Euskaltzaindiak eta Ortzadar LGBT elkarteak hiru urterako hitzarmena sinatu dute

Euskarari dagozkionetan, Akademiak aholkularitza eskainiko dio elkarteari

LGTB kolektiboaren eskubideen aldeko manifestazioa, Bilbon. / JORDI ALEMANY

Euskaltzaindiak eta Ortzadar LGBT elkarteak bien arteko lankidetza hitzarmena sinatu zuten lehen aldiz atzo, Bilbon. Hitzarmena hiru urterako egin da, eta, euskarari dagozkionetan, Akademiak aholkularitza eskainiko dio elkarteari.

Bereziki, hitzarmenaren aurkezpenean azaldu zuten bezala, gradu bukaeran eta Master ikasketetan elkarteak sustatzen dituen deialdietan euskararen erabilera normalizatua eta jasoa ziurtatzeko, eta elkarteak bideratzen duen aldizkari zientifikoan euskarari toki egokia eta duina emateko aholkularitza emango dio Euskaltzaindiak.

Aurreko bi xedapenen ondorioz sortzen den euskararen testu masa eskuratuko dio Ortzadar LGBT elkarteak Euskaltzaindiari, eta Akademiak, besteak beste, Euskaltzaindiaren Hiztegia elikatzen duen Lexikoaren Behatokia elikatzeko baliatuko du euskarazko testu masa hori.

Era berean, Ortzadar LGBT elkarteak Euskaltzaindiari aholkularitza eskainiko dio herritarren berdintasuna, bizikidetza, sexu askatasuna eta giza eskubideak Akademiaren Hiztegian zein bestelako hizkuntza baliabideetan are hobeto islatuta ager daitezen.

Euskaltzaindiak azaldu duenez, errealitate hauek guztiak «ondo gogoan» ditu, eta horiek kontuan hartuz, «erabaki garrantzitsuak» hartu ditu azkenaldian, besteak beste, familia harremanetako gaurko errealitatera moldatu ditu Hiztegiko hainbat definizio; dinastia-kontuetan ere egin dira aldaketak; Espainiako Justizia Ministerioari euskal izendegiarekin malguago jokatzeko eskatu zitzaion eta abar.

Pozik

Andres Urrutia pozik agertu zen sinatutako hitzarmen berriarekin. «Hitzarmen hau euskal gizartearekin eta beren-beregi kolektibo honekin geneukan zor bat kitatzera dator. Euskara gaitu eta erabilera berrietara moldatu eta egokitzeko agindua dauka Akademiak, eta horretara dator, neurri batean, hitzarmen garrantzitsu hau», aitortu zuen euskaltzainburuak. Bere hitzetan, «Euskaltzaindiak ezin dio muzin egin bere erantzukizun sozialari, eta LGBT kolektiboa (Lesbiana, gay, bisexual eta transexualen kolektiboa) are ikusgarriago egiteko ekarpena egin nahi du».

Bestalde, Javier García Ortzadar LGBT elkarteko presidentea ere pozarren agertu zen. «Gure elkarteak garrantzia eman nahi die euskaraz egindako ikerketei, eta horretarako Euskaltzaindiarekin bat egitea ezinbestekoa zen guretzat», azaldu zuen.

Halaber, Axier Garate Ortzadar LGBT elkarteko bozeramaileak euskal gizarteak LGBT kolektiboarekin duen konpromiso irmoa gogoratu zuen. «Ostegun honetan homofobiaren aurkako eguna ospatzen dugu, eta hitzarmen hau baliatu nahiko genuke gure gizarteak aniztasun afektiboaren aldeko apustu garbia egin duela erakusteko», esan zuen.

Besteak beste, Ortzadar LGBT elkarteak familia aniztasunaren eta genero berdintasunaren inguruko formakuntza eta ikerkuntza sustatzen ditu, eta gai horien inguruan egiten diren master, doktore tesi eta graduondokoak zabaltzen ahalegintzen da.

LGTBI kolektiboa, psikiatriako gaietan

Moldaketa bat egin behar izan dute Osakidetzaren lan deialdi publikoko psikiatriako gai zerrendan, patologizatuta ageri baitziren LGTBI kolektiboko kideak. Osasun sistemak akatsa onartu du

LGTBIfobiaren aurkako protesta bat, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

 

«Ondoeza». Sentimendu hori gailendu zitzaion Sara Olariaga sendagileari —Osakidetzan familia mediku izateko lanpostu bat lortzeko prestatzen ari da— osasun sare publikoaren lan eskaintzaren barruan psikiatriako gai zerrendaren berri izan zuenean. Izan ere, espezialitate horretako hainbat kideren bidez jakin zuen gai zerrendan bazela puntu bat —43. gaia, zehazki— honela izenekoa: «Paziente lesbiana, gay, bisexual eta transexualen tratamendua». Joera homosexualak era argian patologizatzen dituen atal hori barruan duen gai zerrenda otsailaren 7an Osakidetzako zuzendari nagusiak lan eskaintzarako oinarriekin onartutako ebazpenean agertzen da, hain justu. Horregatik erabaki zuen Olariagak abisu ematea: Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen Gehitu elkartera jo zuen, eta EAEko Arartekora ere bai. Gehitu-n, Jesus Estonbak hartu zuen abisua. Hark azaldu duenez, Olariagarena ez zen izan gai horri buruzko ohartarazpen bakarra, eta, gai zerrendako eduki hori «iraingarria» zela iritzita, Osakidetzan protesta egitea erabaki zuten: «Izan ere, halakoak gai zerrenda orotatik kanpo daude 1990eko hamarralditik».

Gehitu-k Eraberean zerbitzuaren bidez egin zuen kexua. Jaurlaritzak sustatutako sare bat da, diskriminazio mota oro saihestea duena helburu. Osakidetzak pazienteak artatzeko propio duen zerbitzura jo zuten, albistearen gaineko kezka erakustera, eta Estonbak adierazi du erantzuna «berehalakoa» izan zela. Kontatu du egun gutxiren buruan Osakidetzako zuzendariak berak telefonoz hots egin ziela: «Barkamena eskatu zuen. Onartu zuen hanka sartze bat izan zela, zenbaitetan inertziekin funtzionatzen dela, eta gai zerrenda hori berrikusteke zegoela». Idatziz ere horixe bera adieraziko ziela agindu zien, eta egun batzuen bueltan jaso zuten eskutitz bat, Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusiak sinatua.

Gehitu-k seinalatutako gai zerrenda du hizpide gutunak, sexu eta genero identitate jakin batzuk patologizatzen dituen puntu hori: «Guztiz desegokia dela ulertzen dugu. Horregatik, kendu egingo dugu, eta aipatutako gai zerrenda zuzenduko dugu», dio gutunak. Idatziak onartu zuen gai zerrendak elementu «diskriminatzaileak eta patologizatzaileak» izan ditzakeela LGTBI kolektiboarentzat. Are gehiago: eskutitzean, Mujikak aitortu zuen gai zerrendan beste akats bat ere atzeman zutela, «berrikusketa» egitean. Zehazki, Haur Psikiatriarako gai zerrendako 21. puntua aipatu zuen. Hau zioen: «Sexu arteko ezberdintasunen eta sexu portaeren psikopatologia. Transexualitate eta transgenero egoerak». Gai hori zerrendatzea ere okerra zela onartu zuten idatzian. Bi puntuak erretiratzeko konpromisoa hartu zuten; alegia, bi gaiak «ezabatu» eta gai zerrenda berrentolatzekoa.

Barkamena eskatzea

Ondoren erantsi zituzten barkamen hitzak: «Era berean, adierazi nahi dizuegu sentitzen dugula sortutako ondoeza, eta erakunde publiko gisa konpromiso sendoa dugula tratu berdintasunaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako printzipioekin. Esparru guztietan berdintasuna lortzeko oztopo guztiak kentzearen erantzukizuna hartu behar dugu, eta oraingo honetan diskriminazio zuzenaren aurka eta zeharkako diskriminazioaren aurka dugun konpromisoari balioa eman behar diogu». Martxoaren 6koa da zuzenketa gutuna. Estonbak adierazi du kexua egin eta berehala jaso zutela; aurretik, gainera, osasun sistema publikoko arduradunak telefonoz ere hots egin zienez, elkartekoak pozik daude emandako erantzunarekin. «Osakidetzak ongi erantzun du, eta azkar; txalogarria izan da izan haren portaera. Hitz onak baino ez ditugu». Martxoaren 14an argitaratu zuten zuzendutako gai zerrenda.

«Badakit Osakidetzak barkamena eskatu duela, eta haren erantzukizuna onartu duela», adierazi du Olariagak. Baina nabarmendu du garrantzitsua dela halakoetan erne egotea: «Milaka ekintzailek eta LGTBIQ+ taldeek urteak daramatzate salatzen medikuntza hedatu egiten dela gaixotasunekin zerikusirik ez duten bizitzako alorretara». Hain zuzen, heteroarautik irteten diren sexu eta genero identitateak eritasunen zerrendetan sartzen ziren garai batean: portaera okertzat jotzen ziren, tratatu beharrekotzat. Herrialde askotan iraganeko kontuak dira horiek beste hainbatetan zigortuta daude oraindik— , baina lagatako lorratza ez da guztiz desagertu oraindik.

Horregatik eragin du ezinegona akatsak. Olariagak berretsi du «hanka sartze handi bat» dela, eta «iraingarria»izan dela, segur aski presak eta behar adinako arretarik gabe jardun beharrak eragindakoa izan arren. «Bada garaia gure inguruan antzematen ditugun tratu txar edo diskriminazioen kontra altxatzeko eta asaldatzeko». Deitoratu du sexu joerak «diagnostikatzeak» ondorio larriak izan ditzakeela, eta horren kontrako aldarriak ozena izan behar duela: «LGTBIQ+ pertsonek urte ugari daramatzate haiek katalogo batean ez sartzeko eskatzen. Instituzio medikoek ezarritako etiketa edo definizio orotatik kanpo egon nahi dute, eta aske autodeterminatzea nahi dute; autodeterminatzeko eskubidea izan nahi dute, modu horretan bakarrik errespetatuko eta babestuko baita haien pluraltasuna».

Ekai gogoratzeko ekitaldiak egingo dituzte Gasteizen eta Bilbon ere

Ehunka pertsonek egin dute bat Kattalingorri elkarteak Iruñean deitutako elkarretaratzearekin, Ondarroan bere buruaz beste egin duen nerabe transexualaren omenez.

Iruñeko udaletxearen parean egin zuten igandean elkarretaratzea, 12:00etan, Ekai, Nafarroa zurekin. Navarra contigo lelopean. Hamar minutuko isilunea egin zuten bertaratu direnek, genero aniztasunaren aldeko banderaren inguruan bilduta. Txaloekin eta lore eskaintzarekin eman zioten amaiera ekitaldiari. Gaur iluntzean Gasteizen eta Bilbon egingo dituzte elkarretaratzeak.

Antolatzaileek “maitasuna eta babesa” agertu nahi izan zioten atzo Ekairen sendiari. 16 urteko nerabeak bere buruaz beste egin zuen ostegunean. Osakidetzan hormona tratamendu noiz hasi zain zegoen. Chrysallis elkarteak adierazi zuen “borroka gehiegi” bizi izan dituela bere identitatearen arabera bizi ahal izateko.

Elaxar Lersundik, Ekairen aitak, gutun hunkigarria zabaldu du sare sozialetan, bertan itxaropena agertzen du semearen heriotza azkena izango dela.

 

Iruñeko elkarretaratzean hainbat ordezkari politikok parte hartu dute; besteren artean, Aranzadiko Laura Berrok, EH Bilduko Patricia Perales eta Aritz Romeok, Eduardo Santos Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak, Koldo Martínez Geroa Baiko parlamentariak eta Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendari Mertxe Leranozek.

Kattalingorri eta Transkolore elkarteko kide banak manifestu bat irakurri dute. Ekairen heriotzak “min handia” eragiten duela adierazi dute, nerabeak “bizitza osoa aurretik” zuelako, eta ezbeharra “bizitzea egokitu zaigun gizarte transfoboaren ondorioz” izan dela gaineratu dute. “Hau ez da gertakari isolatu bat, izateko eredu zurrunak inposatzen dituen sistema zapaltzaile baten parte baizik”.

Hala, gizartean aldaketak sumatzen diren arren, oraindik “bide luzea” falta dela ohartarazi dute, “guztiok gizarte honetan tokia izan dezagun”. Deitzaileek gizarte “justuagoa” eraikitzera deitu dute; aniztasuna “balore bat” bezala hartuko duen gizartea, eta ez “borrokatu beharreko zerbait” gisa ulertuko duena.

Helburu hori lortze aldera galdegin dute legeen babesa, genero anistasunari arreta eskainiko dioten hezkuntza eta osasun sistema eta norberaren izatearen arabera “libreki bizi eta autodeterminatzea” eragozten duten oztopo administratiboak ezabatzea.

Ehunka lagunek oroitu dute hildako nerabe transexuala, Ondarroan

 

Udalak hiru eguneko dolua ezarri du; ostegunean bere buruaz beste egin zuen 16 urteko gazteak

Hamabost minutuko bilkura isila egin zuten Ekairen omenez, Ondarroako udaletxe aurrean. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Ehunka lagunek parte hartu zuten atzo Ekai Lersundi oroitzeko ekitaldian, Ondarroan (Bizkaia). 16 urteko nerabea ostegunean aurkitu zuten hilik, bere buruaz beste eginda. Adingabe transexualen familiak biltzen dituen Euskal Herriko Chrysallis elkarteak deitu zuen elkarretaratzera, eta hamabost minutuko bilkura isila egin zuten bertaratutakoek, Ekai, maite zaitugu zioen pankartaren inguruan bilduta. Nerabearen senideek ere parte hartu zuten ekitaldian, Chrysallis elkarteko kideekin, herritarrekin eta Ondarroako Udaleko ordezkariekin batera.

Deitzaileek bilkuraren amaieran azaldu zutenez, «minduta eta haserre egon arren, gure seme-alabei diegun maitasunagatik lanean jarraituko dugu». Ondarroako Udalak, nerabearen senide eta lagunei babesa adierazteaz gain, «aurrera begira lanean jarraitzeko» beharra azpimarratu du. Hiru eguneko dolua ezarri du.

Erroldan izen aldaketa lortzeko prozesuan zegoen nerabea; halaber, Gurutzetako ospitalean hormona tratamenduaren zain zegoen. Udalaren arabera, azken urteetan «zenbait erakundek ezarritako oztopo ugariri» aurre egin behar izan dio nerabeak.

Euskal Herriko Chrysallis elkarteak ere azpimarratu du «eguneroko borrokan» aritu behar izan duela Ekaik. Elkartearen arabera, bere institutuan formakuntza saio bat egiteko eskatu zuen adingabeak, komunitateak haren errealitatea ulertu eta errespetatu zezan, baina ikastetxeak ez zuen halakorik egin. Adingabe transexualak babesteko lege bat galdegin du Chrysallisek.

Ondarroan ez ezik, Iruñean, Donostian eta Gasteizen ere egingo dituzte nerabearen omenezko elkarretaratzeak. Gaur eguerdian egingo dituzte Iruñean eta Donostian, herritarrak udaletxeen aurrean bilduta. Aldiz, Gasteizen bihar egingo dute. 19:00etan izango da, Andre Maria Zuriaren plazan.

Ondarroako herritarrek Ekai gazte transexuala agurtu dute

Chrysallis EH elkarteak deituta, Ondarroako herritarrek «gero arte» esan diote Ekairi, aste honetan hilik aurkitu zuten 16 urteko gazte transexuala. Ehunka lagun batu dira ‘Ekai maite zaitugu’ zioen pankarta baten aurrean, 15 minutuz, Mikel Laboaren ‘Txoria txori’ abestiak soilik hautsi duen isiltasun batek lagunduta.

Ehunka lagun batu dira Ondarroan Ekai gazte transexualari azken agurra emateko. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)

Ehunka herritarrek «maite zaitugu» esan nahi izan diote azken aldiz Ekai transexual ondarrutarrari, ostegunean hilik aurkitu zuten 16 urteko gaztea. Chrysallis EH elkarteak deituta, Ondarroako herritarrek gaztea agurtu dute, larunbat arratsaldean egin den elkarretaratzean.

15 minututan luzatu da elkarretaratzea, isiltasunean. ‘Ekai maite zaitugu’ zioen pankarta bat eta kandelaz osatutako bihotzak osatzen zuten elkarretaratzearen lehen lerroa. Une hunkigarriena Ekairen gurasoak zerbait aurreratu direnean iritsi da, bozgoragailuetatik Mikel Laboaren ‘Txoria txori’ abestia entzungai zegoen bitartean.

Senide eta lagunei babesa erakustearekin batera, «aurrera begira lanean jarraitzeko beharra» azpimarratu du Ondarroako Udalak. «Azken egun zail hauetan, euren bihotz onez lanean aritu diren herritar eta elkarteei bere esker ona adierazi die udalak, eta bereziki transfobiaren kontra eta gorputz eta identitate aniztasunaren alde lanean ari direnen jarrera txalotu».

Zentzu horretan, Ekairen heriotza «alperrik izan ez dadin» Ondarroako Udalak «aurrerantzean ere bere esku dagoen guztia» egingo duela nabarmen du. «Maite zaitugu», errepikatu du Udalak.

«Ezberdintasunen naturaltasuna» aldarrikatu nahi du Zinegoak jaialdiak

Sexu, identitate eta genero aniztasuna lantzen duten jaialdietan erreferente bilakatzen ari da Zinegoak eta, aurten, «ezberdintasunen naturaltasuna» aldarrikatuz abiatuko du 2018ko edizioa. Otsailaren 19tik martxoaren 4ra bitartean burutuko da jaialdia eta Emilie Jouvet zinemagile frantsesak jasoko du Ohorezko Saria.

ATARIKOAK

Zinegoak abiatu aurretik, otsailaren 14an hasita «3, 2, 1… Zinegoak!» ekitaldi sorta ere antolatu dute. Besteak beste, Guggenheim museoan edota Bilborocken izango dira ekintzak.

 

Zinegoak-eko lantaldeak atzo aurkeztu zituen prentsaurrekoan XV. edizioak ekarriko dituen nobedade eta proposamenak. Sexu, identitate eta genero aniztasuna lantzen dituen zinema jaialdi bilbotarra bere alorrean erreferente bilakatzen ari da eta aurtengo edizioa otsailaren 19an hasi eta martxoaren 4an amaituko da.

Prentsaren aurrean azaldu zutenez, programazioaren alderik indartsuena lehenengo astekoa izango da, egun horietan emango baitira lehiaketan parte hartuko duten filmen lehen paseak eta bigarren astean, aldiz, film emanaldien errepikapenak eta jarduera osagarriek hartuko dute nagusitasuna. Guztira, 135 emanaldi eta jarduera inguru izango dira.

Zinegoak-eko zuzendari Pau Guillenek azaldu zuenaren arabera, edizio honetan «ezberdintasunen naturaltasuna» aldarrikatzea izango dute xede: «Gure ideia nagusia da ezberdintasunek norbanako egiten gaituztela, eta maitatzeko moduak, gure identitatea adierazteko moduak eta gure sexualitateaz gozatzeko moduak ezin dutela mugatuta egon arau sozial edo estetikoengatik».

Aldarrikapen hori jaialdiaren hastapenetik presente egon dela ere baieztatu zuen Guillenek eta kartelaren ilustrazioa edota emango diren lanak hautatzeko orduan irizpide hori ere kontuan hartu dutela zehaztu zuen. Baita Ohorezko Saria Emilie Jouvet-i ematea erabakitzeko unean ere. Izan ere, zinemagile frantsesak intimitatea eta gorputza borrokarako eta militantziarako tresna bihurtu ditu, zinemaren eta argazkigintzaren bidez. «Artista konprometitua eta ausarta da, gai unibertsalekiko joera du, eta borroka itzela egin du Iraultza Frantsesaren ondorioz sortutako 1789ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala bertan behera uzteko eta horren ordez Queer Iraultzaren ondorioz sortutako ‘Ezberdintasun Aberasgarriak ditugun Herritar guztien Aldarrikapen Unibertsala’ ezartzeko», nabarmendu zuten Zinegoaketik saria Jouveti emango ziotela iragarri zutenean.

Estreinaldiak

Programazioaren alorrean estatu espainolaren mailako hogeita bi estreinaldi izango direla nabarmendu zuten eta, horrez gain, Europa mailako hiru eta mundu mailako bi ere izango direla goraipatu zuten: “Nove de Novembro”, Lazaro Louzaoren lehen lana, galegoz filmatu den lehen LGTB pelikula; eta “Enfemme”, Alba Barbe i Serra zuzendariaren lana, crossdressing munduaz jarduten dena.

Film horien berri ematera etorriko dira Bilbora hogei gonbidatutik gora, eta, «horrela, publikoak aukera izango du sortzaileekin zuzen-zuzenean hartu-emana izateko».

Horrez gainera, jaialdiaren ohiko atalak ere izango dira: film laburren arloa garatuko du Begiradak atalak, Narratiba Berriak izen berriarekin abiatuko da Off atala eta Argitutako Klasiko Ezkutuen zikloa ere izango da. Bilgunen, bere aldetik, bi gai nagusi landuko dira: memoria historikoa –Federico Garcia Lorcaren erailketaren inguruan ariko dira– eta pinkwashing izeneko kontzeptuaren inguruko eztabaida. Amaitzeko Zinegoak-etik eskerrak eman zizkieten Zinegoak Hedapenean parte hartu duten udalerri guztiei. «Gero eta interes handiagoa dago zinema eta kultura hirigune handietatik kanpo eramateko. Aurten Euskal Herriko 40 udalerritara helduko da Zinegoak, 50 proiekziorekin», nabarmendu zuen Oneka Alvarez Zinegoak Hedapeneko koordinatzaileak.

Zinegoak abiatu aurretik, otsailaren 14tik aurrera “3, 2, 1… Zinegoak!” ekitaldi sorta izango da zenbait erakunderekin elkarlanean: Guggenheim museoa, Pikara Magazine, Sare Lesbianista, BBK Aretoa eta abar. Azken horretan, Emilie Jouveten “Aria” lana proiektatuko da.

Kattalin Minerrek irabazi du Tene Mujika saria, transexualitateari buruzko lan batez

Euskal Herriko historia hurbilaren inguruko ez-fikziozko lanak saritzen ditu bekak. Minerrek, Amaia-Aimar Elosegi gazte transexualaren inguruko bizipenak jaso, eta gogoetarako hainbat gako proposatuko ditu.

Kattalin Miner, artxiboko irudi batean. / JUAN CARLOS RUIZ/ARGAZKI PRESS

Elosegik bere buruaz beste egin zuen 2007an, eta Minerrek, hamar urte geroago, horren inguruko hainbat hausnarketa plazaratuko ditu Tene Mujika sarietarako aurkeztutako proiektuan —Elkar argitaletxeak eta Debako Udalak antolatzen dute beka hori—. Batetik, asmoa da Elosegi zenaren nondik norakoak liburuan jasotzea. Bestetik, ordea, kazetariak gogoeta egingo du transfeminismoari buruzko ikuspegia aldatu ote den Euskal Herrian . Memoriaren, suizidioaren eta transexualitatearen inguruko proiektua jorratuko du Minerrek. Horretarako, urtebeteko epea izango du, eta bidelagun edukiko ditu orduko hainbat lekuko. Idurre Eskisabel, Imanol Murua eta Aitor Zuberogoitia izan dira proiektua aukeratu duten epaimahaikideak.

Herrikideak eta lagunak ziren Elosegi eta Miner. Gertakariaren oroimena berreskuratzea eta kidearen suizidioak Euskal Herrian edukitako eragina jasotzea ere izango da kazetariaren egitekoa. 2013an ere egin zioten omenaldi xumea Elosegiri. Genero ariketak. Feminismoaren subjektuak liburuaren aurkezpena egin zuten Hernanin (Gipuzkoa), eta bertan jaso zituzten Elosegiren zenbait gogoeta. Liburuaren hasieran ere oroimenezko hitzak eskaini zizkioten hernaniarrari.

Mugimendu feministako kidea da Miner, eta kazetari eta ikerlari gisa aritu da lanean. Iaz kaleratu zuen lehen eleberria: Nola heldu naiz ni honaino. Besteak beste, Martin Ugalde beka jaso zuen udazkenean Danele Sarriugarte eta Maddi Altunarekin aurkeztutako lan bati esker; Euskaldunon Egunkaria-k eta BERRIAk genero ikuspegitik egindako ekarpena aztertuko dute lan horretan.

Sexual Minorities Uganda GKEak jaso du Rene Cassin saria

Afrikako hainbat herrialdetan LGTBI komunitatearen egoera salatzeko erakundeak egindako lana goraipatu du Eusko Jaurlaritzak

Sexual Minorities eta Jaurlaritzako kideak, atzo, saria emateko ekitaldian.J. RUIZ / ARP

Sexual Minorities Uganda gobernuz kanpoko erakundeak jaso du aurtengo Giza Eskubideen Rene Cassin saria. Afrikako eta, bereziki, Ugandako lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualek duten egoera salatu eta haien eskubideen alde egindako lana aitortu eta goratu nahi izan du hala Eusko Jaurlaritzak. Giza Eskubideen Nazioarteko egunaren biharamunean izan zen saria emateko ekitaldia, atzo, Gasteizen.

«Sari honek Afrikan zein Ugandan LGTBI komunitatea ikusarazteko balioko digu; bakarrik ez gaudela esateko», adierazi zuen Frank Mugisha Sexual Minorities Ugandako ordezkariak, Diane Sydney kidearekin batera saria jasotzean. «Berdintasuna lortu arte» lanean jarraituko dutela gaineratu zuen, baina , eta ohartarazi zuen «askatasuna arriskuan» dagoela han.

Izan ere, «bereziki larria» da LGTBI komunitateak Afrikako hainbat herritan duen egoera, Mikel Manzisidor Rene Cassin sariaren epaimahaiko bozeramaileak adierazi zuenez. Ugandaren kasua da, baina, guztietan nabarmenena: aniztasun sexuala delitua da, eta bizi guztiko kartzela zigorra dakar.

Egoera horretan lan egiten du Sexual Minorities erakundeak 2004az geroztik. Oinarrizko eskubideak aldarrikatzeaz gain, defentsa juridikoa, hezkuntza edota babes soziala ere ematen die LGTBI pertsonei. «Erreferente» bilakatu da egun, Manzisidorren arabera. Ortzadar euskal elkarteak proposatu zuen Sexual Minorities Rene Cassin sarirako.

Iñigo Urkullu lehendakariak, berriz, «enpatiaren aukeraren aldeko apustu argia» izan dela adierazi zuen. «Sari honekin Afrikan eta Afrikatik duintasunaren alde borrokan diharduten pertsona eta erakunde guztiak aintzatesten ari gara: gaur haiekin guztiekin senidetzen da eta erakusten du bere enpatia Euskadik». Zaragozako Guardia Zibilaren aurkako atentatua eta Jose Luis Caso Errenteriako PPko zinegotzia ere gogoratu dituzte, ekitaldia hasi aurretik bi minutuko isilune bat eginez.

‘Hazte Oír’ autobus transfoboari kontra egin diote herritarrek Bilbon

LGTB kolektiboaren kontrako elkarteak Bilboko kalean zeharkatu ditu mezu transfoboak daramatzan autobusarekin. Herritar ugari bildu da kontra egiteko eta Ertzaintzaren babesa behar izan dute.

Ultrakatolikoek kanpaina bati ekin diote, Podemos taldeak gay, lesbiana eta transexualen diskriminazioaren kontra Espainiako Kongresuan aurkeztu duen lege proposamena dela-eta.

Eguerdian ziren iristekoak Bilbora eta Moyua Plazan elkarretaratzea deitu du herritar talde batek. Autobusa Ertzaintzaren babesarekin sartu da plazara; dozenaka lagun parean zituen txistu eginez eta “faxistak kanpora” oihukatuz.

Autobuseko kideak identifikatu dituzte ertzainek eta Bilbotik irteteko eskatu diete. Tentsio uneak ere izan dira, Ertzainek autobusaren aurka protestan zebilen gazte bat atzeman dutenean.

Ehunka lagun Bilbon, autobus transfoboaren kontra

Protesta artean iritsi da Hazte Oir elkartearen autobusa Bizkaiko hiriburura. Geratzeko baimenik gabe, heldu eta berehala joan da

Udalean baimenik eskatu gabe eta Ertzaintzaren babespean iritsi zen Hazte Oir erakunde ultrakatolikoaren autobus transfoboa, atzo, Bilboko Euskadi plazara. Geldialdi laburra egin bazuen ere, argi eta ozen salatu zuten plazan bildutako ehunka herritarrek autobus laranjaren presentzia: «Ez zarete ongi etorriak». Asteartean kanpaina berria abiatu zuen elkarteak, Espainiako Kongresuan LGTBI kolektiboaren eskubideen alde prestatzen ari diren lege proiektuaren aurka, eta, iragarri duenez, mezua zabaltzeko itzulia egingo dute datozen hilabeteetan. Ez dute hasiera ona izan, ordea; autobusetik kanpo hamar minutu besterik ez zituzten egin Bizkaiko hiriburuan.

Beste behin, LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko plaza bihurtu zen Hazte Oir taldekoek euren diskurtsoaren propagandarako nahi zuten ekitaldia. Asteazken iluntzean zabaldu zuen elkarte transfoboak ostegunean Bilbon izango zirela autobus laranjarekin, eta berehalakoa izan zen herritarren eta eragile sozialen erantzuna, ehunka lagun elkartu baitziren Moiua plazan protesta egiteko.

Herritarren mobilizazioaz ohartuta, geldialdia Arte Ederren Museoan egiteko neurriak hartu zituen Ertzaintzak, museoaren aurrealdea sokaz inguratuz. Baina tokia aldatu zela ohartuta, bertara jo zuten Moiuan bildutakoek ere, elkarte ultrakatolikoari harrera egiteko. 12:30ean iritsi zen autobus laranja, eta ozena izan zen gerturatutakoen oihua: «Kanpora». Askoren artean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta sinatua duten eragile eta sindikatuak, E28 plataforma eta Gehitu Euskal Herriko gay, lesbiana, bisexual eta transexualen elkarteko kideak izan ziren han.

«Bazekiten ez zirela ongi etorriak izango», azaldu zuen Izaro Antxia Gehitu elkarteko kideak. «Nolakoak garen eta nola jokatu behar dugun agindu nahi digute, eta hori onartezina da. Gizarte tolerante batean ezin da halakorik gertatu: autoritateek onartzen badute halakoen aurka egiteko legerik ez dagoela, guk jarraituko dugu aurrez aurre jartzen». Izan ere, fiskaltzak martxoan autobusa geldiarazteko agindua eman bazuen ere, errepidera itzultzeko eskubidea itzuli zion epaileak uztailean. Epaitegiaren arabera, autobusaren mezuak «desatseginak diren arren, ez dira legez kanpokoak», eta zalantzan jarri du «gorroto delitua» egiten duenik.

Goiburu berriarekin atera du elkarte ultrakatolikoak autobus laranja bidera: Podemos eta bere LGTBI mozal legea: zuen seme-alaben bila doaz. Espainiako Kongresuan LGTBI kolektiboaren eskubideen inguruan lantzen ari diren lege proiektuak «askatasunak» murriztuko dituela adierazi du Miguel Vidal elkarteko bozeramaileak: «Legearen helburua haurrak doktrinatzea da. Izan ere, guraso agintea kenduko du arauak: 16 urte bete ondoren sexua aldatzeko baimena emango die gaztetxoei, aurrez gurasoei baimenik eskatzeko beharrizanik izan gabe».

Tentsio momentuak

Autobusak alde egin ondoren, bertan bildutakoek elkarte transfoboa babestu izana leporatu zioten Ertzaintzari, eta tentsio momentuak izan ziren poliziak gazte bat indarrez geldiarazi eta lurrera bota zuenean. Aske utzi zuten gutxira.