AEBetako estatu guztietan legezkoak dira sexu berekoen arteko ezkontzak

Auzitegi Gorenak konstituzioaren aurkakotzat jo ditu lotura horiek eragozten dituzten araudiak

Sexu berekoen arteko ezkontzak legezkoak dira AEBetako estatu guztietan. Hamalau estatuk debekatzen zituzten lotura horiek, baina AEBetako Auzitegi Gorenak konstituzioaren aurkakotzat jo ditu legezko eragozpen horiek. Estaturen bat erabakiaren aurka egonez gero, hiru asteko epea izango du helegitea aurkezteko; epe horretan halakorik egingo ez balute, estatu guztiek haien araudia ebazpenera egokitu beharko dute: sexu berekoen arteko ezkontzak baimendu, eta bikote horiei dagozkien eskubide guztiak aitortu.

Barack Obama AEBetako presidenteak poztasunez hartu du ebazpena. «Urrats handia da berdintasunaren alde egiten ari garen bidean; gay eta lesbianen bikoteek ezkontzeko eskubidea dute», idatzi zuen Twitterren albistea ezagutarazi eta gutxira. Aldiz, Jeb Bush AEBetako presidente izateko hautagaitza aurkeztu duen politikari errepublikanoak ez zuen bat egin erabakiarekin. «Ezkontza tradizionalean» sinesten duela nabarmendu, eta gaineratu du gaiari buruzko erabakiak estatuen esku utzi beharko litzatekeela.

Auzitegi goreneko bederatzi epaileetatik bostek bozkatu dute ezkontzeko eskubidearen alde. Batek, Anthony Kennedyk, goratu egin du gaia auzitara eraman duten bikoteek ezkontzaren instituzioarekiko duten begirunea.

Legearen aurrean, berdinak

Ebazpenaren muinean, AEBetako Konstituzioaren 14. zuzenketa dago: AEBetako hiritartasuna duten pertsona guztiak berdinak dira legearen aurrean. Zuzenketa horri heldu zioten hamabi bikotek, eta auzibide bertsuak abiarazi zituzten lau estatutan: Kentucky, Michigan, Ohio eta Tennesseen. Estatu horiek legez kontrakotzat jotzen dituzte sexu berekoen arteko ezkontzak, eta beste estatuetan egindakoak ez ditu aintzat hartzen. Erabaki horiek AEBetako hiritarren arteko ezberdintasunak sortzen dituztela argudiatu zuten salatzaileek.

Massachusetts izan zen sexu bereko bikoteen arteko ezkontzak arautu zituen lehena. Hortik aurrera estatu gehienek hartu dute erabaki hori. Aleka, hasieran; taldeka, azken urteetan. 36 estatutan, Guamen eta Columbiako barrutian araututa daude, eta AEBetako hiritarren %70 ingururi eragiten diete.

AEBetako Auzitegi Gorenak berak beste batzuetan ebatzi du gaiaren inguruan, baina inoiz ez atzoko moduan. 2013an indargabetu zuen ezkontza gizon eta emakumeen arteko lotura zela ezartzen zuen legea; ordea, sexu bereko bikoteei ez zien ezkontzeko eskubidea aitortu, ezta aintzat hartu ere beste estatu batean ezkondutakoen lotura. Halaber, azken urteetan estatuen esku utzi izan du gaiari buruzko araudia zehaztea, bai ezkontza horiek baimentzearen aldekoetan —Kalifornia, kasu— edota aurkakoetan: Texas, Arkansas, Kentucky…

Mexikon ere, legezkoa

AEBetako Auzitegi Gorenaren erabakiaren bitartez Ipar Amerika osoan legezkoa izango da sexu berekoen arteko ezkontza. Iragan astean Mexikoko Justizia Gorte Gorenak 2009an hasitako eztabaida amaitu zuen. «Bikote homosexualak bikote heterosexualen maila berean daude, eta guztiz bidegabea da haiei ezkontza ukatzea». Justizia gorteak gaian sakondu, eta baztertzailetzat jo zuen ezkontzeko baldintzak «ugaltzearekin lotu nahi izatea».

Ebazpen horrek sexu berekoen arteko ezkontzak ahalbidetu arren, apenas dagoen eskubide hori arautu duten estaturik. Mexiko Hirian egin zuten lehen araua, 2009. urtean; Coahulan eta Quintanan ere egin zituzten, gerora. Campechen, Jaliscon eta Coliman nolabait arautu dute, baina bikote homosexualei ez dizkiete heterosexualei aitortzen dizkieten eskubide berak bermatzen. Mexikoko gainontzeko 25 estatuetan ez dago horri buruzko araudirik.