«Eskubideen lege batean administrazioa ezin da bermea izan»

EUGENI RODRIGUEZ. KATALUNIAKO HOMOFOBIAREN BEHATOKIA

Rodriguezek irmo defendatu du Kataluniako homofobiaren aurkako legea: eskubideak bermatzeko, zigorrak ezartzeko eta kolektiboa ahalduntzeko balio duela dio. Dena den, aurkitu diote ahulgunerik.

eugeni rodrigeuez

Eugeni Rodriguez

Iazko urriaren 8an onartu zuen Kataluniako Parlamentuak Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualen Eskubideen Aldeko eta Homofobiaren Aurkako Legea. Ibilian, testuaren indarguneak eta ahulguneak identifikatu dituzte. «Arrisku hori du lehenak izateak», aitortu du Eugeni Rodriguezek (Hospitalet de Llobregat, Herrialde Katalanak, 1965), Kataluniako Homofobiaren Behatokiko kideak. Aitzindariak izan ziren Europan. Aurten antzeko egitasmo bat aurkeztu nahi du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean; hango esperientzia ezagutu dute Rodriguezen ahotik.

Zergatik eta zertarako behar zuen Kataluniak legea?

2005ean sexu berekoen ezkontzak onartu ziren Espainian. Baina jendeak ez ditu eskatzen ezkontzagatik dagozkion hamabost opor egunak; ez dira ausartzen. Bi lesbiana euren umea eskolan matrikulatzera doazenean, aitaren eta amaren izena galdetzen diete. Ezkontzeko eskubidearekin ez da dena konpondu. Nik esaten dut etxea teilatutik egiten hasi zirela. Oinarriak falta dira. Eskubide asko dago oraindik bermatzeko. Eta, era berean, guk lege zigortzaile bat nahi genuen. Urte askoan homofobia debaldekoa izan da. Orain erasoen aurkako txertoa behar genuela uste genuen. Eta legea behar dugu LGTBI kolektiboa ahalduntzeko modu bakarra delako. Azkenaldian homosexualitatearen aurkako neurriak hartzen ari dira hainbat estatu: Europan berton, Errusia. Badirudi atzera egiten ari garela. Katalunian herri berri bat sortzeko prozesuan murgilduta gaude, eta argi utzi nahi genuen gure herri berria ez dela homofoboa.

Ezinbestekoa da lege berezi bat homofobiaren aurka egiteko? Beste lege eta baliabideak ez dira nahikoak?

Europako datuak dira: ehun eraso LGTBIfobotik hamasei baino ez dira epaitegietan bukatzen. Zerbaitek huts egiten du. Hasteko, lege honek izenak ipintzen ditu: homofobia, lesbofobia, transfobia, bifobia… Bakoitza zer den definitzen du. Eta hori oso garrantzitsua da fobia horien aurka egiteko, ikusarazi egiten baititu. Adibide bat ipiniko dut. Errusian gertatzen zena kopiatuta, Katalunian Pilla-Pilla izeneko talde homofobo bat izan dugu. Internetez gay diren gizonekin ligatzen zuten, zelai batera eroan, eta, erasoa grabatu ostean, sarean ipintzen zuten. Hemen ez dute inor hil, baina hamar biktima egon dira. Legea onartzearekin bat, desagertu egin da taldea.

Demagun ume batek eskolan ikaskideen irainak sufritzen dituela, LGTBI delako. Zer egin dezake lege horren babespean?

Ez dugu irudikatu beharrik. Izan dugun azken kasua horixe da. Duela hilabete ama batek deitu gintuen 14 urteko semeak azken bi urteetan bullying-a sufritu duelako, Gironako ikastetxe publiko batean. Heziketa fisikoko irakasleak azken lau hiletan eskola zuten aldiro hau esaten ei zion: «Mesedez, ez egin korri maritxu baten moduan». Umeak hamabost kilo galdu ditu bat-batean. Eta astero hamar euro eroan behar ditu eskolara, ikaskideek ez iraintzeko. Gainera, eskolako psikologoak mutilaren aurkako txostenak egin ditu. Lege honen 12. artikuluak hezkuntzaz egiten du berba. Umeen sufrimendua eragotzi behar dela esaten du, baita biktima izan direnak babestu behar direla ere, haien bizitza normaltasunera itzultzeko neurriak hartuta. Ikastetxe horrek legea oso-osoan hautsi du.

Homofobiaren Aurkako Behatokiak salaketa ipini zuen Generalitatean. Neurriak hartu beharko dira. Ume horren sufrimenduaren erreparazioa ere egin beharko litzateke, legeak hala agintzen duelako. Baina gobernuak erantzun digu umea eskolaz aldatuko dela, eta arazoa konponduta dagoela. Horregatik, guk arartekoarengana jo dugu, gobernua estu har dezan. Ikusten ari gara borondate politiko eskasa dagoela legeak dioena dioen moduan betetzeko. Era berean, fiskala deklarazioak hartzen ari da, deliturik egon den ikertzeko.

Beraz, administrazioak ez du legea betetzen?

Convergencia ez zen legearen aurka egon, baina alde ere ez. Onartu zuten, eta listo. Orain ikusten ari gara borondate politiko gutxi duela. Egia da urtebeteko epea dutela legea oso-osoan indarrean sartzeko. Egia da ez dela erraza. Uste dugu hamar bat urte beharko direla testuak jasotzen dituen lan ildo guztiak martxan jartzeko. Izan ere, asko dago egiteko. Adibidez, hezkuntza sisteman txertatu behar dugu. Baina ez ikasgai berezi moduan: «Tori, hemen homosexualitatea». Ez, zeharlerroa izan behar du. Matematika, historia edo bestelakoak ikasterakoan errealitate hori islatu behar da ikasgelan.

Zer aukera duzue administrazioak legea betetzen ez duenean?

Betikoa: arartekoa. Osasun arloko kontuengatik hainbatetan jo dugu harengana. Ez du administrazioa zigortzeko eskumenik, baina errieta egiten dio, zer egin behar duen esaten dio, eta txosten oso interesgarriak egiten ditu. B plana ere badugu. Izan ere, bagenekien Generalitateak hala jokatuko zuela. Beraz, orain tokiko administraziora jotzen hasi gara, haien bidez legea zabaltzeko. Legeak Generalitatearen eta tokiko administrazioen arteko akordioak egiteko modua ematen du, gobernuak legearen eskumen batzuk erakunde horien esku uzteko. Bartzelonako Udalarekin indar berezia egin gura dugu. Batez ere, legea ezagutarazi nahi dugu.

Legearen indarguneetako bat zigorrak edo isunak dira. Zeinen ardura da horiek ezartzea?

Hori da gure hanka sartzeetako bat. Guk nahi genuen horretarako erakunde berezi bat sortzea. Baina Generalitateak berak du ardura hori. Guk ez genuen aurrekaririk, eta itsu-itsuan idatzi genuen legea. Ikasi dugu lezioa: eskubideak bermatzea eta diskriminazioa bukatzea helburu duen lege batean ezin da administrazioa izan bermea. Bere lana aurrekontua eta baliabideak jartzea izango da, baina kontrolak beste baten gain geratu behar du. Ezinbestekoa da zigorrak jartzeaz eta legea betetzen dela baieztatzeaz arduratuko den erakunde independente bat sortzea. Gironako ume horren kasuan ikusi dugu, adibidez, ez duela funtzionatzen. Gaur egun arartekoaren bidez ari gara lanean, egunen batean erakunde hori lortuko dugulakoan.

Arestian esan duzu Gironako umearen amak zuengana jo zuela salaketa jartzera, behatokira. Ez al lukete Generalitatera joan behar? Ez al luke gobernuak horretarako zerbitzu edo baliabide propio bat sortu behar?

Salaketak guk jasotzen ditugu. Legeak arreta zerbitzu integral bat aipatzen du. Jaurlaritzak badu Berdindu izeneko zerbitzua. Oso ondo egituratuta dauka. Lan txukuna egiten dute. Gurean lurraldetasuna ere ez da bermatzen. Bartzelonara jotzen dugu, Generalitatera. Baina Kataluniako beste herri batean biziz gero, zer? Gobernuak bermatu behar du jendeak salaketa jartzeko aukera izango duela. Ikusi behar dugu behatokia nola txertatu dezakegun legearen egituran; agian, akordioren baten bidez.