Hainbat kritika eragin ditu transfobia sustatuz igandean Euskal Herrira iritsiko den autobusak

Martxoaren 5etik 12ra bitartean igaroko da Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik. Asironek eta Urtaranek iragarri dute Iruñean eta Gasteizen sartzea eragozten saiatuko direla. Eneko Goia Donostiako alkateari ere eskatu diote ez uzteko autobusari Donostian ibiltzen, baina erantzun du ez duela eskumenik horretarako.

“Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak” leloarekin abiatu zuen kanpaina bat Chrysallis elkarteak, eta, hari erantzunez, kontrako mezua idatzia duen autobus bat kaleratu du Hazte Oir talde ultrakatolikoak. “Mutilek zakila dute, emakumeek bulba dute. Ez zaitzatela engaina. Gizon jaiotzen bazara, gizona zara. Emakumea bazara, hala jarraituko duzu”.

Haserrea eragin du kanpainak, eta hasiak dira erreakzio politikoak ere. Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburu Beatriz Artolazabalek errespetua eskatu du “adingabe eta transexualentzako”, eta gogorarazi du legeak debekatu egiten duela inor generoagatik baztertzea. Hala, halako bazterketak amaitzeko lanean jarraitzeko deia gin die erakunde eta alderdiei.

Donostiako Irabaziko bozeramaile Amaia Martinek Eneko Goia alkateari eskatu dio galaraz diezaiola autobusari Gipuzkoako hiriburuan ibiltzea. Gogorarazi du Chrysallisen kanpainaren helburua zela haur transexualen errealitatea gizarteratzea eta nortasun sexualen errespetua sustatzea. Hazte Oir taldearenak, aldiz, “giza eskubideen eta genero indentitateagatik baztertutakoen legearen aurka” egiten du, Martinen esanetan. Goiak erantzun dio Martini ez berak eta ez udalak ez dutela eskumenik horretarako: “Alkatea naiz, baina ez jainkoa”.

Gainera, probokaziotzat jo du autobusa Donostian martxoaren 7an eta 8an egotea, kontuan izanik martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna dela. Sare Antifaxistak ere eskatu die Eneko Goia, Gorka Urtaran, Joseba Asiron eta Juan Mari Aburto alkateei ez uzteko autobusari zirkulatzen, argudiatuta ez duela aniztasun sexuala errespetatzen. Asironek eta Urtaranek gaur bertan iragarri dute ahalegina egingo dutela Iruñean eta Gasteizen sar ez dadin.

Bere aldetik, EH BIlduk eskatu die instituzioei gaitzes dezatela Hazte Oirren kanpaina, eta aldiz babes ditzatela pertsona transexualen eskubideak eta haien alde lanean aritzen diren erakundeak. “Sektore ultrenek bultzatutako kanpainak ez du tokirik gure herrian”. Antzeko hitzak erabili ditu Geroa Baik ere eta babesa helarazi die LGTBI kolektiboko kideei.

Hazte Oirrena ez da Chrysallisen kanpainak jasan duen lehen erasoa. Iruñean eta Gasteizen, elkartearen afixa batzuei egin zieten eraso. Horrez gain, Facebook sare sozialak kanpainaren irudia zentsuratu zuen.