Hilaren 21ean sexu heziketari buruzko saio bat hasiko da ETB1en

Jon Gomez Garaik zuzendu eta aurkeztuko du ‘Sexsua’. Bi hilabetez, ostegun gauetan emango dute programa berria (23:30)

Jon Gomez Garai

Jon Gomez Garaik sortu du Sexsua saioaren ideia. EITB

Modu natural eta entretenigarri batean sexu heziketaz aritzeko saioa egingo du ETBk datorren astetik aurrera euskarazko katean. Ostegunetan, Ur handitan saioa amaitutakoan, Sexsua ikusi ahalko da, bi hilabetez. ETBren 32 urteko historian sexuari eskainitako saio bakarra eman dute: Lorena Berdunek ETB2n gidatutako Me lo dices o me lo cuentas, 2002-2003ko denboraldian.

Jon Gomez Garai kazetariak sortu du proiektuaren ideia. Hura izango da aurkezlea eta zuzendaria: «Aspaldian nenbilen gazteentzat saio dibertigarri eta aldi berean hezigarri bat egin behar zela pentsatuz. Sexu hezkuntza gai erakargarria da. Horretatik asko dugu ikasteko, gure sexu harremanak erabat matxistak direlako», esan du kazetariak. Desirak taldeko sexologoekin jarri zen harremanetan gaiak lantzeko, eta harrera «ezin hobea» jaso zuen. Zirriborro ekoizpen etxearen lan teknikoarekin ari da saioa egiten.

Aste bakoitzean sexu hezkuntzari lotutako gai bat jorratuko dute: estreinako saioan, zoru pelbikoaz ariko dira; bigarren saioan, fantasia eta orientazio sexualen arteko gorabeherak ekarriko ditu; hirugarrenean, industria pornografikoak gizartean duen eragina aztertuko dute; laugarren saioak antisorgailuak izango ditu hizpide; bosgarrenean, drogek harremanetan dituzten eraginak aztertuko dituzte, eta alkohola pizgarria ala depresorea den galdetuko dute; seigarren saioan sexu hezkuntza ikastetxeetan eta unibertsitatean nola lantzen den aztertuko dute. Horretarako, Bigarren Hezkuntzako gela bat eta Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle Eskolako beste bat bisitatuko ditu aurkezleak.

Saio bakoitzean, sexologo eta mediku batek argituko ditu zalantzak. Gainera, beste hainbat atal izango dira: pertsonaia ezagunekin elkarrizketak, herritarrak proban jarriko dituzten ariketak, kale inkestak eta bitxikeriak. «Atalak aurkezpenik gabe joango dira, erritmo arinarekin».

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza eta Osasun sailen babesa du saioak, eta Gomezek egunotan Lakuan proposatuko du ikastetxeetan saioa gazteei ematea.

EITBren webgunean tarte berezitua izango du programak,Eitb.eus/sexsua helbidean, eduki osagarriekin; adibidez, aktore pornografiko gay baten eta emagin baten elkarrizketak, osorik.

Ikusle gazteez gain, helduak ere erakarri nahi ditu Gomezek.