LGTBI zentro bat irekiko du Iruñeko Udalak abenduan

LGTBI (Lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexual) zentroak abenduan zabalduko ditu ateak. Sexu eta genero aniztasuna tratatuko ditu eta arreta sexologiko eta psikosoziala eskainiko du.  

lgtbi-zentro-bat-irekiko-du-iruneko-udalak-abenduan

LGTBI zentro bat irekiko du Iruñeko Udalak abenduan

Iruñeko San Gregorio kaleko 28. zenbakian egongo da LGTBI zentroa. Abenduan jarriko dute martxan, eta sexu eta genero aniztasunari buruzko formazio eta informazioa eskainiko dute bertan.

Sexu orientazio edota genero eraikuntzari dagokionez, “irizpen heteronormatiboekin bat ez datozen” pertsonei zerbitzua eman nahi die Iruñeko Udalak. Sektore hauek oraindik ere bazterkeria eta mespretxua jasaten dutela adierazi dute udaletxetik. Hori dela eta, arreta sexologiko eta psikosoziala eskainiko die pertsona eta familiei. Horrez gain, homofobia, lesbofobia eta transfobiaren gaineko prebentzio eta sentsibilizazio ekimenak ere antolatuko ditu zentroak.

Ordutegiari dagokionez, zabalik egongo da astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara bitartean.

XABI SANCHEZ GORONAETA. SEXUA ERDIGUNEAN JARRITA “Sexuan arreta jartzea gorputzera itzultzea da”

ruñeak badu LGTBQI politikak garatu ahal izateko bulegoa. Kattalingorriko kideak gogor ibili dira lanean azken hilabete hauetan, ikasturte berriarekin batera bulegoko baliabide guztiak martxan jarri ahal izateko. Ekimena ez dator komunitate zehatz bati zerbitzu asistentziala ematera bakarrik, gizarte osoari egin nahi dio ekarpena: erreferentzia sexologiko berri bat izan nahi du pertsona guztientzat.

xabi-sanchez-goronaeta

XABI SANCHEZ GORONAETA. SEXUA ERDIGUNEAN JARRITA

Sexua ala generoa, non jarri arreta?
Argi dago eraldaketa sozialean urratsak emateko bietan lan egin behar dela. Halere, uste dut azken urteetan denbora gehiago eskaini diogula generoaren auziari sexuari baino. Hamaika teoria garatu dugu horren inguruan eta asko aldendu gara sexutik. Generoa sexu soziala da, gertatzen dena da genero izena eman diogula, baina funtsean sexutik eratortzen da. Nire ustez, sexutik aldentzean “gorputzak” eskaintzen duen osotasunetik urruntzen gara, baita norbanakoen artean ematen den elkartzetik (enkontrutik) ere.

Sexutik aldentzean, zer ahazten dugu?
Norbanakoak elkartzean ematen diren aukerak, berezitasunak eta aldagaiak. Sortzen ditugun harremanetan, arreta jartzen dugunean, konturatzen gara generoaren eta botere harremanen inguruko teorizazio guztiak ez direla nahikoa enkontrua bera ulertzeko. Sexua bizitzea pertsonen arteko erlazio moduak zentrora ekartzea da: azken batean, hainbeste teoriaren artean, nola demontre egiten dugu zuk eta biok elkarren arteko harremana gauzatzeko? Badakigu subordinazio egoerak bizi gaituela, baina ez dakigu nola harremana egin elkarrekin.

Gure inguruan, zein da esparru honetan ikusten duzun beharrik handiena?
Euskal Herria oso herri bizia eta bitxia izan da beti. Dena dela, edozein herrialdetan dagoen bezainbesteko aniztasuna dago hemen, ez gara bereziki ezberdinak zentzu horretan. Alabaina, egia da Euskal Herrian korronte politiko handien eragina nabarmena izan dela; esate baterako, feminismoak potentzial izugarria dauka. Baina berriz ere diot, buruan eta teorizazioan gehiegi aritu gara eta gorputzaren ingurukoak ahaztu ditugu gehiegitan. Sinistuta nago gorputzaren inguruko ezagutzak eta jabetzeak potentzial politiko handia izan dezakeela, eta gurean horretaz jabetzea askapen prozesuetarako erabakigarria izan daitekeela.

LGTBQI kolektiboak eta feminismoak bat egiten duten une hori; zein da?
Nire ustetan gehiago elkartu beharko lirateke; iturburu errepresibo berbera konpartitzen dute, heteropatriarkatua, hain zuzen. Halere, oso bilakaera ezberdina izan dute. Emakumeen borroka batetik, homosexualitatearena bestetik eta transexualitatearena azkenik. Ordena honetan garatu dira aldarrikapenak, neurri batean itxarote-zerrendak eta hierarkiak izan badirelako.

Eskua emanda aritu beharko lirateke, beraz?
Jakina. Eta ez dut kritika modura esaten, azken batean, jendea gauzen alde mobilizatzen denean mugitzen dira gauzak, eta emakumeen aldeko borrokak jende asko mugiarazi du. Halere emakume/gizon kategoriak aldarrikatzea politikoki baliagarria izan badaiteke ere, nire ustez intersekzionalitateaz hitz egiten hasi behar gara. Aliantza horrek, beraz, horretan egin dezake indarra: nola egin dezakegun denborarekin binarismoa gainditzeko eta bestelako identitateak aldarrikatzeko.

LGTBQI, gero eta gehiago luzatzen den terminoa…
Ulergarria da guztiz. Pentsa, pertsonen baitan ordena guztietako maskulinoek eta femeninoek bat egiten dute: sozialek, kulturalek, endokrinoek, biologikoek… Horiek guztiek norbanako intersexualak garela adierazten digute, eta horrek ez du zerikusirik genitalitatearekin. Zentzu horretan, LGTBQI mugimendua kluster bat da. Akronimo horrek identitateaz eta orientazioaz hitz egiten digu: denborarekin adieraziz joan gara zer ari garen aldarrikatzen, eta aniztasun horri guztiari buruz hitz egiten dugu norbera nahi duen lekuan koka dadin.

Zein izan da Iruñean ireki berri duzuen bulegoaren ibilbidea?
Oso luzea izan da. Duela hamasei urte hasi ginen honen aldeko lanean Iruñean. Dena hasi zen EHGAMen geundenean LGTB zerbitzu baten beharraren inguruko eztabaida egin ondoren, Gomik eta biok Amsterdamera egin genuen bidaia batekin. Bagenekien han mugimendu asko ematen ari zirela. Egin kontu, udal igerilekuak igandeetan homosexualentzat irekitzen zituzten, elkargune bat izan zezaten, eta horrekin guztiz liluratu ginen. Handik etorri eta Kattalingorri bulegoa ireki genuen Iruñeko alde zaharrean. Hamasei urte pasatu dira eta oraingo honetan bulegoa martxan jartzeko lagundu diguten arte ez dugu izan inolako babes instituzionalik.

Honetan guztian, instituzioek zertan lagundu dezakete?
Bada, hasteko, publikoa dena esanahi berriz betetzen. Alor publikoa jendearen alorra da, ez gehiago eta ez gutxiago ere. Zentzu horretan udal baliabideak, hau da, jendearen baliabideak, LGTBQI komunitatearen esku uztea publikotasunari beste dimentsio bat gehitzea da. Pertsona horiek guztiak instituzioen zerbitzurik eta arretarik gabe egon dira, eta hori ez da zuzena. Edozein kasutan, ez da zerbitzu asistentzial bat bakarrik izango, gizarte osoari begirako kanpainak egin nahi ditugu. Erreferentzia sexologiko berria izan nahi dugu Iruñeko herritarrentzat.

Identitatea eta orientazioa

“Askotan gertatzen da identitatea eta orientazioa nahasten direla. Nire baitan elementu maskulinoak eta femeninoak aurkitzen ditut, ordena guztietako maskulino eta femeninoak, kontua da horiek nola bizi ditudan. Emakume femeninoa izateak –nolabait esatearren– ez zaitu heterosexual bihurtzen ezinbestean, eta alderantziz, gizon oso maskulinoak ezagutu ditut orientazio homosexuala dutenak”.

Sexu askatasunaren alde manifestazio jendetsuak Euskal Herrian

LGTB Harrotasunaren Nazioarteko Egunak Euskal Herriko hiri nagusiak koloreztatu ditu ekainaren 28an. Borrokarako, sexu askatasuna aldarrikatzeko eta aniztasuna ospatzeko egunean ortzadarra izan da protagonista.

LGTB Harrotasunaren egunez manifestazioa Bilbon

LGTB Harrotasunaren egunez manifestazioa Bilbon. (Argazkia: @EcuadorEtxea)

Hego Euskal Herriko hiriburuetan barrena manifestazio jendetsuak izan dira. Arratsalderako zegoen egina deialdia lau hiriburuetan eta ehunka lagun bildu ditu gay harrotasunaren eta aniztasunaren aldarrikapenaren egunak. LGTBfobiaren aurkako aldarriak nagusitu dira eta errefuxiatuekiko elkartasuna adierazi dute manifestariek. Bilbon, esaterako, Harrotasunak ez du mugariklelopean egin dute. Eredu tradizionaletik kanpo dauden errealitate ugariak aldarrikatu dituzte.

bilbo 2016-ecuador etxea

“Sexu askatasuna posible izateko, pertsonen duintasuna errespetatu behar da”

Urtero ohi duenez, EHGAM Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduak Urrezko Hirukia sariak banatu ditu gaur Bilboko Kafe Antzokian.

urrezko hirukia 2016

Iker Ortiz de Zarate, Imanol Alvarez, Javier Liñera eta Jon Koldo Vazquez

ker Ortiz de Zarate, Javier Liñera eta Jon Koldo Vazquez aktoreek jaso dute, euren ibilbide profesionalean LGTBI komunitatearen helburuekin bat datozen gaiak jorratzeagatik.

Bilbo Hiria irratiko koordinatzaile Ane Zabalak Imanol Alvarez EHGAMeko kidearekin eta Vazquez sarituarekin hitz egin du.

Ostegun feministak antolatu dituzte ekainerako Gasteizen

Ekainaren 28an ospatzen den LGTB kolektiboaren nazioarteko egunaren harira, egitarau zabala prestatu du Arabako Bilgune Feministak.

55463ostegun-feministak-2016

Ekainaren 28an ospatuko den LGTB kolektiboaren nazioarteko egunaren harira, Gasteizko Bilgune Feministak egitarau zabala antolatu du, besteak beste, tailerra, hitzaldia eta bideo emanaldia eskainiko dute.

Ostegun honetan, Sexu Langileen Nazioarteko Egunean, elkarretaratzea egingo dute 20:00etan Farolonen. Ondoren, ekainaren 9an gai hau lantzeko tailerra antolatu dute Las Otras kolektiboarekin batera. Ekainaren 16an berriz, Gure Genealogia Feministak liburuaren aurkezpena antolatu dute Emagin elkartearen eskutik.  Amaitzeko, ekainaren 23an Arrakala bideo emanaldia burutuko dugu.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra

Homofobia? Ze homofobia?

esku-ortzadar

Lesbiana bikote bati Billabesan ez musukatzeko eskatzea, “bidaiariak molestatzen” ari direlako; eskola-jazarpenik nagusienetakoa bullying homofobikoa izatea; arbitro gayak futbola uztea, irain eta barreen erruz “ezin dut gehiago” erabakita; EAEn galdekatutako gazteen artean 7tik 1ek erantzutea ez dutela homosexualik nahi auzoan; marrazki bizidun eta telesailetan hetero ez bestelako joerak irudikatzen direnean, behin eta berriz zentsuraren guraizeak agertzea; familia eredu berriei buruzko liburuak debekatzea eskoletan; transexualei nahi duten komunetan sartzea galarazten dien legea ateratzea Ipar Carolinan; Frantzian (besteak beste) homosexualek debekatuta izatea odola ematea; buruzagi erlijiosoek homosexualitatea gaixotasun bat dela esatea inpunitate osoz –“haurtzaroari lotutako zauri afektiboen ondorio”, Munillak argitu duenez–; sexu bereko pertsonei ezkontzeko aukera galaraztea hainbat herrialdetan –eta are gehiagotan haurra adoptatzeko aukera–; urtebetean EAEn 500 eraso homofobo baino gehiago salatzea…

Ez, telebistan gizon gayak garai batean baino bisibilazatuago egoteak ez du esan nahi homofobia eta transfobiarik ez dagoenik gure gizarte tolerante eta itxuraz aurrerakoian. Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da maiatzaren 17a eta aldarrikapen eguna izango da herri ugaritan, tartean Gasteizen: hainbat jarduera antolatu dituzte, errespetua eskatzeko, eta oraindik ere kolektibo honek jasaten duen eskubide urraketa, diskriminazioa eta estigmatizazioa tinko salatzeko.

LGTBIfobiaren kontrako eguna ospatuko du Gasteizek

1990eko maiatzaren 17an gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuen homosexualitatea Osasunaren Mundu Erakundeak. Data hori dela-eta, transexual, lesbiana, gay, bisexual eta intersexualenganako errespetua aldarrikatzeko jarduerak antolatu dituzte Gasteizen.

m17gasteiz2016

1990eko maiatzaren 17an gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuen homosexualitatea Osasunaren Mundu Erakundeak. Hori izan zen lehen urratsa, sexu-joera eta -identitatea onartuak izaten has zitezen, gizarteen berezko aniztasunaren baitako gisa. Ildo horretatik aldaketa eta aurrerapen ugari gertatu badira ere, transexual, lesbiana, gay, bisexual eta intersexualek (LGTBI)  diskriminazioa, estigmatizatzea eta bortizkeria jasaten jarraitzen dute.

Hainbat ekitaldirekin ospatuko du Udaleko Berdintasun Zerbitzuak data hori, LGTBfobiaren kontrako borrokan ahaleginak egiteko asmoz, kultura, hezkuntza, entretenimendua eta ezagutza baliatuz aniztasunarekiko errespetua sustatzeko.

Hitzaldia

Batetik, ‘Transgeneroak: teoria feministentzako erronkak’  hitzaldia izango da Montehermoso kulturunean maiatzaren 11n, 19:00etan, Cristina Garaizabal Elizalderen eskutik —aktibista feminista eta prestakuntza psikoanalitikoko psikologo klinikoa, eta sexu-aniztasunarekin eta generoarekin zerikusia duten arazoetan aditua—. Inmaculada Mujika Flores izango da moderatzailea, Aldarte / Lesbianei, gayei eta transexualei arreta eskaintzeko zentroaren sortzaile-kidea eta zuzendaria.

Zinema

Maiatzaren 16an, 18an eta 20an, zinema-erakustaldiaren egoitza izango da Montehermoso. 18:30etik aurrera izango dira emanaldiak, eta film hauek eskainiko dira:Closet monster, ingelesez, gaztelaniazko azpitituluekin; Pojkarna, suedieraz, gaztelaniazko azpitituluekin, eta Sangailés Vasara, lituanieraz, gaztelaniazko azpitituluekin.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra

Homofobia eta transfobiaren aurkako “agente aktibo” gisa aurkeztu da Bilboko Udala

Gizakien dibertsitatearen eta askatasunaren errespetuarekin “konpremetituta” dagoela azaldu du gaur Bilboko Udalak, eta “hartu beharreko neurriak har daitezela” eskatu du, dela legegintzakoak, dela administratiboak dela bestelakoak, “sexu orientazioan edo genero-identitatean oinarritutako tratu diskriminatzailea debekatzeko eta ezabatzeko Admnistrazioaren maila guztietan”. 

homofobiarik ez

Gaur bezalako egun batean, 1990ean, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea patologien zerrendatik atera zuen. Horregatik ospatzen da harrezkero maiatzaren 17ro Homofobia eta Transfobiaren aurkako eguna. Eta hori dela eta, Bilboko Udalak, alderdi politiko guztiek sinatutako adierazpenean, pertsona lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen aurkako “indarkeria eta diskrimizazio forma guztiak” gaitzetsi ditu. “Udal hau eskaintzen dugu eskubide horien urraketaren aurkako agente aktibo gisa eta pertsona horien benetako berdintasuna gure udalerriko eremu guztietan sustatzen duen eragile gisa”. Hala nola, herritarrei dei egin die Udalak “lan proaktiboa” garatzera homo-lesbofobia eta transfobiaren aurkako borrokan.

Udala “bereziki kezkatuta” agertu da homosexualitatea eta transexualitatea “oraindik ere kriminalizatuta daudelako zenbait herrialdetan. “Gainera, krimenek ez dutelako inolako zigorrik jasotzen”. Alde horretatik, Europar Batasunean integratuta dauden edo berarekin lotura estua duten herrialde batzuetan gertatutako “inboluzioa” kontutan hartuta, NBEri eta EBri eskatu die Udalak “arin eta inpartzialtasunez” joka dezatela, eta “urraketen egileak behartu ditzatela eragindakoaren ardura hartzera eta auzitegian agertzera”.

Zazpi puntuko adierazpenean Udalak, besteak beste, bi eskakizun gehiago plazaratu ditu. Batetik, asilo politikoari dagokiona, eta “Administrazio guztiei” zuzendua: “Asilo politikorako onar daitekeen arrazoi bezala identitatearen aitortza onar dezatela, berme guztiekin”. Bestetik, Munduko Osasun erakundeari zuzendurikoa. Transexualitatea buru-gaixotasuntzat hartzen duten ‘genero-disforia’ eta ‘genero-identtarean nahsmenduak’ kategoriak ezaba ditzala eskatzeko.

Bizkaiko E28ko Koordinakundearen kritikak Udalari

Bilboko Udalak bultzatu duen ‘Bilbao gay-friendly’ egitasmoa positiboki hartu duen arren Bizkaiko E28ko Koordinakundeak, Udaleko turismo arloak egindako kanpainaren “aniztasun ezak” kezkatzen du. “Urte askotan zehar pertsona disidente sexualek gainditu behar izan ditugun handicapik handiena ikusezintasuna izan da; edo beste era batean esanda, soilik estereotipo erreduktore eta iraingarrien bidez ikusi izana. Horrek ezkutatzen gintuen eta ahultzen gintuen. Gizartearen aurrerapen handiena gure aniztasun osoan nabaritu gaituztenean gertatu da. Gure aniztasuna gure armarik handiena da, eta hau gure banderetan adierazten dugun ideia nagusia da. Estereotipo bakarrera txikiagotzen gaituztenean, gure taldearen parte handiena kanpoan uzten dutenean, uniformatu egiten gaituzte, banatzen gaituzte, ahultzen gaituzte. Gaur honetaz kontziente izan behar dugu, gure gorputz guztiekin, gure desio guztiekin, gure bizi-historia guztiekin ikus gaitzaten. Azken finean, gure kolore guztiekin”.

Hori dela eta, Ekainaren 28ko Koordinakundeak dei egin die erakundeei “guztiok batera benetako Bilbo eta Bizkaia gay-friendly, les-friendly, trans-friendly, inter-friendly… eraikitzeko”.

Gaur, hilak 17, les-homo-trans-bi-inter-fobiaren aurkako kalejira antolatu dute Arriaga plazan, 19:00etan hasita.

Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra

Eraso homofoboak salatu zituen arbitroak futbola utzi du

“Ezin dut gehiago”. Halaxe mintzatu da Jesús Tomillero arbitro andaluziarra. Futbol partidu batean eraso homofoboak publikoki salatu eta bi hilabete pasa ez direnean, futbola utzi behar izan du, beste norgehiagoka batean berriz ere irainak eta barreak jasan ostean eta Andaluziako Futbol Federazioaren aldetik “baztertuta” sentitu ostean.

Jesús Tomillero

Oraingo honetan, penalti bat adierazi eta oihuka hasi zitzaizkion harmailetatik: “Hori da telebistan agertzen den marikoia, gola ipurditik sartuko duzu, marikoi zikina!”. Tomillerorentzat, dena den, “publiko guztia barrez ikustea” izan zen gogorrena, “horrek eman zidan min gehien”. Gertatutakoa eta gero, eta eraso homofoboak salatu zituenetik Andaluziako Futbol Federazioak izan duen jarrera ikusita –erasoak publiko ez egiteko presioak izan zituen eta hedabideetan agertzen jarraituz gero zigortuko zutela esan zioten–, futbola behin-behinean uztea erabaki du Tomillerok. Homosexuala dela onartu duen Espainiako Estatuko lehenengo arbitroa da bera.

Martxoan hasi zen dena

Martxoaren 26an, kadeteen arteko partidu batean, “nazkatu arte jango dituzu zakilak” bezalako irainak entzun behar izan zituen eta komisarian salatzea erabaki zuen. “Gehiagotan gertatu zait, baina beldurragatik ez dut salaketarik jarri. Aski da. Ez dut gehiago halakorik onartuko”, adierazi zuen orduan. Jarrera hauek inpune ez uztea eta bide batez futbol kategoria guztietan ematen den homofobia bistaratzea zuen helburu.

Babes mezu asko jaso ditu ordutik, baina nonbait, kontrako erasoek irabazi dute partida, oraingoz.

Chrysallis elkarteak transexualitatea lantzeko material didaktikoa prestatu du

Haur transexualen gurasoek osatzen dute Chrysallis elkartea. Ikastetxeetan transexualitatea lantzeko proposamena da euren ekimenaren funtsa.

Transexualitatea lantzeko lehen material didaktikoa argitaratu du Chrysallis elkarteak. Haur transexualen gurasoek osatzen dute elkartea eta ikastetxeetan gaia lantzeko proposamena da euren ekimenaren xedea. Zakila duen neska, edo alua duen mutila. Baieztapen horiek lantzeko aukera mahai gainean jartzea da euren nahia, transexualitatea eskolan lantzeko modua.

Sei fitxa dira guztira. Haurrei hausnarketa egiteko baliatu nahi dituzte. Aingeru Mayor sexologo eta Mattin Martiarena ilustratzaileak diseinatu eta prestatu ditu material didaktikorako fitxa horiek.

Albiste hau Euskalerria Irratian argitaratu da eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra