LGTB sendiak “arazotsu” jo ditu Espainiako Gobernuaren familia planak

Amatasuna “babestea” du helburu nagusietako bat, eta nerabeek abortatzea saihesteko neurriak aurreikusten ditu. Ministro Kontseiluak gaur eman du planaren berri; ume bakoitzeko gehiago kobratuko lukete. Amen pentsioak handitzeko asmoa ere agertu du gobernuak.

GRA240 MADRID 14/5/2015 La vicepresidenta del Gobierno español, Soraya Sáenz de Santamaría, durante la rueda de prensa que ha ofrecido hoy junto a los ministros de Cultura, Ignacio Wert, (izq), y de Sanidad, Servicios Sociales e Igualdad, Alfonso Alonso, (dch), tras la reunión del Consejo de Ministros celebrada hoy en Madrid. EFE/Emilio Naranjo

Wert, Saenz de Santamaria eta Alonso, gaurko ministro kontseiluaren bileraren ondoren. / Emilio Naranjo, Efe

Familia Babesteko Plan Integrala onartu du gaur Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak. Familia eredu tradizionala indartzea du xede, eta, beraz, familia aniztasuna “arazoak” dituzten sendien multzoan txertatu du gobernuak. “Beharrizan bereziak dituzten familien” atalean sartu ditu gay, lesbiana eta transexualen sendiak, etorkinenak, preso dauden edo egon diren amak, eta gaixotasun larriak dauzkaten pertsonak eta adinekoak dituztenak.

Jaiotza tasa apalarekin ere kezkatuta agertu da gobernua: amatasuna “babesteko” neurriak aurreikusi ditu planean. Haurdun geratzen diren adingabe eta gazteentzako laguntzak jarriko dituzte martxan, abortatzea eragozteko; hezkuntza prozesuarekin jarrai dezaten, beka sistema bat abiatzea aipatu du Alfonso Alonso Osasun eta Gizarte Gaietako ministroak, baina autonomia erkidegoek dute eskumen hori.

Era berean, amen pentsioak handitzeko asmoa agertu du gobernuak: ume bakoitzeko gehiago kobratuko lukete andreek. Toledoko Itunaren barruan negoziatu beharko du puntu hori.