Pier Paolo Pasolini : Ezerosoa ezabatu, eroso jarraitzeko

Pier Paolo Pasolini zinemagile eta idazlea Italiako Ostia hirian hil zuten gaurko egun batez, duela 41 urte. ‘La macchinazione’ filma eta liburua zer esana ematen ari dira. Auzia berriz zabaltzeko bidean da Italiako Ganberan.

pier-paolo-pasolini

Pier Paolo Pasoliniren hilketa estatu krimen bat izan zen». Horrekin konbentzituta dago David Grieco idazle eta zinemagilea (Erroma, 1951). 10 urte zituenean ezagutu zuen Pasolini: «Harentzat lagun bat nintzen, seme bat, lankide bat». La macchinazione filma zuzendu du aurten Griecok, eta izen bereko liburua idatzi. Gaur duela 41 urte hil zuten haren laguna, Erromatik 35 kilometrora, Ostian (Italia). Bertsio ofizialak esan zuen Giuseppe Pino Pelosi maitaleak hil zuela, eztabaida baten ostean, gauez. Bertsio ofiziala hasieratik jarri zen zalantzan. Bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten Pelosiri, baina 2005ean aitortu zuen hark ez zuela Pasolini hil. Auzia iaz artxibatu bazuten ere, Italian Pasoliniren hilketa ez da ahanzturan gelditu. Otsailean, 10.795 herritarrek sinatutako eskaera iritsi zen Italiako Diputatuen Ganberara, Pasoliniren hilketa ikertzeko. Stefano Maccioni abokatuak urteetan dihardu auzia ikertzen. Eta Griecoren arabera, urtarrilean edo otsailean has daiteke lanean hilketaren ikerketa zabaltzeaz arduratuko den ganberako batzordea.

Batzorde hori lanean hasi aurretik argitaratu dute La macchinazione filma DVD formatuan —Italian, urriaren 18an—. Massimo Ranieri aktorea saritu dute —Pasoliniren rolagatik— Annecyko jaialdian (Frantzia) eta Montrealen (Quebec), eta pelikula Ganteko (Flandria) jaialdiko Sail Ofizialerako hautatu dute. «Espero dezagun laster Euskal Herrira iristea, baina film independenteekin pazientzia pixka bat behar da; ingelesezkoak ez badira, are handiagoa», esan du Marina Marzotto zintaren ekoizleak.

Arrazoi askorengatik erabaki zuen Griecok filma egitea. «41 urteren ostean, ezin nuen jasan entzutea Pasolini homosexuala zelako eta bizitza arriskutsua zeramalako hil zela». 2014an, Abel Ferrarak Pasolini filma zuzendu zuen; aurretik, gidoia idazteko eskatu zioten Griecori. «Ferrararentzat Pasolini sexu fantasia bat baino ez zela konturatu nintzen. Zineman geldituko zen epitafioa onartezina iruditzen zitzaidan, eta horrek eraman ninduen La macchinazione egitera», dio Pasolini zenaren lagunak.

Pasoliniren bizitzako azkeneko hiru hilabeteak kontatzen ditu pelikulak. Idazten ageri da, Petrolio liburua. «Liburuan Eugenio Cefisen [ENI Italiako Petrolio Enpresa Nazionaleko presidentea] inguruan ari zen, eta Cefis jotzen zuen Enrico Mattei politikariaren hilketaren erruduntzat». P2 logia masonikoaren buruetako bat zen Cefis. «Haiek dira Pasoliniren heriotzaren erantzuleak», dio Griecok.

Petrolio liburua amaitu gabe argitaratu zuten, Pasolini hil eta gero. Pasarteak falta zituen. Pasarte garrantzitsuena lapurtu egin zutela diote han eta hemen. Martin Lopez-Vega Pasoliniren olerkien —gaztelaniarako— itzultzaile eta Iowako Unibertsitateko (AEB) irakasleak azaldu duenez, duela sei urte liburuaren pasarte galdu bat azaldu zen: «Baina bai bitxia, atala aurkitu zuena Silvio Berlusconiren alderdiko senatari bat izan zen. Senatari hori zigortu egin dute, mafiarekin dituen harremanengatik. Esperanza Aguirrek Gürtel auzia berak deskubritu zuela esatea bezala da». Botere ekonomiko eta politikoko pertsona esanguratsuekin batera, 1981ean aurkitutako P2 logia masonikoaren zerrenda batean ageri da Berlusconi. Tartean ziren bankariak, militarrak, kazetariak eta Argentinako ministroak. 1982ko Banku Ambrosianoaren eskandaluak azaleratu zituen P2ren tramak; logiak estatuaren maila nagusietan sartzen zituen kideak, eta mafiako Roberto Calvik logiako buru Licio Gellirekin zituen harremanak.

Griecoren ustez, Italia ustelkeriaz beteta zegoela deskubritu zuen Pasolinik: «Deskubritu zuen faxismoa ez zegoela hilda. Deskubritu zuen P2 logia estatu kolpe bat ematen ari zela tankeak erabili beharrik gabe. Eta deskubritu zuen, halaber, CIAk terrorismoa antolatu zuela Italiak. Horregatik desagerrarazi zuten».

Valeria Camporesi zinemaren historian irakaslea da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Haren ustez, artista eta intelektual «ezerosoa» izan zen Pasolini. «Haren asmoa zen ikertzea eta erretratatzea gazte baztertuen egoera, eta sare kriminalek gazte horiek bazterkerian nola lotuak zituzten ere azaleratu nahi zuen. Horregatik, sare horiek mugitu egin ziren zinemagilea hiltzeko». Beste ikuspegi bat ere eman du hilketaz: «Pasolini homosexuala zen, eta Italiako gizartearen aurreiritzi intolerantea erabili zuten ezkutatzeko hark modernitateaz zuen proiektu politiko eta sozial erradikala». Lopez-Vegak ere nabarmendu du Pasolini «ezerosoa» zela ia mundu guztiarentzat: «Haren obrek galdera ezeroso asko egiten zituen, gizartea eta gizaki bakoitza jarrera hartzera eramaten zituen gai funtsezkoetan. Pasoliniren heriotzarekin, jende askok zama kendu zuen gainetik». Iowako Unibertsitateko irakaslearen ustez, garrantzitsuagoa da galdetzea zergatik hil zuten, zeintzuk hil zuten baino. «Hilotza hor dago, bizitzan planteatu zituen galdera berberekin, baina hain dira ezerosoak, inork ez baitie irtenbiderik eman nahi».

Griecoren arabera, hilketaren egile material eta intelektualetako batzuk bizirik daude gaur egun. «DNA probek diote hiltzailea ez zela bakarra izan, asko baizik». Etsitzeko asmorik ez du Pasolini zenaren lagunak: «Inoiz ez da berandu historiaren hain orrialde ilun batean argia jartzeko. Bereziki, gazteentzat da garrantzitsua; zer gertatu zen jakiteko eskubidea dute».

Pasoliniren heriotzaren inguruko konspirazioez asko hitz egiteak «nekatu» egiten du Camporesi, eta nahiago luke haren filmak, liburuak eta baztertuei buruz esaten zituenak aztertuko balira. «Berriro haren heriotzaz hitz egiteak estali egin dezake esan eta egin zuen guztia. Galaraz dezake hausnartzea gizartea nola eraikita dagoen», gaineratu du zinemaren historiako irakasleak.

Bizitza osoan haize kontra

Bizitza, obra eta heriotza, hirurak bat. Pasolini (Bolonia, Italia, 1922) ikasle garaitan hasi zen idazten, amaren hizkuntzan: friuleraz —Friuli-Venezia Giulia eskualdean hitz egiten duten erretorromanieraren dialektoa—. II. Mundu Gerran partisano ibili zen. Italiako Alderdi Komunistan sartu zen, 1948an. Ikastetxe batean irakasle lanetan ari zen orduan. 1949an, salaketa anonimo baten eraginez —gaztetxoekin limurkeriatan zebilela zioena—, ikastetxetik bota zuten. Alderdi Komunistak ez zuen babestu. Eta alderditik ere bota egin zuten. Erromara joan zen orduan bizitzera. Han idatzi zuen bere ordu arteko bizilekuaren —Friuli eskualdea— testigantza Il sogno de una cosa liburuan. Euskarara itzuli zuen Josu Zabaletak, Gauza baten ametsa izenburuarekin (Alberdania, 1998).

Liburuan, Zabaletak modu honetan definitu zuen Pasolini: «XX. mendeko intelektual librearen eredu handietako bat da; bera izan zen ideologien krisia lehenengo sumatu zuenetakoa, eta berak salatu zuen, orobat, heresia orok integrismo edo ortodoxia bihurtzeko joera duela bukaerarako». Itzultzaileak egun dio Pasolinik landu zituen gai asko «puri-purian» daudela gaur egun ere. «Aitzindaria izan zen gauza askotan. Haren ekarpenik handiena, berriz, pentsamendu kritikoa izatea zen».

Il sogno de una cosa-ren ostean, Erromako proletario mailarik apalenean bizi zirenak erretratatu zituen hurrengo bi eleberrietan. Saiakerak, olerki liburuak, filmak, antzezlanak, artikuluak. Haize kontra, bizitzan eta sormenean. «Forma-berritzea nabarmendu behar da», dio Zabaletak.

Lopez-Vegak XX. mendeko olerkari handienen artean dagoela uste du: «Gizarte garaikideaz bertsoan pentsatzen duen intelektuala da, eta gaitasun lirikoarekin egiten du hori. Hau da, jorratzen denari buruzko esanahi ilunak azaleratzen dituen irudiak sortzen ditu».

Pasoliniren zinema, bestalde, «oso pertsonala» dela uste du Camporesik: «Zinema konprometitua da. Baina ez hori bakarrik, garaiko zinema modernoaren erakusgarri da. Bat-batean, ikusi zen zinemak ez zituela istorioak kontatu behar bakarrik, eta kultur adierazpenaren erabilera libreago bat egin zitekeela. Zinema poesia eta hausnarketarako tresna gisa erabili zuen». 1961ean egin zuen debuta zinemagile gisa, Accattone filmarekin. Kritikak ezustean hartu zuen lan neorrealista hori. 1964an ere harrera beroa izan zuen Il Vangelo secondo Matteo pelikulak. 1970eko hamarkadan bizitzaren trilogia izenekoa pantailaratu zuen: Il Decameron, I racconti di Canterbury eta Il fiore delle Mille e una notte. Hil zutenean, Salò o le 120 giornate di Sodoma ari zen amaitzen. Sadeko markesaren lana askatasunez eta gordinki egokitzen ari zen. Heriotzaren trilogia behar zuenaren lehen lana izan zen hura. Parisko jaialdian estreinatu zuten, zuzendaria hil eta hogei egunetara.

Pasolini beste zinemagile batzuentzat ere izan da inspirazio. Camporesiren iritziz, haren eragina 1990eko hamarkadan hasi zen. Nanni Morettiren Caro diario filmeko (1993) eszena bat oroitu du: «Pertsonaia protagonista Vespa batean doa Ostiara, Pasoliniren omenez eraikitako oroitarri abandonatura. Pasoliniren ahalegin politikoaren eta etikoaren garrantzia suma daiteke film horretan. Adierazgarria iruditzen zait eszena hori».

Lopez-Vegak uste du miretsi bai baina Pasolini ez dela «santifikatu» behar. «Bere kontraesanekin hartu behar da aintzat. Kontuan hartzekoa da Pasolinik garaiko mugimendu feministak mespretxatu zituela. Carla Lonzi [idazle eta arte kritikari feminista] bere egunerokoetan kexu zen zinemagilearen alde matxistarekin». Iowako Unibertsitateko irakasleak uste du ez zirela gutxi Pasoliniren «ahuleziak»: «Galdera guztiak egiten zituen, nahiz eta aurretik batzuetan bazekien erantzuna ez zitzaiola gustatuko». Antzera mintzo da Zabaleta ere: «Pasoliniren galderak beti ari dira galdezka, betiko eta betirako galderak dira, eta, horregatik, haren obrek ez dute indarrik galduko». Itzultzaile euskalduna Erroman bizi zen Pasolini artikulu polemikoak idazten zebilenean. «Pasoliniren iritzian, intelektualak bere esku zituen baliabide guztiak erabili behar zituen, salatu behar zirenak salatzeko ez ezik, bultzatu behar zirenak bultzatzeko».

La macchinazione filmeko egileak dionaren bidetik, Zabaletaren iritziz, boteretsuei «traba» egiten zielako hil zuten. Ikusteko dago 2017an hilketa trabarik gabe ikertuko duten ala auzia filmetako salaketetan geldituko den.

Sexu pilulatua, porroterantz

Ia hogei urte egin dituzte farmazia konpainiek ’emakumeentzako viagraren’ bila. Kezka artean, azaroan merkaturatu zuten Addyi izeneko pilula, depresioaren aurkako botika bat, baina ez du arrakastarik izan. Andreen sexu osasunaren medikalizazioaz eztabaida berpiztu du auziak.

pilula arrosak

Botika hori ez da segurua, ezta eraginkorra ere». Irmo mintzo da Leonore Tiefer sexologoa, AEB Amerikako Estatu Batuetako New View Campaign egitasmoko burua; sexualitatearen medikalizazioa auzitan jartzea eta bestelako ikuspegi bat zabaltzea du helburu elkarteak, eta, beraz, AEB Amerikako Estatu Batuetan emakumeentzako viagraezizenez ezagututako botikaren aurka ahotsa ozenen altxatu duen erakundeetako bat izan da. Europara ere iritsi da oihartzuna. Eta kezka. «Ez da botika beharrezkoa, andreen arazo sexualak ez direlako pilula baten bidez konpontzeko moduko osasun arazoak», esan du Margarita Lopez Carrillok, Kataluniako Xarxa de Dones per la Salut elkarteko presidenteak. Bat egin du Tieferen diagnostikoarekin: «Abantaila gutxi ditu, eta eragozpen asko; funtsean, depresioaren aurkako botika bat da, egunero hartzekoa, horrek dakarrenarekin».

Addyi izen komertzialaz heldu zen azaroan AEBetako farmazietara, ia hogei urteko bidea egin ostean. Izan ere, farmazia enpresak 1998an hasi ziren emakumeen sexu desioa estimulatuko zuen botika baten bila; hain justu, Pfizer konpainiak Viagra merkaturatu zuenean. Gizonentzako pilularen arrakasta ikusita, andrazkoentzako baliokide baten bila hasi ziren. Konpondu beharreko gaitzari izena ere jarri zioten: emakumeen disfuntzio sexuala. «Baina andreen sexu arazoetarako konponbide farmazeutikoa bilatzen zuten bitartean, disfuntzioaren definizioa zein proposatutako botiken arrakasta irizpideak etengabe aldatu dituzte ikertzaileek, emakumeen gorputzak ez zirelako viagra eredura egokitzen», azaldu du Marta Gonzalez Garcia Oviedoko Unibertsitateko (Espainia) irakasle eta La medicalización del sexo (Sexuaren medikalizazioa) liburuaren egileak.

Izan ere, sexologia medikoak eratutako uste baten gainean abiatu zituzten ikerketak: emakumeen eta gizonen funtzionamendu sexuala berdina zela. Hartara, Viagraren printzipio aktiboa —sildenafil— gizonen erekzioan eragiten zuen hodi-zabaltzailea izaki, andreengan sintoma eta tratamendu antzekoak bilatu zituzten. Eragozpen batekin egin zuten topo: emakumeen eszitazioa neurtzeko zailtasunak. «Erantzun sexuala kuantifikatzea ez zitzaien erraza suertatu: alde esanguratsua zegoen ikertzaileen tresnen bidez neurtutako eszitazioaren eta andreen bizipen subjektiboen artean».

Orduan ohartu ziren ikertzaileak emakumeen sexualitatea ezin zutela soilik ikuspegi fisiologikotik ulertu, eta sexu desioa bera desberdin bizi zutela gizonek eta andreek. Hormona bidezko terapietara egin zuten jauzia: Intrinsa izeneko testosterona partxeak probatzen hasi ziren 2000. urtean. Beste behin, emakumeen desio falta kausa organiko bati egotzi zioten, androgeno faltari, hormona maila normalak zein ziren ebazteko adostasunik ez zegoen arren. Gainera, sintoma kliniko gisara ezarri zituzten beste hainbat gaitzekin nahas zitezkeen arazoak —baita bikotearen barruko edo eguneroko bizitzako gorabeherekin ere—: gogo egoera disforikoa, nekea, libidoa murriztea, hezur masa galtzea…

Entsegu klinikoetan ez zituzten esperotako emaitzak lortu: sei hilabeteko tratamenduaren ondoren, hilean bost sexu harreman asebetegarri lortu zituzten partxeekin, eta lau plazeboarekin —botikaren eraginkortasuna neurtzeko irizpide hori erabiltzeak ere ez ditu kritika gutxi jaso—. Eraginkortasun eskasa eta tratamendu hormonalen arriskua argudio hartuta, Intrinsa atzera bota zuen FDAk, AEBetan botikak baimentzen dituen agentziak. Aldiz, Sendagaien Europako Agentziaren oniritzia jaso zuen 2006an. Porrot egin zuen, ordea: oso gutxi erabili zela eta, merkatutik kendu zuten 2012an.

Eraginkortasun apala

Aurreko hipotesien emaitza antzua antzemanda, teoria berri bati ekin zioten ikertzaileek 2007an: emakumeen sexualitatea «burmuinean» zegoela, eta desio arazoen iturria neurotransmisoreetan zela. Aldi hartan agertu zen flibanserina: depresioaren aurkako botika gisa probatzen ari ziren, eta sexu disfuntzioan eragin txiki bat antzeman zioten. Entsegu klinikoek berretsi egin zuten eraginaren tamaina: hilean sexu harreman asebetegarri bakarraren berri ematen zuten andreek.

Baina eraginkortasuna ez, segurtasuna izan zen FDAren kezka nagusia, 2010ean eta 2013an flibanserina ez baimentzea erabaki zuenean. Izan ere, entseguetan parte hartzen ari ziren andreen %15ek tratamendua utzi zuten, bigarren mailako efektuengatik.

Halere, agentziak iritzia aldatu zuen iazko abuztuan, eta aurretik birritan baztertutako botikari baimena eman zion. Baina zergatik orduan, eta ez aurretik? Galdera beste modu batera egin du Leonore Tieferrek: «Nola heldu da hain urrun burmuinean diharduen botika bat, pentsatuta dagoena andreek egunero hartzeko, nahasmendu aldagarri eta zehaztugabe bat tratatzeko?». Publizitatean aurkitu du erantzuna: «Presio politikorako kanpaina baten ondorio izan zen».

Presio sozialak lagunduta

Sprout konpainiak —botikaren jabeak— 2014an abiatutako Even The Score (Berdin dezagun markagailua) kanpainaz ari da Tiefer. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren «mozorroa» erabili zuela azaldu du Marta Gonzalez Garciak: «Iritzi publikoaren aurrean salatu zuen sexu disfuntzio maskulinoa tratatzeko 26 botika zeudela merkatuan, eta femeninorako bat ere ez; hartara, emakumeen desio arazoei behingoz konponbide farmakologiko bat emateko eskatu zion FDAri».

Kanpainak sare sozialetan lortutako babes zabala giltzarri izan zela uste dute eragileek. «Emakume elkarteen zein kongresisten atxikimendua lortu zuen, FDAri buruzko informazio okerra zabalduz; estrategia onartezina izan zen, baina ondo atera zitzaien», gogoratu du Tieferek. «Aktibismo tranpatiaren arriskuez» ohartarazi du Gonzalezek: «Itxura feministako kanpaina sexista batekin presio soziala eginez lortu zuten eraginkortasun eta segurtasun eskaseko botika bat onartzea».

Addyiren onarpen prozesuak irakaspen gazi-gozoa utzi duela uste du Oviedoko Unibertsitateko irakasleak. Batetik, andreen sexualitateari buruzko «ezagutza baliotsua» lortu dela uste du, baina, bestetik, ondorio kezkagarriak antzeman ditu: «Farmazia industriak bizitzako esparru guztietan bere logika inposatzeko daukan gaitasuna erakusten du. Gure bizimoduetan eragin negatiboa du pilula magikoak eta adabaki teknologikoak erabiltzeak bestelako irtenbideak dauzkaten auzietarako: arazoak aztertzeko eta kudeatzeko gaitasuna murrizten digu, eta gizartea anestesiatzen du».

Bat dator Margarita Lopez Carrillo. Gogora ekarri du FDAk berak kezka agertu duela flibanserinaren albo ondorioen inguruan: «Hainbesteko kezka badute, jakin nahi nuke zergatik onartu duten. Egun industriak duen botere latzaren erakusgarri da, eta agentzia erregulatzaileek presioen aurrean duten ahuldadearena».

Kataluniako adituaren ustez, emakumeen osasunaren medikalizazioaren paradigma da Addyi: «Osasuna negozio bihurtu da; 1990eko hamarkadatik ikerketa biomediko eta farmakologikoaren xede nagusia izan da botikak sortzea existitzen ez diren edo bestelako tratamendua duten osasun arazoetarako. Hori da medikalizazioa: beharrezkoa ez den esku hartze medikoa, eta prozesu naturalak eritasun bihurtzea». Alde horretatin, andreak «mauka» direla erantsi du, ugalketa osasun konplexua dutelako. «Etapa guztiak medikalizatu dizkigute: hilekoa, haurdunaldia, erditzea, menopausia… Eta orain sexualitatearen txanda da».

Addyiren puxika, baina, airea galtzen hasi zen merkatura heldu eta berehala. Botika saltzeko baldintza gogorrak jarri zituen FDAk —medikuek zein farmaziek baimen berezi bat behar dute—. Emaitzak agerikoak izan ziren: AEBetan salgai izandako lehen bi asteetan 227 aldiz baino ez zuten errezetatu. «Uste dut osagileak zein hartzaileak zuhur ibili direla, Addyirekin batera alkohola edateko debekuagatik batik batik», azaldu du Tieferek. Berriki, gainera, pilulari eraginkortasun gehiago kentzen dion ikerketa bat azaldu da: sexu harreman asebetegarri bat egozten dio bi hilean behin.

«Porrota» dute ahotan adituek. Zalantzan dute zenbat denbora iraungo duen merkatuan. Europara iritsiko den ere dudan dago. Oraingoz, Valeant konpainiak —Sprouti erosi zion botika, 1.000 milioi dolarren truke— ez dio baimenik eskatu Sendagaien Europako Agentziari. «Ez dut uste halakorik gertatuko denik, AEBetan izandako arrakasta eskasa eta jasotako kritikak ikusita», adierazi du Gonzalezek.

Gaitza «asmakizun»

Baina andreen disfuntzio sexuala existitzen al da? «Inola ere ez. Asmakizun bat da», erantzun du Lopez Carrillok. «Laborategiek sortu zuten kontzeptua, Viagra nola egokitu pentsatzen hasi zirenean: euren ikerketa justifikatuko zuen sindrome bat behar zuten». Ez dator guztiz bat Gonzalez: «Sufrimendua erreala bada, existitzen da. Baina etiketa horren pean zein nahasmendu sar daitekeen eztabaidatu behar da». Izan ere, kontzeptua definitzean farmazia konpainiek erabiltzen duten logika kritikatzen dute biek. Lopez Carrillo: «Haientzat, sexualitatea gorputzaren prozesu bat da, digestioa edo odol zirkulazioa bezala; hortaz, arazorik badago, zerbaitek ez du funtzionatzenorganismoan».

Konpainia horiek mezu «sinplifikatuak» igortzen dituztela gaineratu du Tieferek: «Mitoak sustatzen dituzte; esaterako, sexu desioa eta plazera unibertsalak direla, eta norbaitek halakorik ez badu medikuarengana joan behar ­duela; edo sexualitatea berezkoa dela». Alde horretatik, normaltasuna birdefinitzearen alde agertu da Lopez Carrillo: «Desio handia, txikia edo erdibidekoa izatea normala da. Bizitzan zehar andreek —gizonek bezalaxe— askotariko garaiak izaten dituzte, biologiarekin, bizipenekin, lanarekin eta abarrekin lotuta; ez dituzte beti desio berdinak. Eta dena da normala. Halere, egia da sarri gure sexu desioa murrizten dela gure bizimoduek edo harremanek ez digutelako pizten».

Berdin gertatzen zaie gizonei; baina pilula urdinak euren sexualitatea bizitzeko modua eraldatu du. «Gure kulturak gizonei esaten die sexu harremanetarako gai izan behar dutela, eta hor aliatu bat izan da Viagra eurentzat», azaldu du Lopez Carrillok. «Funtzionatu du, gizonengan gehien baloratzen dena ahalbidetzen duelako: erekzioa mantentzea».

Harago joan da Gonzalez; sexualitatea ulertzeko modua bera eraldatzea ekarri du botikak: «Gizonen sexu errendimendunormalari buruzko irizpideak aldatu ditu: estandarrak igo ditu. Hortaz, zahartzearen ondorioz errendimendua jaistea —lehen normala zena—, disfuntzio edo patologia gisa hartzen da». Sexu erlazioetako dinamikak ere aldatu dituela erantsi du: «Erlazioak sarketan zentratu ditu».

Hori dela eta, adituok bat datoz: sexualitateari eta sexu arazoei buruzko ikuspegia zabaldu behar da, biomedikalizaziotik aldentzeko. Tiefer: «Gizarte ingurumari zabal baten barruan ulertu behar da, eragina dutelako kulturak, erlijioak, familiak, sexu heziketak, gorputzari buruzko mezuak eta sexismoak». Lopez Carrillo: «Sexu arazoek lotura handiagoa dute pertsona bakoitzaren istorio pertsonal, afektibo eta kulturalarekin, arazo fisikoekin baino. Sen onak esaten digu sexualitatea organo baten funtzioa baino askoz gehiago dela, eta horrekin lotutako gorabeherak ezin direla pilula batekin konpondu».

Atleta transexualak Joko Olinpikoetan: Aitzindari izatearen ajeak

Natalie van Gogh txirrindularia (erdian), iazko Belgikako Lotto Tour-eko 1. etapa irabazi zuenean. Beran izan liteke Joko Olinpikoetan parte har lezakeen lehenbiziko kirolarietako bat

Natalie van Gogh txirrindularia (erdian), iazko Belgikako Lotto Tour-eko 1. etapa irabazi zuenean. Beran izan liteke Joko Olinpikoetan parte har lezakeen lehenbiziko kirolarietako bat. (Argazkia: Cyclingnews.com)

COI nazioarteko olinpiar batzordeak egindako aldaketa medio, atleta transexualek aurrenekoz parte hartu ahal izango dute Joko Olinpikoetan, sexu aldaketa egiaztatuko lukeen mediku-operazioa egin beharrik izan gabe. Baldintza moduan, emakumezkoen probetan lehiatuko direnek, urtebete lehenago eman beharko dute euren asmoen berri, eta denbora tarte horretan testosterona maila 10 nmol/L azpitik mantendu beharko dute. Orain arte bi urte itxaron behar zuten operazioa egin ostean. Bestalde, gizonezkoek ez dute halako baldintzarik bete beharrik izango; “Atea parez pare ireki zaie”, irakurri dugu SB Nation webgunean.

Askoren ustez berdintasunerako urratsa dena, emakumezko atletak zigortzen dituen aldaketa da beste batzuentzat, neskekin alderatuta mutilek hainbat kiroletan dituzten abantailengatik, munduko errekorrek erakusten duten bezala, BBC-k plazaratutako erreportajean irakurri daitekeenez. Horregatik testosterona kontrolatzearena.

COIren aholkulari moduan aritu den Joanna Harper korrikalariaren hitzetan, kirol batzuetan abantaila izango litzateke, saskibaloian esaterako, jokalariaren altuera garrantzitsua den heinean. Dena den, diziplina askotan ez du inolako eraginik izango. Are gehiago, batzuetan, gimnasian adibidez, desabantaila izango da.

Harper konturatu zen, sexuz aldatzeko hormona bidezko terapia hasi zuenean, geldoago egiten zuela korrika. Ez berak soilik. Iraupen luzeko probetan aritzen ziren zortzi kirolari transexualen markak aztertu zituen, gizonezkoak zirenean lortutakoak batetik, emakume gisa lehiatzean lortu zituztenak bestetik. Sexua aldatuta, marka apalagoak lortu zituzten zortziek, emakumezko gainerako atleten parekoak, ez txarrago ez hobeagoak. Adibide moduan beste bi kasu jarri ditu: 1970eko hamarkadan, Reneé Richards tenislaria lehen itzulian kanporatu zuten US Open txapelketatik; gaur gaurkoz, Fallon Fox borrokalariak oraindik ez du MMA Arte Martzial Mistoen elitera heltzerik izan. Emakumezkoen Kirolen Fundazioa ere iritzi berekoa da: “Gizonetik emakumerako trantsizioa burutu duen atletak, lehiakide dituen nesken pareko indar eta ahalmenak dauzka”.

Rioko Joko Olinpikoetan parte har dezaketen atleta transexualen artean Natalie van Gogh etaMichelle Dumaresq ziklistak eta Chris Mosier triatleta daude. Lehenbizikoak lirateke, nahiz etaCaitlyn Jenner atletak urrezko domina irabazia zuen (1976an) artean Bruce Jenner zenean; etaBalian Buschbaum alemaniarrak, pertika jauzian 6. amaitu zuen 2000ko Joko Olinpikoetan, artean Yvonne Buschbaum zenean. 2007an, sexua aldatzea erabaki zuenean, kirola utzi zuen alemaniarrak.

Antia Fernandez, boleibol jokalaria

“Kirolean, emakume izate hutsa oztopo da ikusgarritasuna eta berdintasuna lortzeko”

Antia Fernandez, kirol olinpiko batean debuta egin duen Espainiako Estatuko lehendabiziko pertsona transexuala

Antia Fernandez, kirol olinpiko batean debuta egin duen Espainiako Estatuko lehendabiziko pertsona transexuala. (Argazkia: Paco Rodríguez / La voz de Galicia

“Pauso bat aurrera eman du COIk. Zoritxarrez, kirol olinpikoa bezalako esparru profesionalizatu eta lehiakor batean, agian, eztabaida eta desadostasun iturri bilakatuko da. Operazioa egina duen atletak bere alde izango du puntu hori. COIrentzat ez da ezinbesteko baldintza, baina ziur egoera deseroso askori egin beharko dietela aurre kirolari transexualek”. Antia Fernandezen hitzak dira, kirol olinpiko batean debuta egin duen Espainiako Estatuko lehendabiziko pertsona transexuala. Galiziako Calasancias boleibol taldean ari da, eta duela hiru aste jokatu zuen estreinako partida. Lehenago, Oscar Sierra futbol amerikarreko jokalariak eta Maria Torremade atletak egin zuten hautu hori, bigarren honek 1940ko hamarkadan, eta sexua aldatzeagatik kirola uztera behartua izan zen.

Mikel Ibargoien Info7 irratiko Kirol Leihoa saioaren gidariak elkarrizketa mamitsua egin dio Fernandezi. Pasarte batzuk ekarri ditugu hona:

Poztasun ikaragarria

“Kirol olinpiko batean aritzen den lehen pertsona transexuala izatea ez zen nahita bilatzen nuen helburua, baina historia liburuetarako geratu da. Debuteko egunean urduri samar baina izugarri pozik nengoen. Taldekideek batere arazorik gabe onartu naute. Garaipen handiena hori izan zen niretzat, partidaren emaitzatik harago. Zelaira ateratzean neskatila sentitu nintzen berriro, bere ametsa betetzerik izan ez zuen ume hori. Pozik nengoen maila pertsonalean lortutakoagatik, baita balio izan duelako ere ateak irekitzeko kolektibo bati zeinarentzat ez den erraza sozialki integratzea, ez lan merkatuan, eta are gutxiago kirolean, non emakume –bisexuala– izate hutsa oztopo den ikusgarritasuna eta berdintasuna lortzeko”.

Emakume jaio nintzen

“Emakume jaio nintzen, hala sentitu naiz beti. Bost urterekin neska izena izan nahi nuela esan nuen. Etxekoek ez ninduten ulertu, ez dute nire hautua onartu, gurasoen babesik ez dut izan. Identitate maskulinoa eman diogun umea bere buruaz emakume moduan hitz egiten entzuteak, txinpartak sortzen ditu buruan. ‘Bi urte besterik ez ditu baina hau konpondu beharra daukat’. Bi urteko haurrak transexualitatearen kontzeptua ez du argi, bere identitatea zein den ordea bai, hasieratik bertatik”.

Matxitoen artean deseroso

“14-15 urterekin integratua ez nengoela sentitzen nuen. Mutilen artean nengoela matxito gisa hasten zirenean, oilarrik handiena nor, hankarteko erregeaz hitz egiten, etengabe konparazioak eginez, sobera nengoela konturatzen nintzen. Behin txantxetan esan nien: ‘Begira, zentimetro faltan baldin bazaudete, nik emango dizkizuet, sustraitik puntaraino’. Broma zen, baina benetan oparituko niekeela, oso osoa. Aldageletan deseroso sentitzen nintzen, baita leiho atzetik neskak zelatatzera joten zirenean ere. Haiekin joaten nintzen beti, baina nire asmoa zen zarataren bat egitea neskak ohartarazteko. Inkontzienteki feminista izaten hasi nintzen. Beste neskak babesten nituen, haien pribatutasuna defendatu nahi nuen”.

“Ez dut Coruñatik alde egin nahi. Borroka egin eta irabaziko dut. Hiriak etsi beharko du, ez nik”

“Ez dut Coruñatik alde egin nahi. Borroka egin eta irabaziko dut. Hiriak etsi beharko du, ez nik”. (Argazkia: Amador Lorenzo / Marca)

Identitatea azaleratzea, suspergarri

Adinez nagusi izatean, basektomia egiteko unea heldu zela ikusi nuen. 2014an medikuaren –osasun publikoan– lehendabiziko kontsultatik ateratzean jabetu nintzen pausoak eman behar nituela, soinekoak jantzi-eta. Transexualengan bada ohiko sentimendu bat, disforia izenekoa, norberarekiko, gorputzarekiko edota organismoaren funtzioekiko gorrotoa eragiten duena, garunak esaten digunaren kontrakoa ikusten dugulako. Soinekoa jantzi, kalera atera eta niri buruz emakume gisa hitz egiten hasi nintzenean, poztasuna erabatekoa zen, irribarrez nengoen uneoro. Gizarteak zure kolkora barre egitea gogorra da, bai, baina hain zaude pozik, ezerk ezin zaituela goibeldu. ‘Inork ez nau gehiago zangotrabatuko jada’, pentsatu nuen”.

Edozein herritarren eskubide berberak

[Parentesi moduan, ohar bat: transexualitateari buruzko Espainiako legediaren arabera, adinez nagusi diren herritarrek euren NANetan izena eta sexua alda dezakete mediku-operazioa egin beharrik izan gabe, baldin eta genero-disforia pairatzen dutela egiaztatzerik badute (medikuen diagnosia behar da), eta bi urte badaramatzate hormona-tratamendua jasotzen].

“Nortasun agiri berria lortu nuenean, boleibolean jokatu ahal izateko ateak jotzen hasi nintzen. Ezezkoak jaso nituen, eta ez nekien ziur zergatik ote zen, ni taldean izaterik nahi ez zutelako, ala soilik legeak esandakoa betetzen ari zirelako. Gero jakin nuen boleiboleko federazioak Espainiako transexualitateari buruzko araudia jarraitzen zuela, eta nahikoa nuela NAN berria aurkeztearekin. Edozein pertsona ez transexualen eskubide berberak ditut. Batzuek oraindik inposatu egin nahi digute zer sentitzen garen, nor garen. Talde batzuetako ordezkariek mediku txosten eta gauza zentzugabe piloa eskatzen zizkidaten”.

Bada garaia libre izateko

“Lan-merkatura sartu edota etxea alokatzean oztopoak jarriko dizkigute, taberna batzuetan irainduko gaituzte, baina ez naiz etxean geratuko, ez dut albo batera egingo, kalean ikus nazatela. Gure presentzia normalizatu nahi dut. Madril bezalako hirietan ohikoagoak gara agian, baina nik ez dut Coruñatik alde egin nahi. Borroka egin eta irabaziko dut. Hiriak etsi beharko du, ez nik”.

Hedabideak

“Ez nuen horrenbesteko zalapartarik espero. Peru, Txile, Mexiko edota AEBetatik hots egin didate. Eta Espainia mailan, leku mordo batean agertu naiz, informazio orokorreko eta kirol egunkarietan”.

[Egunkari horiei guztiei, baita gainerako kazetarioi ere, transexualitateari eta emakumeen kirolari merezi duen tratamendua ematea dagokigu orain, tankera honetako urratsen aurrean ahoa hitz ponposoekin bete bezain pronto emakumeen paparrean oka egitea nahi badugu behintzat, ikusgarritasuna eta berdintasuna lortu aldera]

«Emakume lesbianak ikusezin egin dituzte»

Chiapasko emakume lesbianen borrokaren inguruko ‘Esas, ellas, nosotras’ dokumentala aurkeztu du Gutierrezek Euskal Herrian, Yolanda Garciarekin batera. «Memoria historikoa» du ardatz lanak.

Yolanda Garcia eta Marla Gutierrez Mexikoko dokumentalgileak, Bilbon

Yolanda Garcia eta Marla Gutierrez Mexikoko dokumentalgileak, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

K‘inal Antzetik erakundeak sortu du Esas, ellas, nosotras dokumentala (Horiek, haiek, gu). Chiapasko (Mexiko) emakume indigenekin lan egiten duten emakume mexikar lesbianen inguruko lana da. Marla Gutierrez (Mexiko Hiria, 1974) da egileetako bat, eta Euskal Herrian izan da dokumentala erakusten.

Dokumentala lesbianen memoria historikoa berreskuratzeko ariketa bat da, Chiapasko emakume lesbianek egina; kolektiboak 1980ko hamarkadatik egindako erresistentzia jaso du. Nolakoa izan da etengabeko borroka hori?

Dokumentalarekin, memoria historikoaren bidez, emakumeek mugimendu sozialetan izan duten parte hartzea erakutsi nahi izan dugu. 1980ko hamarkadan San Cristobal de las Casasen [Chiapas] bizi ziren emakume lesbianak egiten ari zirena jaso nahi genuen: sindikalismoan, emakume indigenen borrokan eta abortuaren despenalizazioan.

Chiapasko emakume lesbianak erresistentzia borroka guztietan egon dira: nekazari indigenen mugimenduan, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrakoan, zapatista zibilean… Mugimendu horietan desagertu diren emakume lesbianen egiazko erregistrorik ez dagoela diozue.

Erresistentzia mugimenduetan beti egin da ikusezin emakume lesbianen parte hartzea. Dokumentalak ikusarazi nahi du emakume lesbianak borroka horietan guztietan egon direla. Badaude emakume desagertuen estatistikak, baina emakume moduan soilik izendatzen dituzte. Ez da aipatzen desagertuen artean emakume lesbianak daudenik. Emakume lesbianak ikusezin egin dituzte. Emakume desagertuen estatistikak daude, eta kito, lesbianak zehaztu gabe.

Beharrezkoa da emakume horiek lesbianak direla esatea?

Hain zuzen.

Lesbiana izatea jarrera politikoa da, beraz?

Bai.

«Emakume lesbianak ikaragarriak gara». Dokumentaleko hitzak dira. Hori ozenki aldarrikatzea garrantzitsua dela uste duzu, ezta?

Esaera bat da, hau esatea bezala: «Ez dira gelditzen, borrokalariak dira, indar handia dute, etengabe ari dira gauzak aldarrikatzen».

Emakume «eroak» zaretela diozue. Pixka bat eroa izatea ezinbestekoa da nahi dena lortzeko?

Eroa, markatutako bideari ez jarraitzearen zentzuan. Hau da, heteronormatibitatearen bidetik atera, konbentzioei ihes egin, eta txikitatik egin behar duzula uste duten hori ez egin. Horrekin guztiarekin apurtu, eta zu zeu izaten saiatzea da gakoa.

Baina dokumentalean emakume batek dio lesbianak ez direla ausartzen hala direla esatera. Beldurra eta segurtasunik eza dira horretarako arrazoiak.

Oraindik bazterkeria eta indarkeria handia dago. Mexiko Hirian bakarrik da posible gay eta lesbianak eskutik helduta egotea leku publikoetan, eta horregatik kartzelatuak ez izatea. Chiapasen eta halako estatuetan gaia lantzea falta da oraindik, gay eta lesbianek kalean libreki pasea dezaten.

Filma Chiapasko emakume lesbianek egin duzue. Ez duzue beldurrik izan horretarako?

Bai, beti dago beldur hori. Baina une koiunturala da kalera ateratzeko, ikusezintasuna amaitzeko eta bakoitza den modukoa izateko. Uste dut gizarteak aldatzen ari direla, eta bada garaia nor zaren, zein maite duzun eta zer gustatzen zaizun esateko. Eta baita askatasunik handienarekin egiteko ere.

Ba al dago alderik Euskal Herriko lesbianen borrokaren eta Chiapaskoenaren artean?

Uste dugu paralelismo asko daudela. Euskal Herriko emakume lesbianen kolektiboekin izan gara, eta, gure iritziz, garrantzitsua da memoria historikoa berreskuratzea. Euskal Herrian ere gogoeta asko falta da, eta aurrez egindakoa sistematizatzea. Espazio batzuk irabazi badira, aurretik emakume batzuk eskubide horien alde borrokan aritu zirelako irabazi dira. Uste dugu hori gogoratzeak beste ikuspegi bat ematen duela. Egungo gazte lesbianak eta gayak beste espazio batzuetan daude: ziberespazioan, nork bere burua nola irudikatu lantzen…

Ezberdintasunak baino gehiago dira paralelismo horiek?

Europan edo AEBetan, transgeneroaz eta halako gaiez ari dira hitz egiten. Mexikon, beste gauza batzuk aldarrikatzen ari gara: besteak beste, kalean eskutik helduta ibiltzea ekintza moralgabea ez izatea nahi dugu; eta komunitate indigenetan, lesbianak ikusaraztea, haiek onartuak izatea eta lesbiana izateagatik komunitatetik ez kanporatzea eskatzen dugu.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Gutxiengoa izango gara gero ere. Garrantzitsua da hausnarketarako espazioak eraikitzea; baina, aldaketa gauzatu dadin, gizarteko eragile guztiek aldatu behar dute.

“Gizonon prostituzioa botere posizio handiagotik egiten da, emakumeenarekin alderatuta”

Mikel Garcia Idiakez

Jarduna klandestinitatean egiten da

“Jarduna klandestinitatean egiten da. Bezero asko hetero ezkonduak dira eta horiek inoiz ez lukete faktura bat sinatuko”, dio Paralel txaperoak. (Irudia: Elie Grekoff)

Lau emakume prostitutari egindako elkarrizketak eztabaida ugari eragin ostean, gizon prostitutu batelkarrizketatu du Hibai Arbide Aza kazetariak. Hona hainbat pasarte euskaratuta.

Paralel prostitutuak txapero gisa identifikatzen du bere burua, gizonekin baino ez ditu harreman sexualak eta bere hitzetan, “gizonen prostituzioa botere posizio askoz handiagotik egiten da, emakumeenarekin alderatuta, eta hori rol banaketagatik da. Bezeroak ez du gauza bera nahi neska batengandik edo txapero batengandik. Patriarkatuak inposatzen dizkigun rolak direla medio, neska batengan zerbait otzanagoa bilatuko du, delikatuagoa, arretatsuagoa… Baina txaperoez ari bagara, mutilek zerbait bortitzagoa bilatzen dute, harroagoa, txuleskoagoa, boteretsuagoa… Bezeroek tipo gogor bat nahi dute. Zentzu honetan, txaperoa inoiz ez da beldur izango bezeroak joko ote duen”.

Bezeroez, estigmaz eta legeztatzeaz

“Txapero askori lan eskubideez hitz egiten diezu eta barrez lehertzen dira. Batetik, ez dutelako zergetan utzi nahi irabazitako diru zati bat. Eta batez ere, askok nahi ez dugun onarpen publikoa ekarriko lukeelako. Estigmarik ez dagoen arren, jarduna klandestinitatean egiten da, hala bilatzen dugu bai guk bai bezeroek. Klandestinitatea ezinbestekoa da mutilon kasuan. Bezero asko eta asko hetero ezkonduak dira eta horiek inoiz ez lukete faktura bat sinatuko (…) Horretan trans-en antza dugu: gure bezero gehienak eskuin kontserbadoreko gizonak dira”.

Bestalde, saunan, diskoteka berezietan edo interneteko iragarkien bidez jartzen dira harremanetan txaperoa eta bezeroa, Paralelek dioenez. “Baina kalean ez dago prostituzio maskulinorik, beraz ez du prostituzio femeninoak duen ikusgarritasunik eta ez du haien errepresioa jasaten. Gurea festarekin nahasten da asko, beste testuinguru bat da”.

Sandra, Janet, Verónika eta Paula

Joan den ekainean, lau prostituta elkarrizketatu zituen Arbide Azak. Besteak beste, estigmaz galdetu zien. “Beti sentitu naiz ahaldundua eta prostituta aritzeak nire autoestimua sendotu du. Nire buruaz oso seguru nago. Baina aldi berean, puta izatearen estigma bizi izan dut urte luzez”, dio Paulak. “Hori da prostituzioaren okerrena: estigma”, gaineratzen du Sandrak.

Emakumeen salerosketaz galdetuta, hala dio Sandrak: “Prostituta guztiak salerosketaren biktima garela esateak libreki ari garenon jarduna ikusezin bihurtzea dakar eta akats handia da, benetako biktimak antzeman eta lagundu nahi badira”.

“Ea libreki lan egin dudan? –Paulak– Gizarte honek ematen dizun askatasunean. Inork ez du aske lan egiten testuinguru kapitalista honetan. Bizi garen lan, kultur eta gizarte testuinguru honetan, ia inori ez zaio gustatzen egiten duen lana. Nik ez nuen nire burua derrigortuta sentitu, bizimodu lasaia eramateko nuen irteera izan zen”.

“Pertsona batek zenbat eta eskubide aitortu gutxiago izan –gaineratzen du Paulak, batez ere etorkinak buruan–, orduan eta errazagoa da hura esplotatzea. Zenbat eta ahulagoak izan, orduan eta errazagoa izango da salerosketaren biktimak izatea. Nik ikusi dudanagatik, klubetan ematen da salerosketa handiena, emakumeak itxita dituztelako”.

Sexuaren industria

“Sexuaren industriari aurre egitea da gure helburua, esplotazioa amaitzeko –dio Verok–. Industria pornografikoaz ari naiz, lokalez, burdelez, putetxeez… Beste pertsona batek eskaintzen dituen sexu zerbitzuekin enpresario bat aberasteko sortu den edozein egituraz. Deuseztatu behar dugun patriarkatuaren ondarea da sexuaren industria”.

Prostituten eskubideez ere mintzo dira elkarrizketatuak. “Lehenengo gauza da ikusezin dena ikusgarri bihurtzea. Existitzen garela eta langile kolektibo bat garela aitortzea, politikoki ez-zuzena irudituko zaien arren errealitatea delako hemen gaudela: jardutea erabaki dugun emakumeak gara, arrazoiak arrazoi. Arautzeko modu logiko bakarra da langileak aintzat hartzea, bitartekaririk gabe”, uste du Janetek.

“Prostituzioa lanbide bat dela aitortu behar dute legeek eta ondorioz lan eta gizarte eskubideak arautu behar dira, gainerako langileekin egiten den moduan”, dio Sandrak.

 

Abel Azkonaren erakusketak irekita jarraituko du Iruñean urtarrilera arte

Udalarekin ados jarri da Azkona, eta ‘Amen’ lana ez dute kenduko. Protestak ugaritu egin dira

Kristauak errezoan atzo Iruñeko Serapio Esparza plazan, Desenterrados erakusketaren kanpoan

Kristauak errezoan atzo Iruñeko Serapio Esparza plazan, Desenterrados erakusketaren kanpoan. IDOIA ZABALETA/ARP

Alde eta kontra. Babesa eta salaketa. Bi muturretako erreakzioak sortzen jarraitzen du Abel Azkonaren lanak Iruñean. Serapio Esparza plazako aretoan duenDesenterrados erakusketako lanetako bat da eztabaidaren iturria. Ostia sagaratuekin Pederastia hitza idatzita daramaAmen izeneko lanak, eta tirabira bizia piztu du kalean eta sare sozialetan. Baina udalak eta artistak erakusketa irekita mantentzea erabaki zuten atzo arratsaldean.

Askorentzat, iraingarria da Azkonaren lana. Beste askorentzat, adierazpen eta arte askatasuna. Atzo arratsaldean Serapio Esparza plazan eta erakusketan bertan ehunka kristau elkartu zen, errezatu eta Azkonaren lana gaitzesteko. Herenegun, Gazteluko plazan egin zuten bilkura 200 sinestun inguruk.

Erakunde eta norbanako ugarik eskatu diote Azkonari eta Iruñeko Udalari performancea erakusketatik erretiratzeko, «herritar askoren sinismenen aurka» egiten duela iritzita. Udalak ere egin zion eskaera artistari, erakusketako hainbat edukik «herritarren parte baten arbuioa» eragin dutela ikusita. Atzo, baina, ados jarri ziren udala eta artista, eta erakusketa irekita egongo da urtarrilaren 17ra arte. Halaber, antza astelehenean erakusketatik «desagertu» ziren ostia sagaratuak berriz ez ipintzea ere adostu dute.

Iritziak iritzi, bere lanaren inguruan sortutako polemikak «grazia» egin dio artista iruindarrari. «Arte garaikideak beti eragin behar du erantzun bat, erreakzio bat; baina kasu honetan gertatzen ari dena bitxia da; deigarria egiten ari zait», esan du Nafar Telebistan egindako adierazpenetan. Azkonak dio «prozesu artistikoaren barruan» dagoela gertatzen ari dena. «Horrela ulertu behar da. Helburua ez zen horrelako egoerarik sortzea».

1936ko gerran fusilatutakoak eta haien familiak omentzeko maiatzean Iruñean egin zuen Enterrados performancearen bigarren zatia da erakusketa. Hura zen «obra nagusia», eta oraingo erakusketan ikus daitekeena «orduko zein beste performance batzuetako hondarrekin egindako lanak dira». Iruindarrak 242 ostia sagaratu erabili zituen, Iruñeko erakusketan ikus daitekeen argazkia egiteko. «Zehazki, Nafarroan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Elizaren aurka jarri ziren salaketa kopurua».

Erakusketak sortu duen aferaren harira, egindakoarekin pozik agertu da Azkona, eta izan ditzakeen ondorioak bere gain hartzeko prest. Hiru salaketa jaso ditu, baina ez da beldur: «Abokatuarekin hitz egin dut, eta esan dit lasai egoteko. Baina sei hilabeterako kartzelara joan behar badut, harro joango naiz, egin behar nuena egin dudalako».

Erreakzio soka luzea

Azkonaren lanak eta haren hitzek erreakzio soka luzea eragiten jarraitzen dute erakusketa ireki eta sei egunera. Atzo, kasurako, dozenaka lagun elkartu zen erakusketan. Amen lanaren aurrean jarrita, errezoan aritu ziren herritar asko. Sare sozialetan ere nabarmena da sortu den iskanbila.

Iruindarrarentzat, ordea, lanaren atzean «adierazpen askatasuna» dago: «Jendea zentzua galtzen ari da honekin guztiarekin». Azaldu duenez, «erakusketan badago Amen baino lan garrantzitsuagorik, eta pena da jendea lan bakarrean zentratzea». Azkonak gogoratu du fusilatuak direlaDesenterrados erakusketaren ardatz nagusia.

Abel Azconaren erakusketak aurrera jarraitzen du, bere obra batzuk “desagertu” ondoren

Iruñeko Udalak artistarekin adostu du erakusketa irekita mantentzea baina desagertutako obra berrezarri gabe.

pederastia-abel azkona

Azaroaren 20tik Iruñeko “Erorien Monumentuan” ikusgai dago Abel Azcona artista nafarrarenDesenterrados bilduma, oroimen historikoaren inguruan. Bertako obra batek baina sektore ultra-katolikoen erreakzioa ekarri du. Hainbat argazkitan ikus zitekeen Azcona ogi pusketa edo ostiekin “Pederastia” hitza idazten.

Sexu abusuen eta pederastiaren itzala Eliza Katolikoaren oso gainean egon da azken urteetan. 2014an Vatikanoak lehen aldiz azalpenak eman behar izan zituen publikoki Nazio Batuen Erakundean. Honekondorioztatu zuen Elizak ez duela nahikoa egin erakunde barruan adin txikikoen sexu-gehiegikeriekin amaitzeko.

Frankismoan Elizak haurren kontra izandako jazarpena azaltzen duten hainbat testigantza ere argitaratu da azkenaldian. Kataluniako TV3 telebista katean, esaterako, Els internats de la por  (Beldurraren barnetegiak) estreinatu zuten joan den maiatzean. Barnetegi horietan elizgizonek haurrei egiten zizkieten basakeriak agerian uzten ditu dokumentalak.

Erakusketaren kontrako erasoak

Azconaren obra Franco hil zela 40 urte bete direnean jarri dute, Emilio Mola eta José Sanjurjo militar golpistak lurperatuta dauden toki berean. Egileak berak azaldu duenez, ostia horiek elizkizunetan jauna hartzeko itxura eginez eskuratu omen zituen:

tweet abel azcona 1

Erakusketaren kontrako eraso fisikoak eta artistaren kontrako mezuak etengabeak izan dira egunotan. Hainbat elkarte erradikalek kereila jarri dute ostiak “profanatzeagatik”. Bestalde, pintaketak azaldu dira Iruñean barrena eta katolikoek bilkura eta errezo harrigarriak egin dituzte eraikin barruan; zenbaitentzat ez dago argi obrari loturiko “performancea” ote den hori guztia. Sare sozialetan ere oihartzun handia izan du gaiak:

tweet abel azcona 2 tweet abel azcona 3

tweet abel azcona 5 tweet abel azcona 6

Joseba Asiron Iruñeko alkateak asteartean esan zuen “adierazpen askatasunaren aldeko konpromiso ukaezina” duela baina hitzartutako erakusketan ez zela ageri pederastiarekin loturiko edukirik eta aitortu zuen “sentsibilitate batzuentzat iraingarri” izan zitekeela obra zehatz hori.

Asteartean ostien argazkiak zekartzan pieza “desagertu” egin zen. Udalak eta artistak erakusketarekin aurrera jarraitzea erabaki dute, baina desagertutako pieza berrezarri gabe.

Pasolini berriz aurkitua

pier paolo pasolini

Genero beltzeko pieza gogoangarriren batzuk idatziko ziren 1975eko azaroko lehen egun haietan Pier Paolo Pasoliniren hilketaren berri emateko. Horikeriaz zipriztindutako kronika eskandalizatuak. Gertakariak, bere hartan, osagai aproposenak eskaintzen zituen hartarako: Erromako aldirietan, Ostia inguruan, hala moduzko eremu bat… Domu santu gaua… Hiltzailea, hamazazpi urteko mutiko bat, txaperoa, Pasolinik ordu batzuk lehenago topatua… Zuri-beltzeko argazkietan, Pasoliniren gorpu masakratua.

Hori gertatu baino lehen, bizpahiru pintzeladaz zirriborratua geneukan Pasoliniren erretratua: homosexuala zen; komunista, baina partidutik egotzia, eta film eskandalagarriak egiten zituen, inolako erreparorik gabe. Beti izaten da aztiagoren bat, eta Pasoliniren hilketatik bi urtera, pasarte hau irakur zitekeenZeruko Argia-n:

«Fenomeno psikologiko berezi bat gertatzen da askotan: pertsona edo gauza batekiko identifikazioa. Alegia, pertsona horrekin bat egiten dugu, sinbolo bihurtzen dugu eta berari buruz arras subjektiboak gara harrez gero. Sentimentaloi, gutxienik, sarri gertatzen zaigu. Nik behintzat, Pasolini ere sinbolotzat dudala aitortzen dut». (Pasolini, azaroan hil zuten, Joseba Sarrionandia, 1977-11-13).

Sarrionandia, beraz, Pasolini aldarrikatzen, bizpahiru pintzeladaz baino gehiagoz osatutako erretratuaren bukaeran.

San Telmo Museoan uda osoa eta aste pare bat gehiago ere egin ditu Pasolini Roma erakusketak. Bartzelonako Centre de Cultura Contemporània-k ekoitzia —Alemania, Frantzia eta Italiako beste kultur erakunde batzuekin elkarlanean—, hau bai zinez Pasoliniren bizitza eta figura poliedrikoaren deskubrimendua.

Hor dago Pasolini zinemagilea, bere musa Laura Bettirekin, bere aktore fetitxe Ninetto Davolirekin, Bertolucci bezalako lankide adiskideekin; ez galtzekoa bera eta Ana Magnaniren arteko elkarrizketa, Mamma Roma (1962) filmatu zuten garaian. Hor dago kontzientzia sozial eta politiko sakoneko gizon, artean gaztea, telebistarako elkarrizketa arrunt bat Erroman bizileku duen langile auzoaren deskripzio eta analisi bihurtzen duena.

Eta nolanahi ere, zinema Pasoliniren ertz bat besterik ez da; ezagunena bai, baina ez landu zuen bakarra. Adibidez, pintatu ere egiten zuen gizonak.

Idazteari dagokionez, berriz, beste deskubrimendu bat: friulerari egin zion ekarpena. Ama zuen Friulikoa, Susana Colusi, maistra. Friulik bere hizkuntza propioa du, baina Pasolini hartan idazten hasi zenean, batere prestigiorik gabeko dialektotzat zeukaten friulera —edo furlana— Italian.

«Zeren faszismoak —nire harridurarako- ez zuen ametitzen Italian tokiko berezitasunik eta burugogor traketsen hizkuntzarik egon zedin». (1943, Corriere del Ticino).

Hizkuntzari herri bat zegokion, herri zapaldu bat. Prejerapoeman (1944), herri horren alde egiten dio erregu Pasolinik Kristori: «Gure lurra kanpotarren esku egon da/ eta preso egin gaituzte beste lurralde batean./ Gazteak eta zaharrak jipoitu egin dituzte plazan,/ gure neskatxei ohorea kendu diete».

1945ean friuleraren akademia sortu zuen Pasolinik lagun batzuekin —Academiuta di lenga furlana—, eta haren ikurraren ondoan pasarte hau ezarri zuten: «Friulik, bere historia antzuarekin eta poesiarako irrikarekin, bat egiten du Proventzarekin, Kataluniarekin, Grisoiekin eta hizkuntza erromantzeko beste Aberri Txiki guztiekin».

Rittrato di Pasolini liburuan azaltzen ditu aurreko horiek Luigi Martinelli irakasleak, Pasoliniren biografia intelektual oparoa marraztuz. Eta hala ere, Pasolini hil zuteneko berrogeigarren urteurren honetan, oraindik haren hilketa argitu gabe dagoela konstatatzeaz aparte, bizpahiru pintzeladatako estereotipoa gailenduko da hedabideetan.

Sexismoa desagertuta, denok izango gara askeagoak

June Fernández. (Beldur Barik)

Genero gaietan espezializatzen joan da urteekin June Fernandez gaztea, eta horren inguruko lan asko egin du, dela kazetari moduan edo era aktiboago batetan. Emakunderekin kolaboratzen du, SOS Arrazakeriarekin, eta gainera, Berdinsareak abiatutako Beldur Barik lehiaketan ere topatu dugu, komunikazio arduradun moduan. Feminismoak izan beharko lukeen garrantziaz eta gazteengan oraindik ere, matxismoa gogor errotuta dagoenaren kezkaz mintzatu zaigu bizkaitar gaztea.

beldur barik lehiaketa 2011

Beldur Barik lehiaketaren bigarren edizioa martxan dago dagoeneko.

Ekimen hau Berdinsareak sortua da —Eudel barruan berdintasunaren alde diharduten berdintasun teknikarien koordinazioa eta elkarlana sustatzeko sorturiko sarea. Jakingo duzuen moduan, azaroaren 25a Indarkeria Sexistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta Berdinsareak urtero kanpaina bat bultzatzen zuen gaia lantzeko; gizonen inplikazioa bilatzeko kanpaina burutu zuen urte batetan, bestean gazteriari zuzendutakoa izan zen…

Hain justu konturatu ziren gazteekin lan egitea lehentasun nagusia zela, bi arrazoiengatik. Alde batetik, prebentzioa ezinbestekoa delako, eta bestetik, ditugun datuei erreparatuta, salaketen %36a 30 urte azpikoek ipintzen dituztela ikus baitaiteke. Beraz, prebentzioa bultzatzen dugu baina ahaztu gabe indarkeria sexista errealitate bat dela gazteen artean.

Kezkagarria da, ezta?

Bai noski! Gainera, gazteek indarkeria sexistaren gaineko irudi estereotipatu bat daukatela argi dago; adibide bat ipintzearren, normalean gai honi buruz hitz eginda, emakume nagusi bat etortzen zaie burura, eta indarkeria soilik tratu txar fisikoekin lotzen dute.

Garrantzitsua da gaur eguneko indarkeriak zer–nolakoak diren identifikatzeko gai izatea. Esate baterako, bikotea zure Tuentin sartzen bada norekin hitz egiten duzun ikusteko, edo telefono mezuak kuxkuseatzen badizkizu, horiek kontrol estrategiak dira, eta noski, indarkeria mota bat dela argi eduki behar dugu. Guzti horregatik ikusi zen garrantzitsua zela gazteekin lan egitea.

Funtsezkotzat hartzen zen halaber, gazteak eurak izatea protagonista, helduak balira, ziur aski mezuak ez lukeelako eragin bera izango; modu horretan, beraiek izan daitezela hausnarketa burutzen dutenak eta hori hedatzen dutenak.

Gazteei zuzendutako lehiaketa da, baina zertan datza?

Bi kategoria daude; 12–17 urteko neska–mutilentzat bata eta 18–26 urte artekoentzat bestea. Kategoria bakoitzean aurkeztutako lan onenari 1000 euroko saria emango zaio. Zein da lanik hoberena? Beldur Barik jarrera hoberen transmititzen duena. Hau da, eguneroko bizitzan diskriminazioari eta erasoei aurre egiten dieten nesken jarrera: mugak eta beldurra gainditzen dituztenak, bakarrik gauzak egitera ausartzen direnak, beste neskekin elkartasuna indartzen dutenak… Baita matxismoaren kontra egiten duten mutilen jarrerak. Hoiek espresatzeko edozein formatu erabili daiteke: bai artelanak, musika, dantza, performance, idatziak, bideoak, etab., zein kontzeptuak, proiektuak, egunerokoak… Garrantzitsuena edukia da, transmititzen den mezua.

Baina hori ez da guztia, berritasunekin baitator bigarren edizioa. Esaterako, webgunean zintzilikatuko dira proiektu guztiak, eta herri bozkatzea egingo da, eta boto gehien eskuratzen duenak 300 euro jasoko ditu. Beste berritasun bat, euskal instituzio ezberdinak daudela sartuta —Eusko Jaurlaritza, hiru diputazioak, EHU eta EITB— eta esaterako, EHUn, urrian zehar hiru kanpusetan jarduera ezberdinak, eta azaroan, topaketa batzuk burutuko dira, eztabaida–guneak eta tailerrak antolatuz, besteen artean.

Eta Eudelen udal–sarearen ekimena denez gero, udalerri ezberdinetan ekintzak egin ditzaten nahi dugu, eta tokian tokiko sariak egongo dira… Ez dago beraz, parte ez hartzeko aitzakiarik!

Gauza oso serio baten gainean hausnarketa egiteko modu arin eta erakargarria bilatu gura izan da, ezta?

Bai, izan ere, betiko txapa botatzea zaharkituta dagoela ikusi da. Eskoletan–eta jasotzen dute diskurtso formala, hau da, denok berdinak garela, indarkeria sexista oso larria dela eta abar. Baina sormen eta sorkuntzaren bitartez beste bide batzuetatik joan eta emaitza ezberdinak lor daitezkeela ez dugu zalantzarik.

Matraka taldeko neskak zuzenean.

Matraka taldeko neskak zuzenean. Argazkia: © Beldur Barik.

Esaterako, iazko irabazleetariko bat Olaia Aretxabaleta izan zen, eta berak bertso–rap bat egin zuen, euskaraz eta gaztelaniaz. Mezu argi eta zuzenak sortu zituen (“ama, gaur ez zaitut entzungo egingo dut nahi dudan hori”, “no voy a ser ni un jarrón ni un florero”, edota “eta nahi zaitut nire alboan ze zure besoak ematen didate niri bero, baina ez naiz inoiz sentitu preso”), erakargarriagoak dira eta jende gehiagorengana iristeko aukera ematen dute.

Baina gainera, egunerokoan ditugun grinak, haserrealdi txiki edo hausnarketei aterabidea eman eta jendarteari nola bizi nahi dugun adierazteko modu bat da. Eta bide batez, dirua irabazi daiteke, ezinegon berdinak dituzten pertsonak ezagutu, eta gazteok zeresana daukagula sentitzeko aukera ematen du Beldur Barik egitasmoak.

Iazko sariketa aipatu duzula, bistan da ez zela makala izan parte hartzaileen kopurua…

Lehenengo edizioa izateko, pentsatu baino jende gehiagok hartu zuen parte; 500 pertsona inguru, eta guztira, 100 bat proposamen jaso ziren, imajinatu! Gainera, azpimarragarria da, sare sozialen bitartez horietariko asko kontaktuan daudela, eta gai honen gainean lanean jarraitzen dutela.

Beste irabazleetariko bat Matraka talde feminista izan zen; Gure artean izeneko dokumental bat aurkeztu zuten, baina gainera, oso talde aktiboa da urte guztian zehar, futbol eta rock talde bat daukate… Hauek ere aurten hor daude, dokumentala beste gazte batzuei erakutsi, eta eztabaidak pizten… Oso garrantzitsua da beraien ekarpena.

Indarkeria sexistaren gainean gaur egun informazioa egon badago, baina lehen aipatu duzun bezala, oraindik askok ez dute identifikatzen. Non egon daiteke arazoa?

Niretzako oraino, ez da egin benetako hausnarketa sakonik. Indarkeria gaia erailketa matxistarekin lotuta soilik landu izan dela iruditzen zait. Hala, genero indarkeriaz hitz egiten denean, asko ez dira ohartzen oinarrian indarkeria sistematiko eta estruktural bat dagoenik, eta sufritzen dutenak, emakume izateagatik soilik pairatzen dutela egoera hori. Eta komunikabideetan ere, kazetariek ez dute hori ulertzen eta sarri bestelako azalpenak ematen saiatzen dira, gizona oso estresatua zegoela zorrak zituelako, adibidez.

beldur barik lehiaketa 2011

Argazkia: © Beldur Barik

Nire ustez, erailketak izebergen puntak bakarrik dira. Historian zehar eraiki diren harreman eta botere erlazioak daude oinarrian eta noski, horrek zuzenean eragiten du ditugun maitasun ereduetan. Adibide bat ipintzearren, jeloskorra izatea amodioaren sintomatzat hartzen dute askok; nahiz eta ideia hori pixka bat atzerakoia iruditzen zaigun, gazteen artean dagoen ustea da.

Zure buruari egoera aldatuko ote den galdetuko bazenio, baikorra zarela esango zenuke?

Izan beharko! Halere, berdintasun formal horretan hezi gaituztenez, uste dugu dena lortuta dagoela, eta arazo bat dagoela identifikatzen ez dugun bitartean askoz zailagoa da aurrera egitea. Gazteekin hitz eginda ikusten dut hori, eta ohartzen naiz oraindik lan asko daukagula egiteko.

Askoz errazagoa zen feministen borroka 70ko hamarkadan ulertzera ematea, frankismo garaian eskubiderik ez zutela argi eta garbi ikusten baitzuten. Baina egungo gazteek ez dituzte bazterkeria motak antzematen, zantzuak ez direlako horren bortitzak, noski. Askotan lan mundura sartzerakoan errealitatearekin aurkitzen dira: gizonezko lankideak baino soldata baxuagoa daukatela ikustean, edota haurdun geratzeagatik baztertuak izaten direnean…

Baina baikor begiratzen diot etorkizunari bai. Zergatik? Geroz eta gehiago garelako borroka honetan gaudenak, eta Olaia Aretxabaleta edo Matraka taldeko moduko neskak ezagutzen dituzunean, errelebo bat badatorrela ohartzen zara; hauexek dira beste gazte batzuei errealitatearen berri eman eta bestelako egoera eraikitzen joatearen arduradunak.

Zuk zeuk genero gaietan aditu moduan, esparru ezberdinetako egoera ezagutzen duzu.

Hala da. Askotan ez da ulertzen gizarteko sektore ezberdinei eragiten dien arazoa dela. Har dezagun indarkeria matxista, esaterako. Gizon batzuk matxistak dira eta tratu txarrak eragiten dituzte; baina matxismoa oraindik ere gutxi batzuen gaixotasun moduan ikusten da, eta ez gizarte oso baten gaitz moduan.

Ikastetxe batetako patiora joatea besterik ez dugu egin behar matxismoaz ohartzeko. Han ikusiko ditugu neskak jolastokiko albo batean, toki txiki batetan jolasten; eta mutilak aldiz, futbolean dabiltza ia toki osoa okupatuz. Panpinekin batzuk eta gerretara jolasten besteak…

Toki guztietan dago desberdintasuna eta sexismoa: lanean, harremanetan, familian, gorputzari lotutako presioan… Gainera, edozein gizarte taldeetan emakume izateak bazterkeria faktore bat gehitzen du: emakume etorkina, zaharra, landatarra, homosexuala…

Egun, garai batean horren baloratua egon zen feminismoaren irudi distortsionatu bat dagoela iruditzen zaizu?

Beno, feminismoa beti mesfidantzaz begiratu izan da, baina emakumeen eskubideen aldeko neurriak lortu diren heinean, erresistentzia matxista sendotu egin da. Nik uste dut badagoela guzti honen atzean feminismoa desprestigiatzeko nolabaiteko kanpaina ez–formal bat. Post–matxismo deitzen dugun korronte bat existitzen da, eta hauek berdintasunaren alde daudela esaten dute, ez direla matxistak; oro har, mezuak geroz eta konplexuagoak dira, eta geroz eta makilatuagoak daude. Genero politikei iseka egiten diete, egun gizonak direla baztertuak esaten dute, feminazikontzeptua erabiltzen dute gure kontra egiteko, gizonek ere tratu txarrak pairatzen dituztela azpimarratzen dute eta emakumeek askotan dirua irabazteko edo gizona izorratzeko salaketa faltsuak ipintzen dituztela sinestarazten dute…

https://youtu.be/2gop-5z31xQ

Horregatik, garrantzitsutzat ikusten dut feminismoaren historia berreskuratu eta horren aldeko aldarria egitea, inolako mozorrorik gabe. Eta ezin dugu ahaztu feminismoa oso mugimendu iraultzailea bai, baina betidanik izan dela giza eskubideen aldekoa eta bakezalea. Feminista izateaz arro agertu eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde gaudela esan behar dugu, eta bide batez, askok pentsatzen dutenaren kontra, argi utzi behar dugu emakumeak ez garela gizonezkoak baino gehiago sentitzen.

Azken finean guztion hoberako da, emakumeentzako bai, baina gizonezkoek ere onura bat aterako baitute berdintasun egoera batetara iritsiz gero. Matxismoak, azken finean, muga batzuk ipintzen dizkigu denoi, rol batzuk banatuz eta nahi duguna egiteko oztopo bilakatuz.

Denon eskuetan dago aldaketarako bidea orduan!

Zalantzarik gabe. Beldur Barik lehiaketara bueltatuz, gainera, mutilek ere parte hartzeko aukera daukate, eta Beldur Barik jarreraren gainean hitz egiten dugunean, ezin dugu ahaztu gizonezkoek ere aurreiritzi asko apurtu behar dituztela oraindik. Besteen artean, ezin dituztela euren sentimenduak azaleratu, edo zer den edo zer ez gizonezkoen gauza, homofobiaren itzala ere hor dago…

Sexismoa desagertuta, denok izango gara askeagoak, eta hori argi izan behar dugu.


Parte hartzeko:
jarrera@beldurbarik.org
Epea: 2011ko azaroak 11
Sare Sozialetan: Facebook, Twitter eta Tuentin