‘L’ hitza filmatzea

Rose Troche zinemagile eta telesailgileari Ohorezko Saria emanez abiatu da Zinegoak gaylesbotrans zinema jaialdia, Bilbon

2016-02-22. Donostia. Rose Troche, zinemagilea. Zinegoak jaialdiko Ohorezko saria. 22-02-2016. San Sebasti√°n. Rose Troche, cineasta. Premio de honor del festival Zinegoak.

Rose Troche zinema zuzendari, gidoigile eta ekoizlea, atzo, Bilboko Arriaga antzokian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Rose Troche zara?», galdetu dio New Yorkeko metroan neska batek Rose Troche zinemagileari (Chicago, AEB, 1964), eta Rose Trochek, baietz. «Aurrekoan joan nintzen amarekin zure filma ikustera, eta, amaitutakoan, ni ere lesbiana nintzela esan nion. Mila eta mila esker». 1994an Go Fish filma egin ostean, maiz jaso zituen gisako erantzunak Trochek, eta harritu egin zen hasieran. «Ez nuen hori espero, baina halakoek erakusten dute zeinen garrantzitsua den istorioak kontatzea». Lesbianen eguneroko bizitza erakutsiko zuen pelikula bat egitea zen bere asmoa. Garai hartako lesbianei buruzko film dramatikoen beste muturrean. Aurrekonturik gabe. Promoziorik gabe. Pelikula egiteko gogo huts-hutsez. Oihartzun zabala jaso zuen filmak, ordea, eta, besteak beste, lan horregatik saritu nahi izan dute Troche Bilboko Zinegoak gaylesbotrans zinema eta arte eszenikoen jaialdikoek. Atzo jaso zuen Ohorezko Saria, irekiera ekitaldian. Trochek eman dio hasiera, beraz, gaurtik 29ra bitarte 101 zinema ekitaldi eskainiko dituen egitarauari.

Ez da film hori Trocheren meritu bakarra, ordea: ibilbide osoa saritu diote Zinegoak jaialdikoek; zuzendari, gidoigile eta ekoizle lan guztiak. Izan ere, Trochek bitan jaso du Berlinaleko Teddy Award saria, Go Fish lana zuzentzeagatik lehenengoz, eta 2013an bigarrenez, Concussion pelikulako ekoizle modura, baina, horrez gainera, telebistan ere aritu da, esaterako, The L Word telesaila sortzen. Baina ez da soilik ibilbidea; beste motibo bat ere badago Troche saritzeko, Pau Guillen jaialdiko zuzendariaren hitzetan. «Gizonezkoak nagusi diren munduan emakumezkoen lana ikusgarri egiteagatik ere saritu dugu».

Unibertsitatean hartu zuen zinemagile egiteko erabakia Trochek, eta identifikatua du momentu zehatza ere; Koyaanisqatsi: Life Out of Balance izeneko hitzik gabeko film esperimentala ikustean izan zen. «Hainbeste hunkitu ninduen pelikulak hitz bakar bat ere erabili gabe, orduantxe erabaki bainuen zinema egitea». Film esperimentalekin hasi, eta hortik jo zuen Go Fishidatzi, filmatu eta zuzentzera. «Orduan ez nekien zer zen zinemaren industria. Lan hori egitera bultzatu ninduen bakarra film hura egiteko gogoa izan zen». Emakumeek emakumeei buruz eta emakumeentzat egindako film bat egin nahi zuen. Kito. «Gure komunitatearentzat egin nuen, baina ezin da jakin zer gertatuko den. Eta, nolabait ere, garai horretan kulturalki film horren beharra zegoen».

Askatasun gosea

Beste bi film egin zituen Go Fish-en ostean, eta telebistara pasatu zen gero. «Nire langintza zorroztu nahi nuen, eta horregatik hasi nintzen telebistan, lan gehiago zuzentzeko aukera ematen zidalako». Eta orduan sortu zuen The L World, Kaliforniako lesbiana talde baten bizitza kontatzen duen telesaila. Eta Go Fish-ekin gertatutakoa gertatu zitzaion berriz ere. Telesaila LGTB komunitatea gogoan zuela sortu, baina audientzia zabala jaso, eta bost urtez izan zen antenan.

Trochek kontatzen duenez, ordea, ez zen trabarik gabeko bidea izan, etengabe aritu behar izaten baitzuten Showtime kateko arduradunekin negoziaziotan. «Neurri batean, kate haren jabe ziren gizonen menpe aritu behar genuen, eta haien kontrolpe horretan negoziatu beharra genuen. Haiek ematen zuten gure telesaila, eta haien legeen arabera jokatu beharra genuen. Asmatu egin behar da noraino eman dezakezun amore, eta noiz jokatu behar duzun irmo».

Baina akabo telebista. Urte batzuk egin, eta askatasun goseak eraman zuen berriz ere zinema independentera. «Telebistan eraginkorra izan behar duzu, eta asko ikasten da horrekin, baina ez zaituzte sortzaile izateko kontratatzen. Mundu hori utzi, beraz, eta Concussion filmaren ekoizle lanak egin nituen». Eta hor, berriz askatasuna. «Lan hura ez zegoen inoren kontrolaren menpe, oso diru gutxirekin egin genuen eta. Guk kontrolatzen genuen dena, ez baitzegoen kanpoko dirurik. Eta oso zaila da hori telebistan».

Irauli egin da orain giroa, Trocheren hitzetan. Industrian pentsatu gabe hasi zuen berak bere lehen filma, baina egun filma egiten hasterako pentsatzen dute sortzaileek industrian. «Irakasle eta tutore aritzen naiz zinemagile izan nahi duten ikasleekin orain, eta oso kontziente dira Facebook orri bat izan beharraz eta 5.000 jarraitzaile lortu beharraz, baita ezer egiten hasi baino lehen ere. Pelikula egiten hasterako arrakasta lortu beharraren ideia bertan dagoela dirudi. Apur bat etsigarria egiten zait hori, uste baitut gauzarik onenak zure baitako gune puru batetik sortzen direla. Eta horren bila nabil ni neu ere orain filmatuko dudan hurrengo lanarekin».