Homofobia? Ze homofobia?

esku-ortzadar

Lesbiana bikote bati Billabesan ez musukatzeko eskatzea, “bidaiariak molestatzen” ari direlako; eskola-jazarpenik nagusienetakoa bullying homofobikoa izatea; arbitro gayak futbola uztea, irain eta barreen erruz “ezin dut gehiago” erabakita; EAEn galdekatutako gazteen artean 7tik 1ek erantzutea ez dutela homosexualik nahi auzoan; marrazki bizidun eta telesailetan hetero ez bestelako joerak irudikatzen direnean, behin eta berriz zentsuraren guraizeak agertzea; familia eredu berriei buruzko liburuak debekatzea eskoletan; transexualei nahi duten komunetan sartzea galarazten dien legea ateratzea Ipar Carolinan; Frantzian (besteak beste) homosexualek debekatuta izatea odola ematea; buruzagi erlijiosoek homosexualitatea gaixotasun bat dela esatea inpunitate osoz –“haurtzaroari lotutako zauri afektiboen ondorio”, Munillak argitu duenez–; sexu bereko pertsonei ezkontzeko aukera galaraztea hainbat herrialdetan –eta are gehiagotan haurra adoptatzeko aukera–; urtebetean EAEn 500 eraso homofobo baino gehiago salatzea…

Ez, telebistan gizon gayak garai batean baino bisibilazatuago egoteak ez du esan nahi homofobia eta transfobiarik ez dagoenik gure gizarte tolerante eta itxuraz aurrerakoian. Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da maiatzaren 17a eta aldarrikapen eguna izango da herri ugaritan, tartean Gasteizen: hainbat jarduera antolatu dituzte, errespetua eskatzeko, eta oraindik ere kolektibo honek jasaten duen eskubide urraketa, diskriminazioa eta estigmatizazioa tinko salatzeko.