzeko baliagarria izan daiteke. «Inor gutxik daki zenbat ordu eman ditugu ordezkari publikoekin bilduta; bide hau baliagarria izan daiteke, baina ikuspuntu oso ezberdinak ditugu».

Eskaintza, oso mugatua

Ez dira asko LGTB kolektiboarentzako eskaintza aztertu duten ikerketak. Ez behintzat ikuspuntu akademikotik. Ana Otero, Maria Elisa Alen eta Trinidad Dominguez Vigoko Unibertsitateko doktoreek (Galizia) gaia landu dute. Galiziako eskaintza aztertu dute bereziki; baina, merkatuaren datu orokorrak aztertuta, zenbait ondorio atera dituzte, eta hein batean, elkarteetako ordezkariek azaldutakoaren ildoan doaz.

LGTB kolektiboarentzako turismoa «bilakaera naturala» dela ondorioztatu dute. «LGTB turismoak jokabide bat zehaztu du turismoaren barruan, eta enpresek eta udal agintariek erakarri nahi duten sektore bihurtu da». Azken urtean turismo eskaintzaren espezializazioa gertatu dela gaineratu dute: bakarrik bizi diren pertsonentzako eskaintza, adineko pertsonentzat, familientzat, ikasleentzat… Hortaz, beste hamaika sektorerekin gertatu den bezala, LGTB kolektiboarentzako eskaintza heldu da.

Ordea, ohartarazi dute LGTB kolektiboa «merkatu zabala» dela. Hots, mota askotako eskaria dagoela horren barruan, eta ez dagoela zehaztuta sexu hautuagatik. Eskaintza eta eskaria aztertu dituzte, eta hiru sektoretan «merkatu aukera handia» dagoela nabarmendu dute: lesbianak, adineko gayak eta seme-alabak dituzten bikote homosexualak. Aldiz, egungo LGTB turismoa gizon gazte eta helduentzat da.

Hori ulertzeko zenbait gako eman dituzte Oterok, Alenek eta Dominguezek haien ikerketan. Lehena, agerikoena, gaitasun ekonomikoa da. Galiziako LGTB elkarteko kideei egindako galdeketetan, diru sarrerei buruz galdetu zieten. Galiziako batez bestekoaren gainetik zeudela ondorioztatu zuten; diru sarrerak %20,3 handiagoak zituzten, hain zuzen ere. Hau da, ohartu ziren LGTB kolektiboko kideek kontsumorako gaitasun handiagoa dutela. Ordea, berriz ere nabarmendu dute ezin dela kolektibo homogeneotzat hartu. Inkestatuen datuak sexuaren arabera banatuz gero, alde adierazgarriak daude. Hain zuzen ere, datuek agerian uzten dute gizon eta emakumeek dituzten diru sarreren arteko aldea. Emakumezkoen artean ohikoagoak dira urtean 12.000 euro baino gutxiago irabazten dutenak; aldiz, urtean 22.000 eurotik gora irabazten dutenen artean ohikoagoak dira gizonezkoak.

Bestalde, aurretik esan bezala, ikertzaileek azaldu dute seme-alabak dituzten LGTB familientzako eskaintza indartzeko aukera dagoela. Imanol Alvarezek oroitarazi du ohikoagoak direla seme-alabak dituzten emakumezko bikoteak gizonezkoenak baino. Eta ezaugarri hori aurreko datuekin batuz gero —andreen diru sarrera txikiagoak, langabezia tasa altuagoa…— ez da sektore erakargarria enpresentzat. «Merkatu azterketen atzean merkantilismo hutsa dago; enpresek oso helburu prosaikoa dute: dirua irabaztea».

Oterok, Alenek eta Dominguezek Galiziako elkarteekin hitz eginda LGTB turismoaren beste zenbait ezaugarri xehatu dituzte. LGTB kolektiborako eskaintza zuzena ez dago bidaiatzeko leku bat aukeratzeko motibazio nagusien artean; bai, ordea, kalitate eta prezioaren arteko oreka, kultura eskaintza, lasaitzeko aukera… Segurtasun sentsazioa eta errespetua ere «funtsezko faktoreak» dira, hiru ikertzaileek jakinarazitakoaren arabera. Azkenik, nazioarteko beste ikerketa batzuen emaitza batekin kontrajartzen den ondorio bat azaldu dute. Lekuak hautatzeko, ez da erabakigarria hotelek edota hiriek beren burua hala aurkeztea, gay friendly gisa izendatutakoak aintzat hartu arren. Zuriñe Estibarizek argi du: «Ez dugu auzo gay friendly-rik nahi, herri friendly bat baizik, herri askea pertsona eta gorputz guztiontzat».

Bilbo, ‘gay friendly’? Bai zera!

Bilboko Udalari gayak interesatzen zaizkio. Politak, gazteak, dibertigarriak eta diru askorekin. Bilbotik kanpoko gayak, noski. Horregatik joan da FiturreraBilbao Gay Friendly sustatzera. Baina lesbianek eta transexualek ez bide dute horrenbeste diru eduki, Bilboko Udalari ez zaizkiolako hainbeste interesatzen. Noski, lesbianek familiak osatzera jo ohi dute amatasun instintuaren kontuarengatik, eta transexualek nahikoa lan izaten dute egin behar dituzten ebakuntzak ordaintzen, eta ezin dute diru asko gastatu oporretan. Antza denez, hori da Bilboko Udalean pentsatzen dutena. Aldiz, udalak ez ditu oso gustuko Bilboko transexualak, lesbianak eta gayak. Hori, edo publikoki bere afektibitatea adierazteko arazoak dauzka. Izan ere, udal hau gogotik saiatzen da afektibitate ez-normatikoko adierazpen oro erreprimitzen; normatiba bat eta guzti idatzi du horretarako. Bere polizia bidaltzen du normatiba hori zuzen betetzen dela zaintzeko. Gayen elkargune diren aire zabaleko eremuak jazartzen eta eraisten saiatzen da. Ez da hainbeste saiatzen, aldiz, osoko bilkuretan homofobia kontrolatzen, ezta sexu askatasunaren aldeko mugimenduentzat baliabideak ezartzen ere. Zinez ez dugu ulertzen nola ez zareten lotsagorritzen Fiturren. Bide batez, Fiturren informatzen al duzue afektibitatea publikoki adieraztea otutzen bazaie udaltzain batek isuna jar diezaiekeela edocruising-a debekatua eta jazarria dagoela? Benetan uste al duzuecruising-a debekatuta egonda etorriko dela gay bat? Ez daukazue arrastorik ere hau zertaz doan.