Kanpaina transfobo bat egingo dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan martxoaren 5etik aurrera

Hazte Oir elkarte espainiar ultrakatolikoak mezu transfoboak sustatzeko autobus bat jarri du martxan. Espainiako Estatuko zenbait lekutan izan da eta asteburuan iritsiko da Euskal Herrira.

Hazte Oir elkarte ultrakatolikoaren autobus transfoboa (argazkia: Euskalerria Irratia).

Martxoaren 5ean eta 6an Iruñean izango da, 7an eta 8an Donostian, 9an Bilbon, 10ean Bilbon eta Getxon eta hilaren 11n eta 12an Gasteizen.

“Mutilek zakila dute. Neskek bulba dute. Ez zaitzatela engaina” irakurtzen da kanpainarako erabili duten mezuan, duela gutxi Chrysallis elkarteak egindako kanpainari erantzunez nolabait.

Donostiatik ez dadila pasa eskatu du Irabazik

Donostiako Irabazik Eneko Goia alkateari (EAJ) eskatu dio autobus transfoboa ez dadila hiritik pasa. Ezkerreko koalizioaren iritziz, “onartezina da ezarri zaien sexuarekin identifikatzen ez diren pertsonak ez onartzea”. Hazte Oir elkartearen kanpainak giza eskubideak urratzen dituela uste du Irabazik, eta horregatik eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Donostiatik pasatzea eragozteko.

Ser irrati kateak jaso duenez, Goiak zera erantzun du eskaeraren aurrean: “Alkatea naiz, baina ez jainkoa”.

Nolanahi, alkateak adierazi du ez datozela bat Hazte Oir elkarteak defendatzen duenarekin. Udalaren ikuspegia bestelakoa dela azaldu du.

Sare Antifaxistak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako alkateei eskatu die eragotzi dezatela “aniztasun sexuala errespetatzen ez duen” autobusaren zirkulazioa. Kolektibo horrek gogora ekarri du Hazte Oir elkartea lotuta dagoela El Yunque elkarte neofaxistarekin.

Madrilen ordu gutxian milaka sinadura aurka

Change.org plataformaren bidez sinadurak biltzen ari dira kanpaina transfoboa erretira dezaten eskatuz. Astearte eguerdirako 48.000 sinadura baino gehiago lortu ditu ekimenak.