4 urteko transexual bati izena aldatzea baimendu diote, Gipuzkoan

Aurrerantzean Lucia izena izango du. Gipuzkoako lehendabiziko kasua da eta Euskal Autonomia Erkidegoko bigarrena.

Tolosako lehen auzialdiko eta instrukzioko 3. zenbakiko epaitegiak izena aldatzea baimendu dio Gipuzkoako lau urteko transexual bati. Hala, aurrerantzean Lucia izena izango du. Gipuzkoako lehendabiziko kasua da eta Euskal Autonomia Erkidegoko bigarrena, hain zuzen ere, Gasteizko epaitegi batek beste eskari bat onartu zuen 2013an.

Chyrsarlis Euskal Herria haur transexualen guraso elkarteak ohar bidez jakinarazi duenez, Tolosako epaitegiak izena aldatzea baimendu dio lau urteko haur bati, 2013an adin txikiko arabar bati izena aldatzea baimendu zion Arabako epaitegi baten ildoa jarraituz.

“Luciaren gurasoek gizon izena jarri zioten haren sexu organoei erreparatuta, baina hitz egiten hasi zen momentutik garbi utzi zuen emakumea dela”, azaldu du.

Iturri horiek gaineratu dutenez, 2015eko urriaren 28az geroztik Lucia izena ageri da haren dokumentazioan.

Elkartearen esanetan, “auzitegiek adin txikiko 30 transexual ingururi izena aldatzeko baimena eman diote estatu espainiarrean, baina ez dago irizpide bateraturik eta erabakia epaile bakoitzaren esku gelditzen da”.

ikusi berria