Negoziazioaren amaraunean

Asko dira egunerokoan berdintasuna lantzen duten bikoteak. Genero rolek eragindako ajeak gainditzea, ordea, ez da erraza. Hain zuzen, bikote berdinzaleen negoziazio ereduak ikertu ditu Amaia Agirre soziologoak.

Bikote berdinzaleak lan handia egiten ari dira, baina gizarte ereduak pisu handia du negoziazioetan

Bikote berdinzaleak lan handia egiten ari dira, baina gizarte ereduak pisu handia du negoziazioetan. JUAN CARLO. RUIZ / ARP

Urratsak egin dira, baina argi dago oraindik ere lan asko dagoela bikote berdinzaleen diskurtsoak eta errealitateak bat egiteko. Baina garrantzitsua da bidea egiten hasi izana». Amaia Agirre Euskal Herriko Unibertsitateko soziologoak baikor hitz egiten du egunerokoan berdintasuna lantzen duten bikoteez, eta haien ahalegina nabarmendu du. Haien negoziazio ereduen ezaugarriak bildu ditu bere tesian.

Hasiera batean, haurren zaintzari buruzko tesia egitea zen Agirreren asmoa. Baina tesi zuzendari Mari Luz Esteban antropologoak gaia aldatzeko esan zion, eta orduan erabaki zuen bikote berdinzaleen negoziazio prozesuak aztertzea. «Diskurtsoa errealitatearekin bat zetorren ikusi nahi nuen». Hamabost bikote aztertu zituen, 25 eta 50 urte artekoak, eta errealitate batekin topatu zen. «Bikote askok, etxeko lanen banaketan uzten dute parekidetasunaren kontzeptua. Horren inguruan sistematikoki negoziatzen eta eztabaidatzen dute, ez horrenbeste beste hainbat gaiez: sexualitatea eta diruaren kudeaketa, adibidez». Gainera, nabarmendu du kasu gehienetan emakumeak direla eztabaida planteatu eta negoziazioa mahai gainean jartzen dutenak. «Parekideak ez diren praktiken ondorioak beraiek pairatzen dituzte gehien, eta, mahai gainean jarrita, aukera dute aldatzeko».

Hainbat alor aztertu ditu tesian. Diruaren kudeaketa da horietako bat, eta bertan atera du ikerketaren ondorio agerienetako bat. «Oso gutxi negoziatzen dute horretaz, eta gehienak uzkur agertzen dira hori planteatzeaz, maitasun erromantikoaren ideiaren kontra doalakoan. Hitz egiten badute, zeharka egiten dute, edo erabaki inplizituen bidez. Oraindik ere maitasun erromantikoak pisu handia du».

Dena den, bikoteetan sumatzen da dirua kudeatzeko eredu berri bat. «Gehienetan, bikotekide bakoitzak kontu korronte propioa du, eta beste bat bien izenean gastu komunentzat. Hala ere, harremana aurrera doan heinean eta seme-alabak edukitzean, joera batzekoa da». Gogorarazi du izaten ari den joera aldaketa hori gizarte ereduaren aldaketaren ondorio ere badela. «Gaur egun, gero eta ohikoagoa da banatzea, eta bikoteak jakitun dira errealitate horretaz. Beraz, diruaren banaketa egiten dute, arazorik sortzen bada ere». Normalean, gainera, diru gutxien irabazten duenak planteatzen du hori. «Diru gehien duenarentzat ez dago arazorik».

Gainera, ikusi du haurren zaintzaz gutxiago negoziatzen dutela. «Zaintza eta etxeko lanak poltsa berean sartzen dituzte, baina etxeko lanez askoz gehiago eztabaidatzen dute. Horri lotuta, nabari da emakumeen aldetik zaintzarako behar eta presio moral, sozial eta kultural bat dagoela. Haiek kontziente dira horretaz, eta jakitun dira, berdinzaleak izanda, hori gainditu behar dutela, eta pixkanaka ari dira bidea egiten. Baina argi dago bikote harremana ez dela gauza isolatu bat, eta gizarte ereduek pisua dutela». Bikotearen egoera ekonomiak ere asko baldintzatzen du hori. «Normalean, gizonak soldata handiagoa du, eta, hori dela eta, emakumeak hartzen du baimena. Lesbiana bikoteen kasuan, joera baimena bien artean banatzea da. Alde horretatik, oreka handiagoa dago».

Etxeko lanak bakarrik

Haatik, gehienek etxeko lanen negoziazioan jartzen dituzte indarrak eta begiak. «Gai potoloagoak besteak dira, baina, ez denez horrenbeste hitz egiten, horretan sinplifikatzen dute negoziazioa». Denbora librearen kudeaketari dagokionez, saiatzen dira bestearen zaletasunak eta lagunak errespetatzen. «Baina kasu horretan ere emakumeek aukera gutxiago dituzte, umeak tartean daudenean batez ere».

Bestalde, bikote homosexualek hasieratik hitz egiten dute bikote ereduaz. «Heterosexualek, berriz, arazoren bat dagoenean. Hor ikusten da homosexualek lan ideologiko handiago bat egin behar izan dutela».