Mutil gazteentzat «zailagoa» da beste gizonei gay direla esatea

Eusko Jaurlaritzak ikerketa bat egin du ikastetxeetan; haren arabera, nerabeek, oro har, «onartzen» dituzte afektibitate eta sexu dibertsitatea

Mobilizazioak egin zituen atzo LGTBI mugimenduak. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Eusko Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera, mutil gazteentzat neskentzat baino «zailagoa» da gay direla esatea beren lagun gizonei. Uste dute baztertu egingo dituztela, edo barregarri utziko. Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko zortzi ikastetxetako 129 ikaslek parte hartu dute ikerketan, denak 14 eta 16 urte bitartekoak. Ernesto Sainz Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak eta Lucia Torrealdai Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak aurkeztu zituzten ondorioak, atzo, LGTBIfobiaren Aurkako Egunean.

Jaurlaritzaren ikerketaren arabera, nerabeek, oro har, «onartzen» dute afektibitate eta sexu aniztasuna, baita familia eta genero aniztasuna ere, baina oraindik badaude «fobia sotilagoak», hautematen zailagoak direnak. Adibidez, azterketan parte hartu duten LGTBI nerabeek adierazi dute «arbuiatze» motaren bat jasan izan dutela.

Erreferente falta

Torrealdaik ohartarazi duenez, badira estereotipo batzuk LGTBI pertsonen aurkako jarrerak sustatzen dituztenak. Transexualei buruzko ideia kontraesankorrak: bitxiak direla, eta, aldi berean, ausartak. Intersexualitatea, berriz, ia ez da «ezagutzen», eta ez dago «aurreiritzirik».

Ikerketaren beste ondorio batek erakusten duenez, nerabeek hedabideetan ez dute erreferentziazko pertsonarik LGTBI kolektiboen ikuspegi «osoa» emango dienik. Zehazki, emakume lesbianak dira «ikusezinenak».

Halere, Torrealdairen esanetan, aurreiritzi, gaitzespen jarrera edo jokabide lotsagabe gutxiago ageri dira, genero rolak eta heteroaraua gero eta gehiago jartzen direlako zalantzan. «Esparru horretan, nerabe askok dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko jarrera, eta gai dira rolen banaketa tradizionala zalantzan jartzeko».

Prebentziorako, berriz, Torrealdaik dio ez dela nahikoa ikastetxeetako lana. «Gizartearen inplikazioa behar da, komunikabideena, eta, nola ez, familiena».

Dokumentazio gunea

Jaurlaritzak eta LGTBI elkarteek dokumentazio gune bat sortu dute Interneten, «mugimenduaren historia antolatzeko, gordetzeko eta ikusarazteko». Aldarte, EHGAM, Errespetuz, Gehitu eta Guztiok taldeen edukiak kontsulta daitezke, eta, laster, Hegoak, Pikara Magazine eta Maite Albiz emakumeen dokumentazio gunearenak ere bai. Jaurlaritzaren arabera, «konpromisoa hartu behar da LGTBI kolektiboaren diskriminazioaren aurka».

EAEko Arartekoak ere konpromiso «irmoa» erakutsi du pertsona «guztien» berdintasunarekin eta duintasunarekin, eta elkartasuna eskatu die erakundeei eta euskal gizarte osoari. Gainera, pertsona guztiek familia bat osatu ahal izatea eskatu du.

Sindikatuek ere heldu diote gaiari. Steilasek material didaktikoa sortu du ikastetxeetarako eta euskaltegietarako, LGTBI kolektibokoen irudi «positiboa» zabaltzeko. Interneten eskuragarri ipini dituzte. LAB, berriz, bere kideak prestatzen ari da homofobia kasuetan lantokietan nola jokatu jakiteko. Sindikatu horretan duela bi urte hasi ziren «bazterkeria eta jazarpenaren» aurkako gida eta protokoloa lantzen. Elkarretaratze bat ere egin zuten atzo, Donostian, «lantokietan ere sexu askatasuna» aldarrikatzeko.

Urtero bezala, LGTBI mugimenduak mobilizazioak egin zituen han-hemen, eta, bereziki, elkartasuna adierazi zieten Txetxeniako LGTBI mugimenduko kideei, jasaten ari diren jazarpenagatik. Iruñean, «elkar musukatzeko ekitaldia» egin zuten.