«Traidoretzat gaituzte meskitan LGTBI jendea defendatzeagatik»

Musulmanen LGTBIfobia Koranaren eta beste idazki batzuen manipulazioaren eraginez sortu dela uste du Zahedek; musulmanen aniztasuna aldarrikatzen du berak sortutako meskitatik, Frantzian.

LUDOVIC-MOHAMED ZAHED. IMAMA

Frantzian bizi da umetatik Ludovic-Mohamed Zahed (Aljer, Aljeria, 1977). Musulmana da, eta gaya; Frantziako lehen meskita inklusiboaren sortzaile ere bada. Madrilen izan da WorldPridek gonbidatua, LGTBI komunitate musulmanari buruz hitz egiten. Zuzen-zuzen bota zuen lehen esaldia: «Islamak bakea esan nahi du, eta aniztasunaren errespetua». Bere lagun Daniel Ahmed ikertzaile musulmanak datuak jarri zituen: «75 herrialdek kondenatzen dute homosexualitatea: horietatik 26 dira gehiengo musulmana dutenak».

Zure meskitaren helbidea ez da publikoa. Erasoen beldur zarete?

Noski. Eraso erradikalen helburu bilaka gintezke, Charlie Hebdo-ren kontra egin zutena bezala. Etorri nahi duten fededunak lagunen edo ezagunen bidez izaten dute gure berri.

2012an, meskita inklusiboa ireki zenuen urtean, sexu bereko pertsonen ezkontzak onartu zituzten Frantzian. Manifestazio izugarriak egin zituzten erabakia salatzeko. Uste duzu Frantzian beste edonon baino homofobo gehiago daudela?

Frantziak oso progresistatzat dauka bere burua, baina, berez, halako kontserbadurismo bat du, ez dena espresuki erlijiosoa, kulturala baizik. Denok utzi gintuen harrituta La Manif Pour Tousek, sexu bereko pertsonen ezkontzaren kontra jardun zen kolektibo nagusiak, horren tradizionala den Frantzia horrek, horren kontserbadoreak. Bagenekien bazela, baina muturreko indar antolatu gisa agertu zen. Haientzat integrazioaren eta LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako borroka galtzea bezala izan zen, eta haserrea erakutsi zuten.

Zure diskurtsoetan, islamaren erreforma aldarrikatzen duzu. Nola egin nahiko zenuke?

Latinoamerikan apaiz gorriek egin zutenetik ikasi beharko genuke. Kristautasuna pobreen zerbitzura jarri zuten, ahaztuen zerbitzura, eta errealitate horretara egokitu zuten. Eta gero, klase baxuko jendearen laguntzaz hierarkien kontra borrokatu ziren.

Nola erabiltzen dituzu Korana eta beste idazki batzuk doktrina musulmana bestela formulatzeko?

Adibidez, Koranean, Sodoma eta Gomorraz aritzeko soilik hitz egiten da sodomiaz. Garai hartan, praktika hori bortxaketaren sinonimoa zen. Ez zen, beraz, bi gizonen arteko borondatezko praktika sexuala. Ez zen maitasuna. Ordea, sunan, islamaren bigarren iturri teologikoan, zeina Mahomaren gertaeretan oinarrituta idatzia dagoen, bi edo hiru narrazio daude homosexualen kontrako hilketak onartzen dituztenak, eta jendeak hori sinistu nahi du; testu horiei heltzen die. Narrazio horiek profetak berak gaitzetsi zituen, Koranaren kontrakoak direlako batzuetan. Mahomak esan zigun Alak perfektuak egin gintuela, aingeruak berak baino perfektuago.

Alferrikakoa dirudi erlijio bat aldatzen saiatzeak. Ez da hobe bazterrera uztea?

Lobby gayaren parte batek uste genuen erlijioak desagertuko zirela; halako batean, fededunak galduko zituztela. Baina oker geunden. Gero, ulertu genuen diskurtso homofobiko asko eta asko lider erlijiosoengandik datozela. Horregatik, konturatu ginen ezinbestekoa zela sinismenak aldatzea.

Zure meskitara musulman heterosexualak ere joaten al dira?

Bai, guregana etortzen dira esatera predikatzen dugun islam inklusibo horren parte izan nahi dutela. Musulman askok erlijioa utzi genuen irailaren 11ko atentatuak gertatu zirenean, erradikalen esku zegoela ohartu ginenean. Era berean, horrek esnarazi gintuen, eta ohartu ginen beste islam bat sortu nahi genuela.

Zure lagun Daniel Ahmedek esaten duenaren arabera, moral viktoriar ingelesaren eraginez iritsi ziren Ekialdera lege homofobikoak?

Bai, neurri batean horrela izan zen. Haiek kendu zituzten gure historia liburuetatik XVI. mendeko imam homosexual bat bezalako pertsonak, edota poesia homoerotikoa. Deskolonizazioarekin batera nortasun berriak eraiki behar izan genituen. Eta Mendebaldeak utzitako homofobiaren ikuspuntutik sortu genituen. Orain traidoretzat gaituzte meskitan LGTBIQ+ jendea defendatzeagatik.

Europako gizartea aldatu egingo da errefuxiatuak iristean, asko musulmanak. Beldur zara ez ote den indartuko imam LGTBIfobikoen jarrera?

Astelehenean, Madrilgo Lavapies auzoan izan nintzen errezatzen, taberna feministaren parean dagoen meskitan. Elkarrekin bizi dira lasai asko. Eta hori da Europan hamarkadak daramatzagulako tolerantzia sexuala lantzen. Heziketari esker, lortu da, neurri handi batean. Errefuxiatuek heziketa ezberdina izan dute, eta erronka bat da niretzat haiei beste islam bat azaltzea eta erakustea.

Uste duzu Frantzian elkarbizitza bultzatuko duela Emmanuel Macron presidente izendatu berriak?

Ideia interesgarri batzuk baditu. Adibidez, halal janariari zergak jartzea. Diru hori erabiliko litzateke Frantzian jaiotako imamak hezteko, musulman frantziarrak izateko beren modua sor dezaten. Lider erlijiosoen kontrola oso garrantzitsua da. Gehienak Saudi Arabian, Aljerian eta Turkian hezi dituzte, non erakusten dieten emakumeak eta gizonak ez direla berdinak, eta homosexualek hil egin behar dutela.

Gay zinela esan zenuenean, islama utzi zenuen, eta gero federa itzuli zinen. Bi errealitateak nola bizi jakiteko erantzunak aurkitu zenituen?

Duela hamar urte gobernuz kanpoko erakunde batean lan egiten nuen, eta neure buruari esaten nion: «ni pertsona ona naiz», ez perbertitu bat. Nire denbora ematen nuen besteei laguntzen, nire esku zegoen guztia egiten siatzen nintzen, baina nire baitan kontraesanek jarraitu zuten. 30 urte behar izan nituen ulertzeko gay eta musulman izanda ere, berdin-berdin jarraitzen dudala pertsona ona izaten. Hortik aurrera, tradizio islamiko inklusiboak ezagutu nituen. Irakurketa batzuen arabera, lehen musulmanak, profeta bera, inklusiboak ziren, ez ziren homofoboak. Ezusteko zoragarria izan zen niretzat, eta pentsatu nuen: «zergatik ez dut hori eskolan ikasi?». Erakutsi ziguten gauza bakarra izan zen emakumeak gu baino gutxiago zirela, eta homosexualak hil beharra zegoela, mundua hobetzeko. Baina hori ez dator koranetik, ez horixe; geroago sortutako asmakizuna da. Ulertzen hasi nintzen egiazkoa izan nintekeela berriro ere, benetakoa jainkoarekin. Eskizofrenian erori gabe.

«Imajinatzeko gaitasun hori berreskuratu behar da»

IMANOL ALVAREZ ETA EKAITZ HERRERO
EHGAM EUSKAL HERRIKO GAY-LES ASKAPEN MUGIMENDUA

Imanol Alvarez Ehgam Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduaren sortzaileetako bat da. Berrogeigarrenez, ekainaren 28ko manifestazioan parte hartu zuen bere hirian, Bilbon, eta harrigarria izan zela adierazi digu. Batez beste 1.500 lagun inguru biltzen omen dira; asteazkenean, ordea, 4.000tik hurbil izan ziren. «Moyua plazako abiapuntura heldu eta jada ikusten zen aurreko urteetan baino askoz jende gehiago zegoela. Asko gaztetxoak, gainera. Pozteko modukoa da hori».

Bertze aldean, gero eta eraso homofobo gehiago daude. Mikrohomofobia ere bada, mikromatxismoa dagoen bezala. «Ezin da esan gizartea homofoboa denik kontzienteki, baina badaude sektore batzuk ideologikoki homofoboak direnak. Uste dut konturatzen hasiak direla gero eta gutxiago direla. Legeak aurrera doaz, gero eta erakunde gehiago agertzen da kolektiboaren alde, eta amorratuta daude. Hortik sortzen dira erasoak: batzuk hitzezkoak, besteak HazteOir bezalako talde antolatuenak, eta fisikoak ere bai. Gasteizen gertatu zen duela gutxi».

Alvarezek dio balitekeela akzio-erreakzio efektua gertatu eta gazteek ikusi izana aurre egin behar dietela eraso horiei. Lakuako Gobernuak emandako datuen arabera, 2015ean baino bi aldiz salaketa gehiago jaso zituzten iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan arraza, genero eta identitate sexualarengatik izandako erasoekin lotuta. Horrek ez du erran nahi kasuak hainbertze goititu direnik, gehiago salatzen da eta horregatik gehiago azaltzen da arazoa, baina, Ehgamen sortzaileak ohartarazi duenez, aunitzek ez dute salatzen oraindik, beldurragatik sarri, bai jendarteari bai poliziari.

Filosofia eta antropologia

Ekaitz Herrerok 30 urte ditu. Ikasle Abertzaleak mugimenduan ibili zen urte luzez. Hura utzi gabe, 2010 inguruan, Ehgam-en sartu zen eta gero bertako gazte taldean, Gaztehgam-en. Ondotik, sexualitatea eta ekintza politikoa elkartuz, Kitzikan gazte antolakundearen sortzaileetakoa izan zen. Oraintxe «impasse» egoeran dagoela aitortu digu, hausnartzen.

Filosofia eta antropologia maite ditu, eta sexu askapeneko mugimenduan duten pisuaz ohartarazi gaitu. «Adibidez, jendartearen eraikuntza munduan eta historian beste modu batekoa izan da. Bestelako sustraiak dituzten herri batzuetan oraindik ikusten da. Brasil eta Txina inguruko hainbat kolektibitate edo naziotan ez da existitzen generoa bezala ezagutzen dugun hori, edo beste itxura bat hartzen du. Maitasuna bera Asian ez da ulertzen hemen bezala. Indian eta Pakistanen ez dute ulertzen beste pertsona batenganako maitasun posesibo edo erromantiko hori».

Bere ustez, etorkizuna eraikitzeko komenigarria da horri guztiari begiratzea eta hainbat gauza berreskuratzea iraganetik, «gure kasuan eliza kristauak eta bestek desitxuratu edo desagerrarazi dituztenak».

Heteropatriarkatuak hitz potoloa, abstraktua eman dezake, baina, Getxon bizi den gaztearen iritziz, hagitz gauza zehatza da. «Jendartearen eraikuntza heterosexualitatean bertan hasten da, ez bakarrik orientazio edo praktika bezala, baizik eta erregimen politiko bezala. Heterosexualitateak antolatzen ditu giza arlo guztiak, kontzienteak eta inkontzienteak».

Jaiak ez dezala muina estali

Harrotasunaren Egunean gertatzen den «merkantilizazio lotsagabea» gaitzetsi du Alvarezek. «Ondo dago ekitaldi ludikoak eta kulturalak antolatzea. Guk ere egiten ditugu. Baina halako muntaiak prestatzen direnean, batez ere hiri handietan, aurten Madrilen bezala, muina estaltzen da. Jaia eta negozioa dira gelditzen direnak».

Ez da ahantzi behar ekainaren 28a aldarrikapen eguna dela. Data horretan, 1969an, gay, lesbiana eta transexual batzuek, New Yorken, poliziari aurre egin zioten, erasotzen zituelako nazka-nazka eginda. «Aldarrikapen hori oraindik ere oso inportantea da».

Bilbon talde txiki ugari dago LGBTIQ+ kolektiboan. «Denok batera egon beharrean, taifa erresumetan gaude, baina zorionez, manifestazioa eta manifestua elkarrekin egiten ditugu. Kostatzen da adostea, baina lortzen dugu».

LGBTIQ+ baino nahiago du Herrerok “disidente sexuala” izendapena erabiltzea. Ehgameko beteranoarekin bat dator erratean «irla txiki pila bat daudela ozeano handi batean». Konturatzen da «horrela ez dela posible aurrerapausoak ematea». Defendatu duenez, mugimenduak bateratua eta artikulatua izan behar du. «Ehgamek iraultzailetzat du bere burua eta ez du lan egiten soilik legedia baten alde, baizik eta batez ere jendarte iraultza baten alde. Aldarrikapen guztiz berritzaileak egin zituen bere garairako eta imajinatzeko gaitasun hori, benetan beldurrik gabe gurea dena aldarrikatze hori berreskuratu behar da».

Lehenbiziko manifestazioa

Justu duela 40 urte, azaroaren 25ean, manifestaziora deitu zuen Ehgamek Bilbon bertze kolektibo batzuekin batera homosexual izatearen susmo hutsa zigortzen zuen legearen aurka. Antolatzaileen artean zen Imanol Alvarez. «Oso arrakastatsua izan zen: 4.000 lagun inguru batu ginen. Poliziak jipoitu gintuen, baina handik gutxira lege hura aldatzea lortu genuen. Hurrengo urtean, 1978an, manifestazioa egin genuen ekainaren 28an, eta esango nuke publikoki lehen aldiz erabili genuela ‘harrotasun’ hitza».

Bi lagunek sortu zuten mugimendua. «Martxan ikusi zuenean kideak utzi egin zuen. Ni gustura nengoen, nire ume kuttuna zen, eta segitu egin nuen, orain arte. Tentaldi asko izan ditut uzteko, eta egin dudana izan da azeleragailua hainbeste ez zapaltzea eta gauza batzuei ezetz esatea».

Hasieran, ez zekiten nola antolatu. Franco hil berria zen. «Bileratxoak egiten hasi ginen. Kanpotik informazioa lortzen saiatzen ginen: Kataluniatik, Londresetik, Ipar Amerikatik… Zaila zen Internetik gabeko munduan. Aldizkariak eskuratzen genituen frantsesez edo ingelesez eta katalanekin harremanetan geunden».

Korronteak eraman zituela dio. «Oraindik gauzak nola egin ez genekiela, Euskal Herrian izugarrizko aldaketa gertatu zen. Gogo bizia zuen jendeak aldaketa politikoak egiteko, mugitzeko, eta halako batean gu ere alderdien mahaietara deitzen gintuzten. Alderdi pila zeuden, gehienak txiki-txikiak. Esaten genien ‘gu ez gara alderdia, elkartetxo bat gara’. Baina joaten ginen eta hala hasi ginen nola antolatu ikasten».

Beti izan dira asanblearioak. Hasieran nahiko bilera informalak egiten zituzten, kafe zaharretan, ez zuten-eta lokalik. Noizbehinka, bilera serioago edo handiago bat egin behar bazuten, norbaiti eskatzen zioten lokala. Bitxia da lehen asanblada inportantea, jendaurreko aurkezpena, Bilboko frantziskotarren lokalean izan zela. Ez hori bakarrik, lehen gutuna prentsara bidali zutenean, atera zuen bakarra “Anaitasuna” frantziskotarren aldizkaria izan zen. Lehen elkarrizketa ere bertan egin zieten.

Txoko Landan lokalean eman zituzten hogei urte baino gehiago. «Orain, klandestinitatean geundenean bezala, kafetegietan biltzen gara».

Euskal Herrian errotua

Euskal Herrian errotutako mugimendua da Ehgam. Hortik izena. Bizkaikoaren ondotik Gipuzkoan osatu zen taldea eta aurrera segitzen du. Arabakoa egin, desegin, egin… Hala ibili da eta orain ofizialki ez dago Ehgamik bertan, nahiz eta harremana izan bertako jendearekin eta batzuetan gauzak egin.

Nafarroan nahiko talde indartsua egon izan da urteetan, gehienbat emakumez osatua. Hori berezia izan da, mugimendua irekia izan arren, batez ere gizonak ibili izan direlako. Azkenean Nafarroako taldea desegin eta Katalingorri osatu zen. Ipar Euskal Herrian ere egon ziren hasieran, baina gazte ugarik Parisera edo Bordelera lanera alde egin behar izan zuen, tartean Ehgamekoek. Orain Les Bascos kolektiboa indartsu dabil.

Pentsatu gabe irentsi

24 bat urterekin hasi zen Ekaitz Herrero mutilekin. «Niretzat berria zen eta neure burua ulertu nahian informazioa bilatu nuen. Ehgam-era jo nuen». Orduan gazte gehiago zegoen mugimenduan. «Sentitzen dut horrela esatea, baina uste dut gaur egun gazteak ez daudela neke-lan askotarako. Tamalez, beste gauza batzuetan pentsatzen ari direla iruditzen zait».

Dioenez, jada ez dagoela deus lortzerik sentitzen du aunitzek. «Mugimenduak ere badu erantzukizunik hautemate horretan. Ezjakintasun handia dago eta gauza asko irensten ditugu pentsatu gabe».

Ehgam-ek sare herritar batek bezala funtzionatzen du. «Badaude pertsona batzuk hasieratik dena eman dutenak, garai oso gogorretan gainera, hau aurrera ateratzeko eta gaur ditugun askatasun mugatu eta kontrolatu hauetaz gozatzeko. Uste dut gazteok baino hobeto baloratzen dutela zelako neketsua izan den eskubide eta askatasun hauek eskuratzea. Halere, ez dago ezer galdua. Historia ziklikoa da eta lantzen baldin bada mugimenduak esateko eta irabazteko asko izango du».

 

«Hori gay-a da, baina oso jatorra da»

Imanol Alvarezek baieztatu du legeak inportanteak direla, baina jendartea aunitzez gehiago. Legearen arloan gauza asko lortuta daude, baina oraindik bada zer aldatu. Adibidez, Estatu espainoleko Immigrazio Legean badago zereginik etorkin batzuek errefuxiatu estatusa eskatzen dutelako beren herrian gay, lesbiana edo transexuala izateagatik jazarriak direlako, baina ia ezinezkoa da onartzea. «Erabiltzen dituzten aitzakiak nahiko zentzugabeak dira. Gay edo lesbiana direla demostratzeko eskatzen diete. Nola demostra daiteke? Batzuetan jatorrizko herrietako egunkariak erakutsi dituzte nola eraso zieten azaltzeko eta, halere, ez dituzte onartu».

Orain dela gutxi Nafarroan lege interesgarria egin dela deritzo. «Halako lege integral bat behar da, ez bakarrik zigortzeko, baizik eta hezkuntzan zerbait egitea, diskriminazioa ekiditea eta transexualitatea patologiatzat ez hartzea posible egiteko. Nafarroan egina dago, eta EAEn ere egin beharko litzateke».

Jendarteari dagokionez, «mikrohomofobia asko dago. Ez bakarrik lehenengo iraina beti ‘marikoia’ delako. Ohartu gabe, norbaitek esaten du ‘hori gay-a da, baina oso jatorra da’. Lan handia dago egiteko jendeak benetan normaltasunez ikus gaitzan, besteak beste, hezkuntzan (zentzu zabalean, ez soilik eskolan) eta komunikazioan. Fobiak beldurra esan nahi du. Nola galdu beldurra? Ezagutuz». M. I.