Izaro Antxia, areto futboleko partida ofizial bat jokatuko duen lehen jokalari transexuala

Izaro Antxia, Portugaleteko (Bizkaia) kirolaria, izango da areto futboleko partida ofizial bat jokatuko duen Espainiako Estatuko lehenbiziko jokalari transexuala –igande honetan–. Leioa Maia taldean aritzen da, emakumezko Lurralde Mailan.

Kirolean nahi duen lekuan aritzeko ametsa beteko du Antxiak

Kirolean nahi duen lekuan aritzeko ametsa beteko du Antxiak. (Juan Echevarría / Marca)

“Triste samarra da 2016an hau albiste izatea, bide luzea dago egiteke”, adierazi du Antxiak M80 irratiak egindako elkarrizketan. Pasa den denboraldira arte, mutilen talde batean jokatzen zuen, “beste aukerarik ez” zuelako. Pasa den martxoaren 30ean eskuratu zuen NAN berria. “Azkenean nire ametsa bete ahal izango dut: kirolean nahi dudan lekuan aritzea”.

20minutos agerkariak egindako beste elkarrizketa batean, Antxiak onartu du sekula ez duela aurkako jarrerarik sufritu, ez kirolean, ezta egunerokoan ere. Dena den, uste du gizartea ez dagoela prest pertsona transexual bat futbolean jokatzen ikusteko. “Futbolean, kanpoan den jendeak, afizioak, edozein arma baliatzen du eraso egiteko, eta badira erabiltzeko oso errazak diren armak. Ezin da orokortu, baina batzuetan entzuten duzuna entzuten duzu, min egiten dizuten irainak. Ni prest nago. Badakit zer gerta daitekeen. Baina gauza bera gerta dakizuke beste arrazoi batzuengatik. 100 kilo pisatuko banitu, ziur antzekoa jasango nukeela. Hemen, iraintzen denean inork ez duenez ezer egiten…”

Gaiaz gehiago:

Atleta transexualak Joko Olinpikoetan: Aitzindari izatearen ajeak.

Izaro Antxiari elkarrizketa Info7 irratian.