Indarkeria homofoboaren biktimentzako protokolo bat eskatu dute Gasteizen

Horrez gain, Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak zerbitzu sozialen eraldaketa sakona eskatu du.

Rueda de prensa ofrecida en Gasteiz

Homofobiaren aurkako protokoloa eskatu dute. (Argazkia: Arabako Alea)

Gaur goizean Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak pasa den azaroan 21 urteko gazte batek jasan zuen eraso homofoboa salatu du eta ildo horretan, indarkeria homofoboa, lesbofoboa eta transfoboa pairatzen duten biktimentzako protokolo bat eta zerbitzu sozialen eraldaketa sakona eskatu du.

Kolektiboak agerraldian azaldu duenez, iazko azaroan 21 urteko ikasle gazte bat bere etxetik bota zuten, “gay izateagatik”. Bere kasua erakunde ezberdinetan aurkeztu arren, momentu horretan behar zuen laguntza ez zuela jaso azaldu du plataformak.

Erakundez erakunde, laguntza eske

Gaztea “kale gorrian” geratu zen eta  auzokide baten laguntzarekin, erakunde desberdinetan eskatu zuen laguntza. Zerbitzu sozialetan hitzordua eskatu baina hilabete itxaron behar izan zuela salatu du plataformak. Gainera, lehenengo elkarrizketa horretan konponbiderik eskaini ez zitzaiola gaineratu du.

Abenduan, Eusko Jaurlaritzako Berdindu zerbitzura jo zuen erasoa pairatu zuen gazteak.  Zerbitzu honek aniztasun sexual eta generoko gaiak lantzen dituen arren, homofobia, lesbofoia eta transfobia kasuen aurrean “protokolorik ez dagoela” salatu du Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak. Ondoren, Larrialdi Sozialerako Udal Zerbitzutik pasa ondoren, berriro ere, bere gizarte langilera bideratu zuten. Gasteizko udaleko politika sozialaz arduratzen den zinegotziarekin kontaktuanere  jarri ziren. “Interesa aurkeztu arren, ez da ezer aldatu, eta gaztea bere bizitza aurrera eramateko baliabiderik gabe jarraitzen du, gay izateagatik jasandako eraso matxista baten ondorioz”, zehaztu du plataformak.

Zerbitzu sozialen “eraldaketa sakona”

Egoera honen aurrean, Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko Plataformak gazte honen kasuan inplikatzeko eta behar dituen baliabiadeak martxan jartzeko eskatu dio Gasteizko udalari. Horrez gain, “pasa den azaroaren 5ean onartu zuten deklarazio instituzionalean jasota dagoen bezala protokolo bat sortzeko” eskatu dio.

Azkenik, zerbitzu sozialen “eraldaketa sakona” egin behar dela azaldu dute. “Zerbitzu hauen funtzionamenduen aldaketa sakon bat eskatzen dugu, bere lehenbiziko funtzioa bete dezaten,  alegia, pertsonen integrazioa eta bertaratzen diren kolektibo desberdinei laguntza eskaintzea, pobreziaren kriminalizazioa alde batera utziz”.

Gasteizko giza mugimenduen plataforma, Kitzikan, 7menos20, Arabako Emakumeen asanblada, Bilgune Feminista eta Mugarik Gabe kolektiboek osatzen dute Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko plataforma.

Oharra: albiste hau Arabako Aleatik ekarria da Creative Commons lizentzia libreei esker.

LGTB jendeak bere historia ezagutu behar du

LGTB komunitatekook ezagutzen al dugu gure historia? Hemen dugu adibide argi bat: Sam Smith […]. Bere azken hanka sartzea hauxe izan da: Oscar saria irabazi ondorengo mintzaldian adieraztea bera dela Oscarra irabazi duen lehen gizon gay agerikoa. […] Baina gauzak okerrera egin zuen. Esan ziotenean Howard Ashamek ere (gizonezko gay-a) Oscarra irabazi zuela, Smithek hau erantzun zuen: «Ezagutu egin beharko nuke; elkartzekotan geratu beharko dugu». Ashman hiesaren ondorioz hil zen, 1991n.

Dustin Lance Black gidoilari estatubatuarrari ere —bai, Oskarra irabazi zuen beste gizonezko gay bat— ez zitzaion Smithen mezua gustatu […]. Blackek gauza garrantzitsu bat nabarmendu zuen: «Gure LGTBQ historia ezagutzea garrantzitsua da. Bidea ireki ziguten gizon eta emakume askoren bizkar gainean gabiltza oinez». Funtsezko gogoeta da: LGTB komunitatekoek zorigaitz eta neke asko jasan zuten guk orain ditugun eskubideak eta askatasunak izan ditzagun. Adibidez, Ashman moduko pertsona batentzat abesti-idazle arrakastatsua eta ageriko gay-a izatea nabarmen zailagoa izan zen garai hartan egun baino, are gehiago hiesaren sasoirik mingarrienean. Haren moduko pertsonek erraztu zizkiguten gauzak gero etorriko ginenoi, Smith barne […].

Harrotasun eguneko gertaerak enpresen festa bihurtu dira, eta politika baztertu egin dute. […]. Iraganeko heroiak gogoratu beharra dauzkagu, bi arrazoirengatik: lehenik, egin dezakegun gutxienekoa delako gure eskubide eta askatasunen alde borrokatu zirenak gogoratzea, eta historiaren bidez goratzea bere garaian jazarriak eta baztertuak izan zirenak; bigarrenik, horrek bultzatzen gaituelako edozein zapalkuntza edo aurreiritzi garaitzeko ohiturarekin jarraitzera, kaltetua dena delakoa izanik ere.[…]

Abel Azconak epaileari: “Prozesua errespetatzen dut, baina ‘performance’-aren jarraipena da”

“Kristauak iraindu” izana leporatuta deklaratu behar izan du artistak Fermin Otamendi epailearen aurrean. Iruñeko artzapezpikutzak eta Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak jarri diote salaketa.

pederastia-abel azkona

Epailearen eta bere abokatuaren galderak erantzun ditu, baina uko egin dio akusazioaren galderak erantzuteari.  Azconak adierazi du “pederastiaren kritika” egin nahi izan zuela, erreakzioa eragingo zuelakoan. “Edukazio eta errespetu guztiarekin, baina prozesu juridikoa bera prozesu performatiboa izan da. Epailea eta prozesua errespetatzen ditut, bainaperformancearen jarraipena izan dira. Fundamentalismo erlijiosoa salatzen duen pieza bat egin dut, eta zer da, bada, 2.000 pertsona eraikinaren atearen aurrean errezatzen aritzea, edota nik deklaratzera joan behar izatea baino fundamentalismo argiagorik?”. Gaineratu duenez, ez du inor iraindu nahi izan, eta ziurtatu du adierazpen askatasuna defenditzen eta bere lana egiten jarraituko duela.

Jorge Morales Abel Azconaren abokatuak azaldu duenez, Iruñeko artzapezpikutza prozesutik kanporatzea eskatu dute, “epaiketan modu desegokian agertzeagatik”. Era berean, ziurtatu du kausa artxibatzeko eskatuko dutela; epaileak hori egin ezean, helegitea aurkeztuko dute. Epaileak bost eguneko epea utzi du helegiteak aurkezteko.

Bestalde, José Núñez Abokatu Kristauen Elkarteko abokatuaren arabera, auzia zabaltzea nahi du elkarteak, eta horretarako froga eta deklarazio gehiago eskatuko dituzte. Ez du argitu zabalpen horrekin Iruñeko Udala auzipetzea eskatuko duten ala ez.

Abel Azcona artista nafarrak Desenterrados bilduma jarri zuen ikusgai Iruñeko “Erorien Monumentuan”, oroimen historikoaren inguruan. Hainbat argazkitan ikus zitekeen Azcona ogi pusketa edo ostiekin “Pederastia” hitza idazten, eta obra hark polemika handia sortu zuen. Hainbat kristau taldek erakusketa bertan behera uzteko eskatu zuten, Iruñeko Udalaren aurrean mobilizazioak egin zituzten eta salaketa jarri zioten.

Azkonaren aldeko elkarretaratzea egingo dute etzi

ARTEA. Abel Azkonak Nafarroako Lurralde Auzitegian deklaratuko du ostegunean, epaileak tramiterako onartu baitu artistaren kontra Abokatu Kristauen Elkarteak jarritako kereila. Horren harira, elkarretaratzera deitu dute, Fundamentalismorik ez lelopean, epaitegian bertan.

Abel Azkona

Sexu askatasunaren aldeko Afrikako borroka irudikatzen duten erakusketa

Amnesty International Euskadi erakundeak eta Zinegoak jaialdiak antolatutako ekimenaren xedea «herritarrak sexu, afektu eta familia aniztasunaren aurrean sentsibilizatzea» da

zinegoak--575x323

Afrikako bost lurraldetan sexualitatea askatasunez bizitzeko borrokan dabiltza. Hau erakutsiko duen argazki erakusketa bat izango da ikusgai gaurtik Bilboko kaleetan, hain zuzen ere. Amnesty International Euskadi erakundeak eta Zinegoak jaialdiak antolatu dute erakusketa. Hauek, Bilbao Historiko Elkartearen eta Alde Zaharra, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Merkatarien Elkartearen laguntza ere izan dute.

Erakusketaren inaugurazioarekin hasiko dira Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans Nazioarteko Zinemaldiak antolatutako ekintzak. Jarduera horien asmoa da «herritarrak sexu, afektu eta familia aniztasunaren aurrean sentsibilizatzea», bere arduradunek adierazi dutenez.

Erakusketaren izenburua ‘Maitatzea ez da delitua’ da. Formatu handiko 27 irudiz osatuta dago, eta Alde Zaharreko eta San Frantziskoko 27 taberna, jatetxe eta saltokitan egongo dira ikusgai. «Lortu nahi dugun helburua da jendeak bere egunerokotasunean argazkiekin topo egin dezala eta argazkiok hausnarketarako deia izan daitezela; guztiok sexualitatea askatasun osoz bizitzeko dugun eskubidearen inguruko hausnarketa», azaldu du Aimar Rubio Amnesty International erakundeko aniztasun taldeko kideak.

Argazkiak Kenia, Hegoafrika, Kamerun, Zanbia eta Ugandan hartuak dira. Hauen bidez, aurpegia jarri nahi diete euren bizitza arriskuan jarriz, libre maitatzeko eskubidea defendatzeko borrokan dihardutenei. Gainera, omenaldi berezia da, «maitatzea ez dela delitua defendatzeagatik bizitza galdu duten Noxolo Nogwaza eta Jean-Claude Roger Mbedéri».

«Erakusketaren bitartez, errealitate gordinak ekarri nahi ditugu gogora, modu positiboan. Esaterako, homosexualitateak munduko 80 herrialdetan ilegala izaten jarraitzen duela, edo lau eta hamar urte arteko kartzela zigorra ekar dezakeela. Afganistan, Pakistan, Saudi Arabia edo Iranen, besteak beste, heriotza zigorra jasotzeko arriskua dute homosexualek», azaldu du.

‘Friendly’-ak ere badu ajerik

LGTB turismoa geroz eta garrantzi gehiago hartzen ari da, hein batean merkatu berriak lortzeko martxan jarritako espezializazioaren ildotik. Nolanahi ere, lesbiana, gay, transexual eta bisexualei eginiko eskaintzak zenbait arazo utzi ditu agerian: eskubideen merkantilizazioa, esaterako.

Hiru gizon gazte. Erdikoa aldakatik lotua ortzadarraren koloreak dituen zapi luze batekin; beste biak, zapiaren muturretatik tiraka. Bizkaiko Zubiaren goiko partean ateratako irudia Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratutako gida baten azala da, Fitur LGTB azokan aurkeztua. «Bilbo Kantauri itsasertzeko hiri LGTB friendly-ena da», Hala aurkeztu zuen bere burua hiriak; LGTB kolektiboarekiko adiskidetsuena bezala. Kritika sutsuak jaso ondoren, atzera egin zuen udalak. Gida kendu zuen, eta turismogay friendly-a ren gaineko hausnarketa egiteari bide eman zion.

Bilbo-Bizkaia turismo bulegoak LGTB turismoa erakarri nahi izan zuen, merkatuaren sektore horri lotutako ezaugarri ekonomikoengatik. Ordea, kanpaina aurkeztu eta gutxira kritikak ugaritu ziren. Bilbotik kanpoko LGTB kolektiboko pertsonak erakartzen saiatu baina bertokoak «gustuko ez izatea» leporatu zioten udalari. Are gehiago, kanpainak kolektiboaren «irudi okerra» ematen zuela leporatu zioten: batetik, gizonezko estereotipatuak baliatu zituen; ez ziren emakumezkoak eta transexualak ageri…

Bilbo-Bizkaia turismo bulegoaren kanpainak hautsak harrotu zituen duela hilabete inguru. Baina, ez da haren burua gay friendly gisa aurkeztu duen Euskal Herriko lehen hiria. Aurretik ere beste hiri batzuek gidak kaleratu dituzte lesbiana, gay, transexual eta bisexualak erakartzeko: Gasteizek, Donostiak… Zer dago, ordea, ikur hori baliatzeko asmoaren atzean?

Eskubideak eta ekonomia

Zuriñe Estibariz Gasteizko 7menos20 elkarteko kideak eztabaidaren oinarria zehaztu nahi izan du, hasieratik. «LGTB turismoa erakartzera bideratutako ekinbideek ez dute zerikusirik LGTB kolektiboaren eskubideekin». Eskubideak baino gehiago, zenbait enpresa pribaturen interes ekonomikoak lehenesteko ekinbideak direla gaineratu du. «Gasteizko gidako tabernak goi klasekoentzako lekuak ziren», zehaztu du. «Gay bat Gasteizera etorri eta halako taberna batera joanez gero, ez luke beste tabernetan aurki dezakeen beste ezer aurkituko».

Ramon San Sebastian Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteko kideak halako ekinbideen asmo merkantilista berretsi du. Dena den, gaineratu du onartu behar dela gizarte kapitalista batean bizi garela, eta, horrenbestez, ez die arazorik ikusten hori baliatzen duten enpresei. «Zerbait eskaintzen badute, dirua irabazteko xedea dutelako eskaintzen dute; horretarako LGTB kolektiboarekiko jarrera gertua adierazten dutela? Niregatik ez dago arazorik». Herritarrek erabakiko dute produktu hori baliatuko duten edo ez, eta merkatuak bere lekuan kokatu du. Edonola ere, San Sebastianek merkatua eta eskubideen artean bereiztearen garrantzia nabarmendu du, eta bakoitza bere lekuan kokatzearen alde egin du. Alde horretatik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan pausoak ematen ari direla azaldu du, eta transexualei beren identitatea onartuz emango zaien nortasun agiri behin-behinekoa jarri du adibidetzat. «Bilbo eta Bizkaiko ekinbideari kritikak eskubideen merkantilizazioaren eskutik heldu zitzaizkion, hein handian».

Imanol Alvarez EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduko kideak Bilboko LGTB gidak piztutako eztabaidan sakondu du. «Adarjotze hutsa zen kanpaina hura», laburbildu du. Aipatu gidan, udala harro agertzen zen edonor joan zitekeelako kaletik eskutik helduta. Alvarezek egoera oso bestelakoa ekarri du gogora, eta salatu du 2010eko Bilboko Espazio Publikoaren Ordenantza baliatzen ari direla afektibotasun adierazpen ez-normatiboak debekatzeko. «Besteak beste,udaltzainek bi emakumeri kargu hartu zieten, metroan agurtzeko elkarri muxu eman ziotelako».

Horrez gain, administrazioaren jokabideaz gain, Alvarezek ez du uste kanpainak errealitatea islatzen zuenik. EHGAMeko kideak adierazi du azken urteetan inoiz baino eskaintza gutxiago dagoela. Halaber, gero eta eraso homofobo gehiagoren berri dute Euskal Herri osoan. «Bilbora datorren bati ezer gutxi eskain diezaioke hiriak; iruzur baten biktima sentituko da».

Ikuspuntu diskriminatzailea

Estibarizek uste du gay friendly ikurraren pean egiten den eskaintza sektore jakin batentzat dela: erdiko eta goi klaseko gay zuriei. Ramon San Sebastianek ideia hori berretsi du hein batean, eta erantsi du gutxitan islatzen dela LGTB kolektiboaren barruko dibertsitatea. «Ikasleak daude, hilean mila euro ere irabazten ez dutenak, langabezian daudenak, behar baino kilo gehiago dituztenak…». Edozein kasutan, hor ere kolektiboaren barruan hausnarketa egiteko deia egin du, «irudi naturalizatuagoa» emateko. Imanol Alvarezek ez du uste «asmo maltzurrik» dagoenik argazki aukeraketa askotan. Askotan irudi estereotipatuetara jotzea nahi gabe ere egiten dela azaldu du. Dena den, argi du barneratutako ideia horren atzean aurretik aipatutako merkantilizazioaren eragina dagoela.

Beste maila batean, Zuriñe Estibarizek nabarmendu du gay friendly-ren erabilera merkantilistak kolektiboaren mobilizazioa baldintzatzeko helburua duela. Hori argudiatzeko zenbait hiriburutako auzoen bilakaera oroitarazi du, adibide gisara: Londresko Soho, Madrilgo Chueca, San Frantziskoko Castro… Duela zenbait hamarkada desegituratuta zeuden, baina LGTB kolektiboko kideen eskutiko gora egin zutenean, kapitalismoak aukera bat ikusi zuen. «Orduan hasi zen gaur egungo negozio arrosa».

Kapitalismoaren asimilazioaren ostean auzo horiek errotik aldatu dira. «Dena da jaia, gimnasioak eta fribolitate handia». Hots, jatorrizko izaera desitxuratu zen, eta gay, lesbiana, transexual eta bisexualak joan egin dira bertatik. «Sistema borrokatu zutenek eskuratu zuten espazio hori, eta, gaur egun, sistema haien etxeetan sartu delako alde egin behar izan dute».

Bilboko Sare Lesbianistak iaz salaketa bat egin zuen gai horren inguruan. Ekainaren 28aren kariaz, Bilboko hainbat ostalari elkartek, Blue aldizkariak, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbao Friendly Pride egitasmoa hasi zuten. Hainbat ekintza prestatu zituzten, baina eguneko manifestazioa kontuan hartu gabe. Ekainaren 28aren «despolitizazioa eta merkantilizazioa» salatu zuen Sare Lesbianistak horren harira. «Egun horien izaera aldarrikatzaile eta politikoa baztertzea friboloa eta mingarria da, borroka osoa lau eguneko ospakizunetara mugatuz».

Alde positiboak

Ramon San Sebastian Gehituko kideak, kritikak kritika, ontzat jo du hiriburuek LGTB friendly gidak argitaratu izana. «Ez da bakarrik eskaintza bat, gure hirietan dagoen erantzun bat bazik». Donostian eta Ipar Euskal Herrian ere halako ekinbideak badaudela oroitarazi du, baita horien gaineko iritzi baikorra eman ere. «Normalizazio irudi bat ematen du, kanpora begira». Baina argi utzi du elkarte eta eragileek lan egiten jarraitu behar dutela, gida horiek lagundu badezakete ere.

Imanol Alvarezek, aldiz, kostata ikusten dio alde onik egitasmo horri, baina aitortu du «zirrikitu» bat izan daitekeela. Batetik, uste du kolektiboari buruzko irudi positiboa emateko baliabidea izan daitekeela, «betiere ikuspuntu merkantilista eta partzial batetik». Bestetik, administrazio publikoekin hitz egin eta aurrera egiten jarraitzeko baliagarria izan daiteke. «Inor gutxik daki zenbat ordu eman ditugu ordezkari publikoekin bilduta; bide hau baliagarria izan daiteke, baina ikuspuntu oso ezberdinak ditugu».

Eskaintza, oso mugatua

Ez dira asko LGTB kolektiboarentzako eskaintza aztertu duten ikerketak. Ez behintzat ikuspuntu akademikotik. Ana Otero, Maria Elisa Alen eta Trinidad Dominguez Vigoko Unibertsitateko doktoreek (Galizia) gaia landu dute. Galiziako eskaintza aztertu dute bereziki; baina, merkatuaren datu orokorrak aztertuta, zenbait ondorio atera dituzte, eta hein batean, elkarteetako ordezkariek azaldutakoaren ildoan doaz.

LGTB kolektiboarentzako turismoa «bilakaera naturala» dela ondorioztatu dute. «LGTB turismoak jokabide bat zehaztu du turismoaren barruan, eta enpresek eta udal agintariek erakarri nahi duten sektore bihurtu da». Azken urtean turismo eskaintzaren espezializazioa gertatu dela gaineratu dute: bakarrik bizi diren pertsonentzako eskaintza, adineko pertsonentzat, familientzat, ikasleentzat… Hortaz, beste hamaika sektorerekin gertatu den bezala, LGTB kolektiboarentzako eskaintza heldu da.

Ordea, ohartarazi dute LGTB kolektiboa «merkatu zabala» dela. Hots, mota askotako eskaria dagoela horren barruan, eta ez dagoela zehaztuta sexu hautuagatik. Eskaintza eta eskaria aztertu dituzte, eta hiru sektoretan «merkatu aukera handia» dagoela nabarmendu dute: lesbianak, adineko gayak eta seme-alabak dituzten bikote homosexualak. Aldiz, egungo LGTB turismoa gizon gazte eta helduentzat da.

Hori ulertzeko zenbait gako eman dituzte Oterok, Alenek eta Dominguezek haien ikerketan. Lehena, agerikoena, gaitasun ekonomikoa da. Galiziako LGTB elkarteko kideei egindako galdeketetan, diru sarrerei buruz galdetu zieten. Galiziako batez bestekoaren gainetik zeudela ondorioztatu zuten; diru sarrerak %20,3 handiagoak zituzten, hain zuzen ere. Hau da, ohartu ziren LGTB kolektiboko kideek kontsumorako gaitasun handiagoa dutela. Ordea, berriz ere nabarmendu dute ezin dela kolektibo homogeneotzat hartu. Inkestatuen datuak sexuaren arabera banatuz gero, alde adierazgarriak daude. Hain zuzen ere, datuek agerian uzten dute gizon eta emakumeek dituzten diru sarreren arteko aldea. Emakumezkoen artean ohikoagoak dira urtean 12.000 euro baino gutxiago irabazten dutenak; aldiz, urtean 22.000 eurotik gora irabazten dutenen artean ohikoagoak dira gizonezkoak.

Bestalde, aurretik esan bezala, ikertzaileek azaldu dute seme-alabak dituzten LGTB familientzako eskaintza indartzeko aukera dagoela. Imanol Alvarezek oroitarazi du ohikoagoak direla seme-alabak dituzten emakumezko bikoteak gizonezkoenak baino. Eta ezaugarri hori aurreko datuekin batuz gero —andreen diru sarrera txikiagoak, langabezia tasa altuagoa…— ez da sektore erakargarria enpresentzat. «Merkatu azterketen atzean merkantilismo hutsa dago; enpresek oso helburu prosaikoa dute: dirua irabaztea».

Oterok, Alenek eta Dominguezek Galiziako elkarteekin hitz eginda LGTB turismoaren beste zenbait ezaugarri xehatu dituzte. LGTB kolektiborako eskaintza zuzena ez dago bidaiatzeko leku bat aukeratzeko motibazio nagusien artean; bai, ordea, kalitate eta prezioaren arteko oreka, kultura eskaintza, lasaitzeko aukera… Segurtasun sentsazioa eta errespetua ere «funtsezko faktoreak» dira, hiru ikertzaileek jakinarazitakoaren arabera. Azkenik, nazioarteko beste ikerketa batzuen emaitza batekin kontrajartzen den ondorio bat azaldu dute. Lekuak hautatzeko, ez da erabakigarria hotelek edota hiriek beren burua hala aurkeztea, gay friendly gisa izendatutakoak aintzat hartu arren. Zuriñe Estibarizek argi du: «Ez dugu auzo gay friendly-rik nahi, herri friendly bat baizik, herri askea pertsona eta gorputz guztiontzat».

Ikasle transexualen arreta hobetzeko protokolo bat egin du Eusko Jaurlaritzak

GASTEIZ. Ikasle transexualentzat eskola «espazio segurua» izan dadin, protokolo bat egin du Eusko Jaurlaritzak, eta eskola guztietara igortzeko asmoa du. Irizpideak ematen dituzte bertan haur eta nerabe horiek jaso behar duten artaren inguruan. Atzo aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean. Osakidetzarako ere gida bat prestatzen ari direla esan zuen Gizarte Politiketarako sailburu Angel Toñak.

Abel Azkona deklaratzera deitu du epaile batek otsailaren 25erako

Ostia sagaratu batzuekin ‘Pederasta’ hitza idatzi zuen artistak Iruñean eginiko erakusketa batean. Erakusketa horren harira ikertuko du auzitegiak. 09:30ean joan beharko du deklaratzera, Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez.

Abel Azkona 2

Abel Azkona artista. Idoia Zabaleta / Argazki Press

Abel Azkona artistak Iruñean egindako erakusketan deliturik egin ote zuen aztertuko du Iruñeko Instrukzioko 2. Epaitegiak. Izan ere, Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak egindakoa tramiterako onartu zuen epaitegiak, eta sortzaileak profanazio deliturik eta erlijio sentimenduen aurkako deliturik egin ote duen aztertuko dute orain.

Sagaratutako 242 ostia erabilita, Pederasta hitza idatzi zuen, eta lana Desenterrados erakusketan jarri du (Lurpetik ateratakoak), Iruñeko Serapio Esparza plazan. Piezak hainbat elkarte katolikoren haserrea piztu zuen, eta hortik heldu da helegitea.

Iruñeko eta Madrilgo hainbat mezatan bildutako ostiekin egindako lana zen, eta erakusketak “erlijio sentimenduen aurkako delitua” egiten zuen jakiteko, txostena bidali zion Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak fiskalari.

Azkonaren lana gaitzesteko, bilkurak egin zituzten, eta artistaren lanak sortutako erreakzioaren kontra ere egin zuten mobilizazio bat.

4 urteko transexual bati izena aldatzea baimendu diote, Gipuzkoan

Aurrerantzean Lucia izena izango du. Gipuzkoako lehendabiziko kasua da eta Euskal Autonomia Erkidegoko bigarrena.

Tolosako lehen auzialdiko eta instrukzioko 3. zenbakiko epaitegiak izena aldatzea baimendu dio Gipuzkoako lau urteko transexual bati. Hala, aurrerantzean Lucia izena izango du. Gipuzkoako lehendabiziko kasua da eta Euskal Autonomia Erkidegoko bigarrena, hain zuzen ere, Gasteizko epaitegi batek beste eskari bat onartu zuen 2013an.

Chyrsarlis Euskal Herria haur transexualen guraso elkarteak ohar bidez jakinarazi duenez, Tolosako epaitegiak izena aldatzea baimendu dio lau urteko haur bati, 2013an adin txikiko arabar bati izena aldatzea baimendu zion Arabako epaitegi baten ildoa jarraituz.

“Luciaren gurasoek gizon izena jarri zioten haren sexu organoei erreparatuta, baina hitz egiten hasi zen momentutik garbi utzi zuen emakumea dela”, azaldu du.

Iturri horiek gaineratu dutenez, 2015eko urriaren 28az geroztik Lucia izena ageri da haren dokumentazioan.

Elkartearen esanetan, “auzitegiek adin txikiko 30 transexual ingururi izena aldatzeko baimena eman diote estatu espainiarrean, baina ez dago irizpide bateraturik eta erabakia epaile bakoitzaren esku gelditzen da”.

ikusi berria