BERRIA: Hirugarren generoa onartu du Indiak, transexualena

Auzitegi Gorenak kolektiboko kideen aldeko diskriminazio positiboa ere agindu du, lan eskaintza eta hezkuntza zentro publikoetan.

“Transexualak herrialde honetako herritarrak dira. Banako bakoitzaren eskubidea da bere generoa erabakitzea”. Hala jaso dute K. S. Radhakrishnan eta A. K. Sikri epaileek kaleratutako epaian. “Konstituzioaren arima herritar guztiei aukera berberak ematearen aldekoa da, hazi eta bere gaitasun guztiak gara ditzan, bere kasta, erlijio edo generoa zeinahi dela ere”. Transexualen kolektiboa “sozialki eta ekonomikoki azpigaratua” da epaileen arabera, eta, beraz, haien aldeko diskriminazio positiboa agindu dute, lan eskaintza publikoetan eta hezkuntza zentroetan.

Hirugarren generoa onartu duen auzitegi berak legez kanpokotzat jo zituen iragan abenduan harreman homosexualak.