BERRIA:R. LUCAS PLATERO. SOZIOLOGOA «Sexualitatea ikusezina da batzuetan, eta ikusgarriegia besteetan»

Boterearen erabilera, pribilegioak eta bazterketak darabiltza ahotan Platerok, horien arteko lotura ikertu baitu. Aliantzak eraikitzeko aukera gisa ikusten du intersekzionalitatearen ikuspegia, krisiari aurre egiteko.

lukas platero

R. Lukas Platero

Bazterretan daudenen errealitateak ikertzen bide akademiko oparoa egiten ari da Raquel-Lucas Platero soziologoa (Madril, 1970). Intersecciones. Cuerpos y sexualidades en la encrucijada (Intersekzioak. Gorputzak eta sexualitateak bidegurutzean) eta Transexualidades liburuak argitaratu ditu hilotan, horren seinale. DBHko irakaslea ere bada, gizarte zerbitzuetan, eta ikuspegi horretatik mintzatu zen joan den asteburuan Donostian, Feministaldian, queerpedagogiez.

Intersekzionalitatea aztertu duzu. Zertan datza?

Pertsonok dauzkagun askotariko egoerei erreparatzen die intersekzionalitateak. Adibidez: emakume bat, gaztea, hiri bateko kanpoko auzo batean bizi dena eta lan prekario bat duena supermerkatu batean; bizitzan gertatzen zaizkion gauza horiek guztiak elkarrekin korapilatuta daude, eta haren nortasuna, beharrizanak eta aukerak horiei lotuta daude. Kontzeptu horrek erakusten digu pertsonok kokaleku bat dugula eta kokaleku horrek gure bizitzako aukerak eta gaitasunak baldintzatzen dituela. Ez da gizarte bazterketaren teoria bat, baizik eta agente bihurtzearen eta ahalduntzeko gaitasunaren ingurukoa: norberarentzat idatzitako gidoi horretatik ateratzeko aukera badago, norbere baldintzez ohartuz gero. Intersekzionalitateak badu transformatzeko ahalmena, ohartzen zaren neurrian ez zarela zeu bakarrik, baizik eta zu, ezaugarri batzuekin, abagune batean, beste pertsona batzuekiko harremanean… Beraz, aukera ematen du norbere buruaz beste modu batera pentsatzeko.

Feminismoak genero azterketa erabili izan du gizartea ulertzeko. Ikuspegi hori jada ez al da nahikoa?

Intersekzionalitatea feminismoaren emaitza da. Ideia feminista bat da, feminismoa ohartu delako emakume guztiak ez direla berdinak; landagunean bizitzeak, kanpoko auzo batean gazte izateak, euskaraz hitz egiteak edo ezintasunen bat edukitzeak kokaleku desberdinetan jartzen ditu. Emakumeak gizonekin harremanean bizi dira, baina beste emakume batzuekin erlazioan ere bai, eta feminismoak menderakuntza lekuez teorizatu du, entzuten ez diren ahotsez, andre beltzez, ijitoez, auzokoez, aniztasun funtzionala dutenez…

Nola jar daiteke fokua bazterretan dauden horiengan?

Pribilegioaren teoria ere bada intersekzionalitatea. Azken batean, pribilegioa eta bazterketa aldi berean gertatzen dira. Nire ikasle bat, Amparo, ijitoa da, eta itsua: ijitoen artean elitea da, goi mailako hezkuntzara heldu delako, hain justu, itsua izateagatik; baina, era berean, ikasteari utzi behar izan dio, campusetik urrun bizi delako eta bidean nekatu egiten delako, kardiopatia bat daukalako. Egoeraren konplexutasuna aintzat hartuta ulertu behar da hori. Teoria horrek agerian uzten du badaudela pribilegioak eta, aldi berean, bazterketak; batzuk zein besteak teorizatu behar ditugu. Beraz, zein da gizarte honetako subjektu pribilegiatua? Nor ari da krisiarekin aberasten?

Botere harremanei behar besteko garrantzia ematen al diegu?

Uste dugu boterea goitik datorrela; baina boterea ez da edukitzen; erabili egiten da. Une oro. Autobusean zoazela, eserita joan beharko lukeen pertsona bat ikustean ez bazara zure lekutik altxatzen, boterea baliatzen ari zara.

Boterea erabiltzeari erabat uko egin diezaioke pertsona batek?

Agerian utz dezake botere hori, esplizitu bihurtu. Harremanak bidezkoagoak dira kartak mahai gainean daudenean, badakigulako zergatik gertatzen diren gauzak.

Zer ekarpen egiten diote sexualitateak eta trans ikuspegiak intersekzionalitateari?

Sexualitatea ikusezina da batzuetan, eta ikusgarriegia besteetan; batzuetan jarduten dugu inporta ez balu bezala, eta besteetan dena horren araberakoa balitz bezala. Bikotekiderik gabeko amengan presente dago, homosexualengan eta transexualengan ere bai, besteek sexualitaterik edukiko ez balute bezala. Eta, horiek hipersexualizatuz, besteak desexualizatzen ditugu. Uste dut sexualitatea kontuan hartzea interesgarria dela konplexutasuna ulertzeko.

Zuk esana: «Ekintza biopolitikoaren molde menderatzaileetako bat da sexualitatea».

Ideia da sexualitatea ez dela etxean egiten den gauza pribatu bat, gizarteak oso arautua duen esparrua baizik: medikuntzak esaten du osasungarria den ala ez, psikiatriak egokia den ala ez, legeak baimendua dagoen ala ez, erlijioek morala den ala ez… Ohera gonbidatu ez dituzun pertsona piloa dago zure harreman pertsonaletan. Arau sozial horiek barneratu ditugun neurrian, errepikatu egiten ditugu, eta pertsona batzuek gatazka gisa bizi dute: oso txarto pasatzen dute, ez diren genero batekoak sentitzen direlako edo modu jakin bateko sexua gustuko dutelako… Sarri, beren burua da entzuten duten azken ahotsa.

Nola aurre egin gatazka horiei?

Konturatu behar dugu arau horiek existitzen direla, zeren horretaz jabetzen ez bagara, pentsatuko dugu gauzak horrela direla berez, egiaren balioa balute bezala. Eta, arauez ohartzean, norbere kokalekuaz ere ohartuko gara, eta norbere aukera pertsonalez harago doazen balioez. Zuk neskak eta mutilak gustuko badituzu eta gaizki ikusia badago, lagundu behar lizuke balio horien egiturazko izaeraz kontzientzia hartzeak: zu ez zaren pertsona batzuek zure bizitzan eragina duten erabakiak hartu dituzte. Horrek ez du zertan diskriminazioa arindu, baina norbere posizio horri pisua ematen lagun dezake. Eta gauzak beste modu batera izan daitezkeela pentsatzen; hala amesteko gaitasuna queer erresistentzia da.

Queer teoriari leporatu izan zaio emakumeen subjektu politikoaren izaera lausotzea, subjektu hori sendotzen ari denean. Bat al zatoz? Gainditua al dago hori?

Queer teoriak ekarpen bat egin du: kategorien erabilera auzitan jartzea, kontraesanak agerian uztea eta konplexu bihurtzea. Hausnartu behar dugu kategoriek egiten digutenari buruz, politika identitarioek egiten digutenaz hausnartu behar dugun bezala: emakumeaz pentsatzen dudanean, burura datorkit modeloa, eta ez neskatoak, edo elbarriak, edo transak; emakumeez pentsatzen dudanean, aniztasun hori datorkit burura; eta, femeninoaz pentsatzen dudanean, gizon femeninoak datozkit burura. Uste dut ikuspegi hori baliagarriagoa dela egungo beharrei erantzuteko: krisia aitzakia gisa erabiltzen ari dira politika sozialetan atzera egiteko eta jendea zapaltzeko, eta horri aurre egitea dagokigu, gizon, emakume, haur, zahar, elbarriekin batera; intersekzionalitateak aliantzak egiteko aukera ematen digu.

Transexualen bizipenek agerian uzten dute kategorien auzia.

Bai, baina ez soilik transexualitateak; heterosexualitatea ere adibide ona da: gizonek eta emakumeek elkarren antzik ez dutela asmatu dugu, eta hori ergelkeria da. Beti egon dira emakume maskulinoak eta gizon femeninoak; soilki emakumeena den feminitatearen ideia zentzugabea da, emakumeak —eta gizonak— askotarikoak direlako. Trans edo intersex pertsonak queerteoriaren adibide gisa erabiltzea nekagarria da. Transexual bat ez da egunero altxatzen inoren eredu izateko, eta, familia tradizional bateko rol eroekin alderatuta, ez da queer teoriaren adibide hobea. Gauza berberaz hitz egiteko, heterosexualitatea erabil daiteke: generoaren, identitateen eta familia moldeen inguruko bizi aukera bakoitzak arauen eraikuntza agerian uzteko balio du.

Trans haurren inguruan ari dira fokua jartzen azkenaldian. Zer irizten diozu horri?

Lehen zigortuta eta zapalduta zeuden egoera batzuei aurre egiteko modua aldatzen ari da: umeei entzunez. Arreta handiagoa jartzen ari zaizkie, baina batzuetan goizegi ari dira ondorioztatzen trans direla. Positiboa izan daiteke, laguntza eman dakiekeelako, baina ez dut oso argi identitate bat hain goiz finkatzea laguntzeko modua denik. Azken batean, helduen begiradak ematen die esanahia haurren ekintzei: mutil batek soineko bat janzten duenean, irakasle batzuek uste dute diziplina hausten ari dela, edo eragozten, edo gaixo dagoela… Eta, egiaz, jolasten ari da, esperimentatzen. Familiek eta eskolak lagundu egin behar dugu prozesu horretan, eta ez epaitu, diagnostikatu, finkatu. Ume batek eskolan beste modu batera dei dezaten nahi badu, hori lortu behar da. Ideia desberdinak agertzen dituzten umeak arazo bihurtzen dituzte, eta egiaz arazoa da eskola —eta gizartea— generoaren inguruan dagoela antolatuta.

BERRIA:Jaurlaritza eta 12 eragile batu dira diskriminazioari aurre egiteko

Eraberean sarea sortu dute Gizarte Sailak eta etorkinen alorrean, ijitoenean eta LGTB kolektiboetan lan egiten duten elkarteek.Eraldaketa sozial eta kulturala dute helburu

eraberean3

Pascual Borja ijito taldekoa, Patricia Barcena CEARekoa, Juan Mari Aburto sailburua eta Jesus Estonba Gehitukoa. M.V / ARP

Arrazagatik, arrazoi etnikoengatik eta sexu zein genero identitateagatik diskriminatua izatea ez da iraganeko kontua. Ondo dakite, esaterako, etorkinekin lan egiten duten elkarteek, ijitoen komunitatean jarduten dutenek eta lesbiana, gay, bisexual eta transexualen alorrean aritzen direnek. Urteak daramatzate nork bere eremuan lanean, eta, eraginkorrago izateko, elkartzea erabaki dute. Eusko Jaurlaritzaren bultzadarekin, Eraberean sarea sortu dute hiru eremu horietako hamabi elkartek; tratu berdintasunerako eta diskriminaziorik ezarako sarea.

Oraindik gertatzen diren diskriminazioak behingoagatik amaitu behar direla sinetsita eta elkartuta indartsuagoak direla jakitun elkartu dira. Urtebeteko prozesuaren ondoren aurkeztu dute egitasmo «serio eta sakona»; epe luzera begirakoa, eta gizarte eredua aldatzea helburu duena. Eraldaketa sozial eta kulturala du xede, «gizarte inklusiboa» lortzea. Heziketak garrantzi handia izango du, beraz, sarearen zereginetan. Prebentzioaren aldetik, sentsibilitatearen alorretik eta pedagogian oinarrituta egin nahi dute lanaren zati handia.

Atzo aurkeztu zuten hainbat eratan zabalduko duten urratsa sustatzaileek: Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Mari Aburtok, eta Agifugi, Aldarte, Euskadiko CEAR, Bizkaiko CITE-CCOO, Gurutze Gorria, EHGAM, Errespetuz, Gao Lacho Drom, Gehitu, Kale Dor Kayiko, Nevipen eta Sos Arrazakeriako ordezkariek.

Helburua argi dute: «Arraza, etnia edota nazio jatorriak, eta sexu eta genero identitateak eragindako diskriminazioari aurre egitea». Horretarako bideak zehaztu dituzte, eta zereginak banatu.

Aburtok azaldu duenez, sarea bultzatzea dagokio Jaurlaritzari. Kudeaketaz arduratzea, aholkularitza zein informazio espezializatua ematea eta baliabide ekonomikoak jartzea. Datorren urteko aurrekontuetan, esaterako, 80.000 euroko diru saila sareari ematea onartu du.

Antenak

Elkarteen lan nagusia, berriz, «antena gisara» aritzea izango da. Nork bere eremuko diskriminazio egoerak atzeman, eta horien berri ematea. Hain zuzen, etorkinen inguruan, ijitoen herriaren sustapenean eta LGTB taldeenean jarduten duten elkarte horiek dira diskriminazioa jasaten duten pertsonengandik gertuen daudenak, eta lan hori modurik eraginkor eta naturalean egin dezaketenak. Horiek zuzenean artatuko dituzte elkarteek.

Horrez gain, sareak jarraitu beharreko bideari buruz ekarpenak egiteko konpromisoa hartu dute hamabi taldeek, eta koordinazioan parte hartzekoa. Horrela, bai diskurtsoari dagokionez, bai garatu beharreko ekintzei dagokienez, modu bateratuan jarduteko aukera izango dute hainbat eremutako elkarteek eta Jaurlaritzak.

Egituraketari dagokionez, idazkaritza tekniko gisara arituko da Eraberean. Talde sustatzaile bat izango du, eta hiru lantalde: diskriminazioa jasan dutenei aholkularitza juridikoa emateko zeregina izango du batek; sentsibilizazioaren alorra landuko du beste batek; eta dokumentazioan arituko da bestea.

BIHURRIOK OIHUKAk Itziar Zigaren azken liburuaren aurkezpena antolatzen du, abenduaren 12an Gazteizen

Presentación del libro:

“MALDITAS. Una estirpe transfeminista”

con Itziar Ziga

SUKUBON

KUBO, 5. Gasteiz

itziar ziga gasteizan

ERALDAKETA FEMINISTARAKO ESKOLA 2014-2015

Urtarriletik maiatzera izango diren ikastaroen izen emate epea irekia

abenduaren 1etik 19ra

Erantsita duzun kartelean dago ikastaroen zerrenda eta izen ematea nola egin

Ikastaroen zehaztapenak hemen

Info +

HITZA:Adin, klase eta sexualitate arauetatik kanpoko ipuinak eskuratu du IV. Madelon Saria

Claudia Miruna bermeotarraren Tú y yo contra el mundo narrazioak lortu du Xanti Altxu EHGAM-Gipuzkoaren sortzaileetakoa zen omenezko Madelon Saria. Gaur eguerdian jakinarazi dituzte irabazleak, “Giza Eskubideen Adierazpena sinatu zen egun berean”, EHGAMeko Mikel Martinek adierazi duenez.

Gazteentzako literatura saria da, gai librearekin, baina baldintza bakar batekin, Martinek zehaztu duenez: “Gay-Les-Trans genero identitatea landu behar dute. Euren intimitatean idazten utzi diegu”. Zortzi lan aurkeztu dituzte, horietako bi euskaraz, eta gehienak neskek idatzi dituzte. Parte hartzaile guztiek hamazazpi urtetik behera dituzte.

“Arauetatik at”
Joxe Mari Carrere ipuin kontalaria izan da epaimaihaikideetako bat, Kattalin Miner eta Ibon Egañarekin batera. Azaldu duenez, “lan zaila” izan da saria ematea, eta horrelako gai batean are subjektiboagoa da euren iritzia.

Irabazi duen lanak bi mutilen arteko harremana kontatzen du. Horietako batek minbizia du, eta ospitalean dago. Bere ezkutuko maitaleak bisita egin dio, baina gaixoaren amaordearekin eztabaida izan eta gelatik bidali du. Erizainak esan dio euren arteko harremanaren berri baduela, hiltzen ari denak kontatu baitio. Bisitatzen utziko dio.

madelon sariak

Altxuren senideak Madelon Saria jaso duten lanekin

Carreren arabera, “normatiboak ez diren harremanen onarpenaz” hitz egiten du narrazioak. Arauak ez dituzte hausten homosexualak direlako, baizik eta adin eta klase ezberdinetako direlako ere. Bere esanetan, “gure jendartean badaude oraindik horrelako arazoak, eta gazteek horri buruz hitz egin behar dute. Gazteen artean gaur egun onarpen ezak daude”. Gaiaz gain, lanketa literarioa sumatzen dela nabarmendu du, eta euskarazko lanentzako —”oraindik ere gai batzuei buruz euskaraz idaztea norma ez dalako”— kategoria egon beharko lukeela uste du.

Bigarren saria Hernaniko Nahia Bornegarentzat izan da, No sé saltarlanagatik. Bi sarituek ezin izan dute banaketan egon.

“Askatasun balioak”
Irune Balentziaga Kultura zinegotziak EHGAM zoriondu du egiten duen lanagatik eta sariak antolatzeagatik. Bere ustez, literatur lehiaketak Xanti AltxuMadelon-en irudia eta borroka “betikotu” egingo du. “Bere askatasun balioak islatzen ditu sariak. Gaur egun, XXI. mendean gauden arren, gizartea eraldatu behar da oraindik, eta gazteei balore horiek helarazi behar zaizkie”, gaineratu du. Altxuren iloba Raquelek, hunkituta, saria antolatzegatik eskerrak eman ditu eta bere figura ahaztu ez dadila eskatu du: “Pozten naiz bizi zen moduan bizi izan zelako”.

HITZA: Adin, klase eta sexualitate arauetatik kanpoko ipuinak eskuratu du IV. Madelon Saria

Claudia Miruna bermeotarraren Tú y yo contra el mundo narrazioak lortu du Xanti Altxu EHGAM-Gipuzkoaren sortzaileetakoa zen omenezko Madelon Saria. Gaur eguerdian jakinarazi dituzte irabazleak, “Giza Eskubideen Adierazpena sinatu zen egun berean”, EHGAMeko Mikel Martinek adierazi duenez.

Gazteentzako literatura saria da, gai librearekin, baina baldintza bakar batekin, Martinek zehaztu duenez: “Gay-Les-Trans genero identitatea landu behar dute. Euren intimitatean idazten utzi diegu”. Zortzi lan aurkeztu dituzte, horietako bi euskaraz, eta gehienak neskek idatzi dituzte. Parte hartzaile guztiek hamazazpi urtetik behera dituzte.

“Arauetatik at”
Joxe Mari Carrere ipuin kontalaria izan da epaimaihaikideetako bat, Kattalin Miner eta Ibon Egañarekin batera. Azaldu duenez, “lan zaila” izan da saria ematea, eta horrelako gai batean are subjektiboagoa da euren iritzia.

Irabazi duen lanak bi mutilen arteko harremana kontatzen du. Horietako batek minbizia du, eta ospitalean dago. Bere ezkutuko maitaleak bisita egin dio, baina gaixoaren amaordearekin eztabaida izan eta gelatik bidali du. Erizainak esan dio euren arteko harremanaren berri baduela, hiltzen ari denak kontatu baitio. Bisitatzen utziko dio.

madelon sariak

Altxuren senideak Madelon Saria jaso duten lanekin

Carreren arabera, “normatiboak ez diren harremanen onarpenaz” hitz egiten du narrazioak. Arauak ez dituzte hausten homosexualak direlako, baizik eta adin eta klase ezberdinetako direlako ere. Bere esanetan, “gure jendartean badaude oraindik horrelako arazoak, eta gazteek horri buruz hitz egin behar dute. Gazteen artean gaur egun onarpen ezak daude”. Gaiaz gain, lanketa literarioa sumatzen dela nabarmendu du, eta euskarazko lanentzako —”oraindik ere gai batzuei buruz euskaraz idaztea norma ez dalako”— kategoria egon beharko lukeela uste du.

Bigarren saria Hernaniko Nahia Bornegarentzat izan da, No sé saltarlanagatik. Bi sarituek ezin izan dute banaketan egon.

“Askatasun balioak”
Irune Balentziaga Kultura zinegotziak EHGAM zoriondu du egiten duen lanagatik eta sariak antolatzeagatik. Bere ustez, literatur lehiaketak Xanti AltxuMadelon-en irudia eta borroka “betikotu” egingo du. “Bere askatasun balioak islatzen ditu sariak. Gaur egun, XXI. mendean gauden arren, gizartea eraldatu behar da oraindik, eta gazteei balore horiek helarazi behar zaizkie”, gaineratu du. Altxuren iloba Raquelek, hunkituta, saria antolatzegatik eskerrak eman ditu eta bere figura ahaztu ez dadila eskatu du: “Pozten naiz bizi zen moduan bizi izan zelako”.

BERRIA:HIESAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA “Erlaxazioaz” ohartarazi dute, kasuak desagertzen ez direla ikusita

Nafarroan gora egin dute atzemandako kasu berriek. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, ordea, datuak erregistratzen hasi zirenetik kopuru txikiena neurtu zuten iaz.

GIB testa

GIBa diagnostikatzeko proba. Iñigo Uriz / Argazki Press

Garai bateko kopuruak atzean utzi baditu ere, asko dira oraindik GIBak urtero kutsatutakoak. Batez ere, Nafarroako datuek kezkatu dituzte aditu eta gaixotasunaren inguruan lan egiten duten elkarteak. Izan ere, gora egin dute kasu berriek Nafarroan. 2001ean 45 kasu atzeman ziren, eta hamar urtez kopuruak beherantz egin badu ere, 44 diagnostikatu ziren iaz. Hori dela eta, prebentzio lanetan “erlaxazioa” egon dela ohartarazi dute hiesaren inguruan lanean dabiltzan elkarteek, gaixotasunaren nazioarteko egunaren harira. Gainera, kanpainetarako laguntzetan egondako %40ko murrizketak salatu dituzte.

Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian 143 kasu berri diagnostikatu ziren iaz. Kopururik txikiena da, 1997an datuak erregistratzen hasi zirenetik. Osakidetzak dioenez, hies kasuek behera egin dute azken urteetan, baina GIBarenak, oro har, “egonkor” mantentzen dira urtetik urtera. Gainera, kutsatutako askok beren egoeraren berri ez dutela nabarmendu du Osakidetzak. Haren datuen arabera, 7.500 inguru dira EAEn birusa duten pertsonak; horietatik 2.000k, ordea, ez dakite kutsatuta daudenik. Horregatik, 2018ra bitarteko plan bat abiatu du Osakidetzak, helburu jakin batekin: %10 urritu nahi ditu sexu transmisio bidezko infekzioak.

Prebentzioa gizarteko sektore jakinetara eraman nahi dute erakunde eta taldeek. Gizon homosexualen arteko praktikak dira, gaur egun, kutsadura iturri nagusi, eta horietan nahi dute indarra jarri. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, esaterako, kasu berrien %55,9an transmitu da infekzioa bide horretatik. Aintzakotzat hartu dituzte baldintza zailetan bizi diren hainbat gizarte kolektibo ere: hala nola prostituzioan ari diren pertsonak eta preso daudenak. Oro har, birusa atzemateko probaren garrantzia nabarmendu nahi dute. Izan ere, garaiz hautemandako kasuetan osasun tratamenduek bizi-kalitatea hobetzen dutela eta birusaren arriskuak murrizten dituztela nabarmendu dute adituek.

1981ean lehen aldiz atzeman zenetik, 36 milioi pertsona hil ditu GIBak munduan. Gaur egun, oraindik ere, osasun arazo larria da; izan ere, 35 milioi pertsonak dute birusa. Saharaz hegoaldeko Afrikan bereziki larria da egoera. Han pilatzen dira munduko kasu guztien %69; hogei heldutik batek du birusa.

1988an izan zen lehen aldiz Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Gaurkoan, era guztietako mobilizazio eta ekimenak izango dira. Gaixotasunaren inguruan ari diren elkarteek birusak gaur egun duen presentzia gogoraraziko dute. Izan ere, 80ko eta 90eko hamarkadetako kopuruak asko murriztu badira ere, urrun dago oraindik birusaren kutsadura desagerrarazteko eguna.

BERRIA:JOSEBA ERREKALDE. HARRIBELTZA ELKARTEKO LEHENDAKARIA «Sexualitatea ondo bizi ez dugun heinean, beti gaizki ibiliko gara»

Sexu harreman askoren atzean dauden tabuak eta lotsak ikusten ditu GIBa saihesteko eragozpen handienetakoak; urterik gogorrenetatik ari da infekzioaren aurka, eta oraindik ere lan handia egiteko dagoela dio.

JOSEBA ERREKALDE

JOSEBA ERREKALDE

Gizon barea da Joseba Errekalde (1963, Oiartzun, Gipuzkoa), GIBdunen babeserako lanean diharduen Harribeltza elkarteko sortzaile eta lehendakaria, baina badira asaldatzen duten hitzak. Kutsatu da horietako bat; atzean duen zama ilun eta baztertzailearengatik. Azken urteotako abenduaren 1 guztietan ohikoa den eran —Hiesaren Kontrako Nazioarteko Eguna da— elkarrizketaz elkarrizketa eman zuen eguna atzo, eta kabitu-ezina eragin zion hitza sarri-sarri aditzeak. «Goiz osoa daramat GIBa kutsatu egiten dela entzuten, eta ez, GIBa ez da kutsatzen: transmititu egiten da». Hogei urte bete berri ditu Harri Beltzak, eta zifra biribilaren harira gogoeta egitea dagokie: ikusitakoaz, eta datorrenaz. Izan ere, azken datuek argi uzten dute ezin dela bazter utzi GIBaren gaineko arreta. Hego Euskal Herriko osasun zerbitzuek egunotan 2013ko datuak eman dituzte: 187 diagnostiko berri izan ziren.

Eztabaidarako bide asko ireki dituzte egunotan emandako zifrek. Jaurlaritzak, esaterako, ohartarazi du gizonen arteko sexu harremanen ondorio izaten direla diagnostiko berri asko, horren inguruan berariazko lana egin behar dela. Arrisku taldeei buruz mintzatzen ezingo da ba hasi berriz ere, ezta?

Ez, inondik inora ere ez. Egia da: kolektibo batzuk, egon, badaude. Baina ondo jorratu nahi badugu gaia, ezin dugu esan kolektibo bakar batzuei dagokienik ardura hori; denok dakigu preserbatiboa erabiltzen ez duen edonork izan dezakeela atea irekita infekziorako. Hala ere, nik ez dut uste gaizki dagoenik esatea kolektibo konkretu batekin lan egin behar dugula, betiere argi esan badugu atea guztiok daukagula irekita, eta guztion arazoa dela. Gainera, adi, administrazioa ez da ari kolektibo homosexualaz: gizonen artean babesik gabeko sexu harremanak dituztenez mintzo da. Izan ere, badira tartean beren burua homosexualtzat ez duten gizonezkoak ere; noizean behin izaten dituzte gizonekin harremanak, eta hor gertatzen ari da benetan transmisio kopuru handia.

Eta zer egin behar da?

Lan asko. Kolektiboa estigmatizatu gabe, zuzenean egin behar da lan talde horrekin, eta hor asko sartu behar du LGTB mugimenduak, hurbiltasunak asko laguntzen baitu. Gaur egun,elkarteetan laguntzen da, adibidez, test azkarrak egiten. Hemen, Donostian, Gehituren egoitzan, esaterako, kalitate handiko testak egiten dira; kalitate handikoak harrera eta aholkularitza ona egiten delako, denbora handia hartzen delako pertsona bakoitzarentzat. Eta gero sexu heziketari garrantzi handiagoa eman behar diogu; pertsonak ahaldundu egin behar dira beren osasunaren ardura izateko. Zenbat eta osasuntsuagoak izan harremanak, orduan eta osatuago egon pertsona sexu harremanetan ere, orduan eta ardura handiagoa izango du osasunaz.

LGTB kolektiboak behar adinako kontzientzia badu arazoaz?

Gertatu zaiguna da oso ikasle aurreratua zela, oso ondo ikasita zeukala, eta erlaxatu egin dela. Eta atzera egin da. Eta, gero, belaunaldi gazteak etorri dira: lezioa ikasi gabe. Eta probabilitate hutsa ere badago: gizonekin sexu harremanak dauzkaten gizon askok —ez denek, ezta gutxiago ere— heterosexualek baino hiru aldiz sexu harreman gehiago dituzte, eta, probabilitate hutsez, handitu egiten da arriskua. Hori hor dago. Gizonen arteko sexu harremanak askoz ere antolatuagoak daude modu horretan, eta erlazioak ugariagoak dira. Baina hor ere oso garrantzitsua da sexu arloko heziketa: sexualitatea ondo bizi ez dugun heinean, osasun aldetik ere, beti gaizki ibiliko gara.

Harribeltzara helduko zaizkizue diagnostikatu berri asko. Egin daiteke horien soslai bat?

Bai. Nik aipatu nahi nuke askotan gazteez hitz egiten dela, baina estatistikek behin eta berriro erakusten digute test positibo gehienak 35, 36, 37 urte arteko jendean izaten direla. Bestalde, argi eta garbi dago sexu harremanen bitartez transmititzen dela gaur egun, oro har, birusa.

Ez da heriotzarekin lotzen egun hiesa: eritasun kroniko bat dela esaten da. Nola hartzen dute diagnostikatu berriek albistea? Garai batean baino lasaiago?

Diagnostikoa berdin-berdin: beldur eta mamu guztiak agertzen dira. Bitxia da: orain dela 20 edo 25 urte, niri tokatu zitzaidan garaian, bagenekien diagnostikoak ezinbestean heriotzara eramango gintuela. Orain ez da horrela. Baina baiezkoa jakindakoan jendeak uste du segituan gaixotuko dela, eta bat-batean bere sexu bizitza amaitu egingo dela. Berehala lotzen da, gainera, estigmarekin: ‘Zer pentsatuko dute nitaz?’, ‘Zer esango dute nitaz?’… Denborarekin bizipenak aldatu egiten dira: dena beltz ikusteari uzten diote, birusarekin bizitzen ikasten dute.

Estigma aipatu duzu. Datu arras kezkagarriak badira zentzu horretan ere. Moral hertsiko sexualitate baten ikuspegi itogarria bada horren atzean, ezta? 

Bai, bueno, guztian dago hori. Bekatu bat egin dugu’, ‘Zerbait gaizki egin dugu’… Hori, adibidez, GIBdun berriek askotan partekatzen dute gurekin: ‘Zerbait egin dut gaizki’. Eta zer egin duzu gaizki? Bale, beharbada, babes neurririk ez erabiltzea, baina norbaiti sexualitate mota bat, edo maiztasun bat, edo taldean sexua praktikatzea gustatzeak ez luke inolako bekatu kargarik izan behar. Baina gizartean dago hori. Eta prebentzio lanetan ere bai asko; ez gara konturatu oraindik XXI. gizaldian sexualitatea erabat ezberdin bizi dugula denok. Halako paternalismo batekin gabiltza oraindik, zeinean esan behar den gauzak nola egin. Eta ez: egin behar da jendea ahaldundu, eta preserbatiboaren erabileran jartzen dugun arretaz harago, garrantzia eman behar zaio testak egiteari. Sexualki aktiboak bagara, beti kontrolatu egin behar dugu. Eta azkenaldian errespetua galdu zaio hiesari; beste era batera bizi da. Gertatzen den arte: orduan agertzen dira mamu guztiak.

Hiesaren inguruko taldeak azkenaldian dezente mugitu zarete C hepatitisaren inguruko aldarriekin, eritasun hori ere bai baitute GIBdun askok. Administrazioak botika bat, Sovaldi, ematen hasteko hainbat eskari egin ziren —botika konpainiak aski salneurri handia jarria zion—. Ondo bideratu al dira?

Egin da egin behar zen guztia? Ez dakit. Nik errespetatzen dut beharrean dagoena; norbait hedabideen aurrean ateratzen bada esaten halako botika behar duela, ni haren inguruan egongo naiz. Hala ere, egia da horrelako borroketan sarri elkarteak sentitu garela mugituta beste batzuen interesen arabera, eta ez gaitu ondo sentiarazi horrek. Finean, konturatzen zara sufrimenduak erabiltzen direla bigarren intentzio batzuekin. Gure elkartean, arazoarekin daudenak, lasai daude; badakite erkidegoan ja hainbat laguni eman zaiela tratamendua, eta soluzio ona emango zaiela.