«Gorputza pankarta iraunkorra da»

Artearen Historiako ikaslea eta aktibista politikoa da Alcazar. 2013. urtetik, Espainiako Femen taldeko arduraduna da, baina hainbat ikasle mugimendu eta talde politiko eta feministatan ibilia da.

ATZEKOZ AURRERA. LARA ALCAZAR. FEMEN TALDEKO KIDEA

ATZEKOZ AURRERA. LARA ALCAZAR. FEMEN TALDEKO KIDEA

Ukrainatik mundura zabaldutako Femen talde feministako kidea da Lara Alcazar (El Entrego, Espainia, 1992). Iruñean izan da, Katakraken, taldearen ibilbidea eta ideologia zehazten duen manifestua aurkezten. «Hazten jarraitzeko gogoa biltzen du manifestu honek, eta argi dio hemen gaudela, jarraitzeko asmoz».

Biluzik protesta egitea ez da berria, baina, emakume talde batek egiten badu, polemika pizten da.

Gure adierazteko moduagatik sortzen da gaitzespena, ez dugulako atseginak izan nahi gure biluziarekin. Ez dugu kalterik eragiten; kontrakoa, etengabeko desobedientzia da, non mezua argi eta garbi aditzen baita. Inguru horretan aditu nahi ez diren hitzak erabiltzen ditugu, eta sinbolo batzuk hautsi. Nahiz eta gure ekintzak ez diren indarkeriazkoak, askotan mezua oso muturrekoa eta oldarkorra denez, bortitza balitz bezala hartzen da.

Horri sextremismoa deitzen diozue. Nondik dator hitza?

Femen oso oinarrizko ideologiarekin sortu zen, feminismo hitza ia ezagutzen ez zuten emakume ukrainar batzuen eskutik. Sexu turismoaren aurkako erantzun gisa sortu zen, eta ikusi zuten urrats bat gehiago eman behar zutela; atsegina izateak ez zuen funtzionatzen. Konturatu ziren bularra bistan egin zitekeela protesta, baina mezuekin. Izan ere, pankarta bat kentzen ahal dizute, baina zure gorputza ez. Orduan, pankarta iraunkor bat da. Gainera, denak bat egiten gaitu biluziak, eta protesta uniforme egiten du. Emakumearen gorputza irudikatzen du, eta gizon eta emakumeen arteko estigmak deuseztatu.

Nor sentitzen da biluziago?

Protesta jasotzen duena. Guk ez dugu geure burua biluzik ikusten, mezua babeserako ezkutu politikoa delako. Batzuetan eraso egin edo kolpatzen bazaituzte ere, hain seguru zoaz, uste baituzu ezerk ezin dizula minik egin. Indarkeriarik gabeko estrategiaren bidez, bortitza den jendea urduri jar dezakegu.

Femen sortu zenean, bere oinarria ez zirudien sobera feminista. Zer bilakaera izan duzue?

Manifestu honekin, batik bat azken hiru urteetan taldeak izan duen izugarrizko bilakaera eta partekatzea azaleratu nahi dugu. Ez zuten pentsatuko hasieran Ukrainan bakarrik zegoen emakume talde txiki hori ailegatuko zenik gaur egungora: garapen ideologiko eta praktiko honetara, eta hedapen honetara. Mundu osoko herrialdeen artean egina denez, esperientziak partekatu dira eta arazoak batu ditugu. Manifestu honek zalantza asko argituko ditu.

Feminismoak internazionala behar du izan egun?

Eta inersekzionala. Edozein emakumek sor dezake iskanbila bat. Izan ere, gutariko bakoitzak iraultza bat du barnean, eta garrantzitsua da sentimendu hau edozein herrialdetako edozein emakumek izatea. Nazioarteko emakumeak batzeak patriarkatuak inposatutako mugak gainditzea ekar dezake.

Euskal Herriko mugimendu feministarekin harremanik baduzue?

Hemen zaila da, soilik bi aktibista ditugulako. Beraz, ezezaguna zaigu egoera, baina Iruñeko bisitak balio du elkar ezagutzeko.

Feminista musulman taldeek paternalistak zaretela esan dizuete.

Noski. Pertsona horiek erlijiosoak dira, eta haien moralaren aurka egiten ari zara; beraz, gatazka sortzen da. Dena den, islama kritikatzerakoan, erasorik bortitzenak beti gizonek egiten dituzte. Norberak nahi duena pentsa dezake, baina guk ere gure jarrera defendatu nahi dugu. Argi dago ez dugula inoiz emakumeen aurka eginen.

Uler dezakezu kezka hori Mendebaldeak zokoratu duen kulturan?

Nabarmendu nahi dut Tunisian aktibistak ditugula, eta Turkian eta jatorri musulmaneko Europako beste herrialde batzuetan ere bai. Adibidez, salafisten bandera tunisiar batek erre zuen, eta, xariaren aurkako protestan, aktibistetako bat Aliaa Magda Elmahdy egiptoarra zen.

Prostituzioaren aurka egiten duzuela diote hedabide batzuek. Ez da sinpleegia baieztapen hori?

Sexuaren industriako makineria guztiaren aurka egiten dugu. Noski, pornografiaren negozioa erabat arbuiatzen dugu, haien eredua heteronormatiboa izateaz gainera ez delako batere ona emakumearen askapen sexualerako. Bestetik, emakumeen trafikoa dago. Prostituzioari dagokionez, jakin badakigu badirela baldintza batzuekin egiten dutenak, baina ez dira gehiengoa. Bezeroaren eta proxenetaren aurka gaude, eta inondik inora ez gaude emakume horien aurka. Izatekotan, gure kideak dira.

Zer iritzi duzu abortatzeko eskubidearen aldeko borrokari buruz?

Oso ona. Oso atsegingarria izan zen ikustea hainbat aldetik indarra eginez legea gelditu ez ezik Gallardon Gobernutik botatzea lortu genuela. Ezin izan genuen hobeki egin. Baina ezin dugu ahantzi zigortu nahi dutela 16 urtetik beherakoek haien borondatez abortatzeko eskubidea.