IXOTZ LOUYEST Ukazioari aurre eginez

Bere izaeraren ukazioa alde batera utzita, Louyestek 24 urterekin hasi zuen trantsizioa; «gogorra» izan den arren, pozik dago bere gorputza eta sentipenak bat datozelako, eta bere burua onartzen duelako.

IXOTZ LOUYEST

IXOTZ LOUYEST

Ingurukoak ezetz esaten tematzen ziren arren, Ixotz Louyest Unamunok (Aguilas, Murtzia, Espainia, 1983) txiki-txikitatik zekien mutila zela. «3 urte ez nituela, nire modura adierazten nien gurasoei, baina gero etxean ez zen horren inguruan hitz egiten». Pixka bat nagusiagoa zela, familiarekin oporretan zihoanean, mutiltzat aurkezten zuen bere burua lagun berrien aurrean. Amak eta amamak errieta egiten zioten, eta mutila zela esatea debekatzen. «Nire genitalengatik ukatzen zidaten besteek mutila nintzela. Horrek erabat mintzen ninduen: horregatik debekatu zidaten mutila nintzela esatea». Identitatea ukatzeak eragin nabarmena izan du harengan. «Txikitatik zarena ukatzen dizutenean, oso gogorra da, eta ondorioak ere latzak dira».

12 urte zituenean, irratia entzuten ari zela hartu zuen bere «benetako egoeraren» kontzientzia «lehendabiziko aldiz». Emakume bikote bat ari zen berba egiten. Biak ziren transexualak. «Munduan bakarrik ez nengoela konturatu nintzen». Emakume horien esperientziek «karga gogorrak» zituzten, baina esperantza eman zioten. «Ez nuen pastillarik asmatu beharko mutil gorputza izateko. 7 urte nituela pilula bat asmatu nahi nuen, mutil gorputza edukitzeko. Ez zidan axola hartu eta segituan hiltzen banintzen».

Irratiko emakumeen istorioak entzuteak lagundu zion arren, bere burua ukatzen jarraitu zuen luzez. «12 urterekin, lagun kuadrilla bildu, eta lesbiana nintzela esan nien». Jasotako erantzunek isiltzera eraman zuten, ordea, eta 16 urte izan arte ez zuen gaia berriro aipatu. Hainbat urtez lesbiana lez aurkeztu zuen bere burua.

Haurtzaroa eta nerabezaroa «bereziki gogorrak» izan ziren. Ukazioa zegoen batetik, eta burlak bestetik. «Ez pentsa umeak soilik direnik. Kaleko jendea etorri izan zait esatera zer egin behar nuen neska txintxoa izateko, gurasoak nitaz harro egoteko».

24 urterekin Gasteizko sexologo batzuengana jo zuen, lagun baten gomendioz. «Berak bazekien zer gertatzen zitzaidan, eta esan zidan Gasteizen lagunduko zidatela». Haiengana jota konturatu zen ez zela «zinezkoa» 24 urterekin esperantza guztiz galduta bizitzea. «Oso garai txarrean nengoen: lau urtez egon nintzen bikotekide batekin, eta orduan utzi genuen. Nire egoera ezagutzen eta ulertzen zuen, baina esaten zidan nire gorputza onartu behar nuela, eta horrekin bizitzen ikasi».

Bidea latza izan den arren, pozik dago aldaketekin. «Denok desiratzen dugu sentitzen dugunak eta geure gorputzek bat egitea. Ebakuntzak oso erasokorrak dira, bizitza jartzen duzu arriskuan, baina ongizatea lortzeko nahitaezkoak dira. Trantsizioa egitea beharrezko erabakia izan da».

Amak trantsizioa ikusi ez izanak penatzen du. «19 urte nituela hil zen. Esaten zidan 18 urte betetzean operatu nahi banuen ahal zuen guztian lagunduko zidala; baina itxaron behar nuela helduago izan arte. Oso irekia zen, nahiz eta familian oso informazio gutxi zegoen».

Gizon transexualen kasuan ikusgaitasun gutxiago dagoela uste du Louyestek. «Gizonon fisikoan gutxiago igartzen da, eta gizartea fisikoarekin dago obsesionatuta. Behin igartzen ez zaienean, askok ahaztu egin nahi dute bizi izandakoa. Behin onartu duzula, eta babesa daukazula, gauzak gozotu egiten dira, eta norberarentzat zaila izan daiteke bizi izandakoa ikusaraztea. Uste dut askok ez dutela beren egoera ikusarazten diskriminazioaren beldur direlako».

Gizartean gaia naturaltasunez jorratzeko asko falta da, haren iritziz. Horretarako, oso garrantzitsua deritzo emakume eta gizon transexualen egoerak ikusarazteari: estereotipoak desegiteko eta jendeak naturaltasunez har dezan. Helburu horrekin zenbait unibertsitate eta ikastetxetan ibili da hitzaldiak ematen azken bi urteotan.