Hilaren 16tik aurrera ALDARTE eta EHGAM elkarteek Begirada ausartak izeneko liburua aurkeztuko dute. Idazlan honetan Frankismoan eta Trantsizioan Euskal Herrian bizi izan ziren gay eta lesbianen bizitza eta maitasun kontaketak biltzen dira. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz egin den liburu honetan  frankismo urteetan jaio, hazi eta heldutasunera iritsi ziren emakume eta gizonen istorioak biltzen dira; beraien gogo homosexualak debekatuta zeudela jakin arren, indarrean ziren homofobia, misoginia eta sexismoa bazterrean utziz barne desio horiek bizitzea lortu zutenen testigantzak, hain zuzen.

Garai haiek bizi izan zituztenei egindako elkarrizketen bidez, elkarte biok emakume eta gizon haiek nola hazi ziren jakin nahi izan dute, bai eta nola asmatu zuten ohikoak ez ziren desio horiek sumatzen, nola egin zuten gogo horiek ezkutatu eta bizitzeko, nola egiten zuten elkar ezagutu eta elkartzeko, zeintzuk lekutan batzen ziren eta nolako hizkerak baliatzen zituzten gertatzen ari zenaz beste inor jabetu ez zedin ere. Horren garai zurrunetan zoriontsu izateko ausardia izan zutelako eta horren jazarpen bortitza sufritu arren gorputzari atsegin hartzen asmatu zutelako, liburuak garai haietan gizonak maitatu izan zituzten gizonen, eta emakumeak maitatu izan zituzten emakumezkoen ausardiaren berri ematen du.

Bizitza istorio sorta hau osatzeko liburuaren egileek adin, jatorri eta kultur maila beretsuko gizon eta emakumeen testigantzak jaso dituzte. Elkarrizketak Bizkaia eta Gipuzkoan egin zituzten 2013ko irailean hasi eta 2014ko otsaila bitartean.

Lanaren egileek beraiek aitortu dutenez, bertan ez dira biltzen izan ziren guztien testigantzak. Bildumarako gutxi batzuk baino ez dute eman beraien bizitzaren berri. Diotenez, oso zaila egiten zaie oraindik emakume eta gizon askori, baita gaur egun ere, hainbeste eta hainbeste urtean inposatu zitzaizkien isilpekoak agerian uztea. “Bada tristea onartu behar izatea lortutako garaipenak ukaezinak diren honetan, badirela ezin direnak pozik eta patxadaz bizi oraindik lotsagarria zaielako barru-barruan dituzten sexu gogo eta desioak aintzat hartzea”, aitortu dute. Horregatik, hamarkadetako beldurrak eta lotsak gainditzea eta nor bere buruarekin lasai bizitzea askori zaila zaielako, lan honetan beraien bizipenak ezagutzera emateko prest egon direnen lekukotasunak bildu dituztela gaineratu dute.

Lan hau egin duten elkarteen asmoa izan da liburua gai honen inguruan egin beharko den azterketa landu, sakon eta zabalagoaren abiapuntu izatea. Izan ere, auzia hainbeste jendearentzat horren larria eta mingarria izanik ere, gizarteak merezi duen sakontasun eta betetasunarekin ez diola oraindik heldu uste dute.

Horrexegatik, zabalik utzi dute bizitza istorio sorta honekin irekitako atea, landu duten aro historiko horretan beraien sexualitatea ahal bezala baina osoki bizi izan zutenentzat, bai, baina baita bizirik irauteko bestelako bideak hartu zituztenentzat ere. Hasitako lana osatzea neketsua izango dela badakite, korapilatsua. Badakiten bezala lana osatzeko mikrofono aurrera bildu beharko dituztela orain arte barrua hustu ez duten hainbat eta hainbat gizon eta emakume. “Horien guztien lekukotasunak jaso beharko genituzke ez dadin urte haietan gertatutako guztia betirako ahaztu, iraganaren hautsak ezkutatuta”, diote elkarteotako kideek: “Baten batek pentsa dezake ez dela horrenbesterako jende horrek bizi izandakoa argitara ekartzea. Guk besterik diogu, huts barkaezina litzateke hori guztiori ahaztea. Zorretan gaude horren jazarpen bortitza sufritu zuten guztiekin, ume, nerabe eta gazte zirela, izatea izan ez zuten guztiekin beraien maitasun edo larru grinak ezkutuan, klandestinitatean, zurikerian edo ukaziorik bortitzenean bizitzera behartuta egon zirelako”.

[gview file=”http://ehgam.eus/wp-content/uploads/2016/02/BEGIRADA.pdf” save=”0″]

Begirada ausartak lanaren egileek azaldu dutenez, liburua ibook formatuan kaleratu dute eta berau doan jaitsi ahal izango da hilaren 16tik aurrera elkarteon web guneetatik, alegia:

www.aldarte.org

http://ehgam2010.blogspot.com.es/

Liburuarekin batera dokumental labur bat egin dute, berau aurkeztu eta bertan bildutako lekukotasunak laburbilduz. Lanaren aurkezpen publikoa Bilbo, Donostia eta Gasteizen egingo dute, hurrenez hurren abenduaren 16, 17 eta 18an.

GEURE MEMORIA LGBT:

Abenduak 16, 19:00etan

Ibaiondo Udaltegia (La Bolsa eraikina) Pelota kalea, Bilbo

  • José Luis Madrazo Juanes, Eusko Jaurlaritzako Familia Politika eta Komunitate Garapenerako Zuzendaria.
  • Xabier Legarreta Gabilondo, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako Zuzendari Nagusia.
  • Empar Pineda, aurkeztu beharreko liburuan lekukotasuna eman duen emakumea.
  • ALDARTE eta EHGAM elkarteetako ordezkariak.

Abenduak 17, 19:00etan

Centro cultural LDABE, c/ Portal de Arriaga 1-A, Vitoria-Gasteiz

  • José Luis Madrazo Juanes, Eusko Jaurlaritzako Familia Politika eta Komunitate Garapenerako Zuzendaria.
  • Monika Hernando Porres, Eusko Jaurlaritzako Biktien eta Giza Eskubideen Zuzendaria.
  • Empar Pineda, aurkeztu beharreko liburuan lekukotasuna eman duen emakumea.
  • ALDARTE eta EHGAM elkarteetako ordezkariak.

Abenduak 18, 19:00etan

Museo San Telmo, Plaza Zuloaga 1, Donostia

  • José Luis Madrazo Juanes, Eusko Jaurlaritzako Familia Politika eta Komunitate Garapenerako Zuzendaria.
  • Mikel Martin Conde, aurkeztu beharreko liburuan lekukotasuna eman duen gizonezkoa.
  • ALDARTE eta EHGAM elkarteetako ordezkariak.