BERRIA:Jaurlaritza eta 12 eragile batu dira diskriminazioari aurre egiteko

Eraberean sarea sortu dute Gizarte Sailak eta etorkinen alorrean, ijitoenean eta LGTB kolektiboetan lan egiten duten elkarteek.Eraldaketa sozial eta kulturala dute helburu

eraberean3

Pascual Borja ijito taldekoa, Patricia Barcena CEARekoa, Juan Mari Aburto sailburua eta Jesus Estonba Gehitukoa. M.V / ARP

Arrazagatik, arrazoi etnikoengatik eta sexu zein genero identitateagatik diskriminatua izatea ez da iraganeko kontua. Ondo dakite, esaterako, etorkinekin lan egiten duten elkarteek, ijitoen komunitatean jarduten dutenek eta lesbiana, gay, bisexual eta transexualen alorrean aritzen direnek. Urteak daramatzate nork bere eremuan lanean, eta, eraginkorrago izateko, elkartzea erabaki dute. Eusko Jaurlaritzaren bultzadarekin, Eraberean sarea sortu dute hiru eremu horietako hamabi elkartek; tratu berdintasunerako eta diskriminaziorik ezarako sarea.

Oraindik gertatzen diren diskriminazioak behingoagatik amaitu behar direla sinetsita eta elkartuta indartsuagoak direla jakitun elkartu dira. Urtebeteko prozesuaren ondoren aurkeztu dute egitasmo «serio eta sakona»; epe luzera begirakoa, eta gizarte eredua aldatzea helburu duena. Eraldaketa sozial eta kulturala du xede, «gizarte inklusiboa» lortzea. Heziketak garrantzi handia izango du, beraz, sarearen zereginetan. Prebentzioaren aldetik, sentsibilitatearen alorretik eta pedagogian oinarrituta egin nahi dute lanaren zati handia.

Atzo aurkeztu zuten hainbat eratan zabalduko duten urratsa sustatzaileek: Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Mari Aburtok, eta Agifugi, Aldarte, Euskadiko CEAR, Bizkaiko CITE-CCOO, Gurutze Gorria, EHGAM, Errespetuz, Gao Lacho Drom, Gehitu, Kale Dor Kayiko, Nevipen eta Sos Arrazakeriako ordezkariek.

Helburua argi dute: «Arraza, etnia edota nazio jatorriak, eta sexu eta genero identitateak eragindako diskriminazioari aurre egitea». Horretarako bideak zehaztu dituzte, eta zereginak banatu.

Aburtok azaldu duenez, sarea bultzatzea dagokio Jaurlaritzari. Kudeaketaz arduratzea, aholkularitza zein informazio espezializatua ematea eta baliabide ekonomikoak jartzea. Datorren urteko aurrekontuetan, esaterako, 80.000 euroko diru saila sareari ematea onartu du.

Antenak

Elkarteen lan nagusia, berriz, «antena gisara» aritzea izango da. Nork bere eremuko diskriminazio egoerak atzeman, eta horien berri ematea. Hain zuzen, etorkinen inguruan, ijitoen herriaren sustapenean eta LGTB taldeenean jarduten duten elkarte horiek dira diskriminazioa jasaten duten pertsonengandik gertuen daudenak, eta lan hori modurik eraginkor eta naturalean egin dezaketenak. Horiek zuzenean artatuko dituzte elkarteek.

Horrez gain, sareak jarraitu beharreko bideari buruz ekarpenak egiteko konpromisoa hartu dute hamabi taldeek, eta koordinazioan parte hartzekoa. Horrela, bai diskurtsoari dagokionez, bai garatu beharreko ekintzei dagokienez, modu bateratuan jarduteko aukera izango dute hainbat eremutako elkarteek eta Jaurlaritzak.

Egituraketari dagokionez, idazkaritza tekniko gisara arituko da Eraberean. Talde sustatzaile bat izango du, eta hiru lantalde: diskriminazioa jasan dutenei aholkularitza juridikoa emateko zeregina izango du batek; sentsibilizazioaren alorra landuko du beste batek; eta dokumentazioan arituko da bestea.