“Denok gara maskulinoak eta femeninoak”

Aingeru Mayor sexologoa, transexual egoeran den neska baten aita eta Chrysallis Euskal Herria Elkarteko lehendakaria da: “ikusten dugunean pertsona bat ez dakigula gizona edo emakumea den, eskemak apurtzen dizkigu eta buruari bueltak ematen dizkiogu”.

Aingeru Mayor2

Aingeru Mayor

Arrasateko Udaleko Sexologia Zerbitzuak antolatuta, [ekainaren 3an] “Zakila duten neska, bulba duten mutilak. Ulertu, senti zaitzaten gertu” hitzaldia izan da. Hizlari-lanetan Aingeru Mayor aritu da, sexologoa, transexual egoera batean den neska baten aita eta Chrysallis Euskal Herria Elkarteko lehendakaria. Berak azaldu bezala, “ikusten dugunean pertsona bat ez dakigula gizona edo emakumea den, eskemak apurtzen dizkigu eta buruari bueltak ematen dizkiogu”.

Badira barrabilak eta zakila duten emakumeak, baita alderantziz ere, baina ikerketen arabera, 15.000 pertsonatik edo 1.500 pertsonatik batek ditu ezaugarri fisiko horiek. Transexualitate egoeran dauden haur gehienek ez dituzte ezaugarri horiek: “Organu genital maskulinoak ditu baina neskatila sentitzen du bere burua, eta neskatilen organu genitalak ditu baina mutiko sentitzen du”.

“Oso txikitatik oso argi daukate neskatila edo mutikoa direla”, eta neskatila sentitzen den haurrak “ez du esaten niri mutilak gustatzen zaizkit”, argiki esaten du “ni neska naiz”. Horrelako egoeretan, “gurasoek uzten badizute zu horrela adieraztea, ikastetxeak edo ikastetxeko gelakideak kontrakoa esan ohi dizute”. “Gurasoek edo jendeak identitate hori ukatzen badiote, edo berataz barre egiten badute, haurrarentzat egoera oso latza da, bera ukatzen ari baitira”. Gerta liteke “haurrak bere organo genitalak gorrotatzea, bere burua ezin definitzea, eta jokabidea itxiagoa izatea, nahiz eta haur guztiei bezala lagunartean jolastea dagokion, eta ez borrokan aritzea”. Kontuan hartu behar da haurrak “identitate horretatik eraikitzen duela bere sexu-identitate osoa: ez bakarrik emakumea edo gizona den, baita nolako gizona edo nolako emakumea den”.

Transexualitate egoeran dagoen haur baten gurasoek fase ezberdinak igarotzen dituzte, Aingeru Mayor aitak hitzaldian konpartitu bezala: “Gurasook hasieran harrituta geratu ginen, gero pentsatu genuen haurrak bere burua argituko zuela, gero beldurra sentitu genuen (haurrak etorkizunean sufritu beharko lituzkenen beldur). Ondoren zerbait egin behar genuela erabaki genuen”. “Haurrak neskatilen soinekoak janzten zituen, eta kalera horrela jantzita atera nahi zuen. Guk uzten genion eta inguruko jende baten begiradak, epaiketak, galdera zorrotzak (“baina nola uzten diozue zuen semeari kalera horrela irtetea?”) jasaten genituen”.

Aingeru Mayor sexologoak azaldu du haurren identitate sexuala 7-8 urterekin finkatzen dela. “Guk nahi genuen behingoz 7-8 urte betetzea – onartu du umore puntu batekin – , berak gero eta argiago zeukan neska zela”. “Goizetan negar egiten zuen: Berak ez zuenean soineko egokia aurkitzen negar egiten zuen. Kontuan hartzen zuen besteen aurrean ikastetxean, kalean,… zein itxura izango zuen”. Egun batean ikastetxean “mutil handiago batek esan zion “zu mutila zara zakila daukazulako” eta orduan nire beste alaba defendatu zion esanez “zuk uste baduzu mutila dela bale, baina utziozu bakean”. Egun hura detonantea izan zen”.

Izan ere, “gurasook ere posizionatu behar izan ginen, eta erabaki genuen Chrysallis elkartean aholkua eskatzea”. Egun batean gurasoek haurrari serioski galdetu zioten: “Nahi duzu jendeari esatea argi eta garbi zu neska zarela?”. Haurraren erantzuna ere argia eta garbia izan zen: “Bai, noski”. Gurasoek hala egin zuten, eta “oro har jendearen erantzuna oso positiboa izan zen”. Egoera berrian “neskak berdin jarraitu zuen, eta egoerak hobera egin zuen”. Espero dezagun gauzek bide horretan jarraitzea.

* Artikulu hau Mondraberri.com-etik hartua da.