Hiesa, paradigma berrien iturburu

‘Anarchivo Sida’

Non: Tabakaleran, Donostia. Noiz arte: Ekainaren 26ra arte.

Hiesari buruzko dokumentuak bildu dituzte erakusketan

Hiesari buruzko dokumentuak bildu dituzte erakusketan. ANDONI CANELLADA / ARP

Erakustaretora sartu, eta egurrezko horma baten atzeko aldearekin topatu naiz aurrez aurre. Sarreraz deskuidatu naizeneko sentsazioarekin sartu naiz, sentsazio arraro batekin; atzera burua jiratu, eta sarrerako atearen horman erakusketaren izenburua ikusi ostean, ostera ere aurrera jarraitu dut nondik jarraitu ez dakidan sentsazioarekin. Erakusketak ez dit ongietorri berorik egin, hori, ongietorririk egin baldin badit. Etsaitasunezko sarrera da, agian, bertan lantzen den gaiarekin bat egin nahian, hain zuzen ere, GIB/Hiesa gaixotasunak gizartean ez baitu arantzaz, oztopoz, tabuz eta isiltasunez beteriko ingurunea besterik jaso urte luzeetan. Eta agian hori azaltzea izan da Carme Nogueirak Tabakalerako Anarchivo sida erakusketa honetarako diseinaturiko espazioaren asmoa ere.

Ezkerretara edo eskuinetara begiratu, bietatik begietara informazio andana dator: bideo, orri, txosten… dokumentazio ezberdinez josirik dago guztia. Ezkerrera biratu dut, ordea, naturaltasunez, eta pixkanaka bertako txarteltxo, orri, txosten eta gainerakoak irakurtzeari ekin diot. Hiru urteko ikerketa prozesu oso baten emaitza da Equipo re-k, erakusketa formatuaz baliatuz plazaratu duena, ala zuzenago esanda, emaitza horren lagin bat besterik ez. Pilaketa eta bete sentsazioa, ordea, erakusketa diseinuak areagotzen du. Zurezko horma, mahai eta aulkiek, lehen aipatutako elementuez gain, erabat betetzen dute aretoa begietara, eta dokumentazioaren euskarri gisa baino gehiago, entitate propioa bereganatzen dute espazioan, ia instalazio moduan funtzionatuz.

Ez da erraza izaten erakusketei neurria hartzea, eta are gutxiago modu honetako ikerketa lan luze baten ostean sorturiko artxiboa metro karratu gutxi batzuetan aurkeztea. Azken finean, artxiboetan pilatzen dena informazioa baita, nahiz eta formatu ezberdinetakoa izan, eta horietan bildutako dokumentazioak kontenplazio hutserako zirrikitu gutxi uzten baitu.

Tabakalerako erakusketa honetan, orain arte ia ezkutuan egondako gai baten presentziaren garrantziaren erreibindikazioa egiten da, gaia bera guztiz interesgarria den perspektiba berri batetik bideratuz. Hain zuzen ere, GIB/Hiesa, epidemia mediko soil gisa ulertu beharrean, paradigma bisual, afektibo eta ekonomikoaren aldatzaile gisa aztertu baitu taldeak, eta Donna Harawayren tesietatik abiatuta, natura/kultura binomioaren inguruan aurkeztua izan da hiru ildo nagusitan banatuta: animalia, heriotza eta osasuna. Planteamendu horretatik abiatuta, hainbat gertakizun historiko eta artistiko dira bertan proposaturik agertzen direnak, tartean hainbat elkarte ezberdinek, batez ere, Espainian eta Txilen gauzatutako ekintzak —historia ofizialaren Europa—Ipar Amerika ardatz hegemonikoarekin apurtuaz-.

Artistei dagokienez, batez ere, Pepe Espaliuren presentzia azpimarragarria da, ziur asko Espainia mailan GIB/Hiesa arte esparrutik lantzen aitzindarietarikoa izan zelako, baina baita Artelekurekin izandako harremanagatik ere. Haren lanari inongo meriturik eta garrantzirik kendu gabe, Donostian egin zuenCarrying ekintza aurkezteko komisarioek proposatu duten modua aipagarria da. Performanceak, orokorrean, une eta leku jakin batean gertatutako ekintzak izanik, horiek erakusketa formatuan barneratzeko modua, haien inguruan sorturiko artxiboaren bidez izaten baita sarri, grabaketak, edo eta argazkiak normalean. Kasu honetan ordea, —eta agian beharrak bultzatuta, Artelekuko uholdeen artean galdu baitzen ekintza honen grabaketa— maiz obraren hautematerako bigarren mailako kontsideratzen diren, eta, hori dela eta, baztertuak izan ohi diren dokumentuen bidez plazaratu dute.

Eta horrek erakusketaren konplexutasunaren beste arrazoi batera garamatza, eta zera da: Anarchivo sida izenpeko artxibo ikaragarri honek bere baitan beste hainbat artxibo jasoak dituela. Hain zuzen ere, bertan biltzen dituen ekintza, prozesu, gertakizun eta une historiko gehienak dokumentazio multzo bidez heldu direlako gaur eguneraino. Konplexua da artxiboak erakusgai ipintzea, eta are konplexuago artxibo horiek beste hainbat artxiboz osatuak daudenean. Hori horrela, erakusketa formatua formatu egokia al da artxibo bat plazaratzeko? Eta hala bada, zergatik? Zergatik bizi denbora mugatua eman artxiboari erakusketaren bidez? Mila galdera dira, mila hausnarketa bururatzen zaizkidanak, eta hauek lehenak besterik ez dira —ezin guztiak hemen banan-banan idatzi—; mila hausnarketa eta galdera, eta artxiboa eta erakusketaren ingurukook lagin txiki bat baino ez dira.