Bus transfoboaren aurka protesta egiteagatik isunak jaso dituzte hainbat herritarrek

Lesbofobia, homofobia eta transfobiaren kontra protesta egitea “funtsezkoa” dela esan dute Ekainaren 28ko Plataformak eta LABek, eta sexu askatasunaren aldeko konpromisoa berretsi dute.

Hazte oir elkarte katoliko eta transfoboaren autobusari ezezko biribila eman zion Iruñeak, eta mobilizazioen bidez erantzun. Orain, herritar hainbati isunak iritsi zaizkiela salatu dute Ekainaren 28ko Plataformak eta LABek.

“LGTBIQen Giza Eskubideen ukazioa, probokazioa eta ideologia transfoba hedatu nahi zuen gorrotoaren busa geldiaraztea ezinbestekoa zen eta kaletik busa ez ibiltzea administrazio publikoaren eginkizuna bazen ere, zenbait herritar eta militanteek egin behar izan genuen”, ziurtatu dute, prentsa ohar bidez..

“Gobernu Delegazioak baimendu eta babestu egin zuen bus transfoboa eta ekimen transfoboa salatzera joan ziren hainbat militanteen kontra isunak inposatu ditu. Zehazki LAB sindikatuko hiru kidek pairatu dituzte isun ekonomikoak”.

Harrotasun Egunarekin bat

“Euskal Herria anitza, pertsonen arteko harreman parekideak eta diskriminaziorik gabeko jendarte baten alde gauden langile guztiei deia egin nahi diegu aniztasun sexualaren alde borrokan jarraitzeko, honen aldeko sentsibilizazioa areagotzeko eremu guztietan lanean jarraitzeko eta edozein diskriminazio mota salatzeko”, adierazi du LABek. Horregatik, gaur, ekainaren 28an, 19:00etan autobus geltoki zaharretik aterako den mobilizaziora bertaratzeko deia zabaldu dute.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra