Iruñeak frankismo garaian bainugela publikoetan sexua egiten zuten gayei omenaldia egiten die

Plaka bat jarri du Udalak Autobus Geltoki zaharrean. Plaka ez da berria, ordea, duela urte batzuk Ekainak 28 Plataformak (Ehgam-Nafarroak barne) jarritakoa baizik, baina artean kendu behar izan zuten udaleko baimena ez baitzuten.

Transexualen Arretarako Batzordea sortu da

IRUÑEA. Transexualen Arretarako Batzordea sortu du Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren baitan. Diskriminazioari aurre egitea izango da batzorde horren egiteko nagusia. Besteak beste, gizartean transexualitatea ikusgarri egiteko proiektuak sustatuko ditu. Gainera, Nafarroako Gobernuko sail guztiei eragingo dien plana ere osatu beharko du.

«Nafarroan, familia tradizionalari begira diseinatu izan dira genero politikak»

MERTXE LERANOZ. NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA

UPNren agintaldian galdutako autonomia berreskuratzeko bidean da Berdintasun Institutua. ‘Familia’ azpisailetik aterata, gizarte eragileekiko harremanetan sakondu nahi dute orain.

MERTXE LERANOZ. NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA

MERTXE LERANOZ

Genero ikuspegia administrazioaren esparru guztietara zabaltzea, mugimendu feministarekiko harremanak sendotzea eta legeak berdintasun irizpideen arabera moldatzea. «Hori ere aldaketa da», esan zuen Mertxe Leranozek (Iruñea, 1966), Nafarroako Gobernuak berdintasunaren alorrean dituen lan ildoak aurkeztu zituen egunean. Gauza asko egiteke daudela aitortzen duen arren, norabide onean doazela uste du Berdintasunerako Institutuko zuzendariak.

Genero kontuetan, Nafarroako Gobernuaren lehentasunetako bat berdintasun lege berria ontzea izanen dela esan izan duzu. Zergatik da hain garrantzitsua?

Orain indarrean dagoen Berdintasun Legea zaharkitua dagoelako erabat. 2002. urtekoa da, eta, ordutik, aldaketa sakonak gertatu dira araudien esparruan, baina baita gizarte barruan ere: sexu jazarpen mota berriak ezagutzen ditugu orain, generoari lotutako kontzeptu berriak… Legea berritu behar da, garaietara egokitzeko. Hori egin aurretik, ordea, beharrezkoa izanen da gaur egungo egoeraren ikerketa bat garatzea, diagnostiko bat, eta horren gainean eraikiko dugu legearen egitura.

Berdintasunerako Institutuak eginen du lan hori?

Bai, baina gustatuko litzaiguke prozesua ahalik eta zabalena eta irekiena izatea: atea zabalik utzi nahi dugu, erakundeek, eragile sozialek eta bestelako elkarteek parte hartzeko aukera izan dezaten. Hori guztia, jakina, ezin dugu egun batetik bestera egin. Irailean hasiko gara, baina luze gabeko helburua da. Segur aski, 2016az gainera, 2017. urtea ere behar izanen dugu lana behar bezala bukatzeko. Ongi egin behar ditugu gauzak.

Diagnostikoa gizarteari, baina baita etxe barruan ere?

Bai, noski. Hori da gure lan ildoetako bat. Finean, gizartearen esparru guztiak ukitzen ditu generoak, eta administrazioaren sail guztietan eduki beharko luke isla: Hezkuntzan, Ekonomian, aurrekontuetan… Dena den, aitortu beharra daukat gobernu berria sartu baino lehenagotik ere abian zirela zenbait lan ildo, administrazio barruan genero ikuspegia txertatzeko. Esate baterako, genero berdintasunerako unitateak sortu ziren departamentu guztietan. Ongi egindako lan hori oinarritzat hartu eta indartu eginen dugu guk, unitate horiei egitura sendoagoa emanez, benetako transbertsaltasuna bermatze aldera.

Eragileen parte hartzea aipatu duzu, baina aurreko gobernuak hartu-eman eskasa izan zuen mugimendu feministarekin. Apurtutako zubiak berreraiki nahi dituzue?

Ehundura soziala sendotzea eta parte hartzea sustatzea da gure helburuetako bat, arlo horretan atzerapauso nabarmenak izan direlako. Azken legealdian, bereziki, galera handiak izan ziren. Galdutako harreman horiek guztiak berreskuratu behar ditugu, funtsezkotzat jotzen baitugu emakumeen elkarteekiko loturak indartzea. Besteak beste, 2012az geroztik eman gabeko diru laguntzak berrezarri ditugu: emakumeen elkarteentzako deialdia, Nafarroako Unibertsitate Publikoan generoari buruzko mintegiak antolatzeko diru partida, IPES elkarteari dagokiona… Horiez gainera, deialdi berria sortu dugu, LGTB kolektiboa laguntzeko. Eta laguntza ekonomikoez gainera, galdutako komunikazio bideak berregiten ari gara emakumeen elkarteekin.

Nekeza al da UPNk eraitsitakoa berriz altxatzea?

Edozein prozesu geldiarazten baduzu, gero lanak izanen dituzu berriz martxan jartzeko. Zergatik? Bada, ez diozulako gaiari helduko utzi zenuen toki beretik, atzerago joan behar duzu. Eta horixe gertatu da emakumeen aldeko mugimendu sozialarekin: izugarrizko egoera prekarioan egon dira azken urteetan, eta kostatuko zaigu kolaborazio giroa erabat berreskuratzea. Guk garrantzi handia eman diogu horri, eta aurrekontuak dira horren froga nagusia, genero berdintasuna sustatzeko ekintzetara bideratutako dirua %48 handitu delako. Hori esanda, hain zen apala abiapuntua, ezen edozein hobekuntza txikik sekulako aurreraurratsa baitirudi. Horregatik nabarmendu nahi dut asko dugula oraindik hobetzeko. Lehen harria jarri besterik ez dugu egin.

Martxoaren 8an, adierazpen instituzionala onartu zuen legebiltzarrak, baina «mugimendu feministarekiko elkartasuna» aipatzen zuen puntuaren kontra bozkatu zuen PPk. Zer iritzi duzu horri buruz?

Berdintasunaz hitz egitean, erraza da kontsentsua lortzea oinarri-oinarrizkoak diren kontuetan. Genero indarkerian, adibidez. Mundu guztia dago horren kontra, nola ez, eta, kontsentsu zabal horri esker, genero indarkeriaren kontrako legea aho batez onartu zuten parlamentuan. Baina zer gertatzen da oinarri-oinarrizkoa alde batera utzita, erroetara jo nahi dugunean? Bada, hortxe azaleratuko direla desadostasunak. Batzuek ez dute onartu nahi mugimendu feministak hamarkadak daramatzala berdintasuna aldarrikatzen, eta lan duin hori ezinbestekoa izan dela emakumeen eskubideen aldeko borrokan. Eta ez dute halakorik onartu nahi, uste dutelako orain arteko ereduari eta politikei aurpegia garbitzea nahikoa dela arazoa konpontzeko.

Beste eredu bat proposatzen duzue zuek.

Hori da. Indarkeriarena, adibidez, ez da ausaz gertatzen den gauza bat. Arrazoi zehatz batzuk daude erasoen atzean, matxismoa bermatzen duen egitura patriarkal oso bat. Eta, beraz, horri aurre egin nahi badiogu, sakoneko neurriak aplikatu beharko ditugu, berdintasun erreala bermatze aldera.

UPNk eta PPk «familiaren barruko balioen heziketa» aipatzen zuten euren adierazpenean, genero indarkeriari aurre egiteko bide bakar gisa…

Bai, eta oso esanguratsua da, berdintasunari buruzko ikuspegi zehatz bat islatzen duelako. Hemen, familia tradizionalari begira diseinatu izan dira genero politikak, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua bera da horren adibiderik garbiena. Aurreko legealdietan, Nafarroako Familia eta Berdintasun Institutua zen, eta Gizarte Eskubideen Departamentuko zerbitzu bat besterik ez zen, Familia izeneko sailaren barruan. Aurten, berriz, lehen lerroan jarri dugu institutua, eta garai batean zeukan izaera autonomoa itzuli diogu.

Institutuaz gain, zeintzuk dira gobernu berriaren lorpenak genero berdintasunaren alorrean?

Abortatzeko eskubidea bermatzea, adibidez, oso garrantzitsua izan da; baita Emakumeak Artatzeko zentroetan sakoneko aldaketak eragitea ere [Sexu eta Ugalketa Osasuneko zentroak dira orain]. Baina lorpenik garrantzitsuena, niretzat, parte hartzea sustatzea izan da. Herritarrak dira gobernuaren politiketan eragina izan beharko luketenak, eta ikuspuntu hori berreskuratu dugu. Hemendik aurrera, mekanismoak ezarri behar ditugu, herritarren parte hartze hori modu eraginkorrean gauzatu dadin.

Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren bidean, administrazioen rola genero indarkeriaren kontrako kanpainetara mugatu dela uste al duzu?

Hein handi batean, bai. Emakumeen kontrako indarkeria errealitaterik lazgarriena eta ikusgarriena da, baina ez dugu ahaztu behar arazo orokorrago baten parte dela. Izozmendiaren tontorra. Egiturazko desberdintasunean eta diskriminazioan topatuko ditugu genero indarkeriaren erroak; beraz, arreta ondorioetan bakarrik jartzen badugu, nekez konponduko dugu arazoa. Transbertsaltasuna, parte hartzea, prebentzioa, heziketa, informazioa… Horiek dira gure lan ildo nagusiak, eta indarkeria matxistaren kontrako borroka ere hor kokatzen dugu, noski.

Indarkeria matxistaren banalizazio horretan, erantzukizun handia dute hedabideek ere…

Bai. Lehenik eta behin, istripu soilak balira bezala azaltzen dituzte erailketak, hiltzailea edo krimenaren izaera matxista aipatu gabe: «Emakume bat hil da, leihotik behera erorita». Bestalde, emakumeen kontrako indarkeria mota asko existitzen diren arren, bakarra islatzen dute hedabideek. Elkarrizketak egiten dizkidatenean, adibidez, molde berekoak izan ohi dira galdera guztiak: biktimak, salaketa kopurua, estatistikak… Hori guztia aipatu behar da, jakina, errealitate onargaitza eta mingarria delako, baina harago joan beharko genukeela uste dut, eta berdintasunaren auzia agenda politikoaren erdigunean jarri.

Ez dirudi lan makala…

Izugarri zaila da, eta kostako zaigu joera eta inertzia zaharrak alboratzea, gizarte patriarkal batean bizi garelako. Baina gatazkaren benetako neurria ezagutzeko garaia da. Pernandoren egia botako dut orain: emakumeak gara herritarren erdiak, edo erdiak baino gehixeago. Beraz, diskriminazioa pairatzen dute herritarren erdiek! Zer gertatuko litzateke, bazterketa maila hori beste esparru edo kolektibo batera eramanez gero? Bada, hori barneratzen dugun unean hasiko gara auziaren benetako larritasuna ulertzen.

Bide onean al goaz?

Baietz esanen nuke… Argi dago ez gaudela orain dela hogei urteko egoera berean. Aurrerapausoak eman ditugu hainbat alorretan, eta agerikoa da. Baina aurrera urrats bakoitzaren ondotik, pribilegioak galdu nahi ez dituztenen erreakzio bortitza dator. Hortxe ditugu, esate baterako, sare sozialetan egunero ikus ditzakegun jarrera matxistak, eta abar. Izan ere, berdintasuna orokortzeak zenbait jarrera erradikalizatzea dakar. Hori azpimarratu zuen Nazio Batuen Erakundeak bere azken txostenean: emakumeak, oro har, egoera hobean bizi garela gaur egun, baina zenbait arlotan, ezberdintasunak areagotu egin direla.

Adibidez?

Bada, urrunera joan gabe: Nafarroan, enpleguan, estatistikek diote emakumeen egoera ona dela beste zenbait erkidegorekin alderatuta; baina era berean, gizonen eta emakumeen soldaten arteko arrakala handitu egin da.

Abel Azconak epaileari: “Prozesua errespetatzen dut, baina ‘performance’-aren jarraipena da”

“Kristauak iraindu” izana leporatuta deklaratu behar izan du artistak Fermin Otamendi epailearen aurrean. Iruñeko artzapezpikutzak eta Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak jarri diote salaketa.

pederastia-abel azkona

Epailearen eta bere abokatuaren galderak erantzun ditu, baina uko egin dio akusazioaren galderak erantzuteari.  Azconak adierazi du “pederastiaren kritika” egin nahi izan zuela, erreakzioa eragingo zuelakoan. “Edukazio eta errespetu guztiarekin, baina prozesu juridikoa bera prozesu performatiboa izan da. Epailea eta prozesua errespetatzen ditut, bainaperformancearen jarraipena izan dira. Fundamentalismo erlijiosoa salatzen duen pieza bat egin dut, eta zer da, bada, 2.000 pertsona eraikinaren atearen aurrean errezatzen aritzea, edota nik deklaratzera joan behar izatea baino fundamentalismo argiagorik?”. Gaineratu duenez, ez du inor iraindu nahi izan, eta ziurtatu du adierazpen askatasuna defenditzen eta bere lana egiten jarraituko duela.

Jorge Morales Abel Azconaren abokatuak azaldu duenez, Iruñeko artzapezpikutza prozesutik kanporatzea eskatu dute, “epaiketan modu desegokian agertzeagatik”. Era berean, ziurtatu du kausa artxibatzeko eskatuko dutela; epaileak hori egin ezean, helegitea aurkeztuko dute. Epaileak bost eguneko epea utzi du helegiteak aurkezteko.

Bestalde, José Núñez Abokatu Kristauen Elkarteko abokatuaren arabera, auzia zabaltzea nahi du elkarteak, eta horretarako froga eta deklarazio gehiago eskatuko dituzte. Ez du argitu zabalpen horrekin Iruñeko Udala auzipetzea eskatuko duten ala ez.

Abel Azcona artista nafarrak Desenterrados bilduma jarri zuen ikusgai Iruñeko “Erorien Monumentuan”, oroimen historikoaren inguruan. Hainbat argazkitan ikus zitekeen Azcona ogi pusketa edo ostiekin “Pederastia” hitza idazten, eta obra hark polemika handia sortu zuen. Hainbat kristau taldek erakusketa bertan behera uzteko eskatu zuten, Iruñeko Udalaren aurrean mobilizazioak egin zituzten eta salaketa jarri zioten.

Azkonaren aldeko elkarretaratzea egingo dute etzi

ARTEA. Abel Azkonak Nafarroako Lurralde Auzitegian deklaratuko du ostegunean, epaileak tramiterako onartu baitu artistaren kontra Abokatu Kristauen Elkarteak jarritako kereila. Horren harira, elkarretaratzera deitu dute, Fundamentalismorik ez lelopean, epaitegian bertan.

Abel Azkona

Abel Azkona deklaratzera deitu du epaile batek otsailaren 25erako

Ostia sagaratu batzuekin ‘Pederasta’ hitza idatzi zuen artistak Iruñean eginiko erakusketa batean. Erakusketa horren harira ikertuko du auzitegiak. 09:30ean joan beharko du deklaratzera, Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez.

Abel Azkona 2

Abel Azkona artista. Idoia Zabaleta / Argazki Press

Abel Azkona artistak Iruñean egindako erakusketan deliturik egin ote zuen aztertuko du Iruñeko Instrukzioko 2. Epaitegiak. Izan ere, Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak egindakoa tramiterako onartu zuen epaitegiak, eta sortzaileak profanazio deliturik eta erlijio sentimenduen aurkako deliturik egin ote duen aztertuko dute orain.

Sagaratutako 242 ostia erabilita, Pederasta hitza idatzi zuen, eta lana Desenterrados erakusketan jarri du (Lurpetik ateratakoak), Iruñeko Serapio Esparza plazan. Piezak hainbat elkarte katolikoren haserrea piztu zuen, eta hortik heldu da helegitea.

Iruñeko eta Madrilgo hainbat mezatan bildutako ostiekin egindako lana zen, eta erakusketak “erlijio sentimenduen aurkako delitua” egiten zuen jakiteko, txostena bidali zion Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak fiskalari.

Azkonaren lana gaitzesteko, bilkurak egin zituzten, eta artistaren lanak sortutako erreakzioaren kontra ere egin zuten mobilizazio bat.

Chrysallisek Nafarroako transexualitatearen legea aldatzeko eskatu du

Aingeru Mayorrek, Chrysalliseko presidenteak, transexualitatea  autikonstzientzia  dela eta ez genitalak adierazi du, eta legea aldatzeko eskatu dio Nafarroako gobernuari, gurasoak haien seme-alabak lagundu ahal izateko

0123_eh_chrysallis

MEDIOETAN:

Abel Azkona artistak profanazio deliturik egin zuen ikertuko du Iruñeko epaitegiak

ARTEA. Abel Azkona artistak Iruñean egindako erakusketan deliturik egin ote zuen aztertuko du Iruñeko Instrukzioko 2. Epaitegiak. Izan ere, Espainiako Abokatu Kristauen Elkarteak egindakoa tramiterako onartu du epaitegiak, eta sortzaileak profanazio deliturik eta erlijio sentimenduen aurkako deliturik egin ote duen aztertuko dute orain. Ostia kontsakratuekin osatutako pieza batek hainbat elkarte katolikoren haserrea piztu zuen, eta hortik heldu da helegitea.