Afrikako LGTB eskubideen aldeko borroka gogoan izango du aurtengo Bilboko Zinegoak jaialdiak

Zinegoak, Bilboko gaylesbotrans zinema eta arte eszenikoen nazioarteko jaialdiak, zabalkundearen aldeko apustu sendoa egin du hamalaugarren edizioan. Hala, ohiko iraupena bikoiztuko dute –aste bi, bakarraren ordez– Euskal Herriko 32 herritan zehar hilabeteko “bira” abiatu aurretik. 44 proiekzio egingo dituzte horietan.

Jaialdiak ohi baino askoz iraupen luzeagoa izango du. (Arg.: Zinegoak)

Emanaldiez gain, sari bi emango dituzte antolatzaileek. Lehena, João Pedro Rodrigues portugaldar zinegileari. Rodriguesek Zinegoaken Ohorezko saria jasoko du jaialdiaren hasiera ekitaldian, otsailaren 20an, Arriaga antzokian, eta biharamunean masterclass bat eskainiko die komunikazio, arte eder eta ikus-entzunezko zenbait ikasleri. Arratsaldean O ornitólogo, Rodrigusen azken lana, eskainiko dute Golen Alhondiga zinemetan, dohainik.

Afrikako jaialdi bakarrari saria

Bigarren saria Ugandako Queer Kampala IFF festibalari emango diote. Afrikan egiten den era horretako ekimen bakarra da, non eta homosexualitatea legez kanpokoa den Ugandan. Hassan Kamoga zuzendariak hartuko du saria jaialdiko antolatzaile guztien izenean. Horrez egin, otsailaren 21etik 24ra Queer Africa zikloa eskainiko dute BilbaoArten; zazpi dokumental eskainiko dituzte horren barruan. Saria 24an emango diote  Kamogari, BBK aretoan, haren lan bat eskainiz zikloa amaitzearekin batera: Outed: the painful reality.

Zinegoakeko zuzendari Pau Guillenen esanetan, aurtengoan fikzioari adina garrantzi eman nahi izan diote dokumentalei. Horiexek izango dira nagusi lehenbiziko astean, eta fikziozko lanak bigarrenean. Gainera, film laburrek tartea izango dute Begiradak sailean. Lau ziklo izango dira horren barruan: euskal ekoizpenei eskainitakoa; haurtzaro eta nerabezaroari buruzkoa; emakumeen istorioak oinarri dituena; eta genero identitatearen ingurukoa. Lau zikloak jatorrizko bertsioan emango dituzte, euskarazko azpitituluekin batzuk eta gaztelaniazkoekin besteak. Inundación antzezlana ere aurkeztuko dute La Fundición aretoan, martxoaren 3 eta 4an.

Hilabete Euskal Herrian barna

Martxoaren 5ean amaituko da Zinegoak Bilbon, baina ez da hori agurra izango: martxoaren 6tik apirilaren 7ra arte Bizkaiko hamazazpi udalerritan, Gipuzkoako bederatzitan, Arabako lautan eta Nafarroako bitan egingo dituzte proiekzioak, 44 guztira. Hemen ikus daiteke jaialdiaren egitarau osoa.