HOMOFOBIAK HILTZEN JARRAITZEN DU!!! EHGAMek elkarretaratzera deitzen du, maiatzaren 17an, Bilbon eta Donostian, arratsaldeko 13:00an

Ehgam, Kitzikan eta Sare Antifaxista taldeek gorroto-erasoak salatu dituzte prentsaurreko batean

Pasa den astean, estatu espainolean 2014. urtean zehar gertatutako gorroto krimenen inguruko txosten bat zabaldu zen. Hemen bildutakook, txosten horretan agertzen diren datu kezkagarrien inguruko balorazio bat egin nahi dugu; oharkabean bizi den errealitate bat islatzen duten heinean. Eraso arrazistak, homofoboak edota aporofoboak eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen kontrako erasoak ematen ari dira gurean, gero eta maizago.

Pertsona nazi-faxistak dira erasoak burutzen dituztenak; eta horren Argi adierazi beharra dago.

Hego Euskal Herrian krimen hauen areagotze kezkagarria salatu nahi dugu.

Guztira, 141 erasoen berri izan dugu. Eta badakigu horiek ez direla izan jasotako guztiak, asko salatzen ez direlako. Ukaezina da gure jendartean dagoen gabezia, baldin eta adibidez, dibertsitate funtzionaladun persona baten kontrako eraso bakar bat ere gertatzen bada, pertsona hori dibertsitate funtzionala izateagatik. Eta horren inguruko hausnarketa egiteaz harago, erasotzaileen kontra ekin beharra dago, publikoki identifikatuz eta euren aurpegi eta izen abizenak zabalduz.

Hego Euskal Herrian, 9 eraso antisemita, 23 eraso homofobo eta 102 eraso arrazista jaso dira beste askoren artean. Horren inguruan, zer esana izango dute Javier Maroto edo “Ayudas + Justas” bezalako plataformak. Eta Bilboko zinegotziek ere zer esana izango dute cruising guneen inguruko jarreran; inpunitatearen susmoa hedatuz. Algortako erasotzaile arrazista eta homofoboa beregain hartzen duten inpunitatea alegia.

Hemen elkartutako herri mugimenduok, gogor salatu nahi dugu era berean, asunto honetan ere, instituzioen jarrera. Datuak eta informazioa behin eta berriz ezkutatuz eskatzen zaien bakoitzean. Horren harira, instituzioei ohartarazten diegu: homofobiaren, arrazakeriaren eta faxismoaren kontrako mugimenduen “besteak”, homofoboak, arrazistak eta faxistak direla.

Mugimendu antifaxista kriminalizatzen bada, faxismoaren apologia egiten da.

Ez dugu inondik ere jarrera hori onartuko.

Honen guztiaren aurrean, jendartearen inplikazioa behar da; iragan hurbilean kontzentrazio eremuetara eraman gintuzten jarrerei eta pentsaerei aurre eginez. Diskriminazio mota guztien kontra elkartzera eta borrokatzera. Testu hau zinatzen dugun eragileok, dei egiten dugu arrazakeria, homofobia, faxismoa edota edozelako diskriminazio mota pairatzen duten persona banako eta kolektiboei, gure herri eta hirietako kaleetan elkartzera eta borrokatzera. 2015. urte honetan, 0 gorro krimen nahi ditugu.

Gorrotoaren gorakada

2014an 141 eraso egon ziren Hego Euskal Herrian arrazakeriak, homofobiak eta antzekoek bultzatuta.

Algortan manifestazioa egin zuten apirilaren 6an izandako eraso homofoboa salatzeko.

Algortan manifestazioa egin zuten apirilaren 6an izandako eraso homofoboa salatzeko. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Espainiako Barne Ministerioak gorrotozko delituen inguruko 2014ko txostena eman du argitara. Horren arabera, iaz 141 eraso egon ziren Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan. Horietatik gehienek, 102k, arrazakeriarekin eta xenofobiarekin izan zuten zerikusia. Eraso homofoboak eta sexu identitate eta orientazioarekin erlazionatutakoak, berriz, 23 izan ziren. Eraso antisemitak, erlijio aniztasunaren kontrakoak eta elbarritasunen bat duten pertsonen aurkakoak ere egon ziren, kopuru txikiagoetan izan bazen ere.

Polizia indarrek emandako datuekin osatu du Espainiako Barne Ministerioak txostena. Horien arabera, Hego Euskal Herrian izandako 141 eraso horietan, 98 biktima izan ziren, eta 29 erasotzaile atxilotu edo inputatu zituzten.

Itxura guztien arabera, datuok gorroto delituen gorakada nabarmena adierazten dute, alderaketak egitea zaila bada ere. 2013ko txostenean, 24 erasoren berri baino ez zuen eman Espainiako Barne Ministerioak Hego Euskal Herrian, eta horietatik lau baino ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; baina txosten hura egiteko, ministerioak ez zuen jaso Ertzaintzak emandako daturik. Horrek azaltzen du hiru herrialde horietan erasoen kopurua hain baxua izatea.

Edozein modutan, 2013ko txosten hura osatzeko, kontuan har daiteke iazko maiatzean Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak emandako informazioa. EH Bilduko parlamentari Julen Arzuagak Eusko Legebiltzarrean egindako galdera bati erantzunez, Beltran de Herediak esan zuen 2013an gorrotoak bultzatutako sei delitu izan zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, den-denak arrazakeriari lotuak.

Bi txostenak aintzat hartuta, eta suposatuz Espainiako Barne Ministerioak eta Jaurlaritzak jasotakoak delituak desberdinak direla, emaitza da 2013an gorrotoarekin lotutako hamar delitu izan zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2014an gertatutako 117etatik oso urrun. Nafarroan ere, 20tik 24ra egin zuen gora delitu kopuruak. Beraz, datuok zuhurtziaz hartzekoak badira ere, badirudi horrelako erasoen gorakada nahiko argia dela, herrialde guztietan gainera.

«Kezkagarria»

Datu horien gaineko balorazioa egin dute Sare Antifaxista, EHGAM eta Kitzikan mugimenduek. Adierazi dute «kezkagarria» dela horren atzean ezkutatzen den errealitatea: «Eraso arrazistak, homofoboak, pobreen aurkakoak edo bestelakotasun funtzionala duten pertsonen aurkakoak gero eta maizago gertatzen dira gurean».

Espainiako Barne Ministerioaren arabera, gorakada horrek zerikusia du datuak biltzeko sistemak zorroztearekin eta zenbait poliziatan ezarritako protokolo bereziekin. Aipatutako erakundeak ez datoz bat balorazio horrekin; aitzitik, esan dutenez, txostenean agertzen diren 141 erasoak ez dira iaz gertatutako guztiak, «asko salatzen ez direlako», eta datuak biltzeko moduez ere zalantza handiak dituzte. «Ohitura handia dago zenbait eraso taberna giroko liskar gisa aurkezteko, batez ere gauez gertatzen badira», esan du Sare Antifaxistako Eduardo Gonzalezek.

Artxibatzen diren kasuekin zer gertatzen den ere galdetu dute, eta, adibide gisa, Bilbon 2014ko ekainaren 17an aurkezturiko salaketa aipatu dute. «Gazte batek salaketa jarri zuen eraso faxista jaso zuelako», azaldu du Gonzalezek, «baina epaileak ez zuen aintzat hartu eta artxibatzea erabaki zuen. Kasu horretan, oso litekeena da eraso hori estatistiketan ez agertzea».

Edozein modutan, eta eskura dituzten datuak aintzat hartuta, argi dute erasoen gorakada dagoela eta horri erantzun bat eman behar zaiola. «Ez dago normaltzat edo onargarritzat jo daitekeen eraso kopururik», adierazi du Gonzalezek. «Gure ustez, eraso bakar bat ere gehiegi da».

Beste aldetik, zenbait politikarik ematen dituzten mezuak ere salatu dituzte, horrelako erasoen ugaltzea dakartelakoan eta zigorgabetasuna sustatzen dutelakoan. Bereziki, Gasteizko alkate Javier Marotok eta Laguntza Bidezkoagoak plataformak etorkinen inguruan egindako adierazpenak salatu dituzte, bai eta Bilboko zenbait zinegotzik cruising guneei buruz egindakoak ere.

«Horrelako mezuek zigorgabetasuna bultzatzen dute», esan du Gonzalezek, eta zigorgabetasun horren adibide gisa duela gutxi Algortan (Bizkaia) izandako eraso homofoboa aipatu du: «Orain dela bi aste gertatu zen, eta oraindik ez dago horren inguruko berririk».

Erasoen ugaltzearen aurrean, «jendartearen inplikazioa» eskatu dute hiru mugimenduek, «faxismo, arrazakeria, homofobia eta diskriminazio mota guztien kontra elkartu eta borrokatzeko». «Iragan hurbilean kontzentrazio esparruetara eraman gintuzten jarrera eta pentsaerei aurre egin behar zaie», esan du Kitzikaneko Aitor Latailladek. «2015erako, zero gorroto-krimen nahi dugu».

Instituzioei, berriz, «mugimendu antifaxista ez kriminalizatzeko» eskatu diete, «antifaxismoaren kontra egitea faxismoaren alde egitea delako».

EHGAMek bat egiten du Kitzikanek deituriko elkarretaratzearekin, bere kide batek gaur arratsaldean jasotako eraso homofoboaren aurka egiteko

Gaur,apirilaren 6an, Algortako Bikain tabernan, Kitzikaneko kide batek eraso homofobo bortitza jazo du. Honi erantzuteko, bihar arratsaldeko 20:00etan Kitzikanek konzentraziora deitu du Algortako Telletxe plazan.

EHGAMek bat egiten du deiarekin eta deitzen du elkarreteratzera joateko

EHGAM se suma a la convocatoria de concentración mañana 7 de abril en la plaza Telletxe de Algorta  a las 20:00h. realizada por Kitzikan para protestar por la agresión homófoba sufrida hoy por uno de sus militantes.

 

mani algorta 2015