LAB eta Steilas saritu ditu EHGAMek sexu askapenaren egunaren harira

Ekainaren 28a bertan da eta EHGAMek urteroko sari eta zigorren berri eman du. LAB eta Steilas sindikatuek jasoko dute aurten Urrezko hirukia, zigor edo salaketa modura ematen duten Trapuzko espartina, berriz, Bilboko Udalarentzat izango da, ‘cruising’-a debekatzeagatik.

Sexu askapenaren eguna izango da igandean eta horren harrira urteroko Urrezko hirukia sariak eta Trapuzko espartina zigor edo salaketa izendapenak egin ditu publiko EHGAMek. Zoriontzeko lanen artean LAB eta Steilas sindikatuak aipatu ditu aurten EHGAMek eta eurentzat izango da Urrezko hirukia. Lehena, Genero eta aniztasun sexualerako Gida argitaratzeagatik eta bigarrena Lantokietako bazterkeria eta jazarpen homofobikoaren aurkako protokoloa abiaratzeagatik.

Lehen atal honetan, gainera, Iñaki Perurena eta Bizkaiko Diputazioak homofobiaren aurka garatu zuen kanpainaren baitan parte hartu zutenak aipatu ditu bereziki.

Beste aldean, Trapuzko espartina Bilboko Udalarentzat izango da. Espazio Publikoaren Erabilera Arautzeko Ordenantza eskutan Santo Domingo gainean gizonen arteko harremanak edo ‘cruising’ delakoa debekatu zuelako. Eremu honetan aipamen berezia Ignacio Munilla gotzainarentzat izan da, ‘Sexo con alma y cuerpo’ liburuan esan zituenengatik, baita Europako Justizia Auzitegia ere, homosexualek odola ematea ez dela diskriminazioa ebazteagatik.

Mobilizazio deialdiak

Iganderako hainbat eragile eta elkartek egin du mobilizaziorako deia. Horien artean Ernai gazte antolakundeak ohar bidez «sexualitatea askatasunez bizitzea sistemari aurre egiteko borrokarako tresna» dela adierazi du. Asteburuko ekintza eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.

Nafarroako Parlamentura gaur iritsi da sexu askapenaren aldeko aldarria:

nafarroa 2015

«Homosexualitatea birkriminalizatzen ari da munduan»

AIMAR RUBIO
IKERLARIA ETA AMINISTIA INTERNACIONAL-EKO KIDEA

Afrikako homofobiari buruz osatu du bere doktorego tesia Aimar Rubiok. Hegoafrikan igaro dituen hiru hilabeteetan, bertatik bertara ezagutu ahal izan du kontinente beltzean homosexualek pairatzen duten egoera

2015-06-18. Bilbo.  Aimar Rubio. 18-06-2015. Bilbao. Aimar Rubio.

18-06-2015. Bilbao. Aimar Rubio.

Gezurra badirudi ere, gaur egun maitasunak delitu izaten jarraitzen du munduko hainbat lekutan, bai behintzat maitasun hori sexu bereko pertsonen artekoa denean. Zigorrak nahieran aurki ditzakegu mundu zabalean: Ugandan, adibidez, heriotza zigorra ezartzen diete «homosexualitatea praktikatzen» dutenei; Iranen, latigoarekin jotzen dituzte; Aljerian, bizi osorako kartzelan sartzen dituzte. Baina homosexual izatea delitu ez den herrialdeetan ere, kolektibo horrek pairatzen duen jazarpena eguneroko ogia da eta, zoritxarrez, ez bakarrik Afrikan. Horixe ohartarazi du homosexualen eskubideen alde Amnistia Internacional erakundean lan egiten duen Aimar Rubiok (Getxo, 1984).

Zientzia Politikoetan lizentziaduna, Nazioarteko Ikasketetan masterra egina dauka Rubiok, eta Afrikako Homofobiaren inguruan osatu du doktoretza, “Sexual orientation, violence and human rights in Africa: South African case study” izenburuko tesia defendatuz.

Afrikako homofobia aztertu duzu. Zergatik homofobia eta zergatik Afrikan?

Zientzia Politikoak ikasten hasi nintzenetik nire lanak lotura handia izan du Afrikako gaiekin, batez ere giza eskubideen arloan. Afrikako kultura, hizkuntza eta ohitura anitzek nire jakin-mina piztu izan dute betidanik, eta Afrikatik datozen albiste eta gertaerak interes bereziarekin jarraitu izan ditut beti. Bestalde, ni neu ere homosexuala naiz eta txikia nintzenetik, bai ikastolan eta bai kalean, eraso homofoboak jasan ditut, beste lesbiana edo gay askok bezala. Horrela ba, orain dela bost urte, Afrikatik zetozen gay eta lesbianen giza eskubideen inguruko albiste lazgarriek nire arreta piztu zuten, eta gai horren inguruan lan egiteko gogoa piztu zidaten.

Zure lana burutu ahal izateko Hegoafrikara joan zinen. Non mugitu zinen eta zer egin zenuen?

Hiru hilabete eman nituen Johannesburgon, eta batez ere elkarrizketak egiten eta ‘Gay and Lesbian Memory in Action’ erakundearen artxiboak ikertzen aritu nintzen. Erakunde horretan Afrikako LGTBI (Lesbiana, Gay, Transexual, Bisexual eta Intersexual) historiari buruzko milaka dokumentu dauzkate, eta izugarria da homosexualitatearen memoria historikoaren alde egiten duten lana. Pretoriara eta Lurmutur Hirira ere joan nintzen. Bertan, LGTBI aktibista, ikertzaile, mediku, kazetari eta homosexualen eskubideak defendatzen dituzten apaiz kristau zein musulmanei egin nizkien elkarrizketak, homofobiaren jatorriak eta ondorioak aztertzeko.

Kontraste ugariko herrialdea aurkitu omen zenuen. Zer zentzutan?

Bai, Hegoafrika kontraste izugarriko herrialdea da. Desmond Tutuk eta Nelson Mandelak ‘Ortzadar Aberria’ (Rainbow Nation) deitu zioten Hegoafrikari, herrialdeak duen biztanleriaren aniztasunagatik. Zoritxarrez, Apartheid garaiko desberdintasun sozio-ekonomikoak ez dira gainditu oraindik, eta beltz edo mestizo askok pobrezia jasaten jarraitzen dute. Kontraste handia dago biztanleria zuriaren eta zuriak ez diren pertsonen artean. Hegoafrikako biztanleen %10 inguru soilik dira zuriak, baina beraiek dira herrialdeko aberastasunaren zati handienaren jabe. Baina, gauza guztien gainetik, musikaren, kolorearen, iraultzaren eta borrokaren herrialdea da Hegoafrika.

Kontrasteak homosexualitatearen esparrura ere hedatzen omen dira…

Bai. Apartheid garaian homosexualitatea kriminalizatuta zegoen, baina trantsizio garaian (1994tik aurrera) Hegoafrikak munduko konstituzio aurrerakoiena onartu zuen. Gaur egun, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak eta adopzioak legalak diren Afrikako herrialde bakarra da. Horrez gain, konstituzionalki debekatuta dago orientazio sexual eta nortasun identitatearen inguruan inor diskriminatzea. Zentzu horretan, munduko legedi aurrerakoienetakoa da Hegoafrikakoa. Errealitatea, ordea, kontraesankorra da, eta homofobia izugarria da kalean; zoritxarrez, oso arruntak dira irainak, jipoiak, diskriminazioa, bazterketa soziala, bortxaketak, baita hilketak ere.

Hegoafrikatik kanpo, Afrikako beste herrialde askotan homosexualek bizi duten egoera benetan kezkagarria da. Non ematen dira kasurik larrienak?

Kontuan izan behar da homofobia gaitz global bat dela eta mundu osoan ematen dela, egunero. Gainera, diskurtso eta praktika homofoboak gune guztietan gertatzen direnez –bai alor publikoan, bai pribatuan–, kasurik larrienak zeintzuk diren zehaztea zaila egiten da. Bestalde, kontutan eduki behar dugu Afrika kontinente erraldoia dela, oso handia eta oso anitza, nahiz eta askotan entitate homogeneo bat bezala hartzen dugun. Zaila da osotasun hori kontuan izanda hitz egitea; baina ez, datuek ez diote gezurrik: gaur egun, Afrikako 54 herrialdeetatik 38k era batera edo bestera kriminalizatzen dute homosexualitatea, eta horietako lautan legalki heriotza zigorra aplikatzen zaie homosexualei: Mauritania, Nigeria, Somalia eta Sudanen, hain zuzen. Malin, adibidez, ez dago inolako araudirik homosexualitatearen eta sexu aniztasunaren kontra, baina biolentzia eta hilketak eguneroko ogia dira. Ugandan, Nigerian, Ghanan, Senegalen, Kamerunen edo Zimbawen ere, bai sozialki eta bai politikoki, homofobia eta matxismoa oso hedatuta daude gizartean.

XXI. mendean, zergatik jarraitzen du gobernu askok homosexualak hain bortizki zigortzen? Zeintzuk dira arrazoi nagusiak?

Zalantzarik gabe, erlijioak eta fundamentalismo itsuek zerikusia daukate horretan. Egin diren ikerketen arabera, Afrikako homofobia Estatuaren eta agente erlijiosoen arteko dialektikan babesten eta mantentzen da. Homosexualitatea kriminalizatzen duten diskurtso erlijioso eta fundamentalistek gutxiengo sexualen aurkako erasoak legitimatzen dituzte. Erlijioaren eragina eta garrantzia handia da Afrikan, jarraitzaile asko dituelako eta azkar hedatzen delako kontinente guztian. Ugandan, esaterako, agerikoa da eliza ebanjelikoa eta zenbait talde fundamentalista gobernuaren agendan sartu direla, eta Kamerunen ere berdina gertatu da, kasu horretan, eliza katolikoarekin.

2015-06-18. Bilbo.  Aimar Rubio. 18-06-2015. Bilbao. Aimar Rubio.

18-06-2015. Bilbao. Aimar Rubio.

Munduko herrialde gehienetan aurrerapenak eman dira: sexu bereko bikoteen ezkontzak onartu dira, adopzioak ahalbidetu dira… Kontrako norabidea hartzeaz gain, jarrerak gogortu dituzte herrialde askok. Zergatik?

Sexu askapenaren gaiak oso urduri jarri ditu hainbat herrialde. Errusia, Uganda edo Iranek, esaterako, beraien soberania mehatxatuta ikusi dute mendebaldetik esan dietenean inor ez diskriminatzeko lege aurrerakoiak bultzatu behar dituztela. Zenbait herrialde erasota sentitu dira, nolabait esateko. Nazio Batuen Erakundeko eztabaidetan oso argi ikusten da bi bando osatu direla auzi horren inguruan: alde batetik, mendebaldeak LGTBI eskubideak defendatzen ditu; eta, bestetik, sozioekonomikoki ahulagoak diren herrialdeek homosexualitatea kriminalizatzeko beraien eskubidea aldarrikatzen dute. Mendebaldean ematen ari diren aurrerapausoak direla-eta, erreakzio moduan gero eta herrialde gehiago ari dira legediak aldatzen eta gogortzen, kartzela zigorrak edo heriotza zigorrak areagotuz, adibidez.

Hegoafrikako homosexualekin esperientziak partekatu dituzu. Nolakoa da beraien egunerokoa?

Homofobia eta matxismoa gogor ematen den guneetan, ezkutuan bizi dute gehienek beraien sexualitatea. ‘Bizitza heterosexualak’ bizi dituzte homosexual askok Afrikan, ezkondu eta seme-alabak izaten dituzte. Beraien nahi sexualak sekretuan praktikatzen dituzte, isilpeko toki klandestinoetan, inolako babesik gabe, eta gaixotasun sexualen mehatxupean. Datuen arabera, azken hamarkadan homosexualitatea birkriminalizatu duten Afrikako herrialdeetan Giza Immunoeskasiaren Birusa izugarri igo da, homofobiak ezkutuko eta babesik gabeko topaketa sexualak bultzatzen baititu. Aldiz, beraien sexualitatea publikoki adierazten dutenek giza eskubide urraketa ugari jasaten dute eta beraien bizitza arriskuan egon ohi da.

Gizonezkoen inguruan maiz hitz egiten da. Zer gertatzen da lesbiana afrikarren kasuan?

Historikoki, gizonen arteko erlazioak kriminalizatu izan dira soilik. Patriarkatuarentzat emakumeak ugalketa unitateak izan dira eta emakumeen sexualitateari ez dio inork inolako arretarik jarri. Azkenengo hamarkada honetan, ordea, gero eta herrialde gehiago ari dira beren legediak aldatzen, emakumeen plazera ere kontrolatu nahi dutelako orain. Zentzu horretan, Afrikan gertatzen ari den birkriminalizazioa emakume lesbianei begira ematen da batez ere. Hegoafrikan emakume askok pairatzen dute diskriminazioa, batetik, lesbiana izateagatik, baina, bestetik, baita emakume izateagatik, beltza izateagatik, txiroa izateagatik eta gaixotasunen bat izateagatik ere. Diskriminazio askok bat egiten dute; izan ere, homofobia inoiz ez doa bakarrik, eskutik doa bestelako jarrera bortitz batzuekin. Hegoafrikan emakumeen aurkako indarkeria hedatuta dago, eta matxismoak inpaktu handia dauka emakume guztien bizitzetan, batez ere maila ekonomiko baxuenekoen artean. Testuinguru horretan, lesbianen aurkako biolentzia ugaritu egin da.

Bisexualen edo transexualen kasuan, nola dago egoera?

Pertsona transgeneroek eta transexualek giza eskubideen urraketa bereziki larriak pairatzen dituzte mundu osoan. Bazterketa sozial izugarria bizi dute, isolatuak izaten dira alor publiko eta pribatuetan, eta askorentzat, prostituzioa izaten da aterabide bakarra. Hala ere, Afrikan gero eta gehiago dira transgenero eta transexualen alde lanean ari diren aktibistak, eta solidaritate sare garrantzitsuak eratzen ari dira azken urte hauetan. Egia da, hala ere, hainbat lege aldatu beharko liratekeela pertsona horiek egunerokoan beharrezko dituzten agirietan izena eta sexua aldatu ahal izateko.

Egoera larrienen aurrean babes internazionala edo kanpoko esku-hartzea beharrezkoa direla uste duzu?

Babes internazionala eskatzea, erbesteratzea edo asiloa lortzea, irtenbide posibleak izan daitezke pertsona askorentzat. Hala ere, oso gutxik lortzen dute. Homosexualitatea legala den herrialdeetan, mendebaldean batez ere, ez baita erraza onartua izatea, baliabide ekonomiko minimo batzuk behar dira horretarako, eta normalean Europan edota Ipar Amerikan oztopo asko jartzen zaizkie asilo eskatzaileei. Tristea da mendebaldeko hainbat gobernu publikoki homofobia salatzen entzun eta gero, benetan erbesteratzeko aukerarik eskaintzen ez dutela ikustea. Nazioarteko erakundeek seriotasun handiagorekin hartu beharko lukete gai hau eta halako egoerak bizi dituzten pertsonak lagundu beharko lituzkete hitzarmen internazionalak bideratuz. Gainera, homofobiaz gain, arrazismoa, xenofobia, islamofobia, matxismoa eta serofobia ere jasan behar dituzte askok; izan ere, esan bezala, homofobia ez dator inoiz bakarrik. Homofobiarekin amaitzeko sexu indarkeriarekin eta matxismoarekin ere amaitu behar da, eta horretarako baliabide politiko, legal eta material gehiago jarri behar dira martxan, bai Afrikan, baita mundu osoan ere.

Aktibismoan aritzen direnek zer kontatu dizute?

Guk uste baino aktibista gehiago dago Afrikan; batzuk homosexualak dira, eta diren bezala agertzen dira, baina, gehienek, arrisku asko hartzen dute beren gain. Egoera zaila bizi dute, baina albiste edo gertaera lazgarri batetik beti atera daiteke zerbait positiboa. Esparru honetan borrokan dabiltzan milaka aktibista anonimoen esperientzia guztiz aberasgarria da. Gaur egun, jende asko dabil borrokan, maitasuna delitu izan ez dadin aldarrikatuz. Era berean, azpimarratu behar da badaudela heterosexualak diren aktibistak ere LGTBI pertsonen alde lanean dabiltzanak: Alice Knom abokatua, Kamerunen, baita apaiz batzuk ere, Christopher Senyonjo Ugandan, edo Desmond Tutu bera, Hegoafrikan.

Europan, oro har, nola ikusten duzu homosexualitatea gaur egun?

Azken hamarkadetan aurrera egin da, baina azken urteotan atzerapausoak ere eman dira, eta, batez ere, Europa ekialdeko herrialde askotan nabarmen egin du gora homofobiak. Alde batetik, mendebaldean egin diren aurrerapausoak direla-eta, erreakzio negatiboa eman da ekialdeko herrialde askotan: Serbian, Errumanian, Azerbaijanen, Errusian… Bestalde, eta Errusian batez ere, azken urteotan eliza ortodoxoaren aldarrikapenak gobernuaren agendan sartu dira, eta horrek politika homofoboen berpiztea ekarri du. Europa ekialdean eliza ortodoxoak izan duen gorakadak eta azken urteotako krisi ekonomikoak diskurtso homofobo eta xenofoboen agerpena eragin du, batez ere alderdi kontserbadore eta ultra-nazionalisten inguruan.

Hemen ere egoera ez da ideala. Bidearen zati handi bat eginda zegoela uste genuen baina, GEHITUk emandako datuen arabera, azken urteotako ‘gorroto delituen’ gehiengoa orientazioa sexualari lotuta egon da. Legeak aurrera bai, baina gizarteari uste baino gehiago kostatzen ari zaio abiadura berean joatea?

Bilbo edo Donostiko Sexu Askapenaren eguneko manifestaziora bagoaz, irudituko zaigu ezer gutxi dagoela borrokatzeko. Gauza asko lortu dira, baina bide asko dago egiteke. Datuek ez diote gezurrik: gorroto delituen barruan asko dira sexualitatearekin eta sexu askatasunarekin zerikusia dutenak: irainak, diskriminazioa, erasoak… Tamalez, homofobia gaitz global bat da, eta Euskal Herrian ere existitzen da. Sexu askapenarena prozesu bat da, luzea eta astiro gauzatzen ari dena. Zalantzarik ez dago legeak beharrezkoak direla eskubideak gauzatzeko, baina gizartea aldatzeko lege batzuk baino zerbait gehiago behar da. Legeekin batera, kanpainak eta politikak bideratu behar dira hainbat pentsaera aldatzeko eta honen inguruan pedagogia egiteko.

Hezkuntza funtsezkoa da aniztasun afektibo eta sexualaren alde pentsamoldea irekitzeko. Hezkuntza da kontzientzia sortzeko giltza, gorrotoa errespetu bihurtzeko era bakarra. Eskolan egiten diren programez aparte, beharrezkoa da beste politika batzuk bideratzea homofobia deuseztatzeko. Adibidez, eta Euskal Herrian Afrikako hainbat etorkin daudela kontutan izanda, beraiei ere zuzendu behar zaizkie homofobia eta jarrera matxistak detektatu eta deusezteko politikak.

Bestalde, homofobiak eta transfobiak bere horretan iraungo dute heteroarauaren eta patriarkatuaren diskurtsoak baztertzen ez diren bitartean. Homofobiaren kontra baldin bagaude, beste biolentzia mota guztien kontra ere egon behar dugu; homofobiarekin amaitzeko sexu indarkeria, arrazismoa, islamofobia eta matxismoarekin ere bukatu behar dugu. Ezin da ulertu, nire ustez, sexu askapena aldarrikatzen duen pertsona bat arrazista eta xenofoboa izatea aldi berean. Zentzu horretan, LGTBI mugimenduak ezin du bakarrik bizi, eta beharrezkoa du beste mugimendu batzuekin aliantzak jostea, feminismoarekin adibidez, mundu hobeago baten bila.

Azken finean, uste dut badagoela premia bat oso nabaria gizartean: aniztasuna zerbait positibo bezala ulertzeko beharra. Era berean, ohartu behar gara batzuek helarazi nahi duten gorrotoak guztioi egiten digula kalte; ondokoa diskriminatzera, gutxiestera eta bizitza duin bat izateko aukerak mugatzera eramaten gaitu gorrotoak. Pertsona orok giza eskubideak bermatuta izan behar ditu, horretaz ohartzea eta ondokoa errespetatzea baino ez da kontua.

Ez da fikzioa; LGTB+ klase harrotasuna da

Zinemara goazen edozein arratsaldetan, film komertzial bat ikusita ezusteko atseginen bat izan dezakegu. Hala gertatu zaigu Pride filmarekin; Britainia Handian arrakasta itzela izan zuen istorio horrek, non Galeseko langile-mugimenduaren parte batek eta laurogeigarren hamarkadako Londreseko mugimendu homosexualeko kide batzuk bat egiten duten itxuraz beti hor egon den amesgaizto neoliberalaren eta thatcherismoaren aurka.

Ez da ohikoa sindikalismoan eta ELAn zinemaz hitz egitea! Baina oraingoan badugu motiborik. Film hori, kritikari batzuen arabera, «feel good movie» bat da, rollo ona ematen duena, alegia. Haren bidez, hainbat gaitan sakon daiteke, hizkuntza zinematografikoa bitarteko, gai horiek agenda politikoan eta diskurtso kontestatario ofizialetan lehenagotik hor bazeuden ere.

Filmak gogora dakar, besteak beste, moldea edukia bezain garrantzitsua dela, garrantzitsuagoa ez bada. Izan ere, Pride-k biltzen dituen mezu anitzen artean, oinarrizkoa da «batasunak indarra ematen duela» eta borroka komunen arteko solidaritatea beharrezkoa dela. Batzuk Disney faktoriako produktu baten kutsua hartuko diote horri, edota, kontrara, La vida de Brianfilmeko Frente Popular de Judea-ren parodiarena. Film hau oso gomendagarria da gizartea eraldatzeko helburua duten militante sozialentzat ere. Halako haize freskoak tarteka on egiten du.

Harrotasunaren eguna bihar delarik, mugimendu sindikalaren eta LGTBI+ mugimenduaren arteko aliantza ezinbesteko bihurtzen da, bakoitzak klase-borroka edota hetero-arauaren eta lesbo-gay-bi-trans-fobiaren aurkako borroka posizio eta ikuspuntu desberdinetik ulertzen duen arren. Subjektu politikoak etengabe ari dira formulatzen eta eztabaidan.

Beste mezu garrantzitsu bat ere badago, ezkutuan bada ere: filmean klase-dominazio eta heteronorma sistemaren ondorioak lehen planora ekarrita ere, emakumeek bigarren mailako rola dute historia ofizialean eta gaur egun, teorian agerikoa izan arren sukaldeak eta etxeak funtsezkoak direla borroka batean.

Halaber, parodia gisa, lesbianen eta borroka feministaren errepresentazioa gerorako utzi beharrekoa dela agertzen da, borroka nagusiak urgenteak baitira, eta hauek gizonen buru eta gorputza dute… Che Guevara presente dago, konpai! Patriarkatuaren aurkako borrokak bere txanda itxaron beharko du lehentasun politikoen mailan egoteko.

Zenbaiten ustez zientzia-fikzioko film bat izan daitekeen arren, ezin da ahaztu garrantzi handia duela borroka kolektibo desberdinek ibilbide bat elkarrekin egitea, batik bat itxuraz agenda eta helburu bera ez duten kolektibo eta pertsonei dagokienez. Zaila da oso, bai, baina ez ezinezkoa.

«Bat ukitzen dutenean, guztiok ukitzen gaituzte», aldarrikatzen du mugimendu feministak. Hain zuzen, horixe da filmaren mezua: pertsona edo kolektibo baten oinarrizko eskubideei eraso eginez gero, domino-efektua gertatzen da, arrazoia edozein dela ere (klasea, sexu edo genero hautu-identitatea, nazio-, kultur edo erlijio-jatorria, aniztasun funtzionala, adina, etab.). Galesko laurogeigarren hamarkadako langile-mugimenduaren zati batek eta Londresko LGTB mugimenduko pertsona batzuk horretan asmatu egin zuten orduan. Gaur, Euskal Herrian, kolektibo, pertsona eta gizarte-mugimendu batzuk ere horretan gaude, eta egundoko balioa duela uste dugu, dominazio sistema askotarikoak gure bizitza eta borrokak indibidual bihurtzen saiatu arren.

Feminismoaren inguruko atari bat sortu dute: ‘Klitto!’

Interneten, albiste laburrak, jardunaldiak, elkarrizketak, erreportajeak eta iritziak argitaratuko dituzte. Hasi dira aurreneko edukiak plazaratzen

Irati Urkiola, Malen Aldalur eta Ana Iruretagoiena, Klitto! atari digitaleko koordinatzaileak

Irati Urkiola, Malen Aldalur eta Ana Iruretagoiena, Klitto! atari digitaleko koordinatzaileak. BERRIA

Feminismoaren inguruko aldizkari digital euskalduna. Modu horretan definitu dute proiektua hiru sortzaile eta koordinatzaileek: Malen Aldalurrek, Irati Urkiolak eta Ana Iruretagoienak. Feminismoari lotutako edukiak euskaraz argitaratuko dituzte Klitto! atari digitalean (www.klitto.com).

Hiru kazetariek feminismoaren inguruan euskaraz arituko den gune espezializatu baten falta «nabaria» sumatu dute. «Euskal Herriko mugimendu feministek erdarazko hedabideak dituzte erreferente nagusi, eta gabezia horri aurre egiteko asmoz sortu dugu Klitto!». Atzo argitaratu zituzten lehen edukiak.

Euskal Herriko mugimendu feminista «indartsua» dela iruditzen zaie, «berritzailea», eta gero eta zabalkuntza eta eragin handiagokoa. «Espazio mediatikoak bereganatzen ari da, pixkanaka». Hedabide tradizionaletan, «lekutxo bat» eskaintzen diote mugimendu feministari. Gainera, kolektibo feminista gehienek badute euren atari digitala edota aktiboak dira sare sozialetan. Testuinguru horretan, feminismoa euskaraz plazaratzeko helburua azaldu dute hiru kazetariek.

Klitto! atari digitalaren oinarri, bide eta helburua feminismoa da. «Betaurreko moreak» ipinita interpretatu eta landuko dituzte albisteak. Halaber, feminismoari ikusgarritasun eta irisgarritasun handiagoa emateko asmoa adierazi dute.

Ahalegin horretan, albiste laburrez gain, jardunaldien berri ere emango dute, elkarrizketak eta erreportajeak egingo dituzte, eta kolaboratzaileen iritziak argitaratuko dituzte. Kolaboratzaile sarea ehuntzen ari dira, eta, oraingoz, Kattalin Miner, Josebe Iturrioz, Danele Sarriugarte eta Ane Labaka ariko dira kolaboratzen. Astean behin gutxienez kolaborazio bat izango da. Gainontzeko edukiei dagokienez, astean gutxienez bi berri izango dira. Koordinatzaileek nabarmendu dute kolaboratzaileek «askatasunez» parte hartuko dutela. «Bideo blogen bat ere irits daiteke».

Proiektua autofinantzatua izango da, oraingoz. Etorkizunari begira, diru laguntza publikoak lortzeko aukera aztertuko dute.

Atariaren izena Leire Palacios kazetari eta BERRIAko zutabegileak proposatu zien. Hain zuzen ere, Ekografiak ataleko testu batean erabili zuen Palaciosek «eta klitto!» esamoldea, klitoria eta kitto-rekin uztartuz.

Euskal Herrian bada feministentzat erreferentziazko atari digital bat, gaztelaniazkoa: Pikara Magazine. 2010eko azaroan sortu zuten June Fernandezek, Maite Asensiok, Lucia Martinezek eta Itziar Abadek.

AEBetako estatu guztietan legezkoak dira sexu berekoen arteko ezkontzak

Auzitegi Gorenak konstituzioaren aurkakotzat jo ditu lotura horiek eragozten dituzten araudiak

Sexu berekoen arteko ezkontzak legezkoak dira AEBetako estatu guztietan. Hamalau estatuk debekatzen zituzten lotura horiek, baina AEBetako Auzitegi Gorenak konstituzioaren aurkakotzat jo ditu legezko eragozpen horiek. Estaturen bat erabakiaren aurka egonez gero, hiru asteko epea izango du helegitea aurkezteko; epe horretan halakorik egingo ez balute, estatu guztiek haien araudia ebazpenera egokitu beharko dute: sexu berekoen arteko ezkontzak baimendu, eta bikote horiei dagozkien eskubide guztiak aitortu.

Barack Obama AEBetako presidenteak poztasunez hartu du ebazpena. «Urrats handia da berdintasunaren alde egiten ari garen bidean; gay eta lesbianen bikoteek ezkontzeko eskubidea dute», idatzi zuen Twitterren albistea ezagutarazi eta gutxira. Aldiz, Jeb Bush AEBetako presidente izateko hautagaitza aurkeztu duen politikari errepublikanoak ez zuen bat egin erabakiarekin. «Ezkontza tradizionalean» sinesten duela nabarmendu, eta gaineratu du gaiari buruzko erabakiak estatuen esku utzi beharko litzatekeela.

Auzitegi goreneko bederatzi epaileetatik bostek bozkatu dute ezkontzeko eskubidearen alde. Batek, Anthony Kennedyk, goratu egin du gaia auzitara eraman duten bikoteek ezkontzaren instituzioarekiko duten begirunea.

Legearen aurrean, berdinak

Ebazpenaren muinean, AEBetako Konstituzioaren 14. zuzenketa dago: AEBetako hiritartasuna duten pertsona guztiak berdinak dira legearen aurrean. Zuzenketa horri heldu zioten hamabi bikotek, eta auzibide bertsuak abiarazi zituzten lau estatutan: Kentucky, Michigan, Ohio eta Tennesseen. Estatu horiek legez kontrakotzat jotzen dituzte sexu berekoen arteko ezkontzak, eta beste estatuetan egindakoak ez ditu aintzat hartzen. Erabaki horiek AEBetako hiritarren arteko ezberdintasunak sortzen dituztela argudiatu zuten salatzaileek.

Massachusetts izan zen sexu bereko bikoteen arteko ezkontzak arautu zituen lehena. Hortik aurrera estatu gehienek hartu dute erabaki hori. Aleka, hasieran; taldeka, azken urteetan. 36 estatutan, Guamen eta Columbiako barrutian araututa daude, eta AEBetako hiritarren %70 ingururi eragiten diete.

AEBetako Auzitegi Gorenak berak beste batzuetan ebatzi du gaiaren inguruan, baina inoiz ez atzoko moduan. 2013an indargabetu zuen ezkontza gizon eta emakumeen arteko lotura zela ezartzen zuen legea; ordea, sexu bereko bikoteei ez zien ezkontzeko eskubidea aitortu, ezta aintzat hartu ere beste estatu batean ezkondutakoen lotura. Halaber, azken urteetan estatuen esku utzi izan du gaiari buruzko araudia zehaztea, bai ezkontza horiek baimentzearen aldekoetan —Kalifornia, kasu— edota aurkakoetan: Texas, Arkansas, Kentucky…

Mexikon ere, legezkoa

AEBetako Auzitegi Gorenaren erabakiaren bitartez Ipar Amerika osoan legezkoa izango da sexu berekoen arteko ezkontza. Iragan astean Mexikoko Justizia Gorte Gorenak 2009an hasitako eztabaida amaitu zuen. «Bikote homosexualak bikote heterosexualen maila berean daude, eta guztiz bidegabea da haiei ezkontza ukatzea». Justizia gorteak gaian sakondu, eta baztertzailetzat jo zuen ezkontzeko baldintzak «ugaltzearekin lotu nahi izatea».

Ebazpen horrek sexu berekoen arteko ezkontzak ahalbidetu arren, apenas dagoen eskubide hori arautu duten estaturik. Mexiko Hirian egin zuten lehen araua, 2009. urtean; Coahulan eta Quintanan ere egin zituzten, gerora. Campechen, Jaliscon eta Coliman nolabait arautu dute, baina bikote homosexualei ez dizkiete heterosexualei aitortzen dizkieten eskubide berak bermatzen. Mexikoko gainontzeko 25 estatuetan ez dago horri buruzko araudirik.

Trans

TRANSITOAK

Naoufal eta biok zubia zeharkatzen ari gara elkarrenganantz», idatzi nuen atzokoan. Neure ukatzeak ari naiz hobeto konprenitzen eta menturaz gainditzen. Ohartzeak akordura ekarri dit Julio Cortazarrek El libro de Manuel-en sortutako irudia: «Jendea zubia zeharkatzen da zubia»; alegia, zubia ez da zubia jendeak zeharkatzen ez badu.

Beraz, subjektua eta ekintza ezinbestekoak dira zubia izan dadin. Subjektua indibiduala edo kolektiboa izan daiteke. Kasu honetan, norbanakoa da. Neu naiz Cortazarren jendea. Nire ekintza indibiduala da; hori bai, kolektibora proiektaturik, Kixote ororen atzean Cervantes bat baitago. Bestalde, zeharkatzean datza ekintza, beste aldera joatean. Trans ekintza.

Zubiak ez dit ardura. Zeharkatzea zait axola, Koldo Izagirrek sortutako Agirre’tar Nikola Metxa hari bezala, ihesak antolatu ordez zuloak egiten zituena kartzeletara sartzeko. Performancea zirriborratzen ari nintzela, trans aurrizkia ezarri nion;Transitoak, izena. Izan ere, trans-ek bi adiera ditu latinez: zehareta beste aldean. Baina zeharkatu, nora eta zertarako?

Feminismoari begira jarri naiz; urrutira gabe, orain dela bost urte PutaBolloNegraTransFeminista Sareak deitutako matxinada transfeministari, non besteak beste hauxe zioen: «Emakume hutsa izateak jada ez digu balio. ‘Emakume’ subjektu politikoa motz geratu zaigu; baztertzailea da izatez, kanpoan uzten baititu bollerak, putak, belodunak, maritxuak, transak…».

Orduz geroztik, hamaika bider entzun dut transfeminismo hitza, azkena Itzi Zigaren Malditas liburuan. Eta, egunotan hirian jitoan nabilenez, transeuskaltzaletasuna dabilkit buruan. Oraindik ez dakit zer den, baina zeharkatzearen eta beste aldean kanpatzearen beharraz ari zait kolpeka, dinbi eta danba.

@ ‘Transitoak’ blogeko gainerako sarrerak irakurtzeko, jo hona:

www.berria.eus/blogariak/ transitoak

Queer askapena

LARREPETIT

Lehenengo Internazionalak leher egin zuenean, 1872an, Mikhail Bakunin eta James Guillaume kanporatu zituzten. Anarkisten eta marxisten arteko bereizketaren ondorioz, Suitzako Saint-Immierren batu ziren libertarioak.

Langile klasearen erakundetzeak azken mendeetan izan zuen bereizketa nabarmenetako hartatik hamarkada askotara, 2012an, munduko anarkisten topaketa antolatu zuten, berriz ere, Saint-Immierren. Bertako liburu azokan banatu zuten Toughtcrime Inkekoek Queer askapena klase borroka da (Queer Liberation is Class Struggle) liburuxka.

Testuaren izenburuak egituratzen du liburuxka. Selma James marxista feministaren Sexua, arraza eta klasea liburutik parafraseatuta dago —beltz zioen lekuan queer jarrita—. Klase ertainak eusten dituen Akademiari egiten dio kritika panfletoak: alde batetik Akademiak gain-ekoiztu ditu gaiari buruzko liburuak. Ondorioz, liberalek dominatzen dute eszenan: kapitalismoari buruzko analisi akritikoekin, arrazismo liberalarekin eta tolerantziaren ideologiarekin.

Panfletoak dio, halere, AEBtako queer gehienak langileak direla. 60ko hamarkadatik klase ertainak bere burua ulertzeko baliatu duela Akademia: klase borrokako politikaren ukapenetik identitate politikora pasata. Gainera, talde iraultzaileek ez dute zentroan jarri sexualitatea. Horren ondorioz, queer teoriaren ia erabateko monopolioa dauka, egun, Akademiak.

Selma Jamesek identifikatu zuen ongi. Ezker zuria «Zuriak eta beltzak elkarrekin eta borrokan» edo «Beltzak eta langileak elkarrekin aritu behar dira» bezalako lemak erabiltzen zituzten. Baina Malcolm Xak eta beltz nazionalistek klasea berdefinitzeko gaitasuna izan zuten, beltza eta langilea sinonimo gisa erabiltzeko. Beltzen eskakizunak eta borrokak langileen borroka ziren zuztarretik. Beltzekin bezala, ez du klase ertain queerrak queer langileria askatuko.

GAY HARROTASUNA BAINO GEHIAGO

KEPA YÉCORA ETA ZURIÑE ESTIVARIZ

Ekainaren 28a Gay Harrotasun eguna izendatu izan da, eta ospatzen den egunetik honat bilakaera nabarmena eman du han eta hemen. Hainbat tokitan merkantilizazioara jo izan da, eta erreibindikazioak, berriz, bigarren mailako garrantzia hartu du. Kaleko agerpena desfile hutsa bihurtu izana kezkagarria dela iruditzen zaigu.

2015/06/25

Baina egunaren zentzua ulertuko badugu, 1969 urtera egin behar dugu atzera. New Yorken urte horretako ekainaren 28an poliziaren gehiegikeriaren kontrako matxinada burutu zen. Bat-bateko manifestazioak gertatu ziren, manifestazio bortitzak kasu askotan, eta hori guztia duintasunaren izenean. Egun esanguratsua izan zen milaka gay, lesbiana, bisexual eta transexualentzat. Sistemak heteroarautik aldentzen ziren pertsonak mehatxatu egiten zituen, kolpatu, kartzelatu… eta inork gutxik espero ez zuena gauzatu zen, hots, herri altxamendua gauzatu zen. Historiak «Stonewalleko istiluak» izendatu ditu, eta, ezbairik gabe, LGTBIQ pertsonen eskubideen aldeko borrokaren oinarriak ezarri zituzten, AEBn eta mundu mailan ere bai. Anglosaxoi herrialdeetan pride parades ospatzen dira, eta gure inguru hurbilean harrotasun martxak, eta hau gutxi gorabeherako itzulpen egokia da.

Ekainaren 28aren ospakizuna, berriz, hori guztia baino askoz ere gehiago da. Eskubideak aldarrikatzeko eguna da, LGTBIQren duintasuna defenda dezagun eguna da, bisibilizatzeko, borroka elkarbanatzeko; ez ahazteko oraindik ere herrialde gehiegitan diskriminazioa ematen dela, kartzelatzeak, LGTBIQ pertsonak kolpatzen direla, hilketak, heriotza zigorrak…

Erreibindikazioaren bidean hezkuntza funtsezkoa da. Hezkuntza komunitatea osatzen dugunok aniztasun sexuala modu egokian jorratzen jakin behar dugu, eta lanketa egokia egin modu trasbertsalean edo arloetan, eta beharrezkoa den kasuetan neurriak eta esku-hartzeak bideratzeko gaitasuna garatu behar dugu. Bazterkeria, bortizkeria eta jazarpena geldituko badugu, lanketaren bideari ekin behar diogu.

Benetako berdintasunean hezteko erronka dugu, ikasle guztien gaitasunak eta berezitasunak ezagutzeko tresnez hornitu, eta hezkidetzaren aldeko apustua gure egin behar dugu. Pasa den hilabetean hezkuntzan aniztasun afektibo-sexuala eta genero aniztasuna lantzeko Gidaliburua aurkeztu genuen, eta Gidaliburu horretan proposamen zehatzak jarri ditugu mahai gainean, ekainaren 28an gogoratzen ditugun erreibindikazioek urtean zehar lekua izan dezaten gure jardunean, pertsona guztien eskubide zibilen defentsa gure lehentasunetako izan dadin, sexu-orientazioa edo generoa edozein delarik ere. Eskola LGTBIQ lagun dugu helburu, aniztasunetan sinisten dugulako, aniztasunak aberasten gaituela sinisten dugulako. Bazterkeriarik gabeko jendartea izanen badugu, hemen dugu oinarria, hezkuntzan.

Ekainaren 28an pertsona guztien eskubideen defentsan aterako gara kalera. Ozen oihukatuko dugu gay, lesbiana, bisexual, intersexual, queer garela eta 1969 urtean egin zuten bezala, orain ere bazterkeria guztien kontra aterako garela karrikara.

ERNAIk E28an