“Gizonon prostituzioa botere posizio handiagotik egiten da, emakumeenarekin alderatuta”

Mikel Garcia Idiakez

Jarduna klandestinitatean egiten da

“Jarduna klandestinitatean egiten da. Bezero asko hetero ezkonduak dira eta horiek inoiz ez lukete faktura bat sinatuko”, dio Paralel txaperoak. (Irudia: Elie Grekoff)

Lau emakume prostitutari egindako elkarrizketak eztabaida ugari eragin ostean, gizon prostitutu batelkarrizketatu du Hibai Arbide Aza kazetariak. Hona hainbat pasarte euskaratuta.

Paralel prostitutuak txapero gisa identifikatzen du bere burua, gizonekin baino ez ditu harreman sexualak eta bere hitzetan, “gizonen prostituzioa botere posizio askoz handiagotik egiten da, emakumeenarekin alderatuta, eta hori rol banaketagatik da. Bezeroak ez du gauza bera nahi neska batengandik edo txapero batengandik. Patriarkatuak inposatzen dizkigun rolak direla medio, neska batengan zerbait otzanagoa bilatuko du, delikatuagoa, arretatsuagoa… Baina txaperoez ari bagara, mutilek zerbait bortitzagoa bilatzen dute, harroagoa, txuleskoagoa, boteretsuagoa… Bezeroek tipo gogor bat nahi dute. Zentzu honetan, txaperoa inoiz ez da beldur izango bezeroak joko ote duen”.

Bezeroez, estigmaz eta legeztatzeaz

“Txapero askori lan eskubideez hitz egiten diezu eta barrez lehertzen dira. Batetik, ez dutelako zergetan utzi nahi irabazitako diru zati bat. Eta batez ere, askok nahi ez dugun onarpen publikoa ekarriko lukeelako. Estigmarik ez dagoen arren, jarduna klandestinitatean egiten da, hala bilatzen dugu bai guk bai bezeroek. Klandestinitatea ezinbestekoa da mutilon kasuan. Bezero asko eta asko hetero ezkonduak dira eta horiek inoiz ez lukete faktura bat sinatuko (…) Horretan trans-en antza dugu: gure bezero gehienak eskuin kontserbadoreko gizonak dira”.

Bestalde, saunan, diskoteka berezietan edo interneteko iragarkien bidez jartzen dira harremanetan txaperoa eta bezeroa, Paralelek dioenez. “Baina kalean ez dago prostituzio maskulinorik, beraz ez du prostituzio femeninoak duen ikusgarritasunik eta ez du haien errepresioa jasaten. Gurea festarekin nahasten da asko, beste testuinguru bat da”.

Sandra, Janet, Verónika eta Paula

Joan den ekainean, lau prostituta elkarrizketatu zituen Arbide Azak. Besteak beste, estigmaz galdetu zien. “Beti sentitu naiz ahaldundua eta prostituta aritzeak nire autoestimua sendotu du. Nire buruaz oso seguru nago. Baina aldi berean, puta izatearen estigma bizi izan dut urte luzez”, dio Paulak. “Hori da prostituzioaren okerrena: estigma”, gaineratzen du Sandrak.

Emakumeen salerosketaz galdetuta, hala dio Sandrak: “Prostituta guztiak salerosketaren biktima garela esateak libreki ari garenon jarduna ikusezin bihurtzea dakar eta akats handia da, benetako biktimak antzeman eta lagundu nahi badira”.

“Ea libreki lan egin dudan? –Paulak– Gizarte honek ematen dizun askatasunean. Inork ez du aske lan egiten testuinguru kapitalista honetan. Bizi garen lan, kultur eta gizarte testuinguru honetan, ia inori ez zaio gustatzen egiten duen lana. Nik ez nuen nire burua derrigortuta sentitu, bizimodu lasaia eramateko nuen irteera izan zen”.

“Pertsona batek zenbat eta eskubide aitortu gutxiago izan –gaineratzen du Paulak, batez ere etorkinak buruan–, orduan eta errazagoa da hura esplotatzea. Zenbat eta ahulagoak izan, orduan eta errazagoa izango da salerosketaren biktimak izatea. Nik ikusi dudanagatik, klubetan ematen da salerosketa handiena, emakumeak itxita dituztelako”.

Sexuaren industria

“Sexuaren industriari aurre egitea da gure helburua, esplotazioa amaitzeko –dio Verok–. Industria pornografikoaz ari naiz, lokalez, burdelez, putetxeez… Beste pertsona batek eskaintzen dituen sexu zerbitzuekin enpresario bat aberasteko sortu den edozein egituraz. Deuseztatu behar dugun patriarkatuaren ondarea da sexuaren industria”.

Prostituten eskubideez ere mintzo dira elkarrizketatuak. “Lehenengo gauza da ikusezin dena ikusgarri bihurtzea. Existitzen garela eta langile kolektibo bat garela aitortzea, politikoki ez-zuzena irudituko zaien arren errealitatea delako hemen gaudela: jardutea erabaki dugun emakumeak gara, arrazoiak arrazoi. Arautzeko modu logiko bakarra da langileak aintzat hartzea, bitartekaririk gabe”, uste du Janetek.

“Prostituzioa lanbide bat dela aitortu behar dute legeek eta ondorioz lan eta gizarte eskubideak arautu behar dira, gainerako langileekin egiten den moduan”, dio Sandrak.