ure emakumeak bortxatzera datoz

Hedabideek erruz informatu dute Coloniako bortxaketa “oldeaz”. Iritsi al da sexu indarkeria estatu mailako gai bihurtu dela ospatzeko garaia? Ala emakumeen borrokak populazioaren sektore batzuk kriminalizatzeko eta politika arrazistak egiteko erabiltzen diren ohiko adibide baten aurrean gaude?

Irudian, sexu indarkeria hutsaltzat hartzeagatik salatutako Calvin Kleinen iragarkia

“Bortxatu gaituztenak beste batzuk izan direlako aztoratu da eremu atzerakoiena. Eta gu gure gizonek baino ez gaituzte bortxatzen”. Irudian, sexu indarkeria hutsaltzat hartzeagatik salatutako Calvin Kleinen iragarkia

Alemaniako Colonia herrian 516 salaketa jarri dituzte Urte Zahar gauean ehunka gizonek emakumeei egindako erasoak medio. 237 salaketa sexu erasoengatik jarri dituzte. Fokua ordea, erasotzaileen jatorrian jarri dute hedabideek, errefuxiatuak omen. Pikara Magazine aldizkari digitalean Brigitte Vasallok, bere artikuluan, azpimarra lekuz aldatu du: sexu erasoak erdigunean, eta ez erasotzailearen kolorea, klasea edo erlijioa.

Ondoko lerroetan artikuluaren pasarte batzuk dituzue itzulita:

“Gertaera horren berezitasuna erasotzaileen balizko jatorrian fokua jarri izana da. Ipar Afrikakoak. Atzerritarrak. Xehetasun hori azpimarratzea biziki kezkagarria da. Tranpa da. Europa ez da bihurtu feminista Urte Berriarekin, baizik eta beti bezain arrazista izaten jarraitzen du. Jai giroan gertatzen diren sexu eraso guztiek, izan Colonian, Cairon edo Bartzelonan, amankomunean dutena ez da erasotzaileen jatorria edo kolorea, baizik eta erasotzea sexualitatearen zati bat izan daitekeela pentsarazten dieten eraikuntza. Erasotzaileak ez dira zuriak edo beltzak, kristauak edo musulmanak: maskulinitate hegemonikoan eraikitako gizonak dira. Ez gehiago, ez gutxiago.

Irakurketa honek ez ditu muturreko eskuinaren, eskuin tradizionalaren, eta ezkerreko matxismoaren txaloak jasoko. Aldiz, irakurketa honek, feminista gisa, arrazismoaren aurka kokatzen laguntzen digu eta eraso horien aurka neurriak hartzen jarraitzeko eskatzen.

Bortxaketaren kulturatik salbu, zoritxarrez, ez dago inor, ezta Ipar Afrikakoak ere. Mundu globalizatuko gizon guztiak, jaio direnez gero, bortxatzera bultzatuak dira. Zine meanstream-arekin hazten diren guztiak, internet daukatenak, sexu heziketa bakartzat biologiako eskuliburuak dituztenak eta interneteko pornorik txuskoena kontsumitzen dutenak. Gizarte patriarkaletan bizi diren guztiak, zeinetan maskulinitatea erakustea sexualitate erasokorra eta konkistatzailea azpimarratzea den. Denak akuilatzen dituzte era batera edo bestera bortxatzera, indarkeria erabiliz, jo eta ke bakerik eman gabe arituz, bestea nekatuz… Denek ikasten dute ‘ez’ ‘agian bai’ dela, autobusean neska bati ipurdia ukitzea doan dela eta berotzen bazara saria eskatzeko eskubidea duzula.

Bortxatu gaituztenak beste batzuk izan direlako aztoratu da eremu atzerakoiena. Eta gu gure gizonek baino ez gaituzte bortxatzen. Emilia Ariasek Pikara Magazinen argitaratu zuen Tetas y torosartikulua irakurri besterik ez dago, sanferminetako sexu indarkeria hizpide zuela.

Bortxaketaren kultura sasoi betean dago eta salatzen saiatze hutsak indarkeria itzela sortzen du. Parranda gauean mila gizonek emakumeak erasotzea ez da delinkuentziaren dimentsio berria: betiko dimentsioa da.

Egin duten jokoak purplewashing izena du: tankera faxista eta arrazistako errepresio politikei aurpegi garbiketa feminista egitea. Xenofobiari jaten eman ‘gure emakumeak’, ‘gure homosexualak’, ‘gure pertsona transak’ defendatzeko. Horiek bat-batean mehatxatu dituzte ar oldarkor eta LGTBI-fobikoek, zeinak gure paradisuko mugez haratagotik datozen. Duela astebete Alanen erailketaz ari ginen hitz egiten, ikaskideek jazarri zuten Bartzelonako institutu batean, inguru isilaren onarpenarekin. Ezin dugu onartu gure izena alferrik erabiltzea. Ez dira haiek: gu gara.

Sexu erasoak beharrean, erdigunean erasotzailearen kolorea, klasea edo erlijioa jartzeak errealitate ankerra alboratzea esan nahi du: sexu erasoak sistemikoak dira, eta sistema da aldatu behar dena. Goitik behera. Atzerakoiei horrek ez die grazia handirik egiten.

Arrazismoa eta generoa

Arrazagatiko zapalketari arretarik jartzen ez dion feminismoa bezain ezdeusa izango da generoa aintzat hartzen ez duen arrazakeriaren kontrako borroka. Hondamendi beraren zati dira, premiazkoak dira aliantzak hau beso guztiekin, oihu guztiekin eta gorputz guztiekin gelditzeko. Bortxaketak salatzea ez dezaten erabili arrazakeria eraikitzeko, beti salatzeko aukera izan dezagun, beti egunkarietan atera dadin, beti alkateek premiazko neurriak har ditzaten. Neurriek behar duten tokian eragin dezaten: ez klasean, ez arrazan, ez jatorrian. Baizik eta maskulinitate gerrero, konkistatzaile eta bortxatzailearen eraikuntzan”.

“Gizonon prostituzioa botere posizio handiagotik egiten da, emakumeenarekin alderatuta”

Mikel Garcia Idiakez

Jarduna klandestinitatean egiten da

“Jarduna klandestinitatean egiten da. Bezero asko hetero ezkonduak dira eta horiek inoiz ez lukete faktura bat sinatuko”, dio Paralel txaperoak. (Irudia: Elie Grekoff)

Lau emakume prostitutari egindako elkarrizketak eztabaida ugari eragin ostean, gizon prostitutu batelkarrizketatu du Hibai Arbide Aza kazetariak. Hona hainbat pasarte euskaratuta.

Paralel prostitutuak txapero gisa identifikatzen du bere burua, gizonekin baino ez ditu harreman sexualak eta bere hitzetan, “gizonen prostituzioa botere posizio askoz handiagotik egiten da, emakumeenarekin alderatuta, eta hori rol banaketagatik da. Bezeroak ez du gauza bera nahi neska batengandik edo txapero batengandik. Patriarkatuak inposatzen dizkigun rolak direla medio, neska batengan zerbait otzanagoa bilatuko du, delikatuagoa, arretatsuagoa… Baina txaperoez ari bagara, mutilek zerbait bortitzagoa bilatzen dute, harroagoa, txuleskoagoa, boteretsuagoa… Bezeroek tipo gogor bat nahi dute. Zentzu honetan, txaperoa inoiz ez da beldur izango bezeroak joko ote duen”.

Bezeroez, estigmaz eta legeztatzeaz

“Txapero askori lan eskubideez hitz egiten diezu eta barrez lehertzen dira. Batetik, ez dutelako zergetan utzi nahi irabazitako diru zati bat. Eta batez ere, askok nahi ez dugun onarpen publikoa ekarriko lukeelako. Estigmarik ez dagoen arren, jarduna klandestinitatean egiten da, hala bilatzen dugu bai guk bai bezeroek. Klandestinitatea ezinbestekoa da mutilon kasuan. Bezero asko eta asko hetero ezkonduak dira eta horiek inoiz ez lukete faktura bat sinatuko (…) Horretan trans-en antza dugu: gure bezero gehienak eskuin kontserbadoreko gizonak dira”.

Bestalde, saunan, diskoteka berezietan edo interneteko iragarkien bidez jartzen dira harremanetan txaperoa eta bezeroa, Paralelek dioenez. “Baina kalean ez dago prostituzio maskulinorik, beraz ez du prostituzio femeninoak duen ikusgarritasunik eta ez du haien errepresioa jasaten. Gurea festarekin nahasten da asko, beste testuinguru bat da”.

Sandra, Janet, Verónika eta Paula

Joan den ekainean, lau prostituta elkarrizketatu zituen Arbide Azak. Besteak beste, estigmaz galdetu zien. “Beti sentitu naiz ahaldundua eta prostituta aritzeak nire autoestimua sendotu du. Nire buruaz oso seguru nago. Baina aldi berean, puta izatearen estigma bizi izan dut urte luzez”, dio Paulak. “Hori da prostituzioaren okerrena: estigma”, gaineratzen du Sandrak.

Emakumeen salerosketaz galdetuta, hala dio Sandrak: “Prostituta guztiak salerosketaren biktima garela esateak libreki ari garenon jarduna ikusezin bihurtzea dakar eta akats handia da, benetako biktimak antzeman eta lagundu nahi badira”.

“Ea libreki lan egin dudan? –Paulak– Gizarte honek ematen dizun askatasunean. Inork ez du aske lan egiten testuinguru kapitalista honetan. Bizi garen lan, kultur eta gizarte testuinguru honetan, ia inori ez zaio gustatzen egiten duen lana. Nik ez nuen nire burua derrigortuta sentitu, bizimodu lasaia eramateko nuen irteera izan zen”.

“Pertsona batek zenbat eta eskubide aitortu gutxiago izan –gaineratzen du Paulak, batez ere etorkinak buruan–, orduan eta errazagoa da hura esplotatzea. Zenbat eta ahulagoak izan, orduan eta errazagoa izango da salerosketaren biktimak izatea. Nik ikusi dudanagatik, klubetan ematen da salerosketa handiena, emakumeak itxita dituztelako”.

Sexuaren industria

“Sexuaren industriari aurre egitea da gure helburua, esplotazioa amaitzeko –dio Verok–. Industria pornografikoaz ari naiz, lokalez, burdelez, putetxeez… Beste pertsona batek eskaintzen dituen sexu zerbitzuekin enpresario bat aberasteko sortu den edozein egituraz. Deuseztatu behar dugun patriarkatuaren ondarea da sexuaren industria”.

Prostituten eskubideez ere mintzo dira elkarrizketatuak. “Lehenengo gauza da ikusezin dena ikusgarri bihurtzea. Existitzen garela eta langile kolektibo bat garela aitortzea, politikoki ez-zuzena irudituko zaien arren errealitatea delako hemen gaudela: jardutea erabaki dugun emakumeak gara, arrazoiak arrazoi. Arautzeko modu logiko bakarra da langileak aintzat hartzea, bitartekaririk gabe”, uste du Janetek.

“Prostituzioa lanbide bat dela aitortu behar dute legeek eta ondorioz lan eta gizarte eskubideak arautu behar dira, gainerako langileekin egiten den moduan”, dio Sandrak.

 

Abel Azconaren erakusketak aurrera jarraitzen du, bere obra batzuk “desagertu” ondoren

Iruñeko Udalak artistarekin adostu du erakusketa irekita mantentzea baina desagertutako obra berrezarri gabe.

pederastia-abel azkona

Azaroaren 20tik Iruñeko “Erorien Monumentuan” ikusgai dago Abel Azcona artista nafarrarenDesenterrados bilduma, oroimen historikoaren inguruan. Bertako obra batek baina sektore ultra-katolikoen erreakzioa ekarri du. Hainbat argazkitan ikus zitekeen Azcona ogi pusketa edo ostiekin “Pederastia” hitza idazten.

Sexu abusuen eta pederastiaren itzala Eliza Katolikoaren oso gainean egon da azken urteetan. 2014an Vatikanoak lehen aldiz azalpenak eman behar izan zituen publikoki Nazio Batuen Erakundean. Honekondorioztatu zuen Elizak ez duela nahikoa egin erakunde barruan adin txikikoen sexu-gehiegikeriekin amaitzeko.

Frankismoan Elizak haurren kontra izandako jazarpena azaltzen duten hainbat testigantza ere argitaratu da azkenaldian. Kataluniako TV3 telebista katean, esaterako, Els internats de la por  (Beldurraren barnetegiak) estreinatu zuten joan den maiatzean. Barnetegi horietan elizgizonek haurrei egiten zizkieten basakeriak agerian uzten ditu dokumentalak.

Erakusketaren kontrako erasoak

Azconaren obra Franco hil zela 40 urte bete direnean jarri dute, Emilio Mola eta José Sanjurjo militar golpistak lurperatuta dauden toki berean. Egileak berak azaldu duenez, ostia horiek elizkizunetan jauna hartzeko itxura eginez eskuratu omen zituen:

tweet abel azcona 1

Erakusketaren kontrako eraso fisikoak eta artistaren kontrako mezuak etengabeak izan dira egunotan. Hainbat elkarte erradikalek kereila jarri dute ostiak “profanatzeagatik”. Bestalde, pintaketak azaldu dira Iruñean barrena eta katolikoek bilkura eta errezo harrigarriak egin dituzte eraikin barruan; zenbaitentzat ez dago argi obrari loturiko “performancea” ote den hori guztia. Sare sozialetan ere oihartzun handia izan du gaiak:

tweet abel azcona 2 tweet abel azcona 3

tweet abel azcona 5 tweet abel azcona 6

Joseba Asiron Iruñeko alkateak asteartean esan zuen “adierazpen askatasunaren aldeko konpromiso ukaezina” duela baina hitzartutako erakusketan ez zela ageri pederastiarekin loturiko edukirik eta aitortu zuen “sentsibilitate batzuentzat iraingarri” izan zitekeela obra zehatz hori.

Asteartean ostien argazkiak zekartzan pieza “desagertu” egin zen. Udalak eta artistak erakusketarekin aurrera jarraitzea erabaki dute, baina desagertutako pieza berrezarri gabe.

Ez mutil ez neska sentitzen direnen aldarria, generorik gabe bizitzea

Hirugarren generoa aintzat hartzeko eskatu dio Obamari Sasha Fleischman-ek.

Hirugarren generoa aintzat hartzeko eskatu dio Obamari Sasha Fleischman-ek.

Sasha Fleischman nerabea lo geratu zen eskolara zihoan autobusean, eta bi gaztek su eman zioten. Arrazoia: gona eta gizonentzako alkandora eramatea soinean. Pertsona neutroa sentitzen dela adierazteko janzten da horrela Fleischmann, ez emakume eta ez gizon. Gertaeraren bigarren urteurrena izan da azaroaren 4a.

San Frantziskon gertatu zen, AEBetan, eta bigarren eta hirugarren mailako erredurak jasan arren, hiru aste eta erdiz ebakuntza ugari egin ostean onik atera zen Fleischman. Berriak hautsak harrotu zituen, ikasle eta irakasleak gona jantzita joan ziren bere ikastetxera, babesa erakusteko, eta sexu maskulinoarekin nahiz femeninoarekin bat egiten ez dutenen mugimenduaz argazki-erreportajea kaleratu zuten San Frantziskoko aldizkari batean: The Shadow Sex.

Sexuak ez dezala gure nortasuna definitu

Sexuak eta generoak baldintzatuko ez dituen jantziak, pentsamoldeak, enpleguak, sexu-harremanak… aldarrikatzen dituzte mugimenduko kideek, generoak markaturiko kortse sozial eta espektatibetatik aske bizitzea, mundua ez dadila “mutilentzat” eta “neskentzat” aukera bitarrean banandu, sexua ez dadila izan norbere burua eta nortasuna definitzeko arrazoia.

Auzitan jarri nahi dute gure gizartean zer esan nahi duen gizon edo emakume izateak. Hirugarren genero bat (genero neutroa) aintzat hartzeko ere eskatu zion Sasha Fleischmanek Barack Obama AEBetako presidenteari. Eskaerak 27.000 sinaduraren babesa lortu zuen.

Sexua, basakeria, maitasuna eta heriotza Berlinen

Sexua, basakeria, maitasuna eta heriotza Berlinen

Azken boladan, beldurrezko istorioez osaturiko antologiak egitea, modan dagoen joera bat dirudi (V/H/S,  Tales of Halloween ala urrutira joan gabe,  EHaren ABDAak adibidez).  Kasu honetan “German Angst “(Beldur Alemana),  hiru istorio odoltsu, erotiko eta basatiz osaturiko lan bat. Normalean, mota honetako proiektuen akats nagusiena, guztien arteko adostasun falta izaten da. Hau da, filma osotasunean hartuz gero, irregulartasun sintomak ageri direla. Batzuk kalitate aldetik bereizten diren bitartean, besteak hondoratu egiten dira. Zorionez, ez da lan Alemaniar honen kasua izan. Egia esan, hiruren artean, normalean mota honetako lanetan faltatzen den oreka hori ikusi ahal izan dut, bai forman eta baita edukian. Istorio aldetik zeharo desberdinak diren arren, teknikoki behintzat, maila berean daudela iruditzen zaidalako.

Hasteko, “Final Girl”Jörg Buttgereit egina , besteak beste, NEKRomantik film mitikoaren zuzendaria. Hiruretatik ezohikoena beharbada, elementu gutxi erabiliaz eta eszenaratze xumeagoa erabiliaz.  Apartamendu zikin eta nazkagarri batean, bakarrik bizi den neska baten istorioa kontatzen digu. Logelan gizon bat aurkitzen da, lotua eta ahoa bozatua duela. Pertsonaia gutxi eta elkarrizketarik ez.Off ahots baten salbuespenarekin, nire ustez modu egokian erabilia gainera.  Bigarrena, “Make a Wish” , Michal Kosakowski zuzendariarena. Koadrila batengatik erasotuak izango diren bikote gor-mutu bat. Ikusteko “zailena” agian, begirada pantailatik kentzeko desira, behin baina gehiagotan pizten duen kontakizuna delako. Ez bakarrik ikusgai den basakeria horrengatik,  baizik eta guztia, tonu negatibo eta kaltegarri batek bustitzen duelako. Hirugarrena eta azkena, antologia honi amaiera ezin hobea ematen dion “Alraune”, Andreas Marschall-ek zuzendua. Mandragora landarearen bitartez eginiko droga bati esker, esperientzia sexual harrigarri bat bizi nahi duen tipo baten inguruko kontakizuna.  Nire ustez, onena ala behintzat biribilena. Estetikoko oso landua eta eduki erotiko-surrealistago batez hornitua.

Orokorrean beraz,  proiektu interesgarria eta orekatua. Berlingo zoko ilunei buruzko kontakizun sadikoa, eldarnio hutsa. Erabaki bikaina iruditu zait gainera, bideo analogikoak eskaintzen duen ehundura zikin hori eta gore ez digitalaren erabilpena, erabateko gai eta estetika esplizituz itsatsiz. Inor engainatzen ez duen filma azken finean, aurretik dakigulako zer topatuko dugun eta zentzu horretan behintzat, ez da batere iruzurgilea. Genero honen jarraitzaile eta zaleentzat ezinbestekoa.Gainerakoentzat, ordea, hobe ez gerturatzea.

Hiru emakume elkarrekin “ezkondu” dira Brasilen

poliamor

Argazkiko andregaiak Brasilgo telenobela batekoak dira. Argazkia: Avenida Brasil /TV Globo.

Notariotzara joan eta haien harremana erregistratu dute. Haurra izateko asmotan dira. Familia tradizionalaren eredua hankaz gora jarri dute.

Ez da ordea, Brasilen halakorik gertatzen den lehenengo aldia. 2012an bi emakume eta gizonezko bat “ezkondu” ziren notariotzan.

Notariotzan erregistratuta, familiatzat hartzen da hirukotea, ondasunen banaketa egin dute eta hiruretako batek beste biek izan ditzaketen osasun egoera berezietan erabakiak har ditzake. Bakoitzak bere testamentua egin du.

2016an hiruretako batek intseminazio artifizial bidez haurra izateko asmoa duela adierazi du hirukoteak, eta hiruren abizenak izatea nahi dute. Haurra izan nahi duenak honela hitz egin du O Globo egunkarian: “Familia gara. Maitasunaren fruitua da gure batasuna. Haurra eta gutako inor babesik gabe gera ez dadin legalizatu dugu gure harremana. Edonork dituen eskubideez gozatu nahi dugu, baita ama izateko aukeraz ere”.

Brasilgo auzitegietan ez dago jurisprudentziarik halako elkartzeen aldeko edo aurkako epaiak emateko. Beraz, kasuan kasuan interpretazioak egiten dira. Hirukotea “ezkondu” duen Fernanda de Freitas notarioak dio familiaren zutabea maitasuna dela eta hiru emakume horiek ezaugarri guztiak dituztela familia izateko: maitasuna, harreman egonkorra, haurra izateko gogoa…

Lege aldetik sortzen diren arazoen aurrean honela mintzatu da notarioa: “Bikote homosexualak ofizial egiten hasi nintzenean gauza bera gertatzen zen, ilegal ari nintzela esaten zidaten. Tradizioa gainditzen duten elkartze guztiek bidea irekitzen diete besteei”.

Aurkakoen ustez, batze horrek ez du inolako balio legalik, batura bakarra bi pertsonen artean egin baitaiteke, izan sexu desberdineko edo sexu bereko. Poligamia litzateke konstituzioaren begietara. Aldiz, Brasilen bezala mundu zabalean berria ez den kontzeptuak indarra hartu du, polimaitasunak. Bi pertsona baino gehiago maitasun eta sexu harreman egonkorrean murgiltzen direnean polimaitasuna deitzen zaio. Brasilen bertan, Río de Janeiron, polimaitaleek topaketak eta festak antolatzen dituzte sare sozialen bidez. Poliencontro izeneko bilkurak bi pertsona baino gehiagoren arteko maitasun harremanez gogoetatzen du.

Brasilgo Estatistika Institutuak ez ditu polimaitaleak jasotzen familia ereduaz egindako inkestetan, baina garbi azaltzen da familia eredu tradizionala (aita, ama eta umeak) ez dela gehiengoaren hautua. 2013an aita-ama eta haurren familiek ehuneko 43,9 biltzen zuten; %19,4 haurrik gabeko familiak ziren; etxeen %16,5ean ama ezkongabeak umeekin bizi ziren. Ondoren zetozen umeen ardura zuten aitak eta bikote homosexualak.

Polimaitasuna zer den bost minututan jakin nahi baduzue, umore bikainez azalduko dizue Alicia Murillok bideo honetan:

 

Transexualak babesteko adierazpena aurrera, UPN eta PP gabe

Nafarroako Legebiltzarra

Pertsona Transexualen Despatologiaren Nazioarteko Egunarekin adierazpena eraman dute Mahai eta Eledunen batzarrera kolektibo horren alde. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal duguk, PSNk eta Ezkerrak babestu egin dute eta UPN zein PP abstenitu egin dira.

Nafarroako Parlamentuaren izenean adierazpen horrek jasotzen duena da, babesa ematen diotela aktibista talde horrek transexualen alde egindako lanari eta transexualen patologizazioaren aurka. Horrez gain, herritarrei dei egiten diete heldu den urriaren 24an antolatu dituzten ekitaldietan parte hartzera. Transexualen eskubideen alde egitera deitu dute gizartea.

Nafarroako Parlamentua “transfobiarik gabeko gunea” dela ere jaso du adierazpenak eta transexualen aurkako erasoak salatu ditu. Horrez gain, legea indartzea ere adostu dute.

(Albistea CC lizentzia baliatuta ekarri da Euskalerria Irratitik. Hemen originala)

 

Konta niezazueke…

Konta niezazueke orain gutxi Bilboko Udalak hartu duela erabaki polemiko bat: Egirleta mendatearen ingurumarian gizonezkoen arteko ligea (cruisinga) debekatzea. Ziur aski urtetan hartu duen deliberorik surrealistena da, esperpentotik asko daukana. Izan ere, ezina baita non eta mendian mutiletan ibiltzea, edo zirriak edota txortan egitea bera ere debekatzea. Debekatzea akaso bai, baina eragoztea ez. Esan gabe doa: frankismoak lortu ez zuena ez dute orain lortuko PPk (proposamena aurkeztu zuena) eta PNVk (aldeko botoa eman zuen alderdi bakarra).

Konta niezazueke azken boladan antza gehitzen ari direla eraso homofoboak, zeintzuk hipokresiaz salatzen baitituzten arestian aipaturiko debekuak gauzatzen dituztenek eurek. Hipokresiaz diot, zeren holako galarazteekin pertsonon askatasuna murrizteaz gain, gizarteari helarazten dioten mezua baita sexu berekoen arteko harremanak ez direla zilegi eta, nolabait, hainbati justifikazioa ematen baitiote iseka egiteko edota fisikoki erasotzeko ere.

Konta niezazueke nola politikari batzuek euren homosexualitatea modu partidistan erabiltzen duten solidario eta moderno itxura eman gura izateko, gero jokamolde xenofobo eta arrazista izaten badute ere. EAEn azkenaldian ezagutu dugu armairutik publikoki irtetea sinpatia politikoak eragiteko erabili duenik; are gehiago, irudi publikoa leundu nahian, bere ezkontza ere erabiltzeko gauza izan denik ere izan da.

Konta niezazueke, beste arlo batera salto eginez, nola askotxotan, gero eta gehiagotan tamalez, etsita sentitzen naizen euskaldunok euskarari benetan zer estimu txikia diogun ikusirik, behin folklorekerietatik irtenda behintzat. Adibidez –eta adibidea baino ez da– Aitor Mazo zendutakoan profesiokideek egin zioten omenaldian ia dena izan zen erdara hutsean. Mingarria suertatu zitzaidan noren eta Carlos Paneraren ahotsetan (Aitor antzerkigintzan hasi eta euskara hutsezko antzerkia egiteko sortu zen Maskaradako zuzendaria) laudoriozko hitzak erdara hutsez entzun behar izatea, edota Aitorren lankide eta lagun min Asier Ormazarenak… Ene aburuz, duintasuna erakutsi zuen bakarra haren alaba Nerea izan zen, aitari gutun hunkigarria irakurri baitzion euskara hutsez.

Ene! Oraindik zertaz idatzi ebatzi gabe amaitu zait espazioa!

 

Identitatea ez dago hankartean, buruan baizik

Transexualitatea ikus dadin, eta transexualitateaz ikas dadin, Usurbilen argazki erakusketa eta ikus-entzunezko emanaldiak prestatu dituzte.

Usurbilgo Sutegi aretoan izango da argazki erakusketa.

Usurbilgo Sutegi aretoan izango da argazki erakusketa.

Usurbilgo Udaleko Berdintasun  Saila eta Sutegi Udal Liburutegia dira antolatzaileak. Ekainaren 28a, Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen (LGTB) kolektiboaren Nazioarteko Askatasun Eguna, aitzakiatzat hartuta, erakusketek ekainaren 22tik 29ra iraungo dute.

Errespetuz elkarteak gizon transexualen inguruko argazki erakusketa paratuko du. Helburua estereotipoak apurtzea da, gizon batzuen eguneroko bizitza erakutsi nahi dute, eta alaitasuna, harrotasuna, adiskidetasuna transmititu nahi dituzte.

Chrysallis, Sexune eta Errespetuz taldeek antolatuta, dokumentalak, spotak, kartelak eta mezuak ikusi ahal izango dira.

Udal Liburutegiak eskura izango du paperean eta formatu digitalean baliabide gida, hau da, gaia lantzeko ipuinak, liburuak, filmak eta abar edonoren esku jarriko ditu.

“Badaude zakila duten neskak eta bulba duten mutilak”

Aingeru Mayor sexologoa, transexualitate egoeran dagoen neska baten aita eta Chrysallis Euskal Herria Elkarteko lehendakaria: “Haurrari lagunartean jolastea dagokio, eta ez borrokan aritzea”.

Aingeru Mayor2

Udaleko Sexologia Zerbitzuak antolatuta, gaur arratsaldean [ekainak 3] “Zakila duten neskak, bulba duten mutilak. Ulertu, senti zaitzaten gertu” hitzaldia izan da. Hizlari-lanetan Aingeru Mayor aritu da, sexologoa, transexualitate egoeran dagoen neska baten aita eta Chrysallis Euskal Herria Elkarteko lehendakaria.

Badira barrabilak eta zakila duten emakumeak eta baita bulba duten gizonezkoak ere. Ikerketa desberdinen arabera, 15.000 pertsonatik edo 1.500 pertsonatik batek ditu ezaugarri horiek. “Oso txikitatik oso argi daukate neskatila edo mutikoa direla”, eta neskatila sentitzen den haurrak “ez du esaten niri mutila izatea gustatuko litzaidake”, argiki esaten du “ni neska naiz”. “Gurasoek edo jendeak identitate hori ukatzen badiote, edo berataz barre egiten badute, haurrarentzat egoera oso latza da, bera ukatzen ari baitira”. “Bera dena ukatzeko, gainera, bere genitalak seinalatzen dira: ‘Zuk zakila duzu, beraz mutila zara; zuk bulba duzu, beraz neska zara’. Eta horrek eraman dezake haurrak bere genitalak gorrotatzera”. Bera dena izaten ukatzen bazaio “gerta liteke bere burua ezin definitzea, eta jokabidea itxiagoa izatea. Eta haur guztiei bezala lagunartean jolastea dagokio, eta ez borrokan aritzea”.

Gurasoek bizitutako faseak

Aingeru Mayor aitak hitzaldian konpartitu bezala, fase ezberdinetatik igaro zituzten guraso bezala. “Hasieran harritzen gintuen bera neska zela adierazten zuenean. Pentsatzen genuen (pentsatu nahi genuen) haurrak aurrerago bere burua argituko zuela, definitzen joango zela. Beldurra ere sentitu genuen (haurrak etorkizunean sufritu beharko lituzkeenen beldur). Baina berak hasieratik zuen dena argi, hasiera-hasieratik definitu zen, gu ginen definitu behar ginenak”. “Bere arrebaren soinekoak janzten zituen, eta kalera horrela jantzita atera nahi zuen. Guk uzten genion eta inguruko jende baten begiradak, epaiketak, galdera zorrotzak (‘baina nola uzten diozue zuen semeari kalera horrela irtetea?’) jasaten genituen”.

Teoria psikologiko batzuk baieztatzen dute 7-8 urte bete arte ez dela sexu-identitatea finkatzen. Aingeru Mayor sexologoak azaldu du hori ez dela egia, baieztapen horiek ez dutela inongo oinarririk, eta haurren sexu-identitatea hitz egiten hasten direnerako finkatuta dagoela. “Gure haurrak bi urterekin ‘guapo ez, guapa’ esaten zigun argi eta garbi”. “6 urte zituenean, goizetan negar egiten zuen: Janzteko orduan ispiluan begiratu eta kontuan hartzen zuen besteen aurrean ikastetxean, kalean,… zein itxura izango zuen, zer esango zioten besteek. Eta ez zuenean arropa egokia aurkitzen negar egiten zuen”. Egun batean ikastetxean “mutil handiago batek esan zion ‘zu mutila zara zakila daukazulako’ eta orduan nire beste alaba defendatu zion esanez ‘zuk uste baduzu mutila dela bale, baina ez esan berari zer den edo zer ez den, utziozu bakean’. Egun hura guretzat detonantea izan zen”. Izan ere, “gurasook argi posizionatzeko ordua iritsia zela ikusi genuen. Zorionez Chrysallis elkartearekin kontaktuan jarri ginen, eta hori guretzat oso lagungarria izan zen”. Orduan gurasoek haurrari galdetu zioten: “Nahi duzu jendeari esatea argi eta garbi zu neska zarela?”. Haurraren erantzuna ere argia eta garbia izan zen: “Bai, noski”. Gurasoek hala egin zuten, eta “oro har jendearen erantzuna oso positiboa izan zen”. Egoera berrian “gure alaba askoz lasaiago bizitzen hasi zen, besteek bera dena onartzeko borrokatzeari utzi ziolako”. Espero dezagun gauzek bide horretan jarraitzea.

Oharrak

Artikulu hau Mondraberri.com -etik hartua izan da. Ekainaren 5ean argitaratu genuenetik hainbat zuzenketa jaso ditu jatorrizko bertsioak. Berauek inor mindu badute, asko sentitzen dugu hedapenean parte hartu izana.