JOANA MASÓ “Gorputzaren aldeko borroka soberania lortzeko borroka da”

Literaturan doktore, Université de Paris VIII-Saint-Denisen. Frantses ikasketen irakasle Universitat de Barcelonan. Ikerlari Centre Dona i Literatura UNESCO Katedran. Itzuli eta editatu ditu Helene Cixous, Jacques Derrida, Catherine Malabou, Jean-Luc Marion eta Jean-Luc Nancy. Eta gorputzari eman dio pare bat buelta.

JOANA MASÓ

Zer da gorputza?

Michel de Certeauk esan zuen: gorputza bere horretan aurkitzen zaila da. Ez dakigu zehatz non hasten den, non bukatzen. Ahotsa, adibidez, gorputzaren parte da? Eta hitz egiteko manera? Adierazteko era? Gorputza mugitzeko modua ere gorputzaren parte da?

Filosofiak zer erantzun dezake?

Agian, filosofiak ez du pentsatu behar zer den gorputza, zein diren haren mugak. Garrantzitsuagoa da beharbada gorputzak munduan uzten dituen arrastoak zein diren galdetzea. Eta hala uler daiteke genero ikasketek eta mugimendu feministek filosofiaren historiari egindako gaitzespen handienetakoa: gorputzaren arrastoen absentzia erabatekoa dela testuetan.

Ez dago gorputzik, hortaz, testuetan.

Filosofia kanonikoaren historia idatzia izan da hizkuntza ustez neutro batean, zeinean idazten zuen subjektuak ez zuen sexualitatearen markarik uzten. Jacques Derrida hasi zen gorputz sexudunaren markak inskribatzen, filosofia izaera nabarmena zuten testuetan; Platon, Heidegger edo Lacanen psikoanalisiaz hitz egin zuen haietan. Eta ez bakarrik gorputz sexudun propioaren markak, baizik eta halaber gorputz kolonizatu, gorputz juduarenak. Derridak zioen irakurri zituen filosofoez gehien interesatzen zitzaiona beren bizitza sexuala ezagutzea zela; bizitza sexuala modu zabalean ulertuta: sexualitatea, gorputza, eta abar. Hain zuzen, beren testuetan sekula azaleratu ez zena.

Baina, halako batean, hasi ziren gorputzak azaleratzen.

XX. mendeko bigarren erditik aurrera, gorputzaren gaineko hausnarketa izan da feminismoaren eta filosofia garaikidearen ekarpenik handienetakoa. Adibidez, agertu izan da gure gorputzean gurea ez den hori guztia. Gurea ez, bazik eta garai bakoitzeko moralaren edota ideologiaren emaitza dena, garai bakoitzak gorputzari ezarritako biolentzia guztia. Bai eta gorputzak emantzipaziorako erabilitako forma diferenteak ere.

Gorputzak ez baitira bat eta bakarra.

Gaur inoiz baino gehiago dakigu gorputz intimoa dela sistemari beldur gutxien eragiten dion gorputza. Sistema horrek alde batetik sustatzen ditu gorputzaren erakusketarako, espektakulurako modu asko, mediatikoki, pornografikoki; eta beste alde batetik kriminalizatzen ditu kalera ateratzen diren gorputz horiek, espazio publikoa hartzen dutenak aldarrikatzeko politikoki gorputzarekin lotutako gauza asko. Batzuek nahiko lukete gauza horiek espazio intimo edo pribatuan geratzea itxita.

Gorputz intimoaren aurrean, zer?

Gorputz publikoa edo politikoa. Estatu bakoitzak arautzen ditu, modu erabat erlatiboan, zer gorputzek duten, adibidez, elkarrekin ezkontzeko eskubidea, guraso izateko eskubidea, sexua, gorputza bera aldatzeko eskubidea. Desmuntatu beharra zegoen, batez ere pasa den mendeko 60ko hamarkadatik aurrera, gorputza norberaren gauza pribatu bat zelako ideia.

Egin da, noski.

Salaketa hori XX. mendeko idazketa modernoetan irakur daiteke: Antonin Artauden gorputz sozial gaixo eta psikiatrizatua, Samuel Becketten gorputz behartsu eta zatikatuak, Marguerite Durasen gorputz desiradunak, Jean Geneten erotismo homosexuala edo Helene Cixousen idazketa femenino eta gorputz kolonizatua. Evelyn Grosmmanek hitz egin izan du bestelako gorputzak asmatzearen, bestelako eredu sozial eta politikoak bilatzearen beharraz. Eta ez bakarrik esplorazio intimoaren bitartez, gorputz sozialki, sexualki, politikoki ikusezinen esplorazioaren bitartez ere bai.

Gorputzaren aldaketa aipatu duzu. Baina noraino?

Gure garaia izan da nahi dugun gorputza izan dezakegula sinetsaraztetik gertuen egon dena. Norbere gorputzaren autotransformazioarekin: dietak, kirurgia, hormonak eta, batez ere, moda, zentzurik zabalenean. Etengabe proposatzen zaizkigu izan nahi ditugun gorputzak autodiseinatzeko moduak.

Nahi dugun gorputza, posible ote?

Gorputz aldaketaren inguruko eztabaidak bi maila dauzka. Alde batetik, bizimodu neoliberalean, gorputzez aldatzea aukera bat da, beste hainbaten artean: eskaintzen zaigu lanez, herrialdez, bikotekidez aldatzeko aukera, amatasunaren adina edota amatasuna esperimentatzeko moduak aldatzea. Baina beste alde batetik, norberaren gorputzaren aldaketa da generoaren inguruan dagoen borrokarik handienetakoa. Gorputzaren aldeko borroka soberania lortzeko borroka da, zentzu horretan.

Eta gorputza bera borroka eremu.

Gorputzaren ikusgarritasuna da, aldi berean, telebista eta halako industriek esplotatzen duten baliabide ekonomiko inportante bat. Baina baita kolektibo feminista eta antisistema ugarik erabiltzen duten erreminta ere. Azken horiek ez dira publikoki onartuak eta kriminalizatuak dira, beren ekintza askatasuna babestuko duen legediaren faltan. Kasu horietan, gorputza bilakatzen da protestaren sinonimo.