Empar Pineda “Ez gaude feminismo errebantxista eta ukatzailearen alde”

empar pineda

Nola gogoratzen duzu Hernaniko haurtzaroa?

Erabat oroitzapen zoriontsuak ditut. Asko gogoratzen naiz aitona-amonen baserrian igarotzen nituen aldiez: aitona petrikiloa zen, eta baserriz baserri laguntzen nion gaixoak sendatzera. Aitonarengandik ikasi nuen zein ederra den sendatzea. Kalearen oroitzapen zoragarriak ere baditut: jolasean nola aritzen ginen. Nire jolasik gogokoenak ez ziren bereziki femeninoak, alderantziz. Amak harategia zuen Hernanin, eta bezeroek hala esaten omen zioten: “Hor dabil Amparito, orain ere ipurdia burua baino gorago!”. Beti ari bainintzen txapetan, lapetan (kromoekin)…

Zure aktibitate politikoa Francoren diktaduraren azken urteetan hasi zen Mugimendu Komunistaren baitan. Baina laster bihurtu zinen ekintzaile feminista. “Militantzia antifrankistan urte asko eman ondoren, feminismoaren aldera lerratu nintzen 1975ean” diozu. Nola joan zinen osatzen politikoki, ideologikoki eta identitarioki?

Bitxia da. Batetik, lesbiana nintzen, baina ez nintzen berandura arte ohartu. Tira, ohartu bai, baina ez nion izenik jartzen. 1964an jarri nion izena, 20 urterekin. Fakultateko lagun batek esan zidan: “Amparo, utzi lagun intimoen txorakeria horiek, faborez, zu goitik beherako lesbiana zara”. Ordura arte ere ez nuen gaizki bizi nire lesbiana izaera, baina ez nuen esaten. Bizitza bikoitza nuen: batetik, Madrilen ezagutu nituen lesbianekin ibiltzen nintzen, haien etxeetan geratzen nintzen… Eta bestetik, giro hartatik kanpoko bizitza zegoen. Niretzat, feminismoa deskubritzea, nire borrokalari, justiziagile eta askatzaile sena, emakume izatea eta lesbiana izatea uztartzeko eta bideratzeko modua aurkitzea izan zen. Lehen aldiz, emakume gisa afirmatu nintzen, ordura arte ez bezala.

Ordura arte nola bizi zenuen zure emakume izaera?

Umetan ez nintzen gutxietsia sentitzen, saltsa guztietako perrexila nintzen. Ez nintzen gutxietsia sentitu ez Hernanin, ez eskolan, ez unibertsitatean…, ezta unibertsitateko elkarte klandestinoetako parte izan nintzenean ere. Mugimendu Komunista baino lehen, Federazio Komunista izeneko elkartea sortu genuen. Erakunde hura Mugimendu Komunistarekin elkartu zen, eta zuzendaritzan sartu nintzen. Han ere, kideak berdinetik berdinera sentitzen nituen, ez nintzen diskriminazioaz jabetzen, eta pentsa, Mugimendu Komunistako kideok ez genuen kontuan hartzen, ezta teorian ere, marxismoaren fundatzaileek emakumeon askapenerako borrokan ordura arte esandako apurra. Ezta apur hura ere. Horregatik, 1975. urtean dena hankaz gora jarri zitzaigun, izugarrizko iraultza ideologikoa izan zen, txiribuelta ideologiko ikaragarria. Dena aldatu zen. Orduko kide batek, oraindik ere oso lagun dudan kazetari galiziar batek beti esaten duen bezala, “ezer ez zen berriro lehengoa izan”. Inoiz ez. Feminismoa gure bizitzan sartu zenetik ezer ez da sekula lehengoa izan. Hain identifikatuta sentitzen naiz emakumeon askapenerako borrokarekin, ezinezkoa bailitzaidake nire bizitza kontatzea, edo aurrera begira nire bizitza pentsatzea kontzientzia hori kontuan hartu gabe. Mundua angelu honetatik ikusi duenak badaki dena aldatzen dela, eta behin betaurreko hauek jantzita ezinezkoa zait ezikusiarena egitea, nire identitatearen parte da begirada feminista, sakon-sakonean.

35 urte igaro dira emakumeen eskubideen eta askatasunaren alde borrokan hasi zinenetik. Nola ikusten duzu mugimendu feminista gaur egun? Oparoa izan da belaunaldien arteko transmisioa?

Guk 70eko hamarkadaren amaieran aurkitu genuen egoera eta gaur egungoa ezin dira konparatu. 40 urtetako frankismotik gentozen, eta frankismoaren arrastoak zeuden leku guzti-guztietan: hezkuntzan, kulturan, baloreetan, familian… Garai hartako emakume eredua frankismoko sekzio femeninokoena zen, pentsa. Ikaragarri borrokatu behar izan genuen erabat oinarrizkoak diren kontuak lortzeko; esaterako, emakumeok ere izaki sexualak garela aldarrikatuz. Guri ere sexua gustatzen zaigula, eta ez goxotasuna eta mimoak bakarrik, sexua ere baietz. Gizonezkoei esaten genien beren sexualitatea ez zela uholde kontrolagaitz bat, mendian jaio eta bere bidean dena eramaten zuena. Esaten genien haiek ere bazutela kontrolatzeko gaitasuna, eta neska bat minigona jantzita joateak ez zuela justifikatzen uholde ustez kontrolagaitz hura. “Ipuinik ez”, esaten genien. Beraz, garai hartan aurkitu genuen egoeraren aurrean hainbat borroka genituen, hainbat fronte irekita, bizitzako alor guzti-guztietan. Pixkanaka, gauza batzuk lortzen hasi ginen, gutxi, baina batzuk bai. Batzuk %60an, beste batzuk %40an… Pixkanaka aurrerantz gindoazen. Nik uste dut %100ean lortu dugun gauza bakarra gay eta lesbianen ezkontza eskubidea izan dela. Bizitza publikora 30 urte beranduago jaio diren emakumeak lorpen asko erdietsita daudela jaio dira eta, beraz, ezberdina da errealitateari aurre egiteko modua.

Gaur egun zailagoa da diskriminazioa ikustea?

Oraingo neska gazteek ikusten dute ez dagoela debekatzen zaien lanposturik (nahiz eta kristalezko sabaia oso baxu dagoen, baina hori ez da asko hurbildu arte ikusten), ez dagoela debekatzen zaien ikasketarik, antisorgailuak ez daudela debekatuta, abortuaren gaineko debekua ez dela erabatekoa, eta batez ere, emakumeok sozialki kontuan hartuak garela ikusten dute, ez bigarren sexu gisa, bigarren mailako hiritar gisa, pertsona oso gisa baizik. Emakumearen Institutua ere sortu da, eta administrazioak kontuan hartzen ditu emakumeen aldarrikapenetako batzuk. Hori oso garrantzitsua izan da: gure garaian feministok ginen emakumeentzako eskubideak eskatzen eta aldarrikatzen genituen bakarrak. Egoera aldaketa horrek aldatu egin du feminismora hurbiltzeko modua. Esango nuke, mugimendu feministak, gaur egun, ez duela 70eko hamarkadaren amaieran zuen pisurik, batzuetan mugimenduaz hitz egiten ere ez naiz ausartzen. Badaude erakunde feministak, haietako asko gai oso zehatzak lantzen, eta aldian behin leherketak gertatzen dira: iaz Granadako jardunaldi feministetan, adibidez. Bat-batean, hutsetik bezala, 4.000 emakume feminista elkartu ginen Granadan, adin guztietakoak, eta hori energia da zainetan, baina indar hori mantendu egin behar da urte sasoi eta txoko geografiko guztietan, eta sarea gehiago indartu behar da. Hasieran, oso kanpaina zehatzak eta indartsuak egiten genituen: dibortzio eskubidearen aldekoak, abortu eskubidearen aldekoak… Oraingo erronkak zailagoak dira, ez baitira hain agerikoak, eta jendeari ondo azaldu behar zaizkio.

Zer da emakume gazteok zaharragoengandik ikasi behar genukeena? Eta alderantziz?

Oso galdera interesgarria. Nik beti esaten dut: edo transmisio hori egitea lortuko dugu, edo gurea belaunaldien arteko abentura soila izango da. Eta madarikatua feminismoa belaunaldi baten abentura bilakatuko duena!, batez ere, oraindik ere egiteko gauza asko gelditzen direlako. Elkarrengandik ikasi behar dugu. Gure belaunaldikook umiltasun handia izan behar dugula uste dut: burutik kendu behar dugu guk urte asko daramatzagula, esperientzia handia dugula eta gazteek, iritsi berriak direnez, guri entzun behar digutela. Hori akats barkaezina litzateke. Askoz ere umilagoak izan behar dugu, eta prest egon behar dugu gure ideiak berrikusteko. Batzuetan, orduko kideekin elkartzen naiz eta esaten diet “zer ordu da?” eta esaten didate “seiak pasatxo” eta esaten diet “aizu, duela 30 urte gelditu zitzaizun ordularia!”. Ez bagara izan diren aldaketak ikusteko gai, alferrik gabiltza. Borondate handia izan behar dugu lekukoa pasatzeko. Jakin egin behar da lekukoa garaiz pasatzen, eta ardurak besteren esku uzten, bestela oso feminista jakintsuak izango gara, baina gurekin batera lurperatuko dugu feminismoa.

Eta emakume gazteei dagokienez?

Gazteei zaharragoenganako tolerantzia eskatuko nieke. Badakit batzuetan amona-burruntzi bilakatu gaitezkeela batallitak kontatuz etengabe, baina, zer egingo diogu, zahartzen ari gara eta bakoitzari berak bizi izandakoa kontatzea gustatzen zaio… Baina tira, pazientzia pixka batekin… [barrez] Uste dut gazteentzat interesgarria dela gure belaunaldiak emakumeen askapenerako egin zuenetik ikastea. Ez gauza bera errepikatu dezaten, nondik datozen jakiteko baizik, eta batez ere, ez ahazteko ez zaigula inoiz ezer debalde eman. Lortu dugun guztia gure borrokarekin lortu dugu, ezer ez da zerutik erori.

Gaur egun, badirudi, genero ikuspegia barneratu dela hainbat alorretan. Baina kontzientzia feministarik, kontzientzia askatzailerik badago? Ala “moda morea”k gehiago du azalekotik?

Mugimenduaren parte garenok oso barneratua daukagu kontzientzia askatzailea, ez gara despistatzen, baina egia da zaila dela zabaltzea. Ez dago lehengo indarrik. Eta indar hori beharrezkoa da aldarrikapen batzuek jarraipena izan dezaten, berriak sortu daitezen, kontzientzia feminista zabaldu dadin, feminismoa berritu dadin, gobernuak saldu bai, baina hutsean uzten dituen asmoen aurrean altxa gaitezen… Ezin dugu ahaztu zenbait gauza ondo egin dituztela gobernutik, baina asmorik gehienak erdibidean edo asmo hutsean geratu dira aurrekonturik ez dutelako, edo autonomia erkidego batzuek ez dutelako gobernu zentralak dioenari buruz ezertxo ere jakin nahi, edo oposizioaren aurrean beldurtu egiten direlako… Horregatik, feministok hor egon behar dugu, faktore askoren aurrean atzera egiten baitu gobernu zentralak berak ere. Hor ez bagaude atzerapausoak izango dira berriz.

“Beste ahots feminista batzuk” korronteko kide zara. Feminismo hegemonikoaz gain feminismo periferikoak ere badirela ulertu behar dugu?

Feminismo bat baino gehiago daude. “Beste ahots feminista batzuk” iritzi-korrontea da, 2006an sortu zena feminismo ofizialari erantzun gisa. Gure iritzia eman genuen PSOEko Gobernua lantzen ari zen indarkeria matxistaren legearen erreformei buruz, dibortzioei buruz, dependentzia-legeari buruz… Ikaratu egiten gintuen indarkeria matxistaren inguruan Gobernua hartzen ari zen jarrerak: pentsamendu erabat zigortzailea ari zen nagusitzen, gizonen gaitz guztien irtenbide bakarra kartzela balitz bezala. Berriro ere esentzialismora itzultzeko arriskua ikusten genuen. Bazirudien gizona izate hutsagatik, esentziaz gaiztoa izan behar zela: erasotzailea, hiltzailea emakumeekiko harremanetan… Eta emakumeak, aldiz, denak onak, atseginak eta kaltegabeak. Ezin genuen halako joerarik onartu: hasteko, inor ez da den bezalakoa naturaz, esentziaz. Egin egiten gara. Ez dezagun Simon de Beauvoir zaharra ahaztu. Eta ezin dugu ahaztu mugimendu feministak, hastapenetan, izugarrizko borroka egin zuela espetxe politikaren aurka. Eta orain badirudi kartzelaz betetako Estatu bat nahi dugula, bertan gizon gaizto guztiak sartu ditzaten. Faborez! Hori ez da gure eredua. Asko haserretu gintuzten feminismo ofizialeko jarrera horiek eta horregatik erabaki genuen feminismoaren pentsamendu kritikoaren sarea osatzea. Gu ez gaude feminismo ukatzaile eta errebantxistaren alde. Feminismo ofizial horrek betiereko biktima bilakatzen gaitu.

Defendatzen duzuen feminismoak biktimizazioaren aurka egiten du lan?

Jakina. Feminismo ofizialean badirudi emakumeok ez garela gure burua zaintzeko gai, badirudi etengabe babestu behar gaituztela. Feminismoarekin hasi ginenean, egin genuen lehen gauzetariko bat frankismoko lege faltsuki protekzionisten aurka errebelatzea izan zen. Argi utzi genuen emakumeok ez dugula gain-babes hori behar, ez digula onik egiten, ez digula hazten eta autonomo izaten uzten, ez digula boterea hartzen uzten. Tresnak behar ditugu autonomoak izateko, gure burua askatzeko adina botere hartu behar dugu gure eskuetan. Ez dugu beti “aita estatua”rengana babes eske joan nahi. Ez da “aita estatua” izan behar gizonen erasoetatik babestuko gaituena. Heziketa eta prebentzioa dira bideak, baina badirudi bide ukatzailea eta errebantxista hautatu duela Gobernuak. Ez zaie tratu txarrak jasan dituzten emakumeei entzuten. Biktima gajo horiek esateko dutenak batere garrantzirik ez balu bezala. Berdin da tratu txarrak jasan dituen emakumeak babes agindurik ez duela nahi esatea, “aita estatuak” baietz erabakitzen du eta kito. Adin nagusikoak gara! Ezin gaituzte haur txikiak bagina bezala tratatu. Betiereko biktima bilakatzen gaituzte. Eta horrela ez goaz inora. Emakume biktimaren paperak izua ematen digu, beti babesa behar duten emakumeak, noiz salbatuko dituzten zain… Ez dago patriarkatuarentzat elikagai hoberik.

Zer da feminismoak gizonezkoei eskaintzen diena?

Ez nintzateke feminismoaz orokorrean hitz egitera ausartuko, esan dizudan bezala, batzuek kartzela eskaintzen baitiete. Baina mugimendu feministak, nik ulertzen dudan bezala, eta hau izan da beti mugimenduaren nukleoa, zoragarria iruditzen zaidan zerbait eskaintzen die: beraien maskulinotasuna beste era batean eraikitzeko eta bizitzeko aukera, emakumeekiko harremanak berrasmatzeko aukera, boterea beste era batean bizitzeko aukera. Horrek esan nahi duen guztiarekin. Maskulinotasun prototipikoaren oskola kentzeak eman diezaiekeen zoriontasun eta asebetetze guztia eskaintzen die feminismoak: sentimenduak agertu ahal izatea, haurren eta nagusien zaintzaz gozatu ahal izatea, jolasteko, gozatzeko, hunkitzeko eta dantzatzeko eskubidea berreskuratzea, beti serio eta ziur agertu beharra albo batera uztea… Maskulinotasun era berriak probatzea, deseraikitzea eta eraikitzen hastea. Maskulinotasunarentzat eremu debekatuak izan direnetara sartzeko aukera. Han-hemenka zabaltzen ari diren gizon-taldeetan lan handia egiten ari dira zentzu honetan. Eta feminismotik gizonentzako mezua berrikusi behar dugu, eta haiei eskaintzeko daukagun guztia azaldu, proposamen konkretuak eginez.

Bikoteen Legea babestu zuten Eusko Legebiltzarreko taldeak saritu ditu EHGAMek; gotzainei, ordea, ‘Trapuzko Espartina’ eman die

Gay eta Lesbianen Egunaren kariaz, EHGAM Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduak ‘Urrezko Hirukia’ eta ‘Trapuzko Espartinak’ banatzen ditu. Gay eta lesbianen eskubideen defensa saritzen du Urrezko Hirukiak; Trapuzko Espartinek, berriz, jarrera homofoboak gaitzesten ditu. Bikoteen Legea babestu zuten Eusko Legebiltzarreko taldentzako izan da aurten saria —EAJ, EA, EB-IU, PSE-EE eta SArentzat—, eta Hego Euskal Herriko lau gotzainentzat gaitzespena.

Boko Bidebarrieta liburutegian egin da Urrezko Hirukiak eta Trapuzko Espartinak banatzeko ekitaldia. Urrezko Hirukia jasotzera Bikoteen Legearen eztabaidan ekimena babestu zuten talde parlamentario guztietako bozeramaileak joan dira; hau da, EAJko Elixabete Piñol, EAko Onintza Lasa, EB-IUko Kontxi Bilbao, PSE-EEko Gemma Zabaleta eta SAko Jone Goirizelaia. Gustura hartu dute bostek saria. EHGAMek esker ona azaldu die guztiei; Bikoteen Legea aurrera ateratzea lortu zutelako ez ezik, gay eta lesbianen eskubideen defentsan elkarrekin ados jartzea lortu zutelako. Jarrera homofoboen gaitzespena irudikatzen duen Trapuzko Espartinak, berriz, Hego Euskal Herriko lau gotzainentzat izan dira, hain zuzen ere, homosexualen berdintasunerako aurrerapausua den Bikoteen Legea onartu zenean, haren aurka agertu zirelako. Gotzainik ez da agertu, noski, Bidebarrietara espartinik jasotzera. Bestalde, gay eta lesbianen mugimenduak antolatuta, manifestazioak izango dira gaur arratsaldean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, beren eguna ospatu eta aldarrikapenak plazaratzeko. 19:00etan abiatuko dira guztiak; Donostian Bulebarretik, Bilbon Zabalburutik, Iruñean autobus geltokitik eta Gasteizen Andre Mari Zuriaren plazatik. Ipar Euskal Herrian, joan den larunbatean, Miarritzen, egin zuten gay eta lesbianek jendaurreko agerraldia.